268. Ribabellosako multzoa (Ribabellosa, Erriberabeitia)
7B. ETAPA: ARGANZÓN • MIRANDA DE EBRO
Probintziako gune nabarmena
Ribabellosa Arabako Lautada eta Gaztelako Meseta lotzen zituen bidegurutze garrantzitsu batean zegoen, eta aldamenetik igarotzen den Baia ibaian gora joanda iparraldeko lurrekin lotzen zuen. Horrela, mendeetan zehar igarobide izaera eratzen joan zen, bidaiarien beharrei erantzuteko elementu eta zerbitzuak sortuz. Erdi Aroan pasabide garrantzitsua izan zen Santiagora bidean zihoazen erromesentzat, San Adriandik Burgos aldera jarraitzeko Arabako lurrak zeharkatzen baitzituzten; halaber, Errege Bidea ere bertatik pasatzen zen. Geroago, Gortea Frantziako mugarekin lotzen zuen Postako Errege Bidea garatu zenean (posta garraiatzeko), Ribabellosa haren baitan geratu zen, garrantzi handia izan zuen Armiñon herriaren ondorengo kokaleku gisa.
Erromesak eta merkatariak bertatik ibiltzeak bidaiarien beharrizan espiritual eta materialei erantzuteko lekuak eraikitzea ekarri zuen. Ribabellosan eraikin erlijiosoak ugaritu egin ziren: bi parrokia izan zituen, San Martin (gaur egun desagertua) eta San Joan (gau egun San Joan eta Santa Magdalena ermita bihurtua), eta horiez gain San Tome monasterioa, Magdalenaren ermita (desagertua) eta Arrosarioko Andre Mariaren eliza (gaur egungo parrokia). Halaber, ospitaleen eta ostatuen eraikuntzak aipagarriak dira, bai eta bide-azpiegiturak ere, hala nola Baia ibaia zeharkatzen duen zubia.
1463. urtean, Arabako Ermandadeko prokuradoreek Ermandadeen Ordenantzen Koadernoa onartzeko bilera Ribabellosan egin zuten, eta gertaera historiko horrek erakusten digu udalerriak lurraldearen barruan zer nolako garrantzia izan zuen. Gertakari hori erreferentetzat jotzen da Arabako integrazio-prozesuaren barruan; izan ere, Arabako lurraldea bateratzeko atea ireki zuen, testu horretan fruitua emanez, lau mendetan zehar probintziako bizitza zibil, juridiko eta penala arautu baitzuen.
Ribabellosa herriguneko multzoa
Ribabellosako erdiguneko elementu nabarmenetako bat Arrosarioko Andre Mariaren eliza da. XVI. mendearen amaieran eta XVII. mendearen hasieran eraiki zen Francisco Saenz de Pobes elizgizonak bere testamentuan (1574) sortutako ongintzako ekintza baten diru-funtsei esker. Horren ondorioz, Arrosarioko Andre Maria herriko parrokia bakar gisa eratu zen, eta San Martin eta San Joan elizek parrokia kategoria galdu eta ermita bilakatu ziren. Gurutze latindarreko oinplanoa, hiru ataleko nabea, gurutzadura eta burualde poligonala ditu. Aipagarria da harlanduzko arkupea, motibo geometrikoak dituzten petxinetan oinarritutako ganga batez estalita dagoena. Eraikinaren alde batean atxikita kanpandorrea dago, kupula txiki batez errematatua.
Arkitektura zibileko elementuen artean aipagarria da Saenz de Santamaria jauregia, XVIII. mendeko eraikin barrokoa. Bertan, erdi-puntuko arkuz osatutako galeriadun dorrea eta Credo in unum deum inskripzioa duen Pinedos Albiz familiaren armarria nabarmentzen dira. Hemen gertatu zen lehen aipatutako gertaera historikoa, 1463. urteko Arabako Batzar Nagusiak bere baitan hartu zituena. Bestalde, Ospitale Zaharra ere aipagarria da, baina gaur egun etxebizitza bat dago haren lekuan, izan ere Ospitalea sute batean erre zen Independentzia Gerran, eta 1819an gaur egungo eraikina berreraiki zuten.
Igarobide garrantzitsua izanik, Ribabellosan ez da bide-azpiegiturekin lotutako elementurik falta. Aipagarriena Baia ibaia zeharkatzen duen zubia da, herritik Gaztelako lurretara doana. Egungo zubia 1863koa da, baina bada XVII. mendeko dokumentazioa, aurreko zubi baten berri ematen duena. Harlanduzkoa da, 46 metroko luzera eta trazadura konkorduna ditu eta lau bao, erdi-puntuko arkuz osatuak. Aipatzekoak dira, halaber, ibaian gorako aldean kokaturik dauden zubi-bularrak.