Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila

Arautegia

Inprimatu

3/2023 LEGEA, apirilaren 20koa, Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren abenduaren 22ko 14/2022 Legea aldatzekoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Legea
  • Organo arau-emailea: Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 84
  • Hurrenkera-zk.: 2082
  • Xedapen-zk.: 3
  • Xedapen-data: 2023/04/20
  • Argitaratze-data: 2023/05/05

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gizarte Gaiak; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Euskadiko herritar guztiei jakinarazten zaie Eusko Legebiltzarrak onartu egin duela Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren abenduaren 22ko 14/2022 Legea aldatzen duen apirilaren 20ko 3/2023 Legea.

Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren abenduaren 22ko 14/2022 Legearen zazpigarren xedapen iragankorrak hainbat arau ezartzen ditu legea indarrean sartu aurretik aitortutako prestazioei zenbatekoa eguneratzeko eta bizikidetza-unitateak eratzeko prozedurak pixkanaka aplikatzeko, legean ezarritako aurreikuspen berrien arabera.

Zehazki, xedapen horrek ezartzen du zenbatekoa eguneratzeko prozedurak mailaka egingo direla; eta, horretarako, espedienteak hurrengo hilabeteetan eguneratuko direla; eta, eguneratzeko, kontuan hartuko dela prestazioaren jatorrizko eskaera-datari dagokion hilabetea, hamabi hilabeteko epean zehar.

Era berean, xedapen horrek zehazten du legea indarrean sartzen denean dauden bizikidetza-unitateak kontsideratuko direla, dagokion zenbatekoa eguneratu arte, kontuan hartu gabe hori bizikidetza-unitateen osaeran edo unitate horiek osatzen dituztenen inguruabar pertsonaletan aldaketarik gertatzen ez den bitartean.

Xedapen iragankor hori zehazteko, kontuan hartu zen zenbatekoa hiru hilean behin eguneratzeko prozedura berrira igarotzeak dakarren kudeaketa-konplexutasuna, eta saiatu zen hori pertsonen babes egokiarekin uztartzen.

Hala ere, segurtasun juridikoaren printzipioak gomendatzen du diru-sarrerak bermatzeko errentaren zenbatekoen eguneratzea abiarazi behar dela behin horiek arautzen dituen prozedura indarrean egon eta gero. Horrela, bai izapidetzeko eta ebazteko eskumena duen organoak, bai interesdunek arau-esparru sendoa izango dute. Halaber, esparru horrek definitu egingo ditu prozeduraren eta aipatutako legeak aurreikusten dituen gainerakoen arteko elkarreragin posible guztiak, gehi ondorio juridikoak ere bai (betiere botere publikoaren ekintzaren aurreikusgarritasuna bermatuta).

Eusko Jaurlaritzak eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak gogotik lan egin dute, batetik, 14/2022 Legea erregelamendu bidez garatzeko (gaur egun izapidetzen ari da); eta, bestetik, kudeaketa arina ahalbidetuko duten tresnak garatzeko. Eta horretarako baliatzen ditu bai baliabide elektronikoen erabilera, bai eta beste administrazio publiko batzuekin lankidetzan aritzeko aukera ere. Horregatik, neurri horrek ez du luzatuko zazpigarren xedapen iragankorrak zehazten duen araubide iragankorra; baizik eta nabarmen murriztuko duela. Eta horri esker, eraginkorragoa izango da prestazioaren kudeaketa, eta hobeto babestuko dira diru-sarrerak bermatzeko errentaren titularrak eta onuradunak.

Horrela, legea indarrean sartu aurretik aitortutako prestazio guztien zenbatekoa eguneratzeko prozedurak hiru hilabeteren buruan egiaztatuko dira. Horretarako, espedienteak multzokatuko dira kontuan hartuta eskaera-hilabetea eta eguneratzeari dagokion hiruhilekoko aldizkakotasuna.

Nolanahi ere, diru-sarrerak bermatzeko errentaren erregelamendua indarrean sartu arte, prestazioaren berrikuspenak Diru Sarrerak Bermatzeko Errentari buruzko maiatzaren 25eko 147/2010 Dekretuan xedatutakoaren arabera egingo dira; zertarako eta babesgabetasun-egoera oro saihesteko.

Aldatu egiten da Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren abenduaren 22ko 14/2022 Legearen zazpigarren xedapen iragankorra, eta honela geratuko da idatzita:

ZAZPIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA. 28., 35.1.b), 2 eta 3, eta 82. artikuluak arian-arian aplikatzea.

  1. Legea indarrean jarri orduko aitortuta zeuden prestazioei 28., 35.1.b), 2 eta 3, eta 82. artikuluak aplikatzerakoan, arau hauek bete beharko dira:

    1. Lege hau indarrean sartu aurretik aitortutako prestazioei dagokienez, 82. artikuluan aipatutako zenbatekoa eguneratzeko prozedurak arian-arian izapidetuko dira, espediente-multzokatze honi begiratuta:

      1. a Urtarrilean, apirilean, uztailean eta urrian eskatutako prestazioei dagozkien espedienteak.

      2. a Otsailean, maiatzean, abuztuan eta azaroan eskatutako prestazioei dagozkien espedienteak.

      3. a Martxoan, ekainean, irailean eta abenduan eskatutako prestazioei dagozkien espedienteak.

        Lege hau garatzeko ematen den diru-sarrerak bermatzeko errentaren erregelamendua indarrean jartzen den hilean, hil hori sartzen den multzoari dagozkion espedienteen zenbatekoa eguneratzeko prozedurak sustatuko dira.

        Aurreko araua aplikatuta, erregelamendua indarrean jarri eta hurrengo hilabetean eta erregelamenduaren indarraldiko hirugarren hilabetean, gainerako bi multzoetako espedienteen zenbatekoa eguneratzeko prozedurak sustatuko dira.

        28. artikulua aplikatuko da a) letran aipatzen diren zenbatekoa eguneratzeko prozeduretan.

  2. Aurreko apartatuak xedatu duena aplikatuta ematen diren ebazpenek ezin izango dute deklaratu 28., 35.1.b), 2 eta 3., eta 82. artikuluak arian-arian aplikatzearen ondorioz bidegabe jasotako zenbatekoak itzultzeko betebeharra, eta interesdunek ezin izango dute erreklamatu inguruabar beretik eratorritako eta aitortutako zenbatekoez bestelakoak jasotzeko eskubidea.

    1.a) apartatuan aipatzen den diru-sarrerak bermatzeko errentaren erregelamendua indarrean jarri arte, honela egingo dira prestazio horren berrikuspenak: Diru Sarrerak Bermatzeko Errentari buruzko maiatzaren 25eko 147/2010 Dekretuaren 40. artikulutik 42. artikulura bitartekoetan xedatutakoaren arabera.

    Horretarako, aldaketa hauek hartuko dira kontuan berrikuspenetan: bizikidetza-unitatearen osaeran, unitate hori osatzen dutenen inguruabar pertsonaletan eta premia ekonomikoko egoeran gertatu direnak.

  1. Aurreko apartatuan jasotako berrikuspenaren arabera bizikidetza-unitate berri bat dagoela ondorioztatzen denean, honela jokatuko da:

    1. Eskaera egin beharrik gabe aitortuko da diru-sarrerak bermatzeko errenta, betiere Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak aitorpenerako behar diren datuak baditu.

    2. Bestela, errekerimendua egingo da, eskatutako dokumentuak aurkez daitezen hamar eguneko epean, prestazioa aitortzeko baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eta hala egin ezean espedientea artxibatu egingo dela adieraziko da.

    3. Bi kasuetan, interesdunari hamar eguneko entzunaldi-izapidea bermatuko zaio; hala ere, izapide hori alde batera utzi ahal izango da, prozeduran ez badira agertzen edo ez badira kontuan hartzen interesdunak alegatutako datu, egitate edo frogak baino.

    4. Diru-sarrerak bermatzeko errenta eskuratzeko baldintzak betetzen direla egiaztatutakoan, eskubide hori aitortzen duen ebazpena emango da. Bestela, eskubide hori aitortzen ez dela adieraziko da.

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko apirilaren 25a.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.