Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Leitzaran ibaiko paisaia industrialaren karakterizazioa eta balorazioa (Gipuzkoa)

Zuzendaritza: Beatriz Herreras Moratinos

Gauzatzea: Miriam Pérez Pérez

Laburpena eta itzulpena: Leire Milikua Larramendi

 

LEITZARAN BAILARA

Leitzaran ibaiaren bailara Gipuzkoaren ekialdeko mugan aurkitzen da. Haren kokapen eta baldintza naturalengatik, gizon eta emakumeen esku-hartzearen garrantzia adierazten duten bailaren adibide izan da, eta hala izaten jarraitzen du; hala ere, beste bailara batzuen aldean, oso gutxi habitatuta dago. Horrek ekarri du industria-tipologiak argi hautematea, berezitasun batekin: tipologia horiek ez dute espazioa bizitegi-espazioekin partekatzen.

Aspalditik da agerikoa haren uren ustiapena burdinola eta errotak, eta duen baso- eta mea-aberastasuna. Paisaiaren eraldaketa askoz nabarmenagoa egin zen meatzaritza intentsiboaren etorrerarekin: XIX. mendearen erdialdean izan zen hori, meatze-konpainien eskutik. Bailara ez zen industrializaziotik kanpo gelditu, eta zentral hidroelektrikoak, paper-fabrikak eta meatze-trenbidea ezarri ziren bertan. Trenbide hori Lasarte-Oriaraino iristen zen, eta Donostiara zihoan trenarekin topatzen zen han.

Leitzaran ibaiaren bailarako azterketan honakoak sartu dira: izen bereko ibaia (Oriaren ibai-adarra dena, haren eskuinaldetik) eta Ubane (Leitzaranen ibai-adarra). Azken hori Plazaola/Leitzaran trenbidetik oso gertu dago, eta bere ibilguan zehar ere ematen da uraren ustiapen intentsiboa.

Aztertutako paisaian bilakaera historiko-industriala ikus daiteke, non oso ongi ordezkatuta dauden aztertutako bi garai historikoak: industriaurrekoa eta industriala. Era berean, aniztasun tipologikoa sumatu daiteke industria-ondareari dagokionez. Energia hidraulikoari lotutako egituren kontzentrazio garrantzitsuak adierazten du hori, bai kopurua zein ondare-kalitatea kontuan hartuta: burdinolak, errotak, zentral hidroelektrikoak, paper-fabrikak... Halaber, izen bereko trenbidea gailentzen da bailaran, egiazko ardatz egituratzailea, bai mea-garraiorako zein Gipuzkoa eta Nafarroa arteko komunikaziorako. Eta, nabarmendu behar da mineralaren tratamendu- eta erauzketa-guneak agerikoak direla, paisaia naturalak nolabait industria-ondare hori ezkutatzen duen arren.

 

 

Leitzaran ibaiaren bailararen eragin-eremuaren ondare-azterketa aurkezten du dokumentuak. Bertan analizatzen dira Gipuzkoa osoan gutxien gizatiartu den ibai-bailararen egungo paisaian, historian zehar, aztarna utzi duten ondare-elementuak. Honako harremanek osatzen dute azterketak oinarri duen ardatz nagusietako bat: historiko-produktiboak, historikoak eta egungoak. Horiek guztiek eratu dute gaur egungo espazioa. Espazioaren bilakaera zehaztu eta nabarmentzen duten harreman fisiko eta produktiboek bat egiten duten benetako industria-paisaia da.

 

ONDARE-TIPOLOGIAK

Burdinola-errota instalazioak: industriaurrea

Leitzaran ibaiaren ustiapen intentsiboak burdinolen eta erroten sektoreari lotutako tamaina ezberdinetako unitateak sortu zituen. Berastegi eta Elduain udalerriek, basogintza eta artzaintzarako lurretan aberats, XIV. mendearen amaieran eta XV.aren hasieran Leitzaran ibaian zehar burdinolak agertzen hasi zirela ikusi zuten. Azken burdinolek 1860 inguruan utzi zioten lan egiteari; bailararen bost mendeko burdinola-tradizioa suposatu zuen horrek.

Leitzaran bailarak burdinolen mantenurako beharrezkoak ziren hiru elementuak eskaintzen zituen:

  • Ura
  • Ikatza
  • Burdin minerala

 

Ibaiko uren indarraren ustiapena ez zen burdinoletara mugatu. Haren ertzetan errotak egon dira, gehienak Andoainen eta burdinolei elkartuta.

Jarraian, burdinola eta errotei lotutako ondare-elementuak biltzen dituen laburpen-taula bat aurkezten da. Bertan, elementuak (EL), dagozkien ibaia (I) eta kokatzen direneko udalerria (U) adierazten dira.

U

I

EL

Berastegi

Leitzaran

Barrenola burdinola, Ameraun burdinola, Plazaola burdinola

 

Elduain

Inturia burdinola, Olloki burdinola, Inturia errota

Villabona

Amasola burdinola/Labarrain burdinola

Andoain

Olabarria Burdinola

Ubane

Urriolondo burdinola berria, Urriolondo burdinola, Goiko Errota errota, Errota-zar errota

 

Ibai-ibilguaren ustiapena XX. mendean

 

Zentral hidroelektrikoak

Ibaiko uren indarraren ustiapena ez zen burdinola eta errotetara mugatu: industria aroan zentral hidroelektrikoak jarri ziren. XX. mendearen hasieran ezarri zen industria berri hori bailaran. Leitzaran ibaian 14 zentral egon ziren, eta horietatik zortzik martxan diraute. Gainera, bailara horretan dago existitzen diren lur azpiko zentral urrietako bat: Ollokiko zentrala.

 

Fabrikak

Paper-fabrikak Leitzaran ibaiaren ertzetan ezarri ziren, batez ere erdialde eta behealdean. 2007ra arte bi paper-fabrika egon dira martxan: Papelera de Leitzaran eta Celulosa de Andoain. Lehenago, beste bi fabrika egon ziren: Andoaingo erdigunean bata eta Ollokin bestea, Elduainen, Olamia paper-fabrika bezala ezaguna.

 

Ondare-elementuak

Jarraian, XX. mendeko ibai-ibilguen ustiapenari lotutako ondare-elementuak (zentral hidroelektrikoak eta fabrikak) biltzen dituen laburpen-taula bat aurkezten da. Bertan, elementuak (EL) eta kokatzen direneko udalerria (U) adierazten dira.

U

EL

Berastegi

Plazaola 1 zentrala, Plazaola 2 zentrala, Ameraun zentrala

Elduain

Santolaz zentrala, Ollokiko lurpeko zentral hidroelektrikoa, Olamia fabrika

Villabona

Bertxineko zentrala

Andoain

Leitzarango zentrala, Laborde Hermanos zentrala, Otita zentrala, Portu/Lizarkola zentrala, Leitzarango paper-fabrika/GALGO, Celulosas de Andoain

 

 

Meatzaritza

Leitzarango bailaran meatzaritza presente egon da Ertarotik eta Aro Modernotik, meatzaritza ustiapen txiki artisauek burdinolak hornitzen zituztenetik. Iragan mendearen amaieran, Gipuzkoako meatzaritzak gorakada nabaria izan zuen.

Leitzaranen ez da burdina soilik aurkitzen. Berastegiko meategietan zain mota bi ustiatu ziren: batzuk burdinazkoak, eta kobre pirita, blenda eta galenazkoak besteak.

Eskualdeko gainerako lekuetan bezala, Leitzarango meategietan gainazaletik gertu zegoen minerala erauzten zen (hematiteak); hortaz, erauzketa-lanak aire zabalean edo sakonera gutxiko galerien bitartez egiten ziren.

XIX. mendetik aurrera karbonatoa atera zen, zainetako zatirik sakonenetan zegoena. Karbonato hori kaltzinatu egin behar zen garraiatu aurretik, oxido bihurtzeko; lan horretan bere pisuaren herena galtzen zuen, garraioa merkatuz.

Azterketak 1868ko Legearen ondorengo meatze-emakidetan jarri du arreta. Hala ere, toki eta meatze horiek berak izan ziren, zalantzarik gabe, burdinolak hornitu zituztenak.

 

Leitzaran bailarako meategiak

Lurralde konkretu horren meatze-nortasuna egia izateko adina meatze-elementu edo -aztarna dituzten bailarako meatze-eremu nagusiak identifikatu dira.

Berastegiko meatze-barrutiak bi gune ditu, eta horietako bakoitzak bere sistema propioa zuen erauzketarako, barne-garraiorako, mineralaren gaineko eskubideetarako, eta abar: Bizkotx eta Mustar-Lorditz (Ermosuko, Urdanbideko edo Tolosaminako meatzeak hartzen ditu bere baitan).

Beste bi gune ere identifikatu dira; horien garrantzia, nagusiki, Leitzarango paisaian txertatuko erauzketa-guneak izatean datza. Horiek existitzeak eta etorkizunean balioan jartzeak bailarako meatze-paisaiaren interpretazioa hobetzen du: Plazaola, izen bereko zentraletatik gertu, eta Txotan, non Kaskagorri, San Ignacio eta izen bereko Txotan meatzeak nabarmentzen diren.

 

Berastegiko meatze-barrutia. Bizkotx

Gune honetako mineralak, azalean dagoena, bailarako burdinolak hornitzen zituen. XIX. mendetik aurrera, berunaren eta zinkaren meatzaritzaren egoera ona ikusirik, meatzaritza-sozietateentzako toki erakargarria bilakatu zen Berastegi.

XIX. mende amaieran, burdinaren meatzaritzaren egoera onarekin, berriz, burdin meatzaritza interesgarria suertatu zen beste behin. Garai hartan, Sociedad Leizaran Plazaolako trenbidea eraikitzen hasi zen, Andoaingo tren-geltokitik hasita, meategiak zeharkatuz.

1901eko hasieran, mea-garraiatzeko trenbide bat eraikitzeko baimena eskatu zen, meategi hauetatik Andoaineraino zihoana. Trenbidea 1904an inauguratu zen.

Denboran zehar garatutako meatze-jarduera bai lur-eremuan zein paisaian antzeman daiteke. Hala ere, abandonuak eta ondorengo basogintza-jarduerak haren presentzia txikiagotu dute.

 

Berastegiko meatze-barrutia. Mustar-Lorditz

Erauzketa-gune honek barne-trenbide txiki bat zeukan. Plano inklinatu batean zuen amaiera: plano horrek kaltzinazio-labeetaraino jaisten zuen minerala. Beste meatze-tren txikiek bezala, ez zuen tren-makinarik: animaliek tiratutako trena zen. Behin minerala kaltzinatuta, zuzenean kargatzen zen Plazaola/Leitzaran trenera.

 

Ondare-elementuak

Jarraian, meatzaritza-jarduerarekin lotutako ondare-elementu guztiak biltzen dituen laburpen-taula aurkezten da. Bertan, elementuak (EL), kokatzen direneko gunea (G) eta dagokien meatze-emakida (ME) adierazten dira.

 

G

ME

EL

 

Erauzte-gunea

Casualidad 1453 / Calvo Sotelo 4196

5. mailan dagoen galeria eta hondakindegia

Erauzte-gunea

4. mailan dagoen galeria eta hondakindegia

Erauzte-gunea

3. mailako galeria eta hondakindegia

Berastegiko meatze-barrutia: Bizkotx

Garraio- eta biltegiratze-gunea

3. mailan dagoen arraste-bidea eta plaza

Garraio-gunea

Casualidad 1453 / Calvo Sotelo 4196 / El Gran Complemento 1509 zk.

2. mailatik 3.erako danborra eta plano inklinatua

Erauzte-gunea

Casualidad 1453

2. mailan dagoen galeria eta hondakindegia

Garraio- eta biltegiratze-gunea

2. mailan dagoen arraste-bidea eta plaza

Garraio-gunea

Pachuca 1586

1. mailatik 2.erako plano inklinatua

Garraio-gunea

Pachuca 1586 / El Gran Complemento 1509

1. mailatik 2.erako tximinia

Erauzte-gunea

Pachuca 1586

1. mailan dagoen galeria eta hondakindegia

Biltegiratze- eta eraldaketa-gunea

Pachuca 1586

1. mailan dagoen mineral gordina deskargatzeko plaza

Administrazio-gunea

1. mailan dagoen meatzari-etxea

Eraldaketa-gunea

1. mailan dagoen errementeria

Casualidad 1453 / Calvo Sotelo 4196

1. mailan dauden kaltzinazio-labeak

1. mailan dagoen kargategia

1. mailan dauden deskargatutako ikatzaren depositua

1. mailan dauden kargatzeko ikatzaren depositua

1. mailan dagoen harrizko kargategia

Administrazio-gunea

Bizkotxeko zerrenda-arduradunaren etxea

Barrakoiak

Etxe ondoko depositua

Garraio-gunea

1. mailan dagoen plazarako jatorrizko bidea

Eraldaketa-gunea

 

1. mailan dagoen trenbide osagarria

Berastegiko meatze-barrutia: Mustar-Lorditz

Garraio-gunea

 

Urdanbide meatzeko kargategia

Erauzte-gunea

 

Ermosu meatzea

Garraio-gunea

 

Ermosuko plaza (deskargatzeko gunea)

 

Ermosuko plano inklinatua eta lur-berdinketaren bidea

Eraldaketa-gunea

 

Mustar labeak

Garraio-gunea

 

Mustar kargategia

Erauzte-gunea

 

Urdanbide edo Tolosamina meatzea

Garraio-gunea

 

Lorditzeko trenbidea

Erauzte-gunea

 

Urdanbideko 1. meatze-ahoa

Lorditz meatzea

Erauzte-gunea

 

Lorditz meatzea

Eraldaketa-gunea

 

Lorditz meatzeko egiturak (meatzarien borda)

 

Labea (Haizeola posiblea)

Plazaola meatzea

Erauzte-gunea

 

Plazaola meatzea

Garraio-gunea

 

Frankio kargategia

Kaskagorri meatzea

Erauzte-esparrua

 

Kaskagorri meatzea

 

Plazaola/Leitzaran trenbidea

 

Meatze-trenbidea

XX. mende hasieran, meatzaritzak eremuan hartu zuen garrantziak bide estuko trenbide estandar bat eraikitzea ekarri zuen, Plazaolako meategiak Andoaingo iparraldeko geltokitik banatzen zituen 22 kilometroak zeharkatzeko. Andoainen, bide zabaleko trenetara pasatzen zen minerala, Pasaiako portura garraiatzeko. Bailarako egiazko ardatz-egituratzailea bilakatu dela esan daiteke.

 

Bidaiarientzako trenbidea

Jatorrian meatze-trenbidea izan arren, inauguratu zen urtean bertan lortu zuen bidaiariak ere garraiatzeko baimena. Asmoa ez zen zerbitzu erregularrak eskaintzea, bailarako langileen beharrei erantzutea baizik: zentral hidroelektrikoetako langileak, meatzariak, ikazkinak... 1914ko urtarrilaren 25ean ireki zen bidaiariak garraiatzeko zerbitzua. Hasiera batean minerala Plazaolatik Andoainera (Pasaia helmuga) garraiatzeko sortu zen trenak jarduera horrekin jarraitu zuen, bidaiariak garraiatzeko apustua ere egin arren.

Hala ere, trenbidea ez zen inoiz errentagarria izan. Meatzeengatik sortu zen, baina horiek denbora gutxira utzi zioten funtzionatzeari. Bidaiarien garraioarekin dibertsifikazioarekiko apustua egin arren, errepide bidezko bidaiari-garraioaren lehia gogorra jasan behar izan zuen. 1929an bidaiarien garraioa arindu eta hobetzeko makina berriak erosi ziren, baina neurri hori ez zen nahikoa izan. 1946an geltoki berri bat eraiki zen Iruñan, Iratiko trenbidearekin lotura ahalbidetuko zuena. Azkenean, 1958ko irailaren 5ean lortu zuen konpainiak bideak altxatu, eta, horrela, linea behin betiko ixteko baimena.

 

Tunelak

Plazaolako trenbidearen ezaugarri nagusienetarikoa dira haren trazadurako tunel ugariak. Iruña eta Lasarte-Oria arteko 84 kilometroetan, trenak 66 tunel zeharkatzen zituen.

Gipuzkoako Leitzarani zegokionez, 19 kilometrotako ibilbidea 31 tunelek zulatzen zuten. Bertan zegoen "leize" kopuru handiena: 20 tunel 10 kilometrotan. Azken 18 kilometrotan, Andoain eta Lasarte-Oria artean, trena bost aldiz igarotzen zen lurpetik.

 

Atentzioa ematen dute bailara zeharkatu ahala ageri diren tunel abandonatuek: batzuk erabiltzen diren tunelekiko paraleloan kokatuta daude, eta beste batzuk trenbidearen trazadura normalaren ondoan. Honakoa da azalpena: trenbidearen jabetza eskuz aldatu eta haren ibilbide eta jarduna zabaldu zirenean, 1910-1914 artean jatorrizko meatze-trenbidearen trazaduran zuzenketak egin ziren, gehienetan kurbak leundu, ekidin eta horien erradioak handiagotzeko.

 

Zubiak

Trenbidearen ibilbideko 84 kilometrotan, Plazaolako trenbideak 40 zubi inguru zeharkatzen zituen. Gipuzkoako Leitzaran bailaran, 14 zubi zeuden: horietako 12k Leitzaran ibaia zeharkatzen zuten, gainerako biek haren ibai-adarrak igarotzen zituztelarik. Tunelen kasuan bezala, zenbait zubi abandonatu ere badaude.

 

Tren-geltokiak

Trenbideari erregulartasunez zerbitzu egiten zioten geltokiak (eta konpainiaren ordutegietan azaltzen zirenak) honakoak ziren: Iruña (hiria), Iruña (lotunea), Aitzoain, Saratsa, Gulia (geralekua), Irurtzun, Latasa, Lekunberri, Uitzi, Leitza, Areso (geralekua), Plazaola, Ameraun (geralekua), Olloki, Andoain, Lasarte-Oria (Bilborekin lotunea, Ferrocarriles Vascongados), Añorga eta Donostia (Amara). Beste geraleku bi egon ziren, Bizkotx eta Beiñes, ez zirenak trenaren geldialdi erregularretan azaltzen. Horietatik guztietatik, Gipuzkoako tartean, Ollokiko geltokiaren aztarnak eta Andoaingo eta Ameraungo nasaren zatiak baino ez dira gelditzen.

 

Material motorra

Garaia, sorrera-baldintzak eta inguruaren orografia (Leitzaran bailara bihurgunetsua) kontuan hartuta, argi zegoen lurrun-lokomotorez baliatu beharko zela trenbidea. Hain zen hala, ezen trenbidea desagertu arte, eta ia hogeita bost urtean diesel automotore moderno batzuekin batera bizi izan arren, oinarrizko zerbitzua eskaini baitzuten.

Bidaiarien bagoiak (bigarren etapan) Beasaingo Compañía Auxiliar de Ferrocarriles (CAF) enpresak egin zituen 1913an. Guztira, 14 ziren.

 

Bide Berdea

Plazaolako trenbidea egia esan, tarte batzuk bakarrik"Bide Berde"en programan sartuta dago. Fundación de los Ferrocarriles Españoles-ek (FFE) Patenteen eta Marken Espainiako Bulegoan 1994an erregistratutako marka da. Horren erabilera legalki mugatuta dago garai bateko trenbideetatik igarotzen diren ibilbideetara.

 

Ondare-elementuak

Jarraian, Plazaola/Leitzaran trenbidearekin lotutako ondare-elementuak biltzen dituen laburpen-taula aurkezten da. Elementua (EL) eta kokatzen deneko udalerria (U) adierazten dira taulan.

U

EL

Berastegi

Tunela, Hiru trenbide-tunel, Trenbide-zubia, Tunela, Trenbide-zubia, Trenbide-tunela, Jatorrizko tunela, Bi trenbide-zubi, Trenbide-tunela, Jatorrizko tunela, Tunela, Meatze-trenbidearen jatorrizko tunela, Trenbide-tunela, Langileen eraikina, Bi trenbide-tunel, Trenbide-zubia, Hiru trenbide-tunel, Trenbide-zubia, Bi trenbide-tunel, Bi trenbide-zubi, Meatze-trenbidearen tunel bi, Tunela, Trenbide-zubia, Tunela, Trenbide-zubia, Orratzain-etxola, Trenbide-tunela, Ameraun geltokiko nasa, Trenbide-zubia, Euste-horma bi.

Elduain

Ollokiegiko geltokia, Ollokiegiko zubia, Hormigoizko zubia, Jatorrizko zubia, Tunela, Bi trenbide-tunel, Bi jatorrizko tunel, Hiru trenbide-tunel, Ollokiegiko tunela, Tunela, Trenbide-tunela, Hormigoizko zubia.

Andoain

Andoaingo geltokiko biaduktua, Auzokalteko biaduktua, Arantzazueneako tunela, Andoaingo geltokiko nasa, Antziar tunela, Otietako tunela, Ubide gaineko igarobidea, Trenbide gaineko igarobidea, Ur-depositua, Bi trenbide-tunel, Ubide gaineko igarobidea, Trenbidearen trazadura.

Lasarte-Oria

Lasarteko biaduktua, Kaxkarro tunela, Trenbide-tunela.

 

PAISAIAREN BALORAZIOA

 

Eremuaren balorazio orokorra

Leitzaran ibaiaren bailarako industria-paisaiak burdinola, errota eta meatzaritzari lotutako industrien interpretazio-gaitasun handia du, Euskal Autonomia Erkidegoko industria-garapenaren beraren bilakaera historikoaren baitan. Haren ibilguan zehar, ekoizpen-jardueraren bilakaerarekin lotutako elementu garrantzitsu bezala hauteman daiteke ibaia: XIV. mendetik hasi (burdinola zaharrenen kasuan) eta XX. mendera arte (meatzaritzaren ustiapena eta trenbidearen azpiegitura, gunearen garapen industrialarekin lotuta).

Haren interpretazio-gakoak ez dira burdinola, errota eta zentraletako objektu, makina edo instalazioen presentziara mugatzen; gako horiek espazioak eskaintzen dituen bestelako erreferentzia eta trazuak ere biltzen dituzte, honako alderdiak ulertzeko lagungarri direnak: bilakaera, elementuen arteko lotura, paisaiaren barne-funtzionamendua, komunikabideak... Ondare oso osoa da, ebokazio-gaitasun handia duena, eta paisaiaren okupazio-geruza ezberdinak jasotzen dituena. Gainera, geruza horietako bakoitzean kalitate handiko nahikoa elementu identifikatu dira, tipologia eta garai historiko bakoitza ezagutu eta interpretatzeko baliagarriak.

 

Ibaiko paisaia-unitatea eratzen duten azpieremuetako bakoitzaren baliotik harago, oro har hartuta, interes historikoagatik nabarmentzen da eremua, Ertaro berantiarreko burdinolei lotutako elementuekin (XIV. mendekoak). Horri gehitu behar zaizkio errotetako ekoizpen-unitateak. Unitate txiki horiekin batera, aberastasun eta konplexutasun handiko multzo bikainak daude Leitzarango bailaran, meatze-instalazioak kasu; lurraldearen antolamendu propioa eratzen da horrela, gaur egun ere irakurgarria, bide-azpiegitura eta eraiki gabeko espazioei esker.

 

Leitzarango paisaia interes teknologiko handiko multzoa ere bada; ingeniaritza hidraulikoari, zentral hidroelektrikoei eta trenbideari lotutako soluzio ezberdinak aurki daitezke.

 

Azken buruan, balio propioak biltzen dira paisaia honetan, elkarren osagarri eta interes handiagokoak bilakatzen direnak osatzen dituzten azpieremuak banan-banan aztertu ahala.

 

Burdinola eta erroten ondare-balorazioa

Burdinola eta erroten industriaurreko jarduera gailentzen da, ezin delako industria-paisaia bat ulertu haren jatorritik eraldatu eta definitu duten jarduerak aztertu gabe. Horrela, Leitzaran ibaiko paisaia Antzinako Erregimeneko ekoizpen-prozesuen interpretazio eta ezagutzarako oinarrizko pieza bihurtzen da. Elementuen banakako balorazioa dagozkien fitxetan jasotzen da.

 

Zentral hidroelektrikoen ondare-balorazioa

Leitzaran bailarako zentral hidroelektrikoek, oro har hartuta, ibaietako uraren ustiapen intentsiboaren adibide garrantzitsua osatzen dute. Gainera, adibide gailen batzuk daude jatorrizko elementuak eta azpiegitura osoa mantentzen dutenak, Laborde Hermanos zentrala adibidez. Ameraun edo Plazaola zentralen kasuan, multzo garrantzitsua osatzen duten izen bereko burdinolekin.

 

Meatzaritzaren ondare-balorazioa

Berastegin dago meatzaritzaren zati handiena. Azterketan Berastegiko meatze-barrutia nabarmendu da, eta bi gunetan banatu: Bizkotx eta Mustar-Lorditz. Gune horiek dira ondare-elementu esanguratsuen kontzentrazio handiena dutenak: irizpide historikoari dagokionez, ustiapenen adierazgarritasun eta antzinatasunagatik; integritate-irizpidearen kasuan, interpretazio-gaitasun eta -gakoak dituen ekoizpen-unitatea delako, dirauten elementuei esker jardueraren ekoizpen-prozesua irakurri baitaiteke; eta, irizpide tekonologikoari dagokionez ere esanahitsua da, garraio-sistema propioak barne hartzeagatik. Garrantzi gutxien duen irizpidea morfologikoa da.

Barruti-gune bi horiek hautatzeaz gain, beste bi puntu aukeratu dira geologia eta meatzaritza mailan duten garrantziagatik: Plazaola eta Kaskagorri meatzeak. Irizpide historikoaren barruan, beraien antzinatasunagatik gailentzen dira, eta integritate-irizpidean Plazaolako trenbidearekin duten harremanagatik.

Bizkotx barrutiaren baitan, erauzketa-guneari, tratamendu-guneari (labeak) eta kargategiari lotutako elementuak nabarmentzen dira. Aldiz, Mustar-Lorditz barrutian, elementu nabariak arraste-bidea, labeak eta kargategia dira.

 

 

Plazaola/Leitzaran trenbidearen ondare-balorazioa

Plazaolako trenbidearen lur-berdinketa, gaur egun, bertan kokatzen diren ondare-elementu ezberdinen lotunea da; kultura-balio ezberdinak aurkezten dituzte elementu horiek. Hainbat ikuspuntutatik du interesa, bertan, honako alderdiek egiten dutelako bat: teknikoak, ingeniaritzakoak, arkitektonikoak, morfologikoak, etnografikoak, kulturalak, historikoak, bilakaerakoak, naturalak eta bioaniztasunekoak. Hori dela eta, paisaia zehatz bat eratzen da, ezaguterraza, herritarrek ondo baloratu eta onartua. Gaur egun, ondare-lekukotasuna eta horien existentzia fisikoaren baieztapena adierazten duten elementu hautemangarrietan oinarritutako benetako kultura-ibilbidea kontsideratzen da Plazaolako trenbidea, eta hala eragiten du lurraldean.

 

Balio historiko ukaezina duen multzoa da. Teknologiari dagokionez ere, elementu nabarmena da; arrakasta handiz gauzatutako ingeniaritza-lan konplexua izan zuen emaitzatzat bailara malkartsua zeharkatu zuen trenbideak, zubi, tunel eta abarrak barne hartuz. Hormak ere trenbidetik mantentzen diren elementuen parte dira, eta testuingurua osatzea ahalbidetzen dute.

 

Elementu guztiek laguntzen dute trenbidea testuinguruan kokatzen, eta paisaia-unitate argia eratzen dute, oro har hartuta zentzua duena. Balio funtsezkoenetako bat da meatzaritzarekin duen lotura, haren integritate-balioa nabarmentzen duena.

 

JATORRIZKO DOKUMENTUAREN EDUKIA:

Jatorrizko dokumentu osoak zabalago garatzen ditu honako puntu hauek: ikerketaren esparrua, proiektuaren justifikazioa, erabilitako metodologia, eremuari eragiten dion legedia eta araudia, Leitzaran ibaiko industria-paisaiaren identifikazioa, Paisaia-Unitatearen balorazioa, Paisaia-Unitatearen zedarriztapena, bibliografia eta dokumentazioa.

 

Jatorrizko dokumentua ikusi eta azterlanari buruzko informazio zehatzagoa izateko, sakatu esteka hau: informazio gehiago.