267. San Joan eta Santa Madalena baseliza (Ribabellosa, Erriberabeitia)
7B. ETAPA: ARGANZÓN • MIRANDA DE EBRO
Ribabellosako erlijio-historiaren lekukoa
San Joan eta Santa Magdalena ermitak ongietorria ematen dio Santiagora bidean Ribabellosara iristen den erromesari. Donejakue bideko Arabako azken herria da Ribabellosa. Ermita herria menderatzen duen muino batean kokatua dago eta jatorrian herriak zituen bi parrokietako bat izan zen. Herrira iristean, beraz, erromes-bideak San Joan tenpluaren ondotik igaro ondoren herriaren erdian zegoen San Martin parrokiarako bidea hartzen zuen. Gaur egun parrokia horren kokapenaz oroitzapena besterik ez da geratzen: izen bereko plaza, hain zuzen ere. Donejakue bidea, Ribabellosa atzean utzita, Gaztelako lurretan barneratzen zen, Baia ibaiaren gainetik igarotzen den zubia zeharkatuta. Zubi horren inguruan, eskuinaldean, Magdalena ermita zegoen, hura ere desagertua.
Gaur egungo San Joan eta Magdalena ermita herriaren historia erlijiosoaren laburpena da. Alde batetik, XVIII. mendean ermita hondatuta zegoen, eta konpontzeko, eraitsi berria zen San Martin ermitako materialak erabili zituzten. Eraispena Calahorra eta La Calzadako apezpikuak erabaki zuen 1760an, eraikina egoera txarrean baitzegoen. Agiriek erakusten dutenez (1556 eta 1616ko pastoral bisitak), Erdi Aroan bi ermitak (San Joan eta San Martin) Ribabellosako parrokiak ziren. Agiriotan aipatzen da bi elizak ehorzte-lekuak zirela (normalean, komentuak alde batera utzita, parrokietan bakarrik agertzen zen funtzio hori). XVII. mendean biek ala biek parrokia-izaera galdu zuten, Arrosarioko Andre Maria eliza berria eraiki baitzen herriko parrokia bakar gisa.
Gaur egungo ermitak lotura handia du desagertutako Magdalenaren ermitarekin, izan ere, egoera txarrean egoteagatik 1792an gotzainak hura eraisteko agindua eman ondoren haren izena gehitu zitzaion. Haatik, herrikoek debozio handia zioten, izan ere, kofradia baten egoitza izan zen eta testamentu ugaritan dohaintzak eskaini zitzaizkion. Horrez gain, bere ondare propioa zuen: zazpi lursail eta eraikina zegoen lursaila bera. Horregatik guztiagatik, eraikina eraitsi arren bere gurtza lekuz aldatzea erabaki zen eta San Joan ermitan bi adbokazioak bateratzea. Azkenik, 1806an, lehentxeago eraitsitako ermitako Maria Magdalenaren irudia eraman zuten bertara.
San Joan eta Magdalena ermita
Mendeetan zehar zaharberritu den arren, gaur egunera iritsi den eraikinak estilo gotikoa du eta are zaharragoak diren elementu batzuk ere kontserbatzen ditu: iparraldera ematen duen teilatu-hegaleko harburuak, besteak beste. Nabe bakarrekoa da eta harlanduxko-fabrika eta bi isurkiko estalkia ditu. Ermitaren itxura itxia eta trinkoa da: hormetan bao gutxi ageri dira; horietako bat burualdeko leiho gotikoa da (XV. mendekoa). Nabarmentzekoa da sarrerako atea, ojiba-arkiboltez errematatutako portada txaranbeldua duena.
Barrualdearen itxura XIX. mendearen hasieran egindako berreraikitze lanen ondorioa da, Magdalena ermita eraitsi berriaren kultua San Joan ermitara eraman zenean egindakoa, hain zuzen ere. Lan horiek Nicolas Ullibarri hargin maisu eta igeltseroak egin zituen. Absidean, Kristo Gurutziltzatuaren eta San Joan Ebanjelariaren irudiak ikus daitezke. Hala ere, bere balioagatik Maria Magdalenarena da nabarmenena: XVIII. mendeko eskultura barrokoa da, urreztatua eta polikromatua.