Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Oria ibaiaren erdialdeko paisaia industrialaren karakterizazioa eta balorazioa

Zuzendaritza: Beatriz Herreras Moratinos

Gauzatzea: Ainara Martínez Matía

Laburpena eta itzulpena: Leire Milikua Larramendi

 

ESPARRU FISIKOA

Oria ibaiaren erdialdeak osatzen du azterketa-eremua, Tolosa-Andoain ardatzak hain zuzen. Ardatz horren alboko bailara bi barne hartzen ditu, Araxes eta Elduaien errekei dagozkienak, ardatz nagusiko paper- eta ehun-sektoreen garapenarekin duten harremanagatik.

Gipuzkoako zehar-baileratatik ekialderen dagoena da Oriakoa. XIX. mendetik Gipuzkoako ardatz industrial eta urbano nagusienetarikoa osatzen du. Alderdi hori bide azpiegituretan islatzen da, Madril-Irun errepide eta trenbidea gailentzen direlarik.

Oria ibaia Gipuzkoako emaritsuena da, eta, bere kokapen geografikoaren ondorioz, konplexutasun geologiko eta morfologiko izugarria aurkezten du.

 

DATU HISTORIKOAK

Hainbat etapa ezarri daitezke azterketa-gunearen (Tolosa-Andoain ardatza eta Araxes eta Elduaien bailaretako ibai-adarrak) garapenean:

  • 1930 arte, biztanleriaren hazkunde iraunkorra du ezaugarri.
  • Gerra Zibilaren urteekin bat eginez, hurrengo fasea beherakada demografikoak markatu zuen, gerra-gatazkaren ondorioz.
  • Berreskurapenak ezaugarritu zuen hirugarren fase batek jarraitu zion horri, 1950 arte.
  • Data horretatik abiatuta, laugarren faseak hazkunde azeleratuak markatu zuen, garapen ekonomiko handiari eta horren ondoriozko migrazio-fluxua jasotzeari lotuta.
  • Azkenik, azken hamarkadetako industria-jardueraren jaitsierak azken urteetan biztanleriaren beherakada erakutsi duen etapa bati eman dio bidea.

 

Aipatu behar da deskribatutako garapena ez dela berdin eman ibai-arroko udalerri guztietan: markatuagoa izan da herri industrialenetan (Tolosa, Andoain, Villabona...), landa-eremuetako joera, nagusiki, hazkunde negatiborakoa izan den bitartean.

 

Haren garapen ekonomikoari dagokionean, XIX. mende hasieran industrializazioa hasi zen arte, bereziki landatarra zen eremua, eta biztanleriaren zati handi batek nekazaritza eta abeltzaintzan jarduten zuen. Eredu hori, bailarako gutxien industrializatutako herrietan mantentzen da, hein handi batean. Herri horiek, hirigintzaren ikuspegitik, deszentralizatutako artikulazioa dute ezaugarri, barreiatutako baserriekin.

 

Hala ere, Ertaroan du hasiera jarduera industrialak Oriako bailaran, lehen burdinolen ezarpenarekin. XV. mendetik aurrera, benetako iraultza ematen da eremuan, burdinola hidraulikoaren orokortzearekin; baliabide basotsu eta uretan aberatsa zen gunea, makina horien ezarpenerako energia-iturri funtsezko. Hor du hasiera metalurgia-tradizioak, armen fabrikaziorako industria garrantzitsu bati bide emango ziona.

 

XVIII. mendeak burdinola tradizionalen krisia suposatu zuen, ekoizpen-prozesu berriekin lehiatzeko ezgai; birmoldaketa garai bat hasi zen orduan. Paper-industria sortu zen irina lortzeko errota txikien babesean, horien azpiegiturak baliatu baitziren erabilera berrietarako. Fabrika aurrendari horiek ibai-ibilguen ondoan kokatu behar ziren ezinbestean; ibaietatik lortzen zituzten, beraien instalazioetarako indar eragileaz gain, papera ekoizteko lehengai beharrezkoak. Hala, azkarra eta bizia izan zen paper-fabriken sorrera, Oria ibaiaren ibilguaren luzera osoan.

Aitzitik, 1925etik aurrera asko mugatu zen hazkundea, enpresa horien egiturazko ezaugarriak zirela eta; oso lotuta zeuden Oria ibaiaren ertzetako espazio eskasari.

 

Ehun-sektorea ere izan zen Oria bailarako beste sektore bat. Metalurgia eta papergintzarekin gertatu bezala, ehun-manufakturak aspalditik ziren garrantzitsuak. Pilategiak agertu dira ibai-ibilguan zehar, XV. mendetik gutxienez.

Hala ere, XIX. mendean ezarri zen ehun-industria benetakoa. Haren abiapuntutzat jo daiteke Fábrica de hilados y tejidos de Oria fabrikaren sorrera, Urnieta eta Lasate-Oria artean kokatu zutena. Tolosan, lehen ehun-industria Boinas Elosegi fabrika izan zen, La Casualidad, 1857an fundatua. Industria aurrendari horiei jarraiki, Andoaingo Fábrica de Hilados, Tejidos y Estampados (1858) etorri zen, eta Villabonakoa gero (1860).

Paper-sektoreak bezala, ehun-industriak geldialdia izan zuen 1920-1930 hamarkadetan; Gerra Zibilaren ostean nolabaiteko susperraldia izan ondoren, krisi sakonagoan murgildu zen 1970etik aurrera.

 

 

Oriaren erdialdeko ibai-ibilguaren ezaugarritze propioa ekarri duten harreman espazial-historiko-produktiboek zehaztu dute azterketa. Euskal Autonomia Erkidegoko arro hidrografikoen ohiko eskema ikus daiteke oraindik, produkzio-jarduera industrialerako indar hidraulikoaren erabilera jarraitua erakusten duena.

Oria ibaiaren erdialdeko ibilguko kultura-paisaia industriala multzo gailena da, duen interpretazio-ahalmenagatik: Gipuzkoan ehun- eta paper-sektoreek izan duten garrantzia ulertzeko gakoak eskaintzen ditu, baita urari lotutako ekoizpen-prozesuen konplexutasun osoa hautematekoak ere, sektore horiei lotutako industria-jardueren oso berezkoa. Eta, hori guztia, gipuzkoar bailaretako industrializazioaren oinarrizko ezaugarrietako bat jasotzen duen tokian: ibai-ibilguen ustiapen intentsiboa.

 

UDALERRIA, UNITATEA, ELEMENTUAK, BALORAZIOA

Ondoz ondoko produkzio unitate ezberdinak kontuan hartuz (paper-, ehun- eta energia produkziorako fabrikak), Oria ibaiaren erdialdean 15 unitate identifikatu dira; horietan multzokatu dira ibai-arro horretako industria-paisaia eratzen duten ondare-elementuak.

Banaketa hori honakoek zehaztu dute: elementu bakartuek beraien artean duten harremana, eta okupatzen duten espazioan duten antolaera. Eremuetako bakoitzak produkzio- eta espazio-harremanak identifikatu eta aztertzea ahalbidetzen du, Oria ibaiaren espazio produktiboaren baitako ulermen-esparruak sortuz. Ibilgu guztian ikusi daitekeen bezala, produkzio-unitateen segidak uztarketa bat dakar; eremu horiek osotasunean interpretatu eta baloratzea ahalbidetzen duen espazioa eratzen du, paisaia kultural industriala sortuz. Paisaia horren interesa banakako elementuena baino harago doa.

 

 

Hain zuzen ere, paisaia horren ondare-balio eta interesa ustiapen hidraulikoen irauteak azpimarratzen du. Kasu batzuetan martxan diraute, eta beste batzuetan duela gutxira arte egon dira martxan. Era horretan, azken bi mendeetan garatutako jarduera industrialaren aztarna kontserbatzen da.

 

Jarraian, aztertutako paisaiaren elementu guztiak biltzen dituen laburpen-taula bat aurkezten da. Taula horrek unitateak (UN), kokatzen direneko udalerria (U), biltzen dituzten elementuak (EL), horien kontserbazio-egoera (K:[O]na, [E]rdipurdikoa, [T]xarra) eta balorazioa (B) adierazten ditu:

 

U

UN

EL [K]

B

Tolosa

1- Arzabalza paper-fabrika

Zubia [O]

 

Osoko balioa

Eraikuntza balioa

 

2- Olarrain paper-fabrika

 

Azpiegitura hidraulikoa [O]

 

Balio historikoa

Balio tipologikoa

Balio morfologikoa

Interpretazio-balioa

Lizartza-Altzo-Leaburu-Tolosa

3- Araxes paper-fabrika

 

San Luis ermita [O]

Bulegoak (enpresariaren garai bateko etxebizitza) [O]

Produkzio-eraikina [O]

Material-biltegia [O]

Paper-orea prestatzeko nabea [O]

Galdaren eraikina [O]

Papera ekoizteko nabea [O]

Material-biltegia (galdaren eraikinaren ondoan) [O]

Gasa erregulatzeko nabea [O]

Papera ekoizteko nabea. 3 Makina [O]

Presa eta kanala [O]

Atari Eder langile-etxebizitza [O]

Ibai Gain langile-etxebizitza [O]

Mekolaldeko azpiegitura hidraulikoa [O]

*Oria ibaiaren erdialdeko papergintzari lotutako monumentu-multzo garrantzitsuena, eta Gipuzkoa eta EAEko nabarmenena*

Osoko balioa

Balio tipologikoa

Eraikuntza balioa

Balio teknologikoa

Balio arkitektonikoa

 

Tolosa

4- Amaroz paper-fabrika

Azpiegitura hidraulikoa [E]

 

Interpretazio-balioa

Balio arkeologikoa

Berastegi

Elduain

5- Calparsoro paper-fabrika

Industria-gunea [O]

Azpiegitura hidraulikoa [O]

Enpresariaren etxebizitza [O]

Berakoetxea langile-etxebizitza [O]

Langileen etxebizitzak [O]

Osoko balioa

Balio morfologikoa

Balio tipologikoa

Balio teknologikoa

 

 

Ibarra

6- Paperola

Azpiegitura hidraulikoa [O]

Balio historikoa

Eraikuntza balioa

Berezitasun-balioa

Interpretazio-balioa

 

 

Tolosa

7- Boinas Elosegui

Azpiegitura hidraulikoa [O]

Balio historikoa

Interpretazio-balioa

 

8- La Guadalupe paper-fabrika

[O]

 

Osoko balioa

Irura

Anoeta

9- Echezarreta, Larion y Aristi paper-fabrika

[O]

Balio historikoa

Interpretazio-balioa

 

Villa

bona

10- Subijana y Compañía

Enpresariaren etxebizitza eta bulegoak [O]

Azpiegitura hidraulikoa [O]

Ingurumen-balioa

Zizurkil

11- Papelera del Oria S.A.

[O]

Interpretazio-balioa

Balio ikonografikoa

Balio historikoa

Andoain

12- Inquitex

[O]

Balio morfologikoa

 

13- Portu y Cª

Papera ekoizteko pabiloia [O]

Etxebizitza [O]

Zentral hidroelektrikoa [O]

Azpiegitura hidraulikoa [O]

Balio historikoa

Balio morfologikoa

Balio tipologikoa

Balio teknologikoa

Interpretazio-balioa

A / Donostia

14- Electra Abaloz y Mendia, S.A.

[O]

Balio historikoa

Balio morfologikoa

Balio teknologikoa

Eraikuntza- eta arkitektura-balioa

Interpretazio-balioa

Lasarte-Oria

D-SS

15- Brunet y Cª ehun-fabrika

Azpiegitura hidraulikoa [O]

Balio historikoa

 

 

PAISAIAREN BALORAZIOA

Multzoaren aurrenengo ondare-balioa, eta nabarmenena, balio historikoa da. Ertarotik Oria ibaiaren erdialdean garatutako industria-jarduerak, Tolosaldeako baita Gipuzkoa eta Euskal Autonomia Erkidegokohistoria berrienaren gune garrantzitsuenetakoa bilakatu du eremua. Jarduera produktiboak ingurune fisikoa bera eraldatu eta zehaztu du, Oriako ibaiertzek eta haren adarrek definitutako eremua. Eskualdearen bilakaera historikoa markatu duen industria multzoaren ezarpenaren ondorio zuzena da egun hautematen den paisaia. Gunea Aro Modernoan hasi zen industrializatzen, burdinola garrantzitsuen ezarpenarekin. Araxes ibaian kokatutako bi gailendu ziren: Amaroz (Sasoeta etxearen menpeko burdinola-errota, 1622tik gutxienez dokumentatua) eta Txaramakoa. Azken hori egun Araxes paper-fabrika kokatzen den tokian zegoen, eta ziurrenik garai bateko burdinolaren instalazioak baliatu izango zituzten instalazio berriek. Oria ibaiaren erdialdeko ibaiertzen prozesu eraldatzaileak segida izan zuen ondorengo mendeetan; azken batez, paisaia hori Gipuzkoako Aro Garaikidean jazo diren prozesu historiko garrantzitsuenen irudikapen fisiko eta nabaria da, XVIII. mendean industria-instalazioen ezarpenarekin hasi eta teknologia modernoenen eransketaraino. Gaurdaino jarraitu du jarduerak.

 

Hori ere bada aztertutako eremuaren ezaugarri aipagarria, bertan aurki baitaitezke papergintzako lehen jarduera-produktiboen inguruko informazioa ematen duten aztarnak edo Amaroz fabrikako azpiegitura hidraulikoak; baina, baita XIX eta XX. mendeetako jardueraren erakusgarri diren industria eta azpiegiturak ere. Horien eragina gaur arte luzatu da, Inquitex bezalako instalazioak martxan dirautelako. Horrek paisaia honen interesa areagotzen du, paisaia bizia aurkezten duelako, ez aldi historiko batean fosilizatua. Hori dela eta, interpretazio-ahalmen handia du, historia industrialaren etorkizuneko bilakaeran proiektatzen dena.

 

Industria zantzuak dituen kultura-paisaia oron gertatu bezala, interes historikoa ezin da banandu azterketa-eremuak jasotako prozesu produktiboetatik, ezta horiei lotutako balio teknologikoetatik ere. Oria ibaiaren erdialdearen eta horren ibai-adarren osaketa fisiko eta geografikoak azaltzen dute ibaiertzetan energia hidraulikoa lortzera bideratutako makinen ezarpena. Hala, euskal industria-ondarearen tipologia interesgarri eta adierazgarrienetariko hiru aurki daitezke bertan: ehun-industria, paper-industria eta zentral hidroelektrikoak. Gainera, ondare horren adibide oso eta interesgarrienetariko batzuk ibai-ibilgu horretan elkartzen dira. Baina, horrez gain, Oria ibaiko ibilguan eta haren adarretan kokatutako industriek egin dituzte historia garaikideko ekarpen teknologiko garrantzitsu eta adierazgarrienetariko batzuk. Bertan probatu dira hormigoi armatua bezalako material berriak: horren adibide goiztiarrak dira Araxes paper-fabrikako ubidea edo Arzabalza paper-fabrikaren sarrerako zubia. Zalantzarik gabe, berrikuntza teknikorako tradizioari erantzuten diote baliabide horiek. Lehenagotik ere bazituen funtsezko elementuak paisaia honek, Olarrain paper-fabrika edo Paperolako ubideak kasu. Interes teknologiko hori eraikin eta azpiegituretatik haragokoa da: Gipuzkoako ehun-sektorean historikoki garrantzi eta adierazgarritasun handiena zuen enpresetako batek, Boinas Eloseguik, instalazio berrietan kontserbatzen du haren jatorrizko makineria. Egun existitzen den ondare higigarrien multzo baliotsuenetako bat da hori, garrantzi teknologiko ukaezinekoa.

 

Alderdi teknologiko eta produktibo horiek guztiek badute beren korrelatua aztertutako eremuaren interes morfologiko eta arkitektonikoan. Ekoizpen beharrentzako soluzio tekniko egokien bilaketak bilduma ezin interesgarriagoei eman zien bide. Ez soilik material eta eraikuntza-teknikei zegokienean; baita azpiegituren osaketa arkitektonikoari zegokionean ere. Paisaia horrek tipologia eta estilo ezberdinetako elementuak jasotzen ditu, esangura handikoak: XIX. mendeak eta XX. mende hasierak berezkoak dituzten arkitektura anonimo eta seriekoetatik hasi (La Guadalupe eta Calparsoro paper-fabrikak), eta Gerra Zibilaren aurreko hamarkadetako arrazionaltasuna eta lerroen purutasuna erakusten duten adibideetaraino (Araxes paper-fabrikako eraikin batzuk bezala). Eta, hori guztia, estilo-borondatea duen arkitektura batekin bukatuta, XX. mendeko azken hamarkadetako berezkoa zena (Inquitex multzoan erabilitakoaren gisakoa). Baina, paisaia horretan, ez dira aurkitzen soilik ekoizpen elementuei lotutako industria-arkitekturaren adibide interesgarriak; nabarmentzekoak dira lokal osagarriak, bulegoak, etxebizitzak, erlijio-elementuak... ere. Horiek guztiek osatzen dute duela gutxiko arkitekturaren benetako katalogoa, eta bertan aurkitu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko eraikuntza-ondarearen adibiderik esanguratsuenetariko batzuk.

 

Hortaz, indar ikonografiko handiko kultura-paisaia eratzen da, elementuak argi eta garbi antzeman eta identifikatu daitezkeelako beren tipologia industrialaren barruan. Euskal Autonomia Erkidegoko eremu esanguratsuenetariko bat sortzen da horrela. Eremu horren berezitasun nagusia, hain zuzen ere, espazio fisiko mugatu batean duela gutxiko historiako eredu arkitektoniko onenetako batzuk biltzean datza. Mugarri teknologiko berdingabeekin daude lotuta Euskal Autonomia Erkidegoko beste eremu batzuetan aurkitu ezin daitezkeenak, eta, gainera, guztiz irakurgarriak eta identifikagarriak dira.

 

Hala, Oria ibaiaren erdialdeak honako paisaia industriala osatzen du: gako historiko, teknologiko eta arkitektonikoak dituena, zeinak, oro har ulertuta, kultura-ondarearen ezagutza eta gozamenerako oinarrizko unitatea eratzen duten. Unitate hori, bestalde, modu osoan mantentzen da: zenbait ekoizpen-unitate historiko desagertu (Almaroz paper-fabrika) eta beste batzuk beraien jarduera utzi duten arren (inoiz erabilera berriak jasotzeko berregituratuta), elementu gehien-gehienak erabat irakurgarri mantentzen dira (azpiegitura hidraulikoak, makina-eraikinak edo osotasunaren irakurtze koherentea ahalbidetzen duten makineria zatiak). Ibilguan zeharreko makinen segida haren ustiapen intentsiboaren erreferentzia galdu gabe jarraitu daiteke gaur-gaurkoz, ibaion ezaugarri esanguratsua dena.

 

Paisaia honek Euskal Autonomia Erkidegoko industrializazioaren bilakaera azaltzeko dituen interpretazio-gaitasun eta -gakoak ere aztertu dira. Oria ibaiaren erdialdeko ibilguaren balio nagusienetarikoa da bere irakurgarritasuna. Interpretazio-gakoak ez dira fabrika, zentral eta horien azpiegitura hidraulikoetako objektu, makina edo instalazioen presentziara mugatzen; gako horiek espazioak eskaintzen dituen bestelako erreferentzia eta trazuak ere biltzen dituzte, honako alderdiak ulertzeko lagungarri direnak: paisaiaren barne-funtzionamendua, komunikabideak... Ondare oso osoa da, ebokazio-gaitasun handia duena. Ondare hori Gipuzkoako industrializazio-prozesuaren adierazgarri da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Industria-Iraultzarekiko oso argigarria. Gainera, azterketa-eremuan kalitate handiko nahikoa elementu identifikatu dira, garai historiko jakin bat eta aztertutako paisaia eratzeko funtsezkoak izan diren ekoizpen-jarduerak ezagutu eta interpretatzeko baliagarriak.

 

Balio horiek guztiek laguntzen dute Oriako industria-paisaiaren balioa nabarmentzen, baita duen lurralde-interesa ere: Tolosaldeako historia industriala ezagutzen laguntzen duen ondarea da, haren garrantzia harago doan arren. Gipuzkoaren bilakaera industrialari dagokionez, eremu adierazgarrienetako bat osatzen du aztertutako paisaiak; Euskal Autonomia Erkidegoa kontuan hartuz, aldiz, paper- eta ehun-sektoreen gune gailenetako bat.

 

JATORRIZKO DOKUMENTUAREN EDUKIA:

Jatorrizko dokumentu osoak zabalago garatzen ditu honako puntu hauek: ikerketaren esparrua, erabilitako metodologia, Oria ibaiaren erdialdeko paisaia industrialaren justifikazioa, ondare-interesa duten eremuen identifikazio eta balorazioa, interes-eremuen zedarriztapena, bibliografia, dokumentazioa eta eranskinak (ondare-eremuen fitxak).

 

Jatorrizko dokumentua ikusi eta azterlanari buruzko informazio zehatzagoa izateko, sakatu esteka hau: informazio gehiago.