148. Oiartzungo herrigune historikoko multzoa (Oiartzun)
1. ETAPA: IRUN • HERNANI
Nortasuna duen bailara
Gaur egungo Oiartzun udalerriak Goi Erdi Aroan izen bera zuen bailararen zati handi bat hartzen du. 1187ko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz. Garai hartan, bailarak lurraldea antolatzeko esparruak ziren; bailararen behealdean eta mendien magaletan barreiatutako hainbat herrixka barne hartzen zituzten, eta, ustez, baso eta mendietako baliabideak elkarrekin ustiatzen zituzten. Oiartzunen kasuan, herrixka horiek izan baziren, galdua dute Euskal Herrian eta oro har mendebaldeko Europan izan ohi duten nortasun ikurra: baseliza. Gaur egungo auzo-antolamendua, hala ere, Erdi Aroan izan zenaren isla izango da seguruenik: Elizalde auzoa da administrazio-gunea, eta gainerako auzoei nagusitzen zaie nolabait (Altzibar, Iturriotz, Gurutze, Arragua, Karrika, Ergoien eta Ugaldetxo). Edonola ere, Erdi Aroaren amaiera ezkero eta gaur egun ere bai, Oiartzungo paisaia bat bera da: auzoek erdigune bat dute, eta haien inguruan baserriak ageri dira sakabanatuta.
Hiribildu gisa osatzea eta probintziako erakundeetan (Gipuzkoako Batzar Nagusiak) sartzea prozesu berantiarra eta korapilatsua izan zen. Batzar Nagusietan XVI. mendean sartu zen, eta hiribildu izateko forua XIII. mendean eskuratu zuen arren, Ahaide Nagusien aurkaritza zela medio ez zuten XV. mendera arte gauzatzerik lortu; izan ere, Gipuzkoako Ermandadearen (1327an sortua) gorakada ikusita, Ahaide Nagusiek beren boterea kolokan ikusten zuten. Villanueva de Oiaso (gaurko Errenteria) 1332an sortu zenean, Oiartzungo bailarako biztanleak aurka azaldu eta liskar gogorrak izan ziren, ez baitzuten hiribildu berriaren menpe geratu nahi. Azkenik, Bailarak hiri-gutuna 1453an lortu zuenez eta Bando Gerrak amaitu zirenez, 1509an Gipuzkoako Ermandadean sartu zen.
Elizalde hirigunea
Badirudi Erdi Aroaren amaieran Elizalde auzoaren garrantziak gora egin zuela eta pixkanaka gainerako auzoekiko nagusitasuna areagotu egin zela. Horren ondorioz, hirigune bat eratuz joan zen, kalez eta plazaz hornitua; hiri-, politika- eta gizarte-gunea zen zalantzarik gabe.
Hasieran kale bakarra zuen Elizaldek (gaurko Mendiburu kalea, lehen calle Platerías), eta alde banatan etxeak ageri ziren lerroan. Harresia zuen inguruan, eta bi defentsa-dorre, harresi barrura sartzeko ateak ere bazirenak, bata ekialdean (Torre-zahar) eta bestea mendebaldean (Torre Urdinola). Parrokia-eliza ere bertan zegoen, San Esteban, gaur egun ere kontserbatzen dena.
Multzo horretan gaur egun badira hainbat eraikin interesgarri, historia- eta arte-balio handikoak. Nabarienetakoa da Lartaungo San Esteban eliza, hiriguneko gune goratu batean kokatuta egonik eta gotorleku itxura izanik, inguruko eremuan nagusitzen da. Gaur egungo itxura XV. mendeko berreraikitze eta handitzearen emaitza da. Barrualdean arkeologia-indusketak egin ziren, non eliza erromaniko baten oinplanoa aurkitu zen: XII. mendekoa seguruenik, eta burualde erdizirkularra zuen. Gaur egungo elizak areto-oinplanoa du, gurutzeria-gangadun estalkiko nabe bakarra, eta zortzi aldeko absidea, non Juan Huitzi maisuaren XVII. mendeko erretaula bat dagoen. Azpimarratzekoa da XVI. mende bukaeran eraikitako kanpandorrea.
Eliza ondoan San Joan Ospitalea eta Basilika aurkitzen da, erromesen ospitale izandakoa. XVI. mendeko estilo errenazentista du eta eraikin exentua da. Barruan bi zati bereizi ditu: kapera eta ospitalea. Oinplano angeluzuzena du eta harearrizko harlanduz osatutako lan bikaina da, non azpimarratzekoak diren teilatu-hegal azpiko triglifo eta metopen apaindurak. Portada burutzeko San Joanen eskultura dago horma-hobi batean, non errematean frontoia eta alboetan bolutak ageri diren.
Hiriguneko kaleetan arkitektura zibileko adibide bikainak aurkitzen ditugu, adibidez: Udaletxea (XVIII. mendekoa). Nikolas Zumetaren lana da, eta nabarmentzekoa da bere arkupearen garaiera handia, 5 arkuz osatua. San Esteban plazan kokaturik dago, hirigunearen erdigunean, non beste eraikin zibil nabari batzuk aurkitzen diren, esaterako: Urdiñola eta Arpidenea etxe barrokoak, XVIII. mendekoak. Azkena benetan da azpimarratzekoa, egiturako egurrezko bilbadura agerian baitu, eta aipagarriak diren lore-motiboz apaindutako zutabe tailatuak eta fatxada nagusiko alderik aldeko balkoia.