152. San Marko eta Txoritokietako gotorlekuen multzoa (Errenteria/Astigarraga)
1. ETAPA: IRUN • HERNANI
Oiartzungo lubaki-eremua
Bidasoa ibaia puntu estrategikoa izan da historian zehar Espainiaren eta Frantziaren arteko muga gisa. Horregatik, bi estatuek mendeetan zehar izandako tirabiren eta topaguneen lekuko izan dira bertako biztanleak. Erdi Aroaren amaieratik Bidasoa tentsio-puntu bihurtu zen, izan ere, Espainiak eta Frantziak etsaitasunezko harremanak zituztenez, erasoaldi armatu eta okupazio militar ugariak gertatu ziren.
XIX. mendearen amaieran, Europako potentzia nagusien hedapen inperialistak oreka diplomatiko berria ezarri zen, garapen industrialak ere bultzatu zuena. Nazioarteko testuinguru horretan, Hirugarren Karlistaldiari (1872-1876) amaiera eman berri zion Espainiako Gobernua indar oreka berri horretan bere tokia hartzen saiatu zen, eta hala, jarrera defentsiboa hartu zuen: Bidasoa ibaiko pasabidearen mugako eskualdea gotortzea izan zen Espainiaren estrategia, itsaso zein lehorreko eraso baten aurrean Donostiari estaldura emateko. Horretarako, gotorlekuen plan bat sortu zen, Oiartzungo lubaki-eremua izenekoa. Ikusmen-eremu handiko gailurretan kokatuko ziren zortzi gotorlekuk osatzen zuten, frantziar erasoaldi bat gertatuz gero elkarri babesa emango zietenak. Azkenik, proiektatutako zortzi gotorlekuetatik hiru bakarrik eraiki ziren: Guadalupekoa, San Markokoa eta Txoritokietakoa.
Hala ere, inauguratu eta gutxira guztiz zaharkituta geratu ziren, artilleriaren aurrerapen teknologikoen eta hegazkinak armagintzan sartzearen eraginez. Edonola ere, egiteko garrantzitsua izan zuten Espainiako Gerra Zibilaren hasieran, errepublikanoen defentsa-lerro gisa: altxatutako tropek Irun hartu ondoren Donostiarantz egiten ari ziren aurrerapena geldiarazteko asmoz, Errepublikak Jaizkibel eta Gaintxurizketako gainetan bermatzen zen defentsa proiektatu zuen, Oiartzungo lubaki-eremuarekin (San Marko eta Txoritokieta) eta Santiagomendi eta Oriamendiko gotorlekuekin osatzen zena.
San Marko eta Txoritokietako gotorlekuak
Oiartzungo lubaki-eremuko gotorlekuek oinplano poligonaleko egitura dute, lubaki batez hornituak, alboetan kaponerak dituztela. Sarbidea zubi altxagarri batetik egiten da, komunikazioak lurpekoak dira eta artilleriako piezak parapetoz babestuta daude aire zabalean. Gelak eraikitzeko horma gehienak harlangaitzezkoak eta armarik gabeko hormigoizkoak dira, eta 1 eta 2 metro arteko lodiera dute; halaber, lur trinkotuko zenbait metroz estalita zeuden, etsaien artilleria-jaurtigaien aurka babesteko, eta aldi berean, ingurunearekin kamuflatuta geratzen ziren. San Marko eta Txoritokietako gotorlekuak Luis Nieva Ingeniarien Gorputzeko kapitainak eginak dira. Urez hornitzeko uharkak dituzte biek.
Bere kokapenagatik, San Marko gotorlekuari Pasaiako portua babestea zegokion. 1888an inauguratu zen, eta hiru gotorlekuetatik lehena izan zen. Guadalupekoa baino txikiagoa da, baina Txoritokietakoa baino handiagoa. Bi atalez osatzen da: behekoa, Pasaiako porturantz eta Oiartzunerantz doan bateria batez nabarmentzen dena; eta goikoa, gobernadorearen pabiloia eta ofizialen pabiloia hartzen dituen “U” formako eraikin batez osatua, erdian arma-patioa duena (golako kuartelaz babestua). 1887an, gotorlekuan infanteriako 200 soldadu eta artilleriako 50 zeuden.
1890ean eraikitako Txoritokietako gotorlekuaren helburua San Markoko gotorlekua indartzea zen, eta beharrezko izanez gero, babestea. “D” formako oinplanoa du, eta lau bateria. Eraikinaren erdigunea patio pentagonal txiki batek hartzen du, eta haren inguruan hainbat gela antolatzen dira, hala nola logela bat, agintarien pabiloiak, sukaldea, etab. 1933an gotorlekuak dagoeneko ez zuen artilleriarik. 90eko hamarkadan Errenteriako Udalak erosi zuen.