Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

182. Ordiziako Hirigune Historikoaren multzoa (Ordizia)

3. ETAPA: TOLOSA • ZEGAMA

Hiribildua eta bere merkatu tradizional garrantzitsua

Ordizia, asteazkenetako asteroko azoka tradizionalagatik ezaguna, Goierriko herri nagusietako bat da. Oria ibaiaren ondoan kokatuta dago, eta kokapen estrategikoa izan du, Gasteiz eta Frantzia lotzen zituen komunikabide garrantzitsu batean baitzegoen, Gipuzkoa zeharkatzeko Segura, Ordizia eta Tolosa hirigune nabarmenetatik igarotzen zena.

Ziurrenik, jatorrizko gunea San Bartolome ermitaren inguruan garatu zen, Oria ibaiaren ertzean, gerora hiribildua ezarri zen lekutik beherago. 1268an Alfontso X.a Jakitunak Ordiziako herrixkari (jatorrizko izena) hiribildu pribilegioa eman zion Gasteizko foruaren bidez, eta izena aldatu: Villafranca. Denborak aurrera egin ahala, gero eta garrantzi handiagoa hartu zuen, eta Gipuzkoako hiribildu nagusietako bat izatera iritsi zen. Horren erakusgarri da 1387an bilera bat egin zela herrian, eta Gipuzkoako hiribilduetako prokuradoreek bilera horretan parte hartu zutela, elkarrekin elkartu eta ermandade bat osatzeko asmoz. Gainera, XIV. mendearen amaieran, Ordiziak bere jurisdikzioa handitu zuen, inguruko toki batzuk (Arama, Ataun, Beasain, Gaintza, Itsasondo, Legorreta, Zaldibia eta Lazkaoko zenbait etxe), hiribilduak zituen pribilegioek erakarrita, hiribilduari atxiki baitzitzaizkion, hiribilduaren pribilegioez gozatu eta aldi berean nolabaiteko autonomia ematen zien erregimen baten pean. Ordiziak, berriz, anexio horiekin garrantzi handiagoa lortzeaz gain, bere jurisdikzioa zabaltzen zuen, eta probintziako batzarretan zuen ordezkaritza handitzen.

Merkataritza-jarduera bere ekonomiaren oinarrietako bat izan zen, 1512tik aurrera indartu zena, Gaztelako Joana I.a erreginak urteko asteazken guztietan merkatu franko bat ospatzeko errege-ahalmena eman zuenean. Ordizia suntsitu zuen sute baten ondoren hiria bere onera etortzen laguntzeko eman zen pribilegioa. Ordutik astero ospatzen da plaza Nagusian, 1885etik etenik gabe.

Ordiziako hirigune historikoa

Ordiziako hirigune historikoa muino txiki baten gainean dago, eta obal formako plano erregularra du. Hiru ardatzen bidez antolatzen da; hiru kale nagusi dira, eta ekialde-mendebalde noranzkoan orientatzen dira. Erdiko kalea (Nagusia), garrantzitsuena, zuzena da, eta bertatik igarotzen zen Errege Bidea, Irundik San Adriango tuneleraino Gipuzkoako probintzia zeharkatzen zuena. Hirigunearen hegoaldean Andre Mariaren Jasokundearen eliza dago.

Hirigunearen erdian plaza Nagusia dago, oinplano karratuko espazio zabal bat, azoka egiten deneko Merkatuko eraikina hartzen duena.

Sute ugari eta gerren ondorioak jasan dituen arren, batez ere XIX. mendean, Ordiziak Erdi Aroko tipologiari eusten dio oraindik ere trazatuan, baina baita partzelazioan ere, solairu sakonak eta fatxada estuak dituzten eraikinak baititu. Kontserbatutako eraikinen tipologia askotarikoa da, XIX. eta XX. mendeko eraikuntzak nagusi diren arren.

Eraikin aipagarrienen artean, parrokia-eliza aipatu behar da, Andre Mariaren Jasokundea eliza. Egungo eraikina XVI. mendekoa da, eta XIII-XIV. mendeetako eraikin zaharrago baten aztarnen gainean eraikita dago. Bere barnean, Bernabé Corderoren erretaula gotiko bat nabarmentzen da, nagusiki Gipuzkoan lan egin zuen mihiztatzaile eta erretaulen arkitekto nabarmenarena. Ezin dugu ahaztu Otxoa Isasagakoa kontulariaren kapera, erretaula plateresko bat buru duena.

Hiri-jauregi barrokoen artean, Zabala Jauregia (garai batean harresiz kanpokoa) eta Barrena Jauregia nabarmentzen dira. Biak XVII. mendekoak dira, eta aurrez aurre kokaturik daude. Bien artean Andres Urdaneta nabigatzailearen eskultura dago, hiribilduaren seme ospetsuetako bat. Plaza Nagusian, XIX. mendeko udaletxeak estilo neoklasikoa du, eta Merkatuko eraikina (1925), eklektikoa, tamaina handiko zutabe ildaskatu eta korintoarrez eutsitako egitura estalia da, hau da: teilatu itxurako espazio bat osatzen du, baina alboetatik erabat irekia.

Partekatu

unesco