Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

185. Olaran Manufakturak (Beasain)

3. ETAPA: TOLOSA • ZEGAMA

Gipuzkoako zurraketako industria-sektorearen azken testigantza

Gipuzkoako probintziak zurratzearen industria-sektore bat izan zuen, Debagoienan kontzentratu zena, Antzuolan eta Oñatin kasu baterako, baina beste udalerri batzuetan ere izan ziren adibide aipagarriak, hala nola Hernanin eta Beasainen. Lurraldeko zurrategi historiko handiak desagertuta, Manufacturas Olaran S.A. da industria-sektore horrek Gipuzkoan duen azken aztarnetako bat.

1881ean, Fernando Olaranek zurrategi bat sortu zuen Antzuolan, probintziako zurratze-gune handienetako bat izan zena, mota honetako lau lantegi izatera iritsi zena. Hala ere, XX. mendeko 30eko hamarkadan, fabrika Beasaingo udalerrira lekualdatu, eta gaur egun eraikina dagoen tokian kokatu zen. Garai batean egurrezko, ihizko eta zumezko altzari-fabrika izandako eraikin batera lekualdatu zen. Eraikinaren kokapena bikaina zen, garai hartan Madrildik Irunera zeraman errepidearen ondoan baitzegoen.

Eraikina zurrategiaren beharretara egokitu behar izan zen, eta Florencio Mokoroa Gastesi arkitektoak egin zituen birgaitze-lanak. Arkitekto tolosarra 1903an jaio zen eta Gipuzkoako probintziako arrazionalismo arkitektonikoaren sortzaileetako bat izan zen. Donostiako Gros auzoan lan nabarmenak ditu, hala nola Casa de los Solteros deritzona eta gasolindegia (biak 30eko hamarkadakoak). 1939. urtean onartu zen Florecio Mocoroak Beasaingo eraikina birgaitzeko aurkeztu zuen proiektua. Proiektu horrek aldaketa handiak egin zituen eraikinean, eta arkitektoak modernitate-elementuak sartzeko interesa erakutsi zuen. Aldaketa nabarmenenak honako hauek izan ziren: dorre bat eraikitzea, solairu bat altxatzea eta bestelako elementuak, hala nola erloju bat eta lantegiaren izen sozialaren errotulua. Geroago, 50eko hamarkadan, eraikinak birmoldaketa berriak izan zituen, inpaktu txikiagokoak, hala nola etxebizitza baten eraikuntza edo garajeak.

Hastapenetan Manufacturas Olaranen jarduera zurratzean oinarritu bazen ere, hurrengo hamarkadetan eboluzionatzen, berritzen eta espezialitateak aldatzen joan ziren. Horrela, 30eko hamarkadan, oinetakoentzako kautxuzko xaflak ekoizten hasi zen, 70eko hamarkadan, altzarien, larrukigintzaren eta oinetakoen industriarako behi-larruak zurratzen espezializatu zen, eta azken urteetan, tapizeriarako larruak hidrofugo bihurtzen. Estatuko eta Europako merkaturako lanean jarraitu zuen 2009. urtean behin betiko itxi zen arte.

Fabrikaren eraikina

Manufacturas Olaran enpresaren eraikina Beasaindik Ordiziara doan errepidean dago. Eraikinak estilo arkitektoniko arrazionalista du, eta probintzia mailan aipagarria da. Oinplano angeluzuzenekoa, hormigoi armatuzko egitura duena, eraikinak hiru altuera ditu eta terrazadun estalkia. Lau angeluko oinplanodun dorrea nabarmentzen da, non ebakidura bertikaleko leihoak irekitzen diren.

Kanpoaldean fatxada dinamikoa da, eraikinaren bi aldeen arteko kontraste eta kontrajartzeekin jolasten baitu. Hala, hegoaldeko aldean fatxada atzera emana da eta kanpoko eskailera batek diagonalean gurutzatzen du; iparraldeko aldean, berriz, eraikinak itxura soilagoa, trinkoagoa eta itxiagoa du, beheko bi solairuetan bao angeluzuzen txikiak dituela, eta horien gainean fabrikaren izena erakusten duten letrak, Manufacturas Olaran, karaktere moderno arrazionalistekin.

Barrualdean, eraikina funtzionala da, hau da, fabrikaren ekoizpen-beharretara egokitzen da; ia zatitu gabeko espazio gardenak eta hormigoizko zutabeak ditu.

Partekatu

unesco