183. San Bartolome ermita (Ordizia)
3. ETAPA: TOLOSA • ZEGAMA
San Bartolome ermita, Ordiziaren sorlekua?
San Bartolome ermita Oria ibaiaren ertzean dago, Lazkaora daraman bide zaharrean, dokumentu zaharrenek Ordizia esaten dioten tokian. Villafranca hiribildutik (1268an Gaztelako Alfontso X.ak hiribildu bihurtu zuenean hala deitu zuen) beheragoko mailan kokatua zegoenez, harresitik kanpo geratu zen. Gaur egun XIX. mendearen amaieran eraikitako trenbideak banatzen du erdigunetik. Tradizioak dioenez, Ordiziako jatorrizko gunea ermitaren inguruan zegoen, eta ermita hasierako herrigune horren parrokia-eliza zen; hala, herriko lehen eliza izango zen.
Berriki egindako ikerketa arkeologikoek elezaharra berresten dutela dirudi, hilobiak eta Villafranca sortu baino lehenagoko garai batean kokatzen gaituzten beste ebidentzia batzuk aurkitu baitira, eta beraz, gutxienez, badakigu San Bartolome ermitak bere sustraiak Erdi Aroan dituela. Oraindik berresteko dago hirigune historikoa 1268 baino lehen populatuta zegoen ala ez.
Ermitaren lehen aipamen dokumentala 1505. urtekoa da, Gaztelako Joana I.a erreginaren zerbitzuan aritu zen Joan Isasagaren testamentuan (repostero de camas kargua izan zuen). Geroagoko beste aipamen batek, 1509koak, jasotzen du Santa Ana Kofradiak bertan onartu zituela bere ordenantzak, non Herdiziako San Bartolome Eliza izenez aipatzen den. Horrek erakusten du Villafranca sortu eta Andre Mariaren Jasokundea eliza eraiki ondoren, 200 urte baino gehiago igarota, San Bartolome ermita ordiziarren artean oso errotua zegoela oraindik ere. Ermitaren inguruan etxeak eta baratzeak eraiki ziren, eta azkenean, bilgune garrantzitsu bihurtu zen, non, azokez eta jaiez gain, mezak egiten ziren.
XIX. mendean hasi zen garrantzia galtzen, hilerria ermitaren ingurura lekualdatu zenean, eta erretiro-leku bihurtu zen. Lekualdaketa horrek Carlos III.a eta Carlos IV.a erregeek egindako osasun-politikei erantzuten zien: hilen gorpuak Andre Mariaren Jasokundea elizatik (ordura arte haren barruan egiten ziren ehorzketak) herrigunetik urrunago zegoen leku batera eramatea erabaki zuten, lur-azpia eta bertako urak kutsatzea galarazteko. Bere gainbehera handiena 1813tik aurrera gertatu zen, Independentzia Gerraren testuinguruan, Frantziarantz ihesi zihoazela, frantsesek ermitari su eman ziotenean; ermita abandonu egoeran geratu zen 1856an berreraiki zen arte.
Ermita
San Bartolome ermitak ez du ekialde-mendebalde orientazio konbentzionala, erromatar garai berantiarra ezkero tenpluetan zabaldu zena, baizik eta hego-ekialde, gutxi gorabehera. Oinplano angeluzuzena du, hormak harlangaitzezkoak dira, ertz-kateak harlanduzkoak, eta hiru isuriko estalkia du. Kanpoaldeko nahiz barrualdeko hormak luzituta daude, nahiz eta kanpoaldeko horma gehienetan galdu egin den (luzituaren arrasto batzuk geratzen dira, hala ere). Fatxada nagusian dobeladun ate bat irekitzen da, erdi-puntuko arkua duena, eta ondoan ur bedeinkatu ontzi bat ageri da. Fatxadaren goialdean kanpai-horma txiki bat dago, kanpai bakarra duena, ziurrenik bertara eramana, dagoen egiturarekiko proportzioak ez baitira egokiak. Presbiterioan arku termaleko bao txiki bat irekitzen da.
Barruan, ermitak kanoi-gangako estalki bat du, eta erlaitz bat, tenpluaren barrualdea inguratzen duena. Presbiterioaren bi aldeetan bi leiho irekitzen dira, eta arku termalekoarekin eta sarrerako atearekin batera, barrualdea argitzeko argi naturaleko puntu bakarrak dira. Aldarea elizako espaziotik burdina forjatuzko jauna hartzeko mahai batez bereizita dago, eta horma-hobi batean San Bartolomeren irudia gordetzen du, alboetan Ama Birjinaren eta San Joseren margoak dituela.