225. San Julian eta Santa Basilisa eliza (Ariñiz, Gasteiz)
6. ETAPA: VITORIA-GASTEIZ • LA PUEBLA DE ARGANZÓN
Tokiko ermandade batetik Gasteizko kontzejura
Ariñez kontzejua Gasteizko udalerrikoa da gaur egun, eta Ariñezko Ermandadea izan zen haren aurrekaria. Ariñez, Margarita eta Esquibel herrixkek osatua, Arabako probintziako tokiko ermandade bat izan zen, Erdi Aro betetik ezagutzen dena. Arabako lurraldean XIII. mendetik ezagutzen dira tokiko ermandadeak, eta eremu bereko herrixka txikiak elkartzearen ondorioz sortu ziren, haien interesak defendatzeko eta babesteko helburuarekin. Tokiko ermandadeak eratzea geroagoko Arabako Ermandadea antolatzeko lehen urratsa izan zen.
1417an, Gasteiz, Agurain eta Trebiñuk eskatuta, Arabako Ermandadea sortu zen Gaztelako Joan II.a erregearen baimenari esker. Eskaera horren helburua hiribilduak eta, oro har, Araba babestea zen, erasotzaile jakin batzuk lurraldean delitu eta harrapaketak egiten ari baitziren. Gaztelako erregeak onartutako ordenantzetan xedatu zen Ermandadearen funtzionamendu egokirako beharrezkoa zela tokiko hainbat gune eta ermandadek parte hartzea (horien artean Ariñezko Ermandadea), eta sartzea onartzen ez zutenek zigorra jasoko zutela, ez zitzaiela inolako laguntzarik emango lurraldea suntsitzen zuten delituak jazartzeko. Hala, Ariñezkoa Arabako Ermandadean sartu zen.
Ondoren, Ariñez udalerri independente bihurtu zen, 1928an Gasteizen jurisdikziopean geratu zen arte.
Ariñezko San Julian eta Santa Basilisa eliza
Ariñez Gasteiztik 8,5 km-ra dagoen landa-gune txiki bat da. Nekazaritzarako lur egokiak dituen lur laua du, eta hori da bere jarduera ekonomiko nagusia. Herriaren erdian, San Julian eta Santa Basilisa eliza dago. Haren dorrea gainerako eraikinen artean nabarmentzen da eta urrutitik ikus daitekeenez, erreferentzia-puntua da. Eliza hori gaur egun kontzejuak duen ondare-elementurik nabarmenena da.
Gaur egungo eraikina XVI. mendekoa da. Oinplano angeluzuzena du, 5 aldeko burualdea eta bi ataleko nabea. Harlangaitzez egina dago. Absidea kontrahorma altuek sendotzen dute, eta kanpoaldetik eusten diote estalkiaren pisuari. Ateburudun sarrerako eliz ataria du, harlanduzkoa, eta, barruan, XVI. mendearen bigarren erdiko portada errenazentista polikromatu bat ageri da. Erdi-puntuko arkua du, alboetan bi zutabe dituela: fuste ildaskatua eta basamentuetan bermatutako kapitel korintoarrak dituzte. Taulamenduaren gainean, erremate gisa, horma-hobi bat dago. Ama Birjinaren eta Haurraren irudia gordetzen du, bi zutabez inguratuta eta frontoi batez koroatuta. Horma-hobiaren alboetan, bi aingeru, giza aurpegiak irudikatzen dituzten marko batzuk eta loreontzi batzuk ageri dira. Elizaren oinaldean, XVIII. mendeko dorre bat altxatzen da. Oinplano karratua du eta bi gorputzetan banatuta dago. Goialdean kanpandorrea dago, non erdi-puntuko 4 arku irekitzen diren.
Burualdeak izar- eta nerbio-gangazko estalkia du, pintura urdinaren aztarnak dituena, eta giltzarrietan tenpluaren santuak identifika daitezke, San Julian eta Santa Basilisa. Nabeko gainerako gangak ere nerbiotsuak dira, lore forma osatzen dute, grisalla pinturaren aztarnak dituzte, eta giltzarrietan Salbatzailea eta eguzkia irudikatuak ageri dira. Nerbioak elementu naturalez apaindutako mentsuletan bermatzen dira, orbela eta animaliak kasu. Absidearen erdian okulu bat dago eta bere eskuinaldean erdi-puntuko arkudun leihoa.
Erretaula nagusia nabarmentzen da. XVII. mendeko errenazentista estiloa du eta urreztatuta dago. Erretaularen alboetan, XVIII. mendean egindako beste bi albo-erretaula daude, San Antonio Abad eta San Isidrori eskainiak. Bi erretaulak osorik urreztatuta daude; rococo estilokoa da lehena, eta churriguereskoa bigarrena. Multzoa osatzeko, presbiterioan irekitako alboko kaperetan, mende bereko Karmengo Ama Birjinari eta Arrosarioko Ama Birjinari eskainitako beste bi erretaula daude, atikoan arrokaiaz apainduak. Azkenik, korua nabarmendu behar da; erdi-puntuko bi arku ditu, eta oso egoera onean kontserbatzen diren dekorazio-pinturak. Azpian, neoklasiko estiloko bataiarria dago.