157. Leokari iturria eta garbitokia (Hernani)
2. ETAPA: HERNANI • TOLOSA
Higienearen kontzeptu modernoa
Liberalismoaren ideiek bultzatuta, XIX. mendean hasi ziren higienearen kontzeptuari arreta jartzen eta hura bermatuko zuten lehen neurriak hartzen. Hala ere, aurreko mendean eta Ilustrazioaren ideien eskutik, gizarteko sektorerik aurreratuenak hasiak ziren hura aintzat hartzen. Herriguneetako osasuna hobetzeko asmoz, hainbat azpiegitura birpentsatzen hasi ziren: ur-horniketa eta saneamendu-sistemak, etxeetako argiztapen eta aireztapena edota epidemien kontrola; izan ere, jakin zen epidemia asko uraren bidez transmititzen zirela, kolera adibidez, XIX. mendean hainbeste pertsona hil zituena.
Neurri higienikoak ezartzeko helburuarekin egindako ekimenetako bat garbitokiak eraikitzea izan zen. Baziren hainbat mende emakumeek arropa garbitzen zutela ibai, ubide edo erreketan; lan-ordu luzeak ziren aire zabalean, belauniko eta jarrera deserosoan jasan beharrekoak. Garbitokiak eraikitzean, emakumeek arropa garbitzeko espazio esklusibo bat zuten, eta aldi berean, erosoago egin zezaketen lan. Gainera, babes handiagoa ziurtatzen zien, eguraldiaren gorabeheretatik salbu eta edozein erasotzailerengandik babestuta geratzen baitziren. Garbilekuak udalarenak izaten ziren, eta funtzionamendua arautzen zuen araudi bat izaten zuten, esate baterako: kontzejuak arautzen zituen ordutegiak, eta kontzejua arduratzen zen mantenuaz.
Arropa garbitzeko lan gogorra emakumeen ardura zen, emakumeek soilik egiten baitzuten lan hori. Are gehiago, araudiak gizonei instalazio horietan sartzea debekatzen zien. Hala, garbitokiak emakumeen espazio garrantzitsu gisa eraiki ziren, non, inguruan gizonik izan gabe, emakumeak lanean aritu eta aldi berean elkarrekin egoten ziren, berriketan eta aholkuak partekatzen.
Leokariko garbitokia
Leokariko garbitokia Elizatxo auzorako jaitsieran dago, antzina hiribildua inguratzen zuten harresietatik kanpo. Iturritik ateratzen den ura iturburu natural batetik dator, eta tunel bidezko azpiegitura bat eraiki zuten ura bertaraino ekartzeko.
Gaur egungo garbitokia 1916koa den arren, bere lehen eraikuntza 1538koa da. Ordutik, hainbat berreraikuntza izan ditu garai ezberdinetan. Egungo eraikuntzak estilo neoklasikoa du eta egitura nuklearra, hau da, instalazioa osatzen duten elementuak harraskaren inguruan antolatzen dira.
Garbitoki osoa oinplano karratuko esparru batean dago, eta harlangaitzezko hormek perimetroaren lau aldeetatik hiru ixten dituzte. Isuri bakarreko teilatuak egurrezko egitura du, teila bidez estaltzen da eta garbitokia erdizka estaltzen du: "U" itxurako oinplanoa duen harraskaren inguruan kokatzen ziren garbitzaileak babesten zituen, teilatuak esparruaren ardatzari jarraitzen baitio. Teilatua, hareharriz egindako toskanar ordenako lau zutabetan bermatuta dago.
Sarreratik begiratuta garbitokiaren eskuinaldean, iturria ageri da, harlangaitzezko eraikuntza batez eta kanoi-gangaz estalia. Ura hiru hoditik atera eta aska batera erortzen da. Bai iturriaren eraikuntzan bai garbilekuko zutabeetako batean, “1896” inskripzioa ikus daiteke, eta garbitoki-esparruan urte horretan egindako berreraikuntzari dagokio.