Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

177. Olazabalgo San Salbador Eliza (Altzo-Azpi, Altzo)

3. ETAPA: TOLOSA • ZEGAMA

Gipuzkoako jaunen eliza

Arkeologiak 1000. urtea baino lehenagoko elizen hondakinak azaleratu aurretik, historialariek uste zuten Olazabalgo San Salbador, Altzo-Azpi izenaz ezagutzen den auzoan kokatua, Gipuzkoako lehen tenplu kristaua izan zela. Horren arrazoia da lurralde historikoaren izena aipatzen duen lehen dokumentu idatzia eliza honetan idatzi zela.

1025ean, Gaila Iputzakoak eta Gartzia Azearitzek, Aragoiko bere senarrak, Olazabalgo San Salbador landa-eliza dohaintzan eman zioten San Juan de la Peña monasterioari, ondasun higiezin ugarirekin batera. Dokumentu horren bidez, emaileek obra elizkoi bat egiten zuten, Elizak aspalditik adierazten zuen eskakizun bat onartzen zutelarik: eliza propioen amaiera. Iberiar Penintsularen iparraldean, Kristautasunaren beste eremu batzuetan bezala, landa eliza asko jaunenak ziren, euren lurretan eta euren kontura eraikiak zirela aldarrikatzen baitzuten. Ondorioz, kudeaketa osoa beren gain hartzen zuten. Elizarentzat egoera onartezina zen, eta ondasun horietako asko aristokraziak eman egin zituen azkenean, elizaren aginduak betetzeko eta kontzientzia lasaiarekin hil ahal izateko.

Hala ere, neurri horien eraginkortasuna nahiko zalantzazkoa da kasu askotan, bereziki kontuan hartuta eliza propioak edo pribatuak izateko debekuaren aurrean, patronatu laiko gisa ezagutzen den bitarteko formula zabaldu zela. XIX. mendeko iraultza liberaletaraino indarrean iritsi zen sistema horien bidez, Elizak laikoen banakoei zein komunitateei pribilejio batzuk onartzen zizkien, eta horien bidez, eliza bateko gurtzaren mantenuaren kudeaketa laiko horien esku uzten zuen neurri batean.

Olazabalgo elizaren kasuan, dohaintza egin eta 25 urte eskasera, dohaintza-emaileen alaba Belaskitak, bere gurasoek uko egin zieten eskubideak erabiltzen jarraitzen zuen. Antza denez, Aragoiko fraide bat jarri zuen elizaren buruan, Biniésetik (Huesca) etorria, San Juan de la Peñako abadearekin inolako akordiorik lortu gabe. 1060 inguruan, Belaskitak eta bere senar Antso Fortuñonesek berriro eman zioten San Salbador eliza San Juan de la Peñako monasterioari, bere gurasoek adierazi zuten bezala. Orduan izan ote zen behin betiko ematea?

Kontua da XV. mendean Altzo Azpiko elizako patronoa Joan Otxoa Olazabal zela, bere abizena zuen etxeko jauna eta, litekeena dena, Gipuzkoako antzinako jaunen ondorengoa. Dokumenturik ezean, pentsa dezakegu bandokide horiek patronatuaren pribilegioa bereganatu zutela, edo agian San Juan de la Peñari emandako dokumentuetako bat ere ez zela gauzatu. Egia esan, Ebroko haraneko monasterio handiek agintea urrutitik mantentzeko zuten ahalmena oso mugatua zen, administratzaileak izan ezean; eta paradoxikoki, administratzaileek eurek eskuratzen zituzten administratzen zituzten ondasunak azkenean.

Gaur egungo San Salbador tenplua

Gaur egungoa, XVI. mendean eraikitako eraikina da, oinplano angeluzuzenekoa, eta alde batean kanpandorrea duena, tenpluaren oinaldean. Nabea gurutze-gangaz estalita dago eta sakristia bat du hegoaldean atxikita. Egurrezko zutikoak dituen eliz atari batek tenpluaren sarrerak estaltzen ditu. 1588an Pedro Goikoetxeari enkargatutako bi erretauletatik bakarra geratzen da, eta bertan Deikundearen erliebea nabarmentzen da. José Ignacio Laviren erretaula nagusia, aldiz, rococo estilokoa da; eraikinaren arkitekturara egokitzen da, neurri txikikoa, eskultura eta erliebe ongi eginak ditu eta polikromatu gabea da (egurra agerian du).

Nabarmentzekoa da, XX. mendearen amaieran, barne-eraberritze lan batzuetan, zirkuluerdi-formako abside erromaniko baten aztarnak aurkitu zirela (hareharrizko harlangaitzez egina), datazio zehatzik gabe, eta kripta bihurtu ondoren bisitagarriak direla. Aztarna horiek Gipuzkoako jaunen XI. mendeko elizak ondoren izan zituen berreraikuntzetako baten hondakinak dira segur aski.

Azkenik, aipagarria da elizaren aldameneko hilerri zaharrean egindako aurkikuntza, non 1818an jaiotako Migel Joakin Eleizegi Altzoko erraldoiaren gorpuzkiak berreskuratu diren. Parrokia horretako eliztarra izanik, mendebaldeko horman, hego-mendebaldeko izkinan egindako ebakidurak ageri dira, bere altuera eta tamaina handitu ahala egin zituzten markak, neurrigabeko eta zorigaiztoko hazkundearen arrastoak.

Partekatu

unesco