Lizariturry y Rezola S.A.
“Lizarriturry y Rezola” xaboi fabrika zaharretik langileen etxeak baino ez dira gelditzen: solairu-etxe apalen lerrokada bat, apaingarri askorik gabeak, Donostiatik Lasarterako errepidearekin paraleloan, Zarauzko hiribidean. Etxeon atzealdean, mendi hegalean, Antiguako egoitza-etxeak daude. Enpresa 1860ko hamarkadan sortu zen, “J. Lizarriturry, Rezola y Cª” izenarekin. Aurki egin zen ezaguna, “La Providencia” markapean kandelak, glizerina, parafina... ekoizten hasi zenean. 1890. urtean ekin zitzaion langileentzako etxeak eraikitzeari, eta XX. mendean ere egiten jarraitu zuten, 1956an azken egoitza-multzoa egin arte. Enpresa 1990ko hamarkadaren hasieran itxi zen. Industria-instalakuntzak eraitsi zirenez, geratu zaigun lekukotasun bakarra Antiguako etxeak dira.