195. San Bartolome ermita eta Anduezako ospitalearen multzoa (Zegama)
4. ETAPA: ZEGAMA • SALVATIERRA-AGURAIN
Garrantzi handiko nukleoa
Euskal Herriko ermita ugaritan gertatzen den bezala, Anduezako San Bartolome ermitari buruzko elezahar batek dio Zegama herriko antzinako parrokia-eliza izan zela. 1959an egindako zaharberritze batean bere barnean hilobien arrastoak aurkitu zirela ezagutzen da, eta horrek elezaharra indartzen du, izan ere, imajinario kolektiboan barneratuta dago XIX. mendera arte elizek hilerri funtzioa zutela. Horrez gain, zegamarrek mendeetan zehar gorde dituzten ohitura erlijiosoek eliza horrek debozio berezia eragin duela adierazten dute.
Egiaz, litekeena da oroitzapen horrek antzinako Erdi Aroko herrixka baten berri ematea, gaur egun desitxuratua, eta haren landa-eliza San Bartolome izatea. Hala ere, Arkeologiaren eta Historiaren aurrerapenei esker, antzinako Zegama herria Oria ibaiaren ekialdeko ertzera mugatzen zela ondoriozta dezakegu, eta mendebaldea, ermitaren ingurua, herri txiki bat izan zitekeela, Andueza deitua beharbada. XIII. eta XV. mendeen artean koka genezakeen uneren batean, lurralde-bateratze bat gertatu zen agian, bai eta San Bartolome ermita San Martin ermitak bereganatua izatea ere. Izan ere, duela mende batzuetatik hona, herri bakoitzak parrokia bakarra izatea da ohikoena, eta, beraz, litekeena da "parrokia izan zen" oroitzapena, azkenean, "parrokia-eliza izan zen" bihurtzea.
Nolanahi ere, gaur egun ezagutzen dugun Zegama eratu zenean ermita herriko gizarte-bizitzaren erdigunean ez egoteak ez zuen eliza erabat ahaztea ekarri. Ebidentzia esanguratsuenetako bat da herriko patroia ez dela San Martin (parrokiaren zaindaria), baizik eta San Bartolome. Horrela, herriko jaietan, Anduezako ermitatik parrokiara jaisten da haren irudia. Gainera, kofradia propioa zuen, eta horrek adierazten du Zegamako biztanleek estimu berezia ziotela tokiari.
Hainbat gertaeren ondorioz ermita bigarren maila batean mantendu zen arren, ez zuen haatik garrantzirik galdu. Zenbait datuk erakusten digutenez, antzinako Andueza oinetxea, ermitaren parean zegoena, herriko elizgizonen etxebizitza izan zen, Antonio Ibarretak dohaintzan emanda (ezin dugu urtea zehaztu). Bestalde, beste iturri batzuen arabera, San Martingo erretore Nicolas Aranburuk bere etxea dohaintzan eman zuen 1606an, bertan tokiko behartsuak hartzeko ospitale bat ezartzeko, agian aterpe gisa batez ere (arloteak ez ziren onartzen). Nolanahi ere, ekimen elizkoi horrek ospitale bihurtu zuen Andueza etxea, eta hala, azpiegitura publiko garrantzitsu bat ezarri zen ermitaren ondoan.
Gaur egun, bi elementu horiek oraindik ere garrantzia dute herritarren artean, lehenik eta behin, ermitan udal hilerria ezarri zelako (XIX. mendean), eta, bigarrenik, ospitale zaharrean, basoen udal interpretazio-zentroa dagoelako gaur egun.
Anduezako ermita eta ospitale zaharra
Anduezako ermitaren egungo hormak luzitutako harlangaitzezkoak dira, eta baoak eta eskantzuak hareharrizko harlanduzkoak. Eraikinaren balio nagusia barruan ezkutatzen da: haritzezko bi zutikok beso eta tirantezko bilbadura bati eusten diete, eta horiek guztiek, halaber, estalkiari eta koruko zoruari. Zurezko eraikuntza-sistema tradizionalen adibide bikaina da, eta ziur asko XVII. mendekoa. Altzarien artean, San Bartolomeri eskainitako erretaula errenazentista eta Gregorio Hernandez maisu ospetsuak San Martin parrokia-elizarako egindako erretaula barrokoa nabarmendu behar ditugu.
Edonola ere, ermitako elementu artistiko aipagarrienetako bat sarreraren eskuinaldean dagoen ur bedeinkatuaren ontzia da, animalia baten edo agian pertsona baten ahotik irteten diren bi lerro korapilatuz apaindua. Estilistikoki, erromanikoan datatua dago, eta kokagune honetan garai hartako tenplu bat izan zela aditzera ematen du.
Azkenik, ospitale zaharra "L" formako oinplanoa duen eraikina da. Gorputz nagusi bat du, jatorrizko eraikina, harlangaitzezkoa, hareharrizko harlanduzko eskantzu eta bao-ertzak dituena; hari atxikita itxura xumeagoa duen harlangaitzezko gorputz bat ageri da. Jatorrizko eraikinak ateburudun baoak ditu eta beheko solairuko eta lehen solairuko leiho-ate handiak nabarmentzen dira.