204. San Lazaro eta Magdalena ospitalea (Agurain)
4. ETAPA: ZEGAMA • SALVATIERRA-AGURAIN
Bide ertzeko azpiegiturak erromesen zerbitzura: ospitaleak
Erdi Aroan erromes-bideak garatu ahala, bide bazterretako herriak azpiegituraz hornitu ziren bidaiari eta erromesei harrera egin eta zerbitzuak eskaintzeko. Horien artean erromesei laguntzeko ospitale zaharrak nabarmentzen ziren. Erromesen behar materialez arduratzeaz gain, laguntza espirituala ere eskaintzen zuten, eta horretarako kaperak eta ermita txikiak zituzten, erlijio-funtzioak egin ahal zitzaten. Horrez gain, ospitaleek gaixo eta eskekoak ere hartzen zituzten, eta hala, eraikinaren eta eraiki zituen gizartearen izaera erlijiosoarekin bat zetozen ekintza errukitsuak egiten zituen.
Lehen ospitaleak gotzain, errege edota jaunek fundatuak izan ziren, eta haien esku zegoen ospitale horiek beharrezko bitartekoez hornitzea. Gero, XIV-XV. mendeetan, kofradiek eta gremioek sustatutako ospitaleak ugaritu ziren.
San Lazaro eta Magdalena ospitalea
Aguraingo hiribildua, bidegurutze batean kokatua, Santiagoko Bideko herri garrantzitsua zen, San Adriango pasabidean barrena Araban zehar Frantziatik Burgosera zihoan bide garrantzitsuan aurkitzen baitzen. Hori dela eta, ospitale garrantzitsua izan zuen, San Lazaro, Arabako ospitale zahar eta nabarienetakoa. Agurain hiribildura ospitale paretik sartzen zen: harresietatik kanpo zegoen eta bertan topo egiten zuten Zalduondo eta Erdoñanatik zetorren bideak eta Araia, Ametzaga Zuia, Egilatz eta Mezkiatik zetorrenak.
San Lazaroren lehen aipamen dokumentala 1487koa da, eta ordurako ospitalea fundatuta zegoen jada, baina ez dakigu urte zehatza. XV. mendean zehar legendunen babesleku izan zen: ospitalea aproposa zen horretarako, izan ere, harresietatik kanpo eta herrigunetik aparte samar zegoenez, ez zegoen harresi barruko biztanleak kutsatzeko arriskurik.
1489ko errege-hornikuntza bat zela medio, Errege Katolikoek ospitalearen patronatua Aguraingo hiribilduari eman zioten; ondorioz, data horretatik aurrera ospitalearen administrazioa, eta administratzaile eta maiordomoak aukeratzeko eskubidea hiribilduko kontzejuaren esku geratu zen. Kontzejuak hiribilduko armarria ospitaleko fatxadetako batean jarri zuen, hain zuzen ere, ospitaleko patronoa bera zela adierazteko.
Ospitale izandakoaren eraikinak baserri itxura du gaur egun, eta etxe partikularra da, udalak saltzea erabaki baitzuen 1839an. Hala ere, eraikinean ospitalearen elementu batzuk kontserbatzen dira, hala nola sarrera nagusia izandako arkua. Arku errenazentista da, arkugainera molduraduna du eta alfiza inguruan. Gorago aipatutako armarria fatxada horretan zegoen, baina eraikina etxebizitza bihurtu zenean Erdoñanako bidearen aldeko fatxadara lekualdatu zuten. Barrualdean gurutze-ganga baten hasiera bakarrik kontserbatzen da, angelu-pilare errenazentisten gainean finkatua.
Ospitale zaharraren ondoan Magdalena ermita aurkitzen da. Gaur egun goitik behera berregina ageri da, eta ospitaleko erabiltzaileen funtzio erlijiosoak bertan egiten ziren. Santa Magdalenaren garraiolarien kofradia orokorraren bilerak (Cofradía General de Arrieros y Trajineros de Santa Magdalena) ere ermitan egin ziren XVI. mendera arte. XVII. mendeko Magdalenaren irudia Lope de Larrea eskultore aguraindarrari egozten zaio, eta Aguraingo Andre Maria elizan gordetzen da. Ermitako erretaula nagusiko arku bat eta pilastra korintoar jaspeztatuak kontserbatzen dira, baina gaur egun Arrizalako San Esteban elizan daude, Agurain barruan dagoen Arrizalako kontzejuari emanak izan baitziren.