260. Loinazko San Martin basilika (Beasain)
3B. ETAPA: BIDANIA • ZEGAMA
San Martin Igokundekoa, santu lehiatua
Batzuen ustez San Martin Igokundekoa Beasainen jaio zen, beste batzuen ustez Bergaran, edota Ibarrangelun. Gai hori ez da oraingoa, izan ere 1700. urteaz gero santuaren jaioleku ezezagunari buruzko eztabaida ugari egon dira, hala erakusten dute gorde diren eskuizkribu eta manifestu ugariek eta argitaratutako liburuek. Ez zen kontu hutsala izan: borroka gogorra sortu zen santuaren jaioterria izateko lehian zeuden hiribilduen artean, bere seme ospetsuen artean halako pertsonaia bat izateak prestigioa baitzekarren. XVII. mendean Gipuzkoako Batzar Nagusietan behin baino gehiagotan aztertu zen gaia. Vaticanoak ez zuen batzuen edo besteen alde egin nahi izan eta Gipuzkoako seme San Martin Igokundekoa formula aukeratu zuen. Izan ere, santuak Martin Igokundeko izena hartua zuen 1586an frantziskotarren abituak hartu zituenean.
Beasaingoek San Martin Igokundekoa santua Martin Loinaz Amunabarro beasaindarra izan zela esaten dute, 1566an jaioa; Bergaran Agirre abizena zuela aldarrikatzen dute eta Ibarrangelun ere bai (herri bakoitzak berea), 1567an jaioa. Herri banatan santuaren izena plaza nagusietan eta hainbat erakundetan agertzen da, hala nola elizetan, ermitetan edo eskoletan.
Edonola ere, San Martin Igokundekoa erlijioso eta misiolari katolikoa izan zen, Japoniako 26 martirietako bat. Erlijio katolikoa Japonian jazarria izan zen garaian, Toyotomi Hideyoshiren agintaldian, misiolari kristau talde bat gurutziltzatua izan zen, 1597an, Nagasakin. Martiriak 1627an beatifikatu ziren eta 1862an kanonizatu.
Loinazko San Martin basilika
Basilika Beasaingo Igartza auzoan dago. Egungo eraikina 1847an egindako berreraikitze-lanei dagokie, izan ere, Lehen Karlistaldiaren ondoren eraikina oso kaltetuta geratu zenez, eraitsi eta berriro eraiki zuten.
XVII. mendean, Domingo Loinazek bere jaiotetxeari (Amunabarro) zegokion lursail bat eman zion Gipuzkoako Probintziari, bere arbaso Martin Loinaz Amunabarro osaba-aitonari eliza bat eraikitzeko. 1663. urtea zen. Gipuzkoako probintziak lanen kostuaren hiru laurdenak ordaindu zituen, eta gainerakoa Beasaingo herriak. Azkenik, eliza 1691. urtean inauguratu zuten.
Egungo eraikina oin berrikoa da eta Mariano Jose Laskurain Gipuzkoako Foru Aldundiko bide-zuzendariak diseinatu zuen. Neoklasiko estiloko tenplua eraikiarazi zuen, garai hartan gorantz zihoan estiloa. Gurutze grekoko oinplanoa du barruan, eta karratua kanpoaldean. Hormak luzituta daude eta harlandua dute eskantzuetan eta leihoen eta ateen inguruetan. Sarreraren aldean Probintziako armarri barroko handi bat nabarmentzen da, obraren sustatzaile nagusia izan zela erakusten duena. Basilikaren erremate gisa zinborio bat jarri zuten, eta haren gainean bi kanpaiko kanpai-horma, sarrera nagusiaren aldean. Aterpea eta babesa emateko arkupea du, eraikinaren bi alde hartzen dituena. Hasieran arkupeak sarreraren aldea bakarrik estaltzen zuen baina geroago handitu egin zuten.
Barruan gordetzen diren erretaulak jatorrizko tenplukoak dira, eta Ignacio Ibero euskal arkitekto barroko garrantzitsuak proiektatu zituen 1731. urtean. Guztiak polikromatu gabe daude, soilik erdiko horma-hobiaren inguruan dute apaindura: urreztatuta daude eta aingerutxoen buru polikromatuak dituzte. Erdiko erretaula Loinazko San Martini eskainita dago, eta alboetakoak San Martinen martirio lagunei, horien artean Pablo Miki aurkitzen dela.
Basilikaren atzean Loinazko San Martin ermita dago antzinako Amunabarro baserriak hartzen zuen lekuan, eta San Martin-txiki izenez ezagutzen da. Martin Loinaz jaio zeneko gela zaharra da, 1627 ezkero bertara joaten ziren erromes ugariengatik kapera bihurtu zutena. Gaur egun, barruko bi gela dituen oratorio txikia da.