Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

265. Lierniako Andre Mariaren emita (Mutiloa)

3B. ETAPA: BIDANIA • ZEGAMA

Goi-Erdi Aroko herrixka bateko landa-eliza?

Lierniako Andre Mariaren ermita gain batean dago, Mutiloako hiribilduaren gainean, San Migel parrokiatik 2 km ingurura eta Ormaiztegirako bide zaharraren oinean. Mito batzuek diote antzina Mutiloako parrokia izan zela eta hilerri bat zuela, nahiz eta guk dakigula ez den hezurrik aurkitu. Halako elezaharrek leku horretan Erdi Aroan agian herrixka bat izan zela adieraz dezakete, eta beraz, litekeena da gaur egungo baseliza bertako landa-eliza izatea. Ermitetan, oro har, ez da hilerririk izaten, lurperatzeko eskubidea parrokiei lotuta baitago. Azken urteotan, arkeologiari esker hainbat nekropoli aurkitu dira gaur egun ermiten kategoria duten tenpluetan, eta horrek agerian uzten du sorreran, Goi Erdi Aroan, tenplu horiek parrokien antzeko funtzioak bete zituztela. Ehorzketak, gainera, inguruan komunitate bat bizi zenaren seinale izan daitezke, eta komunitate horren erreferentziazko tenplua hori zela, gaur egun herrietako parrokiekin gertatzen den bezala.

Ermitetan egindako arkeologia-indusketek landa-eliza zahar horietan behin eta berriz errepikatu zen prozesu baten berri ematen digute: garai batetik aurrera hilerriak bertan behera utziak izaten ziren. Hori gertatzeko arrazoiak anitzak izan zitezkeen kasuaren arabera, eta kontua da une jakin batetik aurrera, XII. eta XIII. mendeetan batez ere, ordura arteko ohitura alde batera utzi eta kideak hilerri horietan lurperatzeari utzi ziotela. Beharbada, komunitatea parrokia zuen beste lekuren batera lekualdatu zen, edo agian jendea ez zen lekuz aldatu baina landa-elizaren funtzioak beste eliza batera pasatu ziren. Eta horrela, herrixkako landa-eliza ermita bihurtu eta parrokia baten menpe geratzen zen.

Arkeologiak egunen batean Lierniaren iragana argituko du agian. Hori eginez gero, agian jakingo genuke Mutiloako bi tenpluetatik zein den lehenagokoa, gaur egungo San Migel parrokia edo ermita. Oraingoz dakiguna da ermita 1587. urteaz gero ezagutzen dela. Geroago, 1625. urtean, Lope Martinez Isasti historialariak bere Compendio Historial de Guipúzcoa lanean aipatu zuen Liornako Ama Birjina izenaz, eta Mutiloako jurisdikziokoa zela adierazi zuen.

Ermita

Lierniako Andre Maria oinplano angeluzuzeneko ermita da, eta ekialdera begira dagoen abside trapezoidea du. Harlangaitzezko hormak ditu, pintura zuriz estaliak, eta harlanduzko kateak ditu eskantzuetan eta baoetan. Bi isurkiko estalkia du, egurrezko egitura duena. Hegoaldeko fatxada osoa hartzen duen arkupe itxi batek babesten du sarrera, eta horretarako teilatuaren isurialdeetako bat luzatu zuten. Elizpeak sarrerako atea eta bi leiho ditu, guztiak erdi-puntuko arkudunak. Mendebaldeko fatxadan kanpai-horma txiki bat ageri da, kanpai bakarrekoa, eta burdinazko gurutze batez koroatua. Ermitaren fatxadek bao txikiak dituzte; haien artean, erdiko aldarearen alde banatan dauden idi-begi motako bi baoak nabarmentzen dira.

Barruan ermitak hiru nabe ditu, lau zutabez banatuta. Hainbat elementu aipagarri daude, hala nola: erdiko erretaula, lore-motiboz polikromatuta dagoena eta erdian Lierniako Ama Birjinaren tailua duena; egurrezko pulpitu bat, behe-erliebez apaindua non santu batzuk irudikatzen diren (San Andres, San Pedro, Kristo Berpiztua, San Joan Ebanjelaria eta Santiago). Gainera, duela urte gutxi arte ermitan Madalenaren XIV. mendeko tailu bat zegoen baina Elizbarrutiko Museora eraman zuten eta bertan dago orain.

Lierniako Ama Birjinak debozio handia sortu zuen Mutiloatik kanpo. Ugalkortasunaren zaindaritzat hartzen da, eta bere grazia lortzeko Arabatik eta Nafarroatik ere bertaratu izan dira fededunak. Horrez gain, Gipuzkoako zazpi Ama Birjina beltzetako bat izateagatik da ezaguna.

Partekatu

unesco