211. San Martin eliza (Gazeta, Burgelu)
5. ETAPA: SALVATIERRA-AGURAIN • VITORIA-GASTEIZ
Erromanikoa Arabako Lautadan
Arabako Lautada Arabako ipar-ekialdean dagoen eskualdea da, eta orografia atsegina du, lautadaz eta haran leunez betea. Arabako lurraldea Nafarroako eta Gaztelako erresumen arteko mugan zegoen, eta Goi Erdi Aroan, musulmanen lurraldearekiko mugan. Bere kokapen estrategiko interesgarriak eta bere erliebeak komunikabide garrantzitsuak handik pasatzea erraztu zuen, hala nola antzinaroko Ab Asturica Burdigalam edota San Adriango pasabidean barrena Gaztela eta Frantziako muga lotzen zituen ibilbidea. Bide hori Erdi Aroan merkatari eta erromesek Compostelarako bidean erabili zuten; Donejakue Bidearen bigarren mailako bide bat izan zen, XIII. mendetik aurrera bere gorengo etapa bizi izan zuena.
Arabako Lautada erromanikoaren dentsitate handieneko eskualdeetako bat da (80 leku baino gehiagok estilo horretako aztarnak dituzte), eta estilo horretako eliza garrantzitsuenetako batzuk antzinako komunikabide horien oinetan kokaturik dauden herrietan aurkitzen dira. Deigarria da ikustea landa-gune txikiek tenplu erromaniko bikainak dituztela.
Gazeta horren adibide polita da; izan ere, berrogeita hamar bat biztanle dituen landa-gune txiki honek XIII. mendeko tenplu interesgarria du, elementu erromaniko eta gotikorako trantsiziokoak dituena. Gazeta Goi Erdi Aroko herrixka bat izan zen, XIV. mendean Burgeluko hiribilduaren jurisdikziopean sartu zena. Bere lehen aipamen dokumentala 1257koa da. Donejakue Bide nagusia bertatik igarotzen ez bazen ere, Donejakue Bidearen zati zen, Dulantzitik zetorren desbideratze batek zeharkatzen baitzuen bere lurraldea.
Tourseko San Martin eliza
Tourseko San Martin eliza Gazeta kontzejuko ondare-elementurik nabarmenena da. XIII. mendean eraikia, oinplano karratua, nabe bakarra eta burualde zuzena du. Harresiak harlangaitzezkoak dira, eta harlanduzkoak alde nobleetan, hala nola leihoen inguruetan eta izkinetako kateetan. Kanpoaldean elementu erromanikoak ditu, horma-pikoa apaintzen duten harburuak, esaterako. Elizaren oinaldean, harlanduz egindako eta gurutze batez koroatutako kanpai-horma bat ageri da: hiru arku eta bi kanpai ditu. Tenpluaren elementurik aipagarrienetako bat erromaniko berantiarreko portada dotorea da. Kareharri zuriz egina dago eta arku zorrotza du, bost arkiboltarekin, non landare-motibodun dekorazioak, eta apaindura geometrikoak eta antropomorfoak ikusten diren. Babesten duen eliz ataria geroago eraiki zen.
Barruan, presbiterio protogotikoa nabarmentzen da: barrura sartzeko arku zorrotz bat dago, eta gurutze-ganga bat du. Burualdeko zutabeetako kapitelek landare-motiboak dituzte. Aipagarria da erretaula nagusia, rococo estilokoa eta bere osotasunean urreztatua, zeinaren erdian San Martinen tailu bat dagoen, alboetan San Pedro eta San Paulo dituela. Alboetako erretaulak Arrosarioko Ama Birjinari eta San Joani eskainita daude, eta beren dekorazioa presbiterioko erretaula nagusiaren ildo berekoa da.