175. Probintziako Artxibategia eta Beotibar Frontoiaren multzoa (Tolosa)
3. ETAPA: TOLOSA • ZEGAMA
Tolosako bigarren zabalgunea
XIX. mendearen hasieran Tolosa harresietatik haratago hedatu zen, hasiera batean mendebalderantz, non Justizia plazaren eraikuntza nabarmentzen den. Ondoren, XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran, hegoalderantz zabaldu eta Laskoaingo ibarra urbanizatu zen. Aipagarriak dira zubi Berria, Foruen etorbidea eta San Frantzisko pasealekua. Bigarren zabalgunea bizitegi-eremu gisa planteatu zen funtsean, batez ere etxebizitza-eraikinekin, nahiz eta noizean behin fabrika txikiak ezarri ziren inguru horretan, hala nola metalezko oihalak egiteko fabrika bat, Laskoaingo ibarrean finkatutako zur-zerrategi bat eta San Frantzisko pasealekuko puntuzko salgaien beste bat.
Zabalgune hori garai hartako hirigintza-irizpide modernoen arabera proiektatu zen. Hirigintza ordenatua zen, kale zabalak eta argitsuak zituen, eta lorategiak eta zuhaitzak zeuden bide publikoan. Horrez gain, aisiarako hainbat elementu prestatu ziren. Entretenimenduko jardueretarako erabiltzen ziren eraikinen adibide nabarmenenak honako hauek dira: Beotibar pilotalekua (San Frantzisko pasealekuan) eta zezen-plaza (Oria ibaiaren ondoan).
Probintziako Artxiboaren eta Beotibar pilotalekuaren multzoa
San Frantzisko pasealekua izen bereko elizatik abiatuta Oria ibaiaren paraleloan doan etorbide zabal bat da, eta Gaztelako Errege Bide zaharrean eraiki zen, harresiz kanpo. Bere inguruan eraikin ugari ageri dira, gehienak etxebizitzak, eta euren ondare-balioagatik Probintziako Artxiboa eta Beotibar pilotalekua nabarmentzen dira. Bata bestearen ondoan daude, eta eraikin bakoitzak multzo arkitektoniko interesgarria osatzen du, XIX. mende amaierako eta XX. mende hasierako estilo artistiko abangoardisten erakusgarri baitira.
Beotibar pilotalekua Gipuzkoako kultur ondarearen ikurretako bat da. Eraikinaren kanpoaldean estilo arrazionalista ageri da, forma kubikoak eta gainazal zilindrikoak konbinatzen dituena, eta bere fatxada osorik zuriz margotuta dago. 1860 ezkero frantziskotarren komentuko lurretan pilota-jokorako kantxa bat ezartzeko hainbat proiektu egin ondoren, behin betiko frontoia Gregorio Azpiazu arkitektoak proiektatu zuen (1935). 42x15 metro luze da, 7 eta 10 metro arteko altuera du, zoladura leundua, eta estalita dago. Jendearentzako espazioa hiru zatitan banatutako harmailak dira. Lehenengo biek banakako besaulkiak dituzte; hirugarrenak, berriz, banku jarraituak ditu. 1220 laguneko edukiera du, esku-pilota eta zesta-punta lehiaketak hartzen ditu, eta Euskal Herriko pilotaleku erreferenteetako bat da.
Bestalde, Probintziako Artxiboaren eraikina 1904. urtean eraiki zen Manuel Etxabe arkitekto probintzialaren diseinuz. Estilo eklektikoa du, eta fatxadetan hareharrizko harlandua du, adreiluarekin konbinatuta; egitura, berriz, hormigoi armatuzkoa da. Bere oinplanoa konplexua da: alboetan bi gorputz luzangaz eta erdian beste bi gorputz karratuz osatzen da, eraikinaren atzealdea tamaina eta altuera handiagokoa delarik. Fatxada nagusiak hiru zati ditu: erdikoa baxuagoa da eta sarrera nagusia bertan dago (bi altuerakoa); alboetakoak, berriz, lau altuera dituzte eta zirkuluerdi-formako frontoiez errematatuta daude.
Gipuzkoako Batzar eta Aldundien artxiboa Tolosan kokatzea hiribilduak probintzian zuen estatus handiaren erakusgarri da. Erakundea hiribilduan finkatzea Gipuzkoako Ermandadearen 1530eko batzarretako batean erabaki zen. XX. mendera arte, artxiboa Tolosako Santa Maria elizan kokatu zen, eta 1904an gaur egungo kokalekura aldatu. Batzar Nagusien eta Foru Aldundiaren funtsak ditu, Korrejimendukoak, Tolosako notario-barrutiko protokoloenak eta beste artxibo eta dokumentu-bilduma batzuenak.