Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

261. San Andres eliza (Ormaiztegi)

3B. ETAPA: BIDANIA • ZEGAMA

Erdi Aroko tenplua

Ormaiztegiko historia komunikabideekin lotuta dago; izan ere, Erdi Aroaz geroztik, Frantziatik zetorren eta Irundik Gipuzkoara sartzen zen bideak herria zeharkatzen zuen, gero Arabarantz jarraitzeko Leintz bailaran barrena. Ormaiztegi XI. mendean sartu zen historian, 1053ko dokumentu batean, non Formaiçtegi abizena zuen pertsona bat agertzen baita Goierriko beste jaun batzuekin batera. Itxura guztien arabera, herrigunea Goi Erdi Arotik aurrera sortu eta garatu zen, San Andres parrokia-elizaren inguruan. Eliza horren patronatua komunitarioa zen, hau da, auzotasuna osatzen zuten etxeen jabeek parrokiako kleroa aurkezteko eskubidea zuten.

Gaur egunera iritsi den elizaren eraikina XVI. mendeko handitze- eta berritze-lanen emaitza da, Euskal Herrian eraikuntzaren goraldia izan zen garai batekoa, hain zuzen ere. Hala ere, Erdi Aroko tenpluaren zenbait elementu ere mantentzen dira, hala nola burualdeko filigranadun bi leiho gotikoak eta zantzu erromanikodun portada, eraikinaren elementu aipagarrienetakoa. Horiez gain, tenpluaren barruan bataiarri bat gordetzen da; haren dekorazioko motiboak, ferra-arku elkartuak, VIII. mendean ohikoak izaten ziren, baina jakina, ezin dugun ziurtasun osoz baieztatu bataiarria garai horretakoa denik.

Deigarria da Gipuzkoan estilo erromanikoa urria izatea, eta gaur-gaurkoz ez dugu hori azaltzeko modurik. Agertzen denean zatika agertzen da, eta askotan gotikorako trantsizioko elementu berantiarrak izan ohi dira. San Andres parrokiako portadaren kronologia erabat gotikoa da, ziurrenik XIII. mendekoa, eta tradizio erromanikoko Gipuzkoako aterik ezagunenetakoa da. Egitura erromanikoa du: arimeza duenez, erdi-puntuko arkibolta estu ugari zabaltzen dira, bozina jarraitua eta erregularra osatuz; gainean teilatutxo bat du. Apainduren tipologia, ordea, gotikoa da, hala erakusten du azken arkiboltako dekorazioak, non trazeria gotikodun ogiba-arku txikiak ageri diren.

San Andres parrokia

Tenpluak areto-oinplanoa du, nabe zabala eta garaia, eta burualde oktogonala, non lehen aipatutako leiho gotikoak irekitzen diren. Harlanduzkoa da eta itxura trinkoa eta sendoa du, ia baorik gabea. Elizaren oinaldeko alde batean, sarrera nagusiaren ondoan, oinplano karratuko dorre bat ageri da, lau kanpai dituena erdi-puntuko arkuz babesturik, eta kupulatxo batez estalia.

XVIII. mendean tenpluaren eraikuntza-arazo batzuei erantzuteko, luneta-gangak eraiki eta tenplua zutabe doriko handiz hornitu zen, Martin Zaldua Asteasuko arkitekto eta erretaulagile ospetsuaren trazari jarraituz. Korua ere garai horretakoa da eta karpanel arku baten gainean eusten da. Arkuak bazter-zoko apainduak eta barroko estiloko landare-elementuak ditu.

Presbiterioan jatorrizko erretaula rococoa zegoen, Tomas Jauregirena. XX. mendean desmuntatu eta suntsitu, eta haren ordez mosaiko bat jarri zuten, Kristo eta bere bi apostolu (San Felipe eta San Andres) irudikatzen dituena. Dekorazio garaikide horrek absidearen estalkiarekin kontrastatzen du, ganga izartsu gotikoa baitu.

Partekatu

unesco