262. Ormaiztegiko biaduktua (Ormaiztegi)
3B. ETAPA: BIDANIA • ZEGAMA
Norteko trenbidea Gipuzkoan
XIX. mendearen erdialdean Madril eta Hendaia lotzen zituen linearen Gipuzkoako zatia eraikitzean, probintzia komunikabide estrategiko batean integraturik geratu zen. Nafarroako probintziarekin lehia izan zuen Gipuzkoak, Aldudeko ibarrean barna Iruñetik Baionarako lotura egitea aztertzen ari baitziren, baina azkenik, Espainiako Iparraldeko Burdinbideen Konpainiak (Norte izenaz ezaguna) trenbidea Gipuzkoatik igarotzea erabaki zuen. Horrela, Gipuzkoa Madril-Irun-Paris linean sartu zen.
Trenbidearen eraikuntza iraultza izan zen probintziarentzat, bertan ezartzen zen lehen burdinbidea izan baitzen. Gipuzkoa zeharkatzeko trenbideak behar zituen 100 km-ak eraikitzeko, probintziako orografiaren erliebe gorabeheratsuak dituen zailtasunak gainditu behar ziren, eta hori erronka handia zen. Hala eta guztiz ere, lanak azkar egin ziren, 1858an hasi eta 1864an amaitu baitziren, eta urte horretan inauguratu. Lan horiek benetako mugarria izan ziren garai hartako ingeniaritzan; izan ere, zailtasunak saihesteko, tamaina handiko tunel eta biaduktu zabalak eraiki behar izan zituzten, Gipuzkoan ordura arte ezagutzen ez ziren neurri handiko lanak. Guztira 31 tunel ireki ziren (ibilbidearen lurpeko zatia, guztira 14.224 metro) eta 34 zubi eraiki, ibai eta erreken ibilguak gainditzeko.
Probintziako biadukturik nabarmenena, zalantzarik gabe, Ormaiztegikoa da, Euskadiko XIX. mendeko arkitektura zibileko elementurik garrantzitsuenetako bat. Eztanda ibaiaren haraneko desnibela gainditzeko eraiki zen, eta ibaiaren gainetik 35 metrora igotzen da. Alexander Lavalleyk diseinatu zuen; M.M. Ernest Goüin et Cie enpresako obra-burua izanik, Lavalley ingeniariak Olatzagutia eta Beasain arteko trenbide-zatiaren lanak zuzentzen zituen. Zubiaren inaugurazioa 1864ko abuztuaren 15ean egin zen.
150 urte baino gehiagoko historian hainbat gertaera eta aldaketa jasan ditu biaduktuak. Bigarren Karlistaldian (1872-1876) kalte batzuk izan zituen. Geroago, 1912an, bide bikoitza ezarri zuten trenbidean, eta 1928an elektrifikazioa. Gerra Zibilean kalte handiak izan zituen; izan ere, 1936ko irailean zubia sopletez moztu zuten, baina berehala berreraikitzea agindu eta 1937ko otsailaren 1ean berrinauguratu zuten. Biaduktua 1995. urtera arte erabili zen, eta urte horretan, paraleloki doan egitura berri batek ordezkatu zuen behin betiko.
Ormaiztegiko biaduktua
Eraiki zenean zubiaren neurriak estatu mailako handienak ziren. 291 metroko luzera du, eta hasierako proiektuan 5 bao izateko pentsatua zegoen arren, gaur egun 10 ditu. Eraikitzeko 18.000 tona burdin erabili ziren, egitura gorpuzteko; material hori harlanduzko lau euskarritan oinarritzen da. Egitura metalikoa fabrikatzeko altzairu ijeztuzko habeak erabili ziren, errematxeen bidez elkarri lotutako burdinazko xaflen sare batez estaliak. Estetika konstruktibista eta funtzionala du, eta ez du inolako apaingarririk edo elementu historizistarik. Geroago jarri ziren 5 harroinak (1937ko berreraikitze lanen emaitza dira) hormigoi armatuz eraiki ziren.
Zalantzarik gabe, Euskadi osoan parekorik ez duen ingeniaritza-azpiegitura da, probintziarentzat hain garrantzitsua izan den trenbidearen garapenarekin lotutako garaikoa, XIX. mendearen bigarren erdikoa.