Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

154. Murgiako jaurerriaren multzoa (Astigarraga)

1. ETAPA: IRUN • HERNANI

Murgiako jauregi-gotorlekuko jaunak

Astigarragak bi gune desberdin ditu: goikoa, gaur egungo Santiago auzoa osatzen duena, eta behekoa, herrigune nagusi bilakatu den eta Urumea ibaiaren ibarrean dagoena, garai batean Murgiako jaunena zen lursail batean kokatua.

Murgia leinua XVI. mendean Gipuzkoako probintzian zeuden Ahaide Nagusien 24 etxeetako bat zen, eta Behe Erdi Aroan gertatu ziren Bando Gerran parte hartu zuten, oinaztarren bandoan. XV. mendean, Murgiatarrek, gainontzeko Ahaide Nagusiek bezalaxe, hiribilduek bultzatuta eta Koroak lagunduta sortu zen Gipuzkoako Probintziako Ermandade indartsuari aurre egin behar izan zioten. Hiribilduek eta Ermandadeak berak bilatzen zuten antolaketa-sistema berriak arriskuan jartzen zuen Ahaide Nagusiek lurraldean zuten botere eta estatusa, eta, beraz, haren aurka borrokatu ziren. Jaunak garaituak eta indarrez menderatuak izan ziren. Horrela, 1457an Gaztelako Henrike IV.ak bere boterearen aurka altxatutako leinu handien oinetxeak moztea agindu zuen, tartean zela Murgiatarren dorrea.

Murgiatarren leinuak lur eremu handiak zituen Astigarragan, eta errege pribilegio batzuk zituen, hala nola Ergobiako ibaian bidesaria kobratzeko eskubidea edota Urumea ibaian nasak edukitzea. Gainera, Andre Mariaren Jasokundea elizaren patronatua zuten, eta, horren bidez, parrokiako elizgizona izendatzeko eskubidea. Hala, antzinako Astigarragako eguneroko bizitzan leinuak zuen pisua oso garrantzitsua izatera iritsi zen.

Murgiatarren jaurerri-multzoa

Murgiatarren dorretxea, XV. mendean moztua izan zena, gaztelu-gotorleku bat zen, eta gaur egun jauregia dagoen toki berean zegoen. Gaur egun Markesmendi izenez ezagutzen den muino baten gainean kokatua, Urumea ibarrean nagusi zen toki nabarmen bat da. Andre Mariaren Jasokundea eliza, Murgiatarren ustez, bere kontura eta bere lurretan sortu eta hornitu zen, muinoaren goialdean etxeak eta elizak multzo bat osatuz.

Gaur egungo Murgia jauregiak oinplano karratua, hiru altuera eta lau isuriko estalkia ditu. Harlanduzko hormak ditu, eta fatxada nagusi dotore bat, non ojiba-arku dobelatu bat duen atea nabarmentzen den. Arku horren gainean leinuaren armarria dago. Aro Modernoan eta Garaikidean lurraldean gertatu ziren gerra ugarien ondorioz, suak hartu zuen behin baino gehiagotan. XX. mendean eraberritu egin zen, eraikinari jauregiaren ekialdean dagoen egurrezko begiratoki neogotiko bat, harmailadi inperiala eta eraikinaren aurrean dauden lorategiak gehituz.

Andre Mariaren Jasokundea elizak, bestalde, gurutze latindarreko oinplanoa du, nerbiodun gurutze-gangaz estalitako bi ataleko nabea eta abside oktogonala. Hormak harlanduzkoak dira. Elizaren oinetan, oinplano angeluzuzeneko kanpandorrea dago. Eraikinaren kanpoaldean eliz atari handi bat dago, eraikinaren mendebaldea eta hegoaldea estali eta bi sarrerak babesten dituena (nagusia eta albokoa). Tenpluak, patronoei erreferentzia egiten dieten elementu ugari kontserbatzen ditu: kanpoan, ate nagusiaren gainean dagoen Murgiatarren armarria; barruan, albo-aldareetako batean kokatuta dagoen leinuaren hilobia, kasu (patronatuak ematen zuen eskubideetako bat zen, elizako toki gailen batean hilobiratua izatea). Patronatuaren beste ezaugarrietako bat da jauregia eta elizaren barrualdea komunikatuta daudela, eta, beraz, jaunek tenpluko gurutzadura ikus zezaketela meza entzuteko, herriarengandik bereizi, toki nabarmenago, garaiago eta intimoagotik.

Multzoa itxiz, jauregiko zalditegien eraikin zaharra dago lorategien behealdean, gaur egun jatetxe bihurtua. Gainera, garai batean, muinoak Magdalenaren ermita ere hartzen zuen, gaur egun desagertuta dagoena.

Partekatu

unesco