Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila

Arautegia

Inprimatu

20/2023 LEGEA, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Legea
  • Organo arau-emailea: Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 247
  • Hurrenkera-zk.: 5769
  • Xedapen-zk.: 20
  • Xedapen-data: 2023/12/21
  • Argitaratze-data: 2023/12/29

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Euskadiko herritar guztiei jakinarazten zaie Eusko Legebiltzarrak onartu egin duela Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea.

Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren jardueraren parte garrantzitsu bat da dirulaguntzen kudeaketa, eta kontuan hartzekoa da, gainera, bi ikuspegitatik: batetik, gastu publiko mota bat da eta, bestetik, Administrazioaren esku-hartze bat, interes publikokotzat jotzen diren jarduera eta jokabide jakin batzuk sustatzekoa.

Gastu publiko diren heinean, dirulaguntzek, ezinbestez, aurrekontu-legeetara egokituta egon behar dute. Aurrekontu-araubidea bete behar du gastuak eta kreditu moduan egon behar du aurreikusita administrazio bakoitzaren aurrekontuetan. Gastu publiko orok bezala, dirulaguntzen kudeaketak zenbait printzipio bete behar ditu, hala nola gardentasuna, objektibotasuna, eraginkortasuna, efizientzia, egonkortasuna eta defizitaren kontrola.

Administrazio-ikuspegitik, botere publikoek beren eskumenak gauzatu behar dituzten eremuetan zenbait jokabide sustatzeko teknika bat dira dirulaguntzak. Dirulaguntzak emanda, onura publikoko edo gizarte-intereseko jarduerak edo helburu publiko jakin bat lor daitezen sustatzen dute administrazio publikoek. Dirulaguntza emango da helburu jakin bat betetzen bada, proiektu bat gauzatzen bada, jarduera bat egiten bada, jokabide berezi bat bultzatzen bada edo egoera jakin bat gertatzen bada, eta egoera horiek gertatzeak justifikatzen du Administrazioaren sustapen-jarduera, bai eta dirulaguntzak emateko baldintzak jartzea eta baldintzak bete ezean laguntza organo emaileari berreskuratu behar izatea ere.

Aurretik esandakoaren harira, funtsezkoa da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoak kudeatzen eta ematen dituen dirulaguntzak erregulatzea eta kontrolatzea esparru juridiko orokor bat eskaintzeko eta, hala, dirulaguntzak izapidetzen dituzten organo guztiek behar duten segurtasun juridikoa izan dezaten eta urte hauetan dirulaguntzak kudeatzean sortu izan diren zalantzak argitu daitezen.

Orain arte, hemen jasotzen zen, nagusiki, Euskal Autonomia Erkidegoko dirulaguntzen erregulazioa: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluan.

Gerora, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra jarri zen indarrean, eta hark, nahiz eta Euskal Autonomia Erkidegoko arautegian dagoeneko jasota zeuden zenbait xedapen sartu, sustatze-jardueraren erregulazio osoa, oinarrizkoa eta orokorra ezarri zuen. Beraz, komeni da Euskal Autonomia Erkidegoak bere erregulazioa egokitzea eta behar dituen aldaketak egitea; hori guztia Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren hogeita bigarren xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera, zeinak ezarri baitzuen lege hori Autonomia Estatutuan xedatutakoa eta Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen bigarren xedapen gehigarrian araututakoa errespetatuz aplikatuko dela Euskal Autonomia Erkidegoan.

Legeak xedapen-atal bat du, atariko titulu batean eta beste bost titulutan banatua; guztira berrogeita hamaika artikulu ditu, lau xedapen gehigarri, bi xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta lau azken xedapen.

Atariko tituluan, hauek erregulatzen dira, besteak beste: aplikazio-eremu subjektiboa, dirulaguntzaren kontzeptua, onuradunaren kontzeptua eta onuradunak dituen betebeharrak, eta dirulaguntza publikoak emateko eskumena.

Eremu subjektiboari dagokionez, dirulaguntzak emateko ahalmena honako hauetara mugatzen da: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrera, haren organismo autonomoetara eta zuzenbide pribatuko ente publikoetara, baldin eta haien sortze-legeak edo estatutu-arauek sustatzeko administrazio-ahala eman badiete, eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko partzuergoetara. Era berean, legeak aukera ematen du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak eta haren Administrazio instituzionaleko entitateek eratutako eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoan integratutako fundazioek ere dirulaguntzak eman ditzaten, baldin eta haien estatutuetan berariaz jasotzen bada aukera hori. Kasu horretan, fundazioa Administrazio orokorreko zer saili atxikita dagoen, sail harexek onetsi behar ditu oinarriak, harexek baimendu behar du aldez aurretik emakida eta harexek bete behar ditu dirulaguntza organo emaileari berreskuratzeko eskatzeak eta zehapenak ezartzeak dakartzan eginkizunak, bai eta kontrol-eginkizunak eta administrazio-ahalak baliatzea dakarten gainerako eginkizunak ere.

Horretaz gain, dirulaguntzen kudeaketan bete behar diren printzipio orokorrak bildu dira; hau da, publikotasuna, gardentasuna, lehia, objektibotasuna, berdintasuna, diskriminaziorik eza, eraginkortasuna eta efizientzia. Kudeaketan gardentasunez, eraginkortasunez eta efizientziaz jokatzeko, publikotasunaren betebeharrak, besteak beste, bete behar dira prozeduren zenbait unetan.

Era berean, epe jakin baten barruan zer dirulaguntza emango diren planifikatu beharra dagoela aurreikusi da.

Azkenik, Euskal Autonomia Erkidegoko dirulaguntzen erregistro orokorraren oinarrizko gidalerroak ezartzen dira, dirulaguntzen kudeaketan publikotasun, kontrol eta gardentasunerako tresna izan dadin.

  1. tituluan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoa gaur egun garatzen ari den prozedura motak erregulatzen dira. Hala, lehiaketa-prozedura (arau orokor gisa) eta emate izendunerako eta zuzenean emateko prozedurak jaso dira. Haiekin batera, norgehiagokarako beste prozedura batzuk lehiaketaz bestelakoak eta segidako lehiaketaren prozedura ere erregulatzen dira, eta, era horretan, gure Administrazioan erabilitako dirulaguntza-prozedurekin osatu da ordenamendu juridikoa.

    Azkenik, prozedura azkartzeko eta errazteko, kudeaketan zer izapide egin beharko diren ere finkatzen da lehenengo tituluan.

  1. titulua dirulaguntzak justifikatzeko eta haien aurrekontua kudeatzeko prozeduraz ari da. Dirulaguntza zer gastutarako jaso daitekeen, kontratazio-araubidea zein den, dirulaguntzak nola justifikatu behar diren eta egiaztatzeak nola egingo diren ezartzen du.

    Era berean, dirulaguntzen aurrekontua kudeatzeko prozedura jasotzen du, eta gastuak eta ordainketak nola baimendu erregulatzen du. Gastu publiko direnez, dirulaguntzak aurrekontu-legeetara egokitu behar dira.

  1. tituluan, emandako dirulaguntzak organo emaileari berreskuratzeko prozedura jaso da: ebazpena zein kasutan errebokatu daitekeen, organo emaileari berreskuratzeko arrazoiak zein diren eta kasu horietan organo emaileari nortzuek berreskuratu behar dioten erregulatzen du, eta berreskurapenen arloan preskripzio-epea zein den zehazten.

  1. tituluan zehapen-araubidea jaso da, non arau-hausteen eta zehapenen zerrenda bana egin den. Zehapenei dagokienez, azpimarratu behar da ezen diruzko zehapenak eta zehapen ez-diruzkoak xedatu direla eta batera aplika daitezkeela. Hala, arau-hauste bat egiten duenari, behar ez bezala jasotako kopuruak organo emaileari berreskuratu behar izateaz gain, diruzko isun bat eta isun ez-diruzko bat edo batzuk jarri ahal zaizkio, kasuaren arabera, hala nola Administrazioarekin kontratuak ezin egin izatea eta Administrazioak ematen dituen beste dirulaguntza batzuk ezin eskuratu izatea.

  2. tituluak Europar Batasunak eta gure inguruko ordenamendu juridikoek egin duten ildo berean erregulatzen du ezen jaso dituzten laguntzak eta dirulaguntzak organo emaileari berreskuratu behar dizkiotela bidegabeko deslokalizazioa Euskal Autonomia Erkidegoan egiten zuten jarduerari uzten diotelako edo nabarmen murrizten dutelako eta aldi berean beste leku batean garatzen dutelako egiten duten enpresek, halako moldez non bermatzen baita enpresa horiek ekarpen eraginkor eta jasangarria egingo diotela Euskal Autonomia Erkidegoko garapenari.

    Legearen amaieran, lau xedapen gehigarri daude. Lehenengoa Lehendakaritzako eta Lehendakaritzaordetzako idazkaritza nagusien eginkizunei buruzkoa da; bigarrena ogasunean eskumena duen titularrari lege honetako zenbatekoak eta ehunekoak aldatzeko baimenari buruzkoa da; hirugarrenak lankidetzarako eta elkartasunerako dirulaguntzen gaineko berariazko prozedura erregulatzen du, eta laugarrenak deslokalizazioaren fenomenoa ezagutzeko azterketa egitea aurreikusten du. Halaber, bi xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta lau azken xedapen erregulatzen dira.

Hurrengo artikuluan aipatzen diren Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitateek kudeatzen eta ematen dituzten dirulaguntzen araubide juridiko orokorra erregulatzea da lege honen xedea.

  1. Honako hauek kudeatu eta ematen dituzten dirulaguntzei aplikatuko zaie lege hau:

    1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak.

    2. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio instituzionaleko organismo autonomoek.

    3. Administrazio instituzionaleko zuzenbide pribatuko ente publikoek, baldin eta haien sortze-legeak edo estatutu-arauek espresuki ematen badiete sustatzeko administrazio-ahala.

    4. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko partzuergoek.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak eta haren Administrazio instituzionaleko entitateek eratutako eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoan integratutako fundazioek dirulaguntzak eman ditzakete, baldin eta haien estatutuetan berariaz jasotzen bada aukera hori.

    Fundazioa Administrazio orokorreko zer saili atxikita dagoen, sail harexek onetsi behar ditu oinarriak, harexek baimendu behar du aldez aurretik emakida eta harexek bete behar ditu dirulaguntza organo emaileari berreskuratzeko eskatzeak eta zehapenak ezartzeak dakartzan eginkizunak, bai eta kontrol-eginkizunak eta administrazio-ahalak baliatzea dakarten gainerako eginkizunak ere.

  1. Lege honen ondorioetarako, hauxe da dirulaguntza: lege honen 2. artikuluan ezarritako subjektuetariko edozeinek funts publikoak jartzea pertsona publiko zein pribatuen esku, trukean inolako ordain zuzenik jaso gabe, helburu edo jokabide zehatz bat betetzeko, jarduera edo proiektu jakin bat gauzatzeko edo zenbait betebehar material eta formal betetzeko baldintzapean, betiere gizarte-onurarako edo -intereseko jarduera bat sustatzeari edo helburu publiko bat lortzea bultzatzeari lotuta.

  2. Zehazki, hauek jotzen dira dirulaguntzatzat:

    1. Funts publikoak ematea erantzukizun publikoko zerbitzuak finantzatzeko, baldin eta zerbitzuok Administraziotik kanpoko partikularrek ematen badituzte eta dohainik edo duten kostua baino merkeago.

    2. Ikasketa-bekak edo -laguntzak, sariak onuradunak eskatu gabe ematen direnak izan ezik, eta laguntza eman aurretik onuradunak egindako jarduerak kontuan hartuta ematen diren beste laguntza batzuk. Nolanahi ere, salbuetsi diren sariak ematerakoan, lege honen 7. artikuluan aurreikusitako printzipio orokorrak errespetatu beharko dira.

    3. Mailegu-ildo jakin batzuen interesak ordaintzeko ematen diren dirulaguntzak, baldin eta Administrazioak bere gain hartu badu interes horiei dagokien partea entitate mailegu-emaileei ordaintzeko betebeharra.

    4. Gauzazko dirulaguntzak, hala nola ondasunak, eskubideak edo zerbitzuak entregatzea, baldin eta hirugarren bati emateko erosten badira; hala ere, erosketa horrek sektore publikoaren kontratuak erregulatzen dituen arautegia bete beharko du. Dirulaguntza horiek doako besterentzeak badira edo Euskal Autonomia Erkidegoko ondarearen ondasunak aldi baterako erabiltzen uzten badira, lege honetan erregulatutakoa aplikatuko da Euskal Autonomia Erkidegoko ondareari buruzko legedian erregulatu gabeko guztirako.

  3. Lege honen aplikazio-eremutik kanpo daude hauek:

    1. Gastu arruntak edo kapital-gastuak finantzatzeko Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren barruko entitateei, eta Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuetan sekzio propio bat duten erakunde, entitate eta kontseiluei, egiten zaizkien transferentziak.

    2. Euskal Herriko Unibertsitatearentzako urteko zuzkidura, Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 90. artikuluan xedatutakoa kontuan hartuz.

    3. Hezkuntza-itunak.

    4. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoak ematen dituen zerga-onurak.

    5. Hauteskunde-legedian aurreikusitako dirulaguntzak.

    6. Beste administrazio publiko batzuekin egiten diren hitzarmenetan jasotzen diren kontraprestazioak, eta planak eta programak elkarrekin egiteko administrazio publikoen artean egiten diren hitzarmen eta itunetatik eratortzen direnak, bai eta administrazio publikoek elkarrekin izenpetzen dituzten eta berak gauzatzeko orduan eskumenak partekatzen dituzten hitzarmenetatik eratorritakoak ere.

    7. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak edo haren organismo autonomoek berak kide edo bazkide diren talde edo elkarteei ohiko kuota edo aparteko kuota gisa egiten dizkieten diru-ekarpenak, talde edo elkarte horien jarduera osoa edo jardueraren atal bat guztiz edo zati batean desberdindu gabe finantzatzekoak.

    8. Administrazioaren ondare- erantzukizunagatik ematen diren kalte-ordainak.

    9. Sexu-indarkerien biktimentzako laguntza ekonomikoak, Sexu-askatasunaren berme integralari buruzko irailaren 6ko 10/2022 Lege Organikoaren 41. artikuluan eta Indarkeriazko delituen eta sexu-askatasunaren aurkako delituen biktimak laguntzeko eta sorosteko abenduaren 11ko 35/1995 Legean ezarritakoaren arabera emandakoak.

  4. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak eta haren organismo autonomoek ematen dituzten abal eta bermeei, bai eta maileguei ere, haien berariazko arautegia aplikatuko zaie.

    Aurrekoa gorabehera, tresna horiek sustapen-neurri gisa erabiltzen direnean, lege honen 7. artikuluan jasotako printzipioak bete beharko.

  5. Aurrerakin itzulgarriak eta interesik gabeko maileguak, edo merkatukoak baino interes txikiagokoak, beren araudi espezifikoaren arabera arautuko dira, eta, halakorik ezean, eragiketa horien izaerarako egokiak diren lege honetako aginduen arabera, bereziki, printzipio orokorrak, onuradunen eta erakunde laguntzaileen betekizunak eta betebeharrak, eta emakida-prozedura.

  6. Ezingo da dirulaguntzarik eman zehatzak ez diren helburuetarako: aurretik edo ondoren proiektu bat gauzatzeko, jarduera bat egiteko edo jokaera berezi bat hartzeko eman behar dira dirulaguntzak, edo egoera jakin bat gertatzeko.

Aplikatzekoak diren oinarrizko xedapenak aplikatu behar badira ere, lege honek, hura garatzeko xedapenek eta administrazio-zuzenbideko gainontzeko arauek erregulatzen dute dirulaguntzen araubidea. Halakorik ez badago, zuzenbide pribatuko arauak aplikatuko dira.

  1. Osorik edo zati batean Europar Batasuneko funtsekin finantzatzen diren dirulaguntzek kasu bakoitzean aplikatu behar den Europako araudiak, haiek garatzeko arauak edo haien transposizio-arauak bete behar dituzte.

  2. Lege honetan araututako dirulaguntzak emateko eta kontrolatzeko prozedurak Europar Batasuneko funtsen kontura finantzatzen diren dirulaguntzei zuzenean aplikatu behar zaizkien arauen osagarri izango dira.

  1. Lege honen 2. artikuluan aipatutako entitateek aurretik planifikatu behar dituzte emango dituzten dirulaguntzak plan estrategiko baten bidez.

    Plan horretan zehaztu behar da, betiere aurrekontu-egonkortasunaren helburuak betez, zer helburu eta ondorio lortu nahi diren, zer epetan lortu behar diren, zenbateko kostuak aurreikusten diren, zer finantzaketa-iturri dituzten eta, dirulaguntzen jarraipena eta ebaluazioa egin ahal izateko, planaren helburuarekin erlazionatutako ekintzak eta adierazleak zein diren.

    Plan estrategikoak programatikoak izango dira, eta haien edukiak ez du ez eskubiderik ez betebeharrik sortzen. Lau urteko indarraldia izango dute, non eta, barne hartzen dituzten jarduketen izaera dela-eta, epe luzeagoa behar ez den; egoera hori behar bezala arrazoitu beharko da dokumentuan bertan.

    Sail bakoitzaren eta haiei atxikitako sektore publikoko entitateen dirulaguntzen planak sail bakoitzeko sailburuak onetsiko ditu; baina, gaiaren berezitasuna dela-eta, sailaz azpiko eremukoak diren dirulaguntza-planak edo sailei atxikitako entitateei bakarrik dagozkien dirulaguntza-planak presta daitezke. Planak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren egoitza elektronikoan argitaratuko dira. Horrek ez du kentzen beste atari batzuetan ere argitaratzea edo argitaratu behar izatea.

  2. Ez da dirulaguntzen arloko plangintzarik egin beharko antolatzen diren sustapen-jarduerak Gobernu Kontseiluak onesten dituen Gobernuaren sektore-plan edo jarduketa esanguratsuen parte badira edo haien barruan sartuta badaude, baldin eta plan horien jarraipena eta ebaluazioa egitea ahalbideratzen duten helburuak, egintzak eta adierazleak identifikatuta badaude eta aurrekontu-egonkortasunaren helburuak beteko direla bermatuta badago.

  3. Dagokion ekonomia-ekitaldia bukatzen denean, gauzatu dituzten dirulaguntzen programak, beren plan estrategikoetan daudenak, ebaluatu behar dituzte lege honen 2. artikuluan jasotako entitateek, zer emaitza lortu diren aztertzeko, baliozkoak izan diren ikusteko, zer gizarte- eta ekonomia-eragin izan duten aztertzeko eta programa horiek irautea edo kentzea komeni den erabakitzeko. Kontrol ekonomikoaren arloko eskumenak dituen sailari eman behar zaio ebaluazio horren berri. Jaurlaritzak Eusko Legebiltzarreko Ekonomia, Ogasun eta Aurrekontu Batzordeari igorriko dio ebaluazioaren edukia. Hori guztia kontuan hartuta sektore-arauetan xedaturiko ebaluazio-prozesuak eta emaitzen kontuak emateko prozesuak ere egin behar direla.

  1. Dirulaguntza bakoitza erregulatzeko oinarrietan, adierazi behar da dirulaguntza zer dirulaguntza-plan estrategikotan dagoen sartuta eta nola laguntzen duen helburuak lortzen; bestela, arrazoitu egin beharko da zergatik den beharrezkoa dirulaguntza berri bat ezartzea, planean aurreikusi ez bada ere, eta nola eragiten dion horrek plana betetzeari.

  2. Lege honek erregulatzen dituen dirulaguntzak kudeatzeko eta emateko, printzipio hauei jarraitu behar zaie:

    1. Publikotasuna, gardentasuna, lehia, objektibotasuna, berdintasuna eta diskriminaziorik eza.

    2. Dirulaguntza ematen duen administrazioak ezarritako helburuak betetzeko eraginkortasuna.

    3. Baliabide publikoak esleitzeko eta erabiltzeko efizientzia.

  3. Emakumeen eta gizonen berdintasun-printzipioa, bai eta gutxitutako kolektiboen berdintasun-printzipioa ere, bete daitezen, ikuspegi intersekzionala eta, bereziki, genero ikuspegia hartuko dira aintzat dirulaguntzen diseinuan, plangintzan, kudeaketan eta emate-prozesuan, bultzatze aldera bai desberdinkerien ezabaketa, bai berdintasunaren sustapena.

    Ezin izango da inolako laguntza edo dirulaguntzarik eman sexu-arrazoiengatik diskriminatzaileak diren jardueretarako.

  4. Halaber, Euskadiko natura-ondarea kontserbatu dadin sustatzeko eta ingurumen-helburuei kalterik ez egiteko, ingurumen- eta natura-ikuspegia hartuko da aintzat dirulaguntzen diseinuan, plangintza, kudeaketan eta emate-prozesuan.

  5. Hizkuntza-normalizazioan sakondu eta euskararen erabilera zabaltzeko xedearekin, hizkuntza-irizpideak hartuko dira aintzat dirulaguntzen diseinuan, plangintza, kudeaketan eta emate-prozesuan.

  1. Dirulaguntzak eman aurretik, haiek emateko oinarri erregulatzaileak onetsi beharko dira lege honetan ezarritakoaren arabera.

  2. Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107tik 109ra arteko artikuluen arabera, dirulaguntza bat edo dirulaguntzen programa bat ezartzeko, emateko edo aldatzeko proiektuak komunikatu beharra dagoen kasuetan, organo emaileak egingo dio komunikazio hori Europako Batzordeari, laguntzak bateragarritzat jo ditzan. Halako kasuetan, dirulaguntzak ezingo dira gauzatu merkatu erkidearekin bateragarritzat jotzen diren arte.

    Dirulaguntza ordaintzeko, Europar Batasuneko organo eskudunek dirulaguntzari eragozpenik ez jartzeko erabakia hartu behar dute edo laguntza merkatu erkidearekin bateragarria dela adierazi behar dute. Adierazpena egiten badute, adierazpen horretako terminoak bete beharko dira, eta hala jaso beharko da laguntza emateko administrazio-egintzan. Europar Batasuneko organoek, dirulaguntzak bateragarritzat jotzeko, exijentziak eta betekizunak jartzen dituztenean, eta onuradunaren jardunak eragina izan badezake haiek betetzeko, exijentzia eta betekizun horien berri eman beharko zaio onuradunari, eta, haien berri ematen zaionetik hamabost egun igaro baino lehen ez badio uko egiten emandako dirulaguntzari, baldintzak onartzen dituela ulertuko da.

  3. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira dirulaguntza mota edo dirulaguntzen programa bakoitzaren oinarri erregulatzaileak.

  4. Gainera, honako hauek egiaztatu beharko dira dirulaguntzak eman aurretik:

    1. Organo emaileak horretarako eskumena duela.

    2. Kreditu egokia eta nahikoa dagoela dirulaguntza emateak dakartzan ekonomia-edukiko obligazioei erantzuteko.

    3. Aplikatzekoak diren arauei jarraituta izapidetu dela dirulaguntza emateko prozedura.

    4. Emateko egintzaren aurretiko fiskalizazioa, kontrol ekonomikoaren arloko araudiak hala xedatzen duenean.

    5. Gastua organo eskudunak onetsi duela.

  5. Dirulaguntzen prozeduretan, beharrezko neurriak hartuko dira eskaeren balorazioan edo prozedura horien ebazpenean parte hartzen duten pertsona guztien interes-gatazkak saihesteko.

  1. Oro har, sailburuak eta organismo autonomoetako lehendakari edo zuzendariak dira bakoitzaren eremuko laguntzak erregulatuko dituzten oinarriak onesteko eskumena duten organoak.

    Zuzenbide pribatuko ente publikoen eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko partzuergoen kasuan, haien sortze-arauetan edo estatutu-arauetan adierazitako organo eskudunei dagokie dirulaguntzen oinarri erregulatzaileak onestea. Eskumena norena den espresuki araututa ez badago, dirulaguntzak emateko eskumena duen organoak izango du eskumen hori.

  2. Behin betiko indarraldia izango duten oinarriak Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren ekainaren 30eko 6/2022 Legearen arabera egin eta onetsiko dira. Behin betiko indarraldirik ez duten oinarriak, berriz, lege hau, berau garatzen duten arauak eta Euskal Autonomia Erkidegoko barruko kontrol ekonomikoa eta kontabilitatea arautzen duten arauak betez egin eta onetsiko dira.

  3. Oro har, ikuspegi intersekzionala eta, bereziki, genero-ikuspegia txertatu behar dira dirulaguntza publikoetan; horrekin batera, berdintasuna sustatzeko eta gizonen eta emakumeen arteko desberdinkeriak zein gutxitako kolektiboekiko desberdinkeriak ezabatzeko neurriak txertatu behar dira oinarri erregulatzaileetan, balorazio-irizpideen eta pertsona fisiko edo juridiko onuradunen betebeharren artean, salbu eta txosten arrazoitu baten bidez justifikatzen bada dirulaguntzak desberdinkeria horiek ez dauden esparru batean eragiten duela edo, desberdinkeriak egonda ere, dirulaguntzak ez duela eraginik haien egoeran. Eskumena duen organo edo organismoari helaraziko zaio txostena, iritzia eman dezan.

    Halaber, hala dagokionean, dirulaguntza publikoetan ingurumen- eta natura-ikuspegia txertatu beharko da, eta haien oinarri eta arau erregulatzaileetan Euskadiko natura-ondarea kontserbatu dadin sustatzeko neurriak gehitu beharko dira, bai balorazio-irizpideetan, bai onuradun diren pertsona fisiko eta juridikoen betebeharretan, salbu eta txosten arrazoitu baten bidez justifikatzen bada dirulaguntzak ingurumen-inpakturik ez dagoen esparru batean eragiten duela edo, inpakturik egonda ere, dirulaguntzak ez duela eraginik haren egoeran. Ingurumen arloko eskumena duen organo edo organismoari helaraziko zaio txostena, iritzia eman dezan.

  4. Hona hemen oinarri erregulatzaileen gutxieneko edukia:

    1. Dirulaguntzaren xedearen definizio zehatza; horretaz gain, zehaztuko dira zer jardunetarako eta zer gastutarako emango diren dirulaguntzak, eta zer iraupen izango duten batzuek eta besteek.

    2. Onuradunek eta, hala badagokio, lege honen 11.4 artikuluan aipatutako entitateetako kideek zer betekizun bete behar dituzten dirulaguntza eskuratzeko. Eta eskabideak nola eta, eperik izanez gero, zer epetan aurkeztu behar diren. Behar bezala justifikatutako premia-arrazoiak izan ezean, eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da gutxienez, oinarri erregulatzaileen deialdia argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

    3. Lege honen 12.2 artikuluan aipatzen diren pertsona juridikoek bete beharreko kaudimen- eta eraginkortasun-baldintzak, lege honek erregulatzen dituen dirulaguntzak kudeatzeko entitate laguntzaileren baten parte-hartzea aurreikusten den kasuetan.

    4. Dirulaguntza emateko prozedura eta, dirulaguntzak erregulatzen dituzten oinarrietan haien deialdia egiten ez den kasuetan, organo eskudunak deialdia egiteko hartutako erabakia.

    5. Dirulaguntza emateko irizpide objektiboak eta haien haztapena. Dirulaguntzaren xedearengatik hizkuntzaren erabilera garrantzitsua bada eta betiere Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 25., 26. eta 27. artikuluetan aipatzen diren jarduera-eremuetan, hizkuntzaren erabilera kontuan eduki beharko da esleipena egiteko irizpide objektiboen artean. Halaber, balorazio-irizpideen baremoaren guztizko % 5ekin baloratuko dira, gutxienez, pertsona fisiko edo juridiko parte-hartzaileen emakumeen eta gizonen zein gutxitutako taldeen berdintasunerako ekintzak eta politikak eta/edo dirulaguntza eskuratzeko aurkeztutako proiektuan genero-ikuspegia eta ikuspegi intersekzionala txertatzearekin lotutako beste alderdi batzuk. Hori guztia, baldin eta objektiboki justifikatzen ez bada ehuneko hori neurriz kanpokoa dela dirulaguntzak emakume eta gizonen egoeran duen eraginari dagokionez.

    6. Dirulaguntzaren banakako zenbatekoa edo zenbatekoa zehazteko irizpide objektiboak eta, hala badagokio, dirulaguntzetarako dagoen gehieneko zenbateko orokorra.

    7. Dirulaguntza emateko prozedura hasi, kudeatu eta ebazteko organo eskudunak, eta ebazpena jakinarazteko epea.

    8. Aldi berean beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk publikoak edo pribatuak eskuratzeko aukerarik dagoen edo ez, eta bateragarriak diren edo ez. Bateragarriak direla onartzen bada, gehiegizko finantzaketa saihesteko irizpideak eta mugak jarri beharko dira nahitaez, bai eta gehiegizko finantzaketarik ez izateko konpromisoa exijitu ere.

    9. Onuradunak zer epe eta modu duen justifikatzeko dirulaguntza emateko adierazi zen xedea bete dela eta jasotako funtsak erabili direla.

    10. Konturako ordainketak eta aldez aurretiko ordainketak egiteko aukerarik badagoen, eta, hala bada, zer epe eta ordainketa modu dagoen; onuradunek aurkeztu beharko dituzten bermeen araubidea zein den, aldez aurretiko ezohiko ordainketen kasuan eta, hala badagokio, baita konturako ordainketen kasuan ere, eta interes publikoen alde beharrezko jotzen diren gainerako berme-neurriak zein diren.

    11. Espresuki aurreikusten diren kasuetan, emandako dirulaguntza aldatzeko aukerarik dagoen ala ez, dirulaguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak aldatu direlako eta, beti, aldi berean eta helburu bererako beste administrazio batzuetatik edo ente publiko zein pribatu batzuetatik laguntzak edo dirulaguntzak lortu direlako eta, hala badagokio, bestelako diru-sarrerak edo baliabideak lortu direlako.

    12. Eskuratutako funtsak organo emaileari berreskuratzeko betebeharra dirulaguntza emateko jarri ziren baldintzak bete ez badira.

    1. Dirulaguntza ematearen ondorioz ezarritako baldintzak betetzeko garaian egiten diren ez-betetzeak mailakatzeko irizpideak. Irizpide horiek aplikatuko dira onuradunak azkenean zer kopuru jaso behar duen zehazteko edo, hala dagokionean, organo emaileari berreskuratu beharreko zenbatekoa zehazteko, betiere proportzionaltasun-printzipioa aplikatuta.

    2. Onuradunaren betebeharra organo kudeatzaileak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak edo beste kontrol-organo batek eskatutako informazio guztia emateko, baldin eta, finantzaketa dela-eta, dirulaguntzen zertarakoa fiskalizatzeko eginkizunak gauzatzen badituzte.

    3. Baldintzak betetzen ez direnerako, dirulaguntza organo emaileari berreskuratzeko prozedura, eta mailegutzat jo diren dirulaguntzetan, mailegua itzultzeko prozedura eta emandakoa, zati batean edo osorik, itzultzetik zer kasutan salbuetsi daitekeen.

    4. Epearen barruan ebazpenik ez emateak zer ondorio izango dituen, oinarri erregulatzaileen aurka zer errekurtso jar daitezkeen (zer organo administratibo edo judizialetan aurkeztu behar diren zehaztuta), errekurtsoak aurkezteko zer epe dagoen, eta aplikatu behar den araudi orokorrean eskatzen diren gainerako betekizunak zein diren.

    5. Onuradunak enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa hartu behar du lege honen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.

  5. Dirulaguntzak emateko oinarri erregulatzaileek onar dezakete prozeduran aurkeztu beharreko dokumentazio jakin baten ordez eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea hasieran, oinarri erregulatzaileetan eskatutako betekizunak betetzen direla justifikatzeko; hartarako, adierazpena egiteko eredu normalizatua jasoko da oinarri erregulatzaileetan. Kasu horietan, erantzukizunpeko adierazpenean jasotako alderdiak egiazkoak direla berretsi beharko da gero, alegia, aurretik aurkeztu ez diren agiriak aurkeztu beharko dituzte subjektu onuradun gisa aurkezten direnek, dena delako dirulaguntza emateko prozedura ebatzi aurretik.

    Kasuan kasuko dirulaguntzak emateko oinarri erregulatzaileetan eskatutako betekizunak betetzen dituela adierazi beharko du pertsona edo entitate eskatzaileak, eskabidea aurkezten den unean, erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, zeina ezartzen den eredu normalizatuaren parte izango den.

  6. Euskal Autonomia Erkidegoko ekitaldi ekonomiko bakoitzeko aurrekontu orokorrak indarrean jartzen direnean, eguneratu, aztertu eta, hala badagokio, ezarri beharko dira programetako dirulaguntzak emateko oinarri erregulatzaileak, eta indarraldi mugagabea eman zitzaien dirulaguntzen deialdia egin beharko da, hargatik eragotzi gabe espedienteen aldez aurreko izapidetzea aplikatu beharreko arautegiari jarraituz.

  1. Jaurlaritza, sailburuak eta organismo autonomoetako lehendakari edo zuzendariak dira bakoitzaren eremuko dirulaguntzak emateko organo eskudunak. Dirulaguntzak erregulatzeko oinarrien bidez, edo egitura organikoa ezartzen duten arauen bidez, organo eskudunek beste organo batzuen esku utzi ahal izango dute dirulaguntza nori eman erabakitzeko eskumena.

  2. Jaurlaritzak du dirulaguntzak zuzenean emateko eskumena. Hain zuzen ere, interesa duen saileko sailburuaren proposamenez emango ditu.

  3. Zuzenbide pribatuko ente publikoen eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko partzuergoen kasuan, organo eskudunek emango dituzte dirulaguntzak haien sortze-arauetan edo estatutuetan jasotakoaren arabera.

  1. Dirulaguntza ematea funtsatu zuen jarduera egingo duen edo dirulaguntza jasotzeko legezko egoeran dagoen pertsona fisiko edo juridikoa da dirulaguntzen onuraduna.

  2. Onuraduna pertsona juridikoa denean, eta oinarri erregulatzaileetan hala aurreikusita badago, dirulaguntza ematea oinarritzen duten jarduera guztiak edo batzuk lehenengoaren izenean eta kontura egiteko konpromisoa hartzen duten onuradunaren elkarteko kideak ere onuraduntzat hartuko dira.

  3. Gauzazko laguntzen kasuan, doako ondasun, eskubide edo zerbitzuak jasoko dituena, laguntza ematea funtsatu zuen jarduera egingo duena edo laguntza jasotzeko legezko egoeran dagoena izango da onuraduna.

  4. Oinarri erregulatzaileetan berariaz aurreikusten denean, onuradun izan ahalko dira pertsona fisiko edo juridikoen taldeak, publikoak edo pribatuak, ondasun-erkidegoak edo bestelako unitate ekonomiko edo ondare bereiziak, nortasun juridikorik ez izan arren, proiektuak, jarduerak edo portaerak aurrera eraman baditzakete edo dirulaguntza ematea eragin duen egoeran badaude.

    Pertsona fisiko edo juridikoen taldeak direnean, publiko zein nortasunik gabeko pribatuak direnen, berariaz adierazi beharko dira, bai eskaeran, bai dirulaguntza emateko ebazpenean, taldeko kide bakoitzak bere gain hartutako exekuzio-konpromisoak, baita horietako bakoitzak aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa ere, eta horiek ere onuraduntzat hartuko dira. Nolanahi ere, onuradun gisa taldeari dagozkion obligazioak betetzeko ahal nahikoa izango duen ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko du taldeak. Ezin izango da taldea desegin Euskadiko Ogasun Nagusiaren eskubideen preskripzio-epe legez aurreikusitakoa igaro arte.

  1. Hauek dira entitate laguntzaileak: dirulaguntzarekin lotutako ondorio guztietarako organo emailearen izenean eta haren kontura arituta, onuradunei funts publikoak eman eta banatzen dizkietenak, oinarri erregulatzaileetan hala ezarrita badago, edo onuradunei funtsak aldez aurretik eman eta banatu gabe daudela dirulaguntzaren kudeaketan laguntzen dutenak.

    Halaber, entitate laguntzaileak dira Europar Batasuneko araudiaren arabera onuradun izendatuta egon eta aurreko paragrafoan zerrendatuta dauden eginkizunak, esklusiboki, dituzten pertsonak ere.

  2. Ondorio horietarako, entitate laguntzailetzat hartu ahal izango dira zuzenbide publikoko korporazioak eta zuzenbide publikoko entitateek eratutako fundazioak, bai eta finkatzen diren kaudimen- eta eraginkortasun-baldintzak betetzen dituzten pertsona juridikoak ere.

    Zuzenbide pribatuari lotutako pertsonak direnean entitate laguntzaile gisa jarduten dutenak, entitate horiek aldez aurretik aukeratuko dira, lege honen 7. artikuluan jasotako printzipioak betetzen dituen prozedura baten bidez.

  3. Entitate laguntzaileek onuradunei emateko jasotzen dituzten funtsak ez dira sekula haien ondarearen partetzat joko, ez eta dena delako entitate laguntzailearen aurrekontuko parte ere, baina beraien kontabilitatean agertu beharko dute. Halaber, ezingo dira atxiki edo murriztu entitate laguntzaileen lankidetzak dakartzan gastuak ordaintzeko edo konpentsatzeko. Entitate laguntzaileek aipatutako funts horien sarreren eta ordainketen aparteko kontabilitate bat eduki behar dute.

  4. Onuradunak entitate emailearekiko dituen betebehar berak, lege honen 14. artikuluan jasoak, ditu entitate laguntzailearekiko.

  5. Hau da entitate laguntzaileen betebeharren araubidea:

    1. Hala ezarrita dagoenean, jasotako funtsak onuradunei ematea, betiere dirulaguntzaren arau erregulatzaileetan aurreikusitako irizpideekin bat.

    2. Dirulaguntza emateko funtsezko baldintzak edo betekizunak bete direla eta eraginkorrak direla egiaztatzea, hala badagokio.

    3. Entitate emaileari justifikatzea jasotako funtsak nola aplikatu diren eta, hala badagokio, onuradunek aurkeztutako frogagiriak ematea.

    4. Funts horien kudeaketari dagokionez, organo edo entitate emaileak egiten dizkieten egiaztatze-jarduketak, egiten badizkiete, eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eta finantzaketa kontrolatu behar duten beste kontrol-organo batzuei dagozkien egiaztatze-jarduketak onartzea.

  6. Lankidetza-hitzarmen baten bidez gauzatuko da entitate laguntzaileen lankidetza; hor zehaztuko dira lankidetzaren denbora-eremua eta, hala badagokio, lurralde-eremua, lege honetan aurreikusitakoaren arabera entitate laguntzaileek dituzten eskubide eta betebehar zehatzak eta berariaz ezar litezkeen beste betebehar batzuk; horretaz gain, lankidetzak erabateko eraginkortasuna izan dezan beharrezkoak diren gainerako alderdi instrumental eta osagarri guztiak jaso daitezke hitzarmenean, bai eta datu pertsonalak babesteko diren eta hitzarmenak eragin diezaiekeen manuak ere. Oinarri erregulatzaileek adieraziko dute zein diren entitate laguntzaileak eta zein diren entitate horien lankidetzaren terminoak edo, hala badagokio, zer kaudimen- eta eraginkortasun-baldintza bete behar dituzten.

  7. Dirulaguntzak kudeatzeko Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitateen, lurralde historikoetako foru-organoen eta toki-korporazioen lankidetza behar bada, berariazko arau baten bidez edo hitzarmen bidez ezarriko da lankidetza-araubidea. Artikulu honetako 5. apartatuan entitate laguntzaileentzat aurreikusitako betebeharrak izango dituzte aipatutako ente edo organoek.

  8. Entitate laguntzaileek bermatuko dute eskatzaileek euskara eta gaztelania erabiltzeko duten eskubidea, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak ezarritakoa betez.

  1. Ezingo dute dirulaguntzen onuradunaren izaera edo entitate laguntzailearen izaera lortu, lege honetan erregulatuak, ondorengo egoera hauetakoren batean dauden pertsonek edo entitateek, salbu eta, dirulaguntzaren xedea dela-eta, oinarri erregulatzaileek justifikatzen badute onuradun edo entitate laguntzaile izan daitezkeela:

    1. Dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukerarik gabe utzita epai irmo baten bidez zigortutakoak edo prebarikazioagatik, funtzionario-eroskeriagatik, ondasun publikoak bidegabe eralgitzeagatik, influentzia-trafikoagatik, iruzur egiteagatik eta legearen aurkako ordainarazpenengatik edo hirigintza-delituengatik epai irmo baten bidez zigortutakoak.

    2. Hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaria egin dutenak, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jota daudenak, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta daudenak konkurtso horretan hitzarmen bat indarrean jarri bada salbu, epailearen esku-hartzearen mende daudenak edo uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearen arabera desgaituta daudenak, hartzekodunen konkurtsoa sailkatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe dagoelarik.

    3. Administrazioarekin egindako edozein kontratu ebazpen irmoz suntsiarazteko arrazoiak sorrarazi eta haien errudun deklaratu izan direnak.

    4. Pertsona fisikoak, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen ordezkari direnak, egoera hauetakoren batean badaude: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aurreikusitako bateraezintasunen araubideko egoeraren batean eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako egoeraren batean. Edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko kargu batean daudenak, arau horretan edo gai hauek arautzen dituen arau autonomikoan ezarritakoaren arabera.

    5. Indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez dauzkatenak, erregelamenduz zehazten den moduan.

    6. Egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako herrialde edo lurralde batean dutenak.

    7. Dirulaguntzak organo emaileari berreskuratu behar izateagatik sortutako obligazioen ordainketa egunean ez dutenak, erregelamenduz zehazten diren terminoetan.

    8. Ebazpen irmo bidez dirulaguntzak eskuratzeko aukera galtzeko zehapena jaso dutenak lege honen edo hala ezartzen duten beste lege batzuen arabera. Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoak eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan. Halaber, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak, eta estatu-legediak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak.

    9. Ekonomia zirkularra bultzatzeko hondakinen eta lurzoru kutsatuen apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoaren arabera, arau-hauste astun edo oso astun batengatik, eta administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, zehatuta dauden pertsona fisiko edo juridikoak, publiko edo pribatuak, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.

    10. Desgaitasuna duten pertsonentzat legez ezarritako erreserba-kuota betetzen ez dutenak, eta hori betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla egiaztatu gabe.

  2. Ezingo dira onuradun izan lege honen 11.4 artikuluan aurreikusitako taldeak, baldin eta haien kideetako batek aurreko apartatuan adierazitako debekuren bat badu.

  3. Ezingo dute dirulaguntzarik jaso, halaber, entitate eta enpresa hauek: haien buru dauden pertsonak edo beste egoera batzuk kontuan hartuta, aurretik debekua jaso duten entitate eta enpresen jarraipen izan daitezkeela pentsatzeko bidea ematen dutenek edo entitate edo enpresa haien aldaketa, bat-egite edo ondorengo izan daitezkeela pentsatzeko bidea ematen dutenek.

  4. Inola ere ezingo dira izan lege honetan erregulatutako dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoak 4. artikuluaren 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako debekuren bat jaso duten elkarteak.

    Legez kontrako egintza penalen zentzuzko zantzuak aurkitzeagatik elkarte baten inskripzio-prozedura administratiboa eteten bada Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuta, delako elkarte hori ere ezingo da izan onuradun edo entitate laguntzailea, harik eta ebazpen judizial irmoa eman eta dagokion erregistroan inskribatzeko aukera ematen zaion arte.

  5. Ezingo dira onuradun edo entitate laguntzaile izan dirulaguntzei buruzko oinarrizko araudian ezarritako ordainketa-epeak betetzen ez dituzten enpresak.

  6. Artikulu honen 1. apartatuaren b), d), e), f), g) eta j) letretan eta 2., 3. eta 4. apartatuetan jaso diren debekuak automatikoki hartuko dira aintzat, eta bere horretan iraungo dute kasu bakoitzean zehaztutako egoerek irauten duten bitartean.

  7. Artikulu honen 1. apartatuaren a), h) eta i) letretan jaso diren debekuak automatikoki hartuko dira aintzat. Epai edo ebazpen irmoak ezarriko du debekuaren noiz artekoa. Halakorik ez badago, debekuaren noiz artekoa erregelamenduz erabakitako prozeduraren bidez ezarriko da, baina ezingo du iraun bost urte baino gehiago epai irmorik ez badago.

  8. Artikulu honen 1. apartatuaren c) letran jasota dagoen debekua aintzat hartzeko eta haren noiz artekoa zehazteko, sektore publikoko kontratazioa erregulatzen duen arautegiak ezarritakoaren arabera jokatuko da.

  9. Onuradun edo entitate laguntzaile izatea galarazten duen debekurik ez dutela frogatzeko artikulu honen 1. apartatutik 4.era bitarte aipatu dira debekuak, bide hauek dituzte pertsona edo entitateek: lekukotza judiziala, ziurtagiri telematikoak edo datu-transmisioak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak teknika elektronikoak, informatikoak eta telematikoak erabiltzeko dagokion araudian ezarritakoaren arabera, edo, bestela, ziurtagiri administratiboa, kasuaren arabera. Agiri hori agintari eskudunak egiterik ez badu, haren ordez Administrazioko agintari edo notario publiko baten aurrean egindako erantzukizunpeko adierazpen bat aurkez daiteke.

Hauek dira onuradunen betebeharrak:

  1. Dirulaguntza ematea bidezko egiten duen jarduera gauzatzea edo dirulaguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.

  2. Entitate emaileari justifikatzea dirulaguntza ematea edo dirulaguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak eta betekizunak betetzen direla eta jarduera aurrera eraman dela. Jarduera pertsonei buruzkoa bada, sexuaren arabera bereizitako datuak eman beharko dira.

  3. Organo edo entitate emaileak egingo dituen egiaztatze-jarduketak onartzea, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren kontrol-jarduketak ere, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratu diren dirulaguntzen kasuan. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziak xedatutako jarduketak ere onartu beharko dituzte, bai eta finantzaketa dela-eta beste kontrol-organo batzuek egin ditzaketenak ere.

  4. Beste edozein administrazio edo ente publiko edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea entitate emaileari.

    Hura jakin bezain laster eman beharko diote haren berri, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

  5. Laguntza ematerakoan kontuan izan zen dena delako egoera objektiboa edo subjektiboa aldatu baldin bada, horren berri ematea entitate emaileari.

    Hura jakin bezain laster eman beharko diote haren berri, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

  6. Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, baita dirulaguntzak organo emaileari berreskuratzeari buruzkoak ere, betetzen dituztela egiaztatzea dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena egin aurretik eta hura ordaintzeko unean. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan ogasun-gaietako eskumena duen saileko titularrak agindu bidez arautuko du hori egiteko modua.

  7. Izaera juridikoak hala eskatzen badu, kontabilitate-liburuak, izapidetutako erregistroak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuta edukitzea, kasu bakoitzean onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritza- eta sektore-legeek ezarritakoaren arabera, bai eta dirulaguntzen oinarri erregulatzaileek eskatzen dituzten kontabilitateko egoera-orriak edo berariazko erregistro guztiak ere, behar bezala egiaztatzen eta kontrolatzen direla bermatzeko.

  8. Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzeko dokumentuak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztapenak edo kontrolak egiteko erabil baitaitezke.

  9. Lege honen 27. artikuluan jasotako zabalkunde-neurriak betetzea.

  10. Lege honen 36. artikuluan aurreikusitako kasuetan, jasotako funtsak organo emaileari berreskuratzea edo, diruz lagundutako jardueraren edo egindako jarduketaren kostua baino gehiago jasoz gero, soberakina organo emaileari berreskuratzea.

  11. Ikuspegi intersekzionala eta, bereziki, sexuari eta generoari dagokion alderdia errespetatzen dituen hizkera eta irudiak erabiltzea dirulaguntza jasotzen duen jarduera edo proiektuak behar dituen agiri eta material guztietan.

  12. Diruz lagundutako jarduerarekin zerikusia duten argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean herritarren hizkuntza-eskubideak eta bereziki euskararen erabilera bermatzea.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko dirulaguntzen erregistro orokorrak, zeina kontrol ekonomikoaren arloan eskumena duen sailaren mende baitago, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoen publikotasun- eta gardentasun-betebeharrak betetzeko helburua du, bai eta Estatuko laguntzen eta de minimis laguntzen arloan Europako araudian ezarritako informazio-errekerimenduak betetzeko ere.

  2. Dirulaguntzen erregistro orokorra euskarri informatikoko datu-base bat izango da.

  3. Kontrol Ekonomikoko Bulegoa arduratuko da Euskal Autonomia Erkidegoko dirulaguntzen erregistro orokorra administratzeaz, kudeatzeaz, zaintzeaz eta mantentzeaz, eta behar diren neurriak hartuko ditu erregistro horretan jasotako informazioaren konfidentzialtasuna eta segurtasuna bermatzeko. Horrekin batera, dirulaguntza publikoen publikotasunerako eta gardentasunerako informazio-sistemaren definizio funtzionala egitea dagokio.

  4. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitateen organoek Euskal Autonomia Erkidegoko dirulaguntzen erregistro orokorrari helarazi beharko diote egiten dituzten dirulaguntzen deialdiei eta dirulaguntzak emateko ebazpenei buruzko informazioa, erregelamenduz ezartzen den moduan.

  5. Honako hau izango da dirulaguntzen erregistro orokorraren gutxieneko edukia:

    1. Dirulaguntzen programa guztien oinarri erregulatzaileak eta deialdiak, bideratutako zenbatekoak, helburua edo xedea, eta onuradun izan daitezkeen pertsona edo entitateen tipologia.

    2. Onuradunen zerrenda eta emandako dirulaguntzen zenbatekoa.

    3. Dirulaguntzak emateko prozedura.

    4. Dirua organo emaileari berreskuratzeko ebazpen irmoak.

    5. Dirulaguntzen erregistro orokorreko organo kudeatzaileari jakinarazten zaizkion dirulaguntzetan, dirulaguntzen legerian jasotako debekuren batean sartuta dauden pertsonen edo entitateen identifikazio-datuak eta zein epetan ezingo diren izan onuradun edo entitate laguntzaile.

    6. Legeriak edo lege honen erregelamendu-garapenek ezartzen duten beste edozein informazio.

  6. Orobat, dirulaguntzen erregistro orokorrak atal berezi bat izango du Europar Batasuneko zuzenbidearen ondorioetarako estatu-laguntzatzat edo de minimis laguntzatzat hartzen diren laguntzetarako.

  7. Foru- eta toki-administrazioetako organoek eta haien sektore publikoko entitateetako organoek sarbidea izango dute erregistrora, eta hura erabili ahal izango dute beren dirulaguntzen deialdiak eta dirulaguntzak emateko ebazpenak argitaratzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitateen baldintza berberetan, eta ez dute horretarako bitarteko juridikorik formalizatu beharko.

  8. Aurreko lerrokadetan xedatutakoa betez Kontrol Ekonomikoko Bulegoari laga beharreko datu pertsonalak lagatzeko, ez da beharrezkoa izango eraginpeko pertsonaren baimena.

  9. Euskal Autonomia Erkidegoko dirulaguntzen erregistro orokorrean jasotako informazioa isilpekoa izango da, eta ezin izango zaie hirugarrenei laga edo jakinarazi, lagapenaren xedea hauetakoren bat denean salbu:

    1. Beste administrazio publikoekin eta Europar Batasuneko organoekin batera lan egitea funts publikoen edo Europar Batasunaren funtsen konturako laguntzak edo dirulaguntzak lortzeko edo jasotzeko iruzurren aurkako borroka egite aldera.

    2. Organo jurisdikzionalek edo Fiskaltzak delitu publikoak ikertzea edo haiei jazartzea.

    3. Zerga-administrazioekin eta Gizarte Segurantzako administrazioekin batera haien eskumen-esparruan elkarlanean aritzea.

    4. Legez ezarritako esparruan, ikerketa-batzorde parlamentarioekin elkarlanean aritzea.

    5. Herri Kontuen Euskal Auzitegiari edo autonomia-erkidegoetako kanpo-fiskalizazioko organoei haien eginkizunetan laguntzea.

    6. Kapitalen zuriketa eta terrorismoaren finantzaketa prebenitzeko organo eskudunekin elkarlanean aritzea, dagokion legeriak esleitzen dizkien eginkizunak betetzeko.

    7. Arartekoarekin eta haren pareko erakundeekin elkarlanean aritzea haien eginkizunetan.

    8. Lehiaren Euskal Agintaritzarekin eta haren pareko agintaritzekin elkarlanean aritzea, laguntza publikoak lehiaren ikuspegitik aztertze aldera.

      Halako kasuetan, bitarteko elektronikoak lehenetsiko dira datuak lagatzeko, eta hartzaileak behar bezala identifikatu beharko dira eta datuak eskuratzeko zergatia behar bezala oinarritu.

      Interesdunari ukatu egin ahal izango zaio datuetan sartzeko eta datuak zuzentzeko eta ezerezteko eskubidea, baldin eta eskubidea erabiltzeak eragotzi egiten baditu dirulaguntzen alorreko betebeharrak betetzen direla ziurtatzeko administrazio-jarduerak, eta, betiere, kaltetuaren gainean egiaztatze- eta kontrol-lanak egiten ari badira une horretan.

  10. Euskal Autonomia Erkidegoko dirulaguntzen erregistro orokorreko datuak Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren eskura jarriko dira, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak erabakitzen duen moduan, eta bi publizitate-tresna horien artean informazioa trukatzea ahalbidetuko da. Dirulaguntzen programa bakoitzaren hasierako informazioa eskuragarri egongo da arau erregulatzailea edo deialdia onetsi ondoren, eta interesdunek eskabideak epe barruan aurkeztu ahal izateko behar besteko aurrerapenarekin.

  1. Dirulaguntza jaso duen jarduera egin ahal izateko onuradunek finantzaketan kopuru bat jarri behar dutela ezar dezakete dirulaguntzen oinarri erregulatzaileek. Dirulaguntza jaso duen proiektua edo ekintza egiteko norberaren funtsak erabili direla egiaztatu beharko da lege honen 32. artikuluan aurreikusitako eran.

  2. Dirulaguntzaren oinarri erregulatzaileek ezarriko dute zer bateragarritasun- edo bateraezintasun-araubide dagoen beste edozein administraziok edo ente publikok zein pribatuk nazionalak, Europar Batasunekoak edo nazioarteko organismoak helburu berbererako emandako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk jasotzeko; alde batera utzi gabe hurrengo apartatuan xedatutakoa.

  3. Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da sekula izan, bakarka edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin batera, diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa.

    Dirulaguntza zenbateko zehatz gisa ezartzen denean, eta guztizko kostuaren ehuneko edo frakzio bati erreferentzia egin gabe, ulertuko da onuradunaren kontura geratzen dela diruz lagundutako jarduera erabat gauzatzeko beharrezkoa den finantzaketa-aldea, eta, kasu horretan, finantzaketa publikoa jarduera horren kostu osoa gainditzen duen zenbatekoarekin bakarrik berreskuratu beharko zaio organo emaileari.

    Emakida jardueraren kostu osoaren ehuneko gisa eman bada, gehiegizko finantzaketa publikoa kalkulatzeko, azken kostu errealari ehuneko hori aplikatzearen ondoriozko emaitza izango da erreferentzia.

  4. Oinarri erregulatzaileetan baimendutako kasuetatik aparte beste ekarpen batzuk ere izaten badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatuko da, dirulaguntzaren oinarri erregulatzaileetan ezarritakoaren arabera.

  5. Onuradunei emandako funtsek sortzen dituzten finantza-etekinek gehitu egingo dute emandako dirulaguntzaren zenbatekoa eta dirulaguntza jaso duen jarduerarako erabiliko dira, dirulaguntzaren oinarri erragulatzaileetan behar bezala arrazoituta kontrakoa xedatzen ez bada.

    Atal hau ez da aplikatuko onuraduna administrazio publiko bat den kasuetan.

  1. Jaurlaritzak erregelamendu bidez ezarriko ditu bai dirulaguntzen onuradunek eta entitate laguntzaileek bete behar duten bermeen araubide orokorra hala aurretik egiten diren ordainketen bermeak nola dena delako laguntzaren xedea ez betetzea saihesteko bermeak, bai berme horiek jartzetik salbuetsiko duten egoerak.

  2. Onuradunek nahiz entitate laguntzaileek eman beharreko bermeak konpromisozkoak edo errealak izan daitezke. Konpromisozko bermeek berekin dakarte dirulaguntza emateko prozesutik eratorritako konpromiso edo erantzukizunak hartzea. Gainera, berme horiek inplizitutzat joko dira edozein dirulaguntza eskatu edo emateko, eta dirulaguntza emateko baldintza izango dira.

Lege honen 2. artikuluan adierazitako entitateek aurrekontu-ekitaldian deitutako dirulaguntzen zerrenda argitaratuko dute beren egoitza elektronikoan, bai eta dirulaguntzen zenbatekoak, xede eta helburuak eta pertsona edo entitate onuradunek bete beharko dituzten baldintzak ere. Era berean, eguneratuta eduki behar dute ematen dituzten zuzeneko dirulaguntzen zerrenda.

  1. Lehiaketa bidezko norgehiagoka erabiliko da laguntzak eta dirulaguntzak emateko prozedura orokor gisa. Lege honen ondorioetarako, hauxe da lehiaketa: laguntzak eta dirulaguntzak emateko prozedura, aurkezten diren eskaerak erkatzen dituena lehentasun-hurrenkera ezartzeko. Oinarri erregulatzaileetan aurretik ezartzen diren balioespen-irizpideak erabiltzen dira horretarako, eta irizpide horiek aplikatuz balioespenik altuena lortzen duten eskaerei bakarrik ematen zaie dirulaguntza edo laguntza. Kasu horretan, kide anitzeko organo batek zenbatetsiko du. Kide anitzeko organo horrek laguntza edo dirulaguntza erregulatzen duen arauan ezarritako osaera izango du, eta organo horrek trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izan dezan ahaleginduko da. Ordezkaritza orekatutzat joko da lau kidetik gorako organoetan sexu bakoitzak gutxienez % 40ko ordezkaritza duenean, eta gainerakoetan, bi sexuak ordezkatuta daudenean.

  2. Oinarri erregulatzaileetan lehiaketa ez den norgehiagokarako beste prozedura batzuk ezarri ahal izango dira, aurreko apartatuan adierazitakoez bestelakoak. Haietan, dirulaguntza balioespenik altuena lortzen dutenei xedatu gabe, konparaziozko ebaluazioa egingo da aurkezten diren eskaeren artean, aurretik ezarritako irizpideak oinarritzat hartuz, edo, bestela, eskaera horien baterako aintzatespen edo haztapena gauzatuko da. Kasu horietan, onuradunei zehazki zenbat emango zaien zehazteko sistemak, oinarri erregulatzaileetan jasotzen denak, oinarri izan beharko ditu konparaziozko ebaluazioan edo baterako haztapenean lortutako emaitzak, hurrenez hurren.

    Salbuespenez, prozedura mota horretan eta oinarri erregulatzaileetan aurreikusita egonez gero, dirulaguntzetarako erabili beharreko gehieneko zenbateko osoa hartu eta onuradunen artean hainbanatu ahal izango du organo eskudunak.

  3. Era berean, salbuespenez eta betiere modu arrazoituan, dirulaguntzak segidako lehiaketaren araubidea erabiliz emateko prozedura ezarri ahal izango da oinarri erregulatzaileetan. Prozedura horretan, dirulaguntza jasotzeko, oinarri erregulatzaileek aldez aurretik ezartzen dituzten betekizunak bete besterik ez dute egin beharko eskatzaileek; ez da haien artean konparaziozko balioespenik egingo, ez eta baterako aintzatespenik ere. Kasu horretan, eskaerak modu ordenatuan ebatziko dira, espedienteak erabat osatuta geratzen diren unearen arabera.

    Dirulaguntzaren helburu eta ezaugarrien eraginez dirulaguntzak segidako lehiaketetan emateko prozedura erabiltzen denean, oinarri erregulatzaileetan berariaz adierazi beharko da mugatuak direla dirulaguntzen dena delako programarako funts publikoak, eta zehaztu egin beharko da zein diren funts horiek amaitzearen ondorioak. Nolanahi ere, funtsak amaitzen direnean, haren berri eman beharko da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariko iragarki baten bidez, eskatzen diren dirulaguntza berriak eten edo ukatzeko.

  4. Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan dirulaguntza izendunak aurreikusita daudenean, ez da aplikatuko aurreko apartatuetan ezarritakoa.

  5. Dirulaguntza hauek eman ahal izango dira zuzenean:

    1. Lege-mailako arauek Administrazioari ezartzen dizkioten dirulaguntzak edo zenbatekoak. Halakoak emateko, dirulaguntza horien araudiaren arabera aplikatu beharreko prozedura erabiliko da.

    2. Salbuespenez, beste dirulaguntza hauek: justifikazio arrazoituaren eta agiri bidezko memoriaren bidez egiaztatzen dutenak tartean interes publiko, sozial, ekonomiko edo humanitarioko arrazoiak daudela, dirulaguntzok justifikatzen dituztenak, eta halako laguntzak emateko deialdi publiko bat egitea ezinezkoa dela.

  1. Dirulaguntzak norgehiagoka-araubidearen bidez emateko prozedura ofizioz hasten da beti. Deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren hurrengoa hartuko da prozedura hasteko eguntzat. Bestalde, dirulaguntzak emateko oinarri erregulatzaileen barruan sartuta egon ahal izango da deialdia.

  2. Segidako lehiaketaren araubidea erabiliz emateko prozedura interesdunaren eskariz hasiko da; eskabidea eskabideak izapidetzeko eskumena duen organoaren erregistroan sartzen den eguna hartuko da hasteko eguntzat.

  3. Deialdia oinarri erregulatzaileetan sartuta ez dagoenean, organo eskudunak onetsiko du deialdia, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da, gutxienez eduki honekin:

    1. Zein den oinarri erregulatzaileak, hala badagokio, ezartzen dituen xedapena eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren zein zenbakitan argitaratu ziren.

    2. Dirulaguntza zein aurrekontu-kredituri egozten zaion eta kreditu erabilgarrien barruan zenbatekoa izango den deitutako dirulaguntzen gehieneko zenbatekoa, edo, bestela, dirulaguntzetarako zenbat diru erabiltzea zenbatetsi den.

    3. Hala badagokio, prozedura kudeatzeko eta ebazteko organo eskudunak zein diren.

    4. Eskabideak aurkezteko epea.

    5. Eskabideak aurkezteko tokia.

    6. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak, ereduen edukiak eta informazioa.

    7. Ebazpenak administrazio-bideari bukaera ematen dion ala ez, eta, ez badio ematen, zer organori jar dakiokeen gora jotzeko errekurtsoa.

    8. Emandako dirulaguntzak jakinarazteko edo argitaratzeko bitartekoa.

    9. Ebazteko eta jakinarazteko epea.

  4. Eskabideak ez baditu betetzen oinarri erregulatzaileetan ezarritako betekizunak, eskabidea zuzentzeko errekerituko dio organo eskudunak interesdunari, eta gehienez 10 eguneko epe luzaezina emango dio horretarako. Horrez gain, adieraziko dio hala egin ezean eskaeran atzera egin duela pentsatuko dela, horretarako ebazpena eman ondoren.

  1. Oinarri erregulatzaileek ezarriko dute zer organok kudeatu behar duen dirulaguntzak emateko prozedura. Organo hori ezingo da izan ebazteko eskumena duen organoa aldi berean.

  2. Kudeatzeko eskumena duen organoak ofizioz egingo ditu datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko egin beharrekotzat jotzen dituen jarduketa guztiak, gero datu horietan oinarrituz ebazpen-proposamenak egiteko.

  3. Eskaerak ebaluatu ondoren, txosten bat egin beharko du lege honen 19.1 artikuluan aipatzen den kide anitzeko organoak, eta bertan zehaztuko ditu egindako ebaluazioaren emaitzak.

    Organo kudeatzaileak, espedientea eta kide anitzeko organoaren txostena ikusi ondoren, behin-behineko ebazpenaren proposamena egingo du, behar bezala arrazoituta. Proposamena interesdunei jakinarazi beharko zaie deialdiak ezartzen duen eran, eta 10 eguneko epea emango da alegazioak aurkezteko.

    Interesdunek azaldutako egitate, alegazio eta frogak bakarrik agertzen badira prozeduran, eta horiek bakarrik hartzen badira kontuan, ez da entzunaldiaren izapidea egin beharrik izango. Kasu horretan, proposatzen den behin-behineko ebazpena behin betikoa izango da.

    Interesdunek alegazioak egiten badituzte, horiek aztertu ondoren egingo da behin betiko ebazpenaren proposamena, non datu hauek eman beharko diren: dirulaguntza zein eskatzaileri edo eskatzaileei ematea proposatzen den, dirulaguntzaren zenbatekoa eta, hala badagokio, ebaluazioa eta ebaluazioa egiteko erabili diren irizpideak.

    Dirulaguntzak emateko espedientean organo kudeatzailearen txostena egongo da, eta txosten horretan jasota geratuko da organo kudeatzailearen esku dagoen informazioaren arabera onuradunek betekizun guztiak betetzen dituztela dirulaguntzak jasotzeko.

  4. Oinarri erregulatzaileen arabera hala dagokionean, behin betiko ebazpenaren proposamena jakinaraziko zaie kudeaketa fasean onuradun izateko proposatuak izan direnei, oinarri horietan aurreikusitako epean laguntza onar dezaten. Onartzen ez duen kasuan, onuradun gisa proposatutako pertsonak eskaerari uko egiten diola ulertuko da.

  5. Behin-behineko eta behin betiko ebazpenaren proposamenek ez diete administrazio-arloko eskubiderik ekartzen onuradun izateko proposatuta daudenei.

  1. Behin betiko ebazpenaren proposamena onesten denean, prozedura ebatziko du organo eskudunak.

  2. Dirulaguntzaren oinarri erregulatzaileetan xedatutakoaren arabera arrazoituko da ebazpena, eta, edonola ere, prozeduran behar bezala egiaztatuko dira emandako ebazpenaren arrazoiak.

  3. Ebazpenak, dirulaguntza nori emango zaion edo zeintzuek jasoko duten azaltzeaz gainera, espresuki adierazi beharko du, hala badagokio, zertarako den dirulaguntza, zer kopuru ematen den, nola eta zer epetan ordainduko den, nola justifikatu behar den, zer xedapenen babesean eman den eta dirulaguntzaren oinarri erregulatzaileek eskatzen dituzten gainontzeko baldintza eta betekizunak, bai eta gainerako eskaerak ezetsi egin direla ere. Deialdiaren oinarrietan dagoeneko ezarrita dauden eta berriz aipatzea errepikatzea litzatekeen baldintza eta betekizunak aipatu gabe utzi ahal izango dira ebazpenean eta, haien ordez, egoitza elektronikorako estekak jar daitezke, deialdia eta oinarriak haietan kontsultatzeko.

  4. Prozeduraren ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie.

  5. Laguntzak edo dirulaguntzak emateko prozedura edozein dela ere, hartarako ezarritako gehieneko epea ebazpenik jakinarazi gabe igarotzeak legitimatzen ditu interesdunak dirulaguntza emateko eskaera administrazio-isiltasunez ezetsi dela ulertzeko.

  1. Ematen diren dirulaguntzek ezingo dute gainditu deialdian ezartzen den gehieneko zenbateko osoa.

  2. Deialdiak, mugen barruan erabil daitekeen gehieneko zenbateko osoaz gain, zenbateko gehigarri jakin bat edo ehuneko bat ezarri ahal izango du, eta zenbateko hori dirulaguntzak ematean aplikatzeko, ez da beste deialdi bat egin beharko. Hala ere, betekizun hauek bete beharko dira zenbateko gehigarria zehaztu eta aplikatu ahal izateko:

    1. Zenbateko gehigarria aplikatzeko, deialdian aurreikusita egon behar du aukera horrek edo deialdian ezarrita egon behar du gehigarriaren zenbatekoak.

    2. Gehieneko zenbatekoak handitzea xedatzen duen ebazpena argitaratu beharko da deialdia argitaratzen den modu berean, baina argitaratze horrek ez du ekarriko beste eskaera batzuk aurkezteko epe bat zabaltzea, ez eta ebazteko beste epe bat hastea ere.

  1. Eskatzaileak garatu beharreko jarduerak finantzatzea bada dirulaguntzaren helburua eta behin-behineko ebazpenaren proposamenean azaltzen den dirulaguntzaren zenbatekoa txikiagoa bada aurkeztutako eskabidean agertzen dena baino, onuradunari eskaera birformulatzea eskatu ahal izango zaio, oinarri erregulatzaileetan hala aurreikusita badago, konpromisoak eta baldintzak eman dakiokeen dirulaguntzara egokitzeko.

  2. Kide anitzeko organoak eskaerari adostasuna ematen dionean, organo kudeatzaileak organo eskudunari igorriko dio eskaera, jarduketa guztiekin batera, hark ebazpena eman dezan.

  3. Edonola ere, eskaerak birformulatzean nahitaezkoa izango da dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburua errespetatzea, eta eskaerak balioesteko ezarritako irizpideei jarraitzea.

  4. Birformulazioa eskatu bada eta laguntzaren eskatzaileak ez bada emandako epean erantzuten, ulertuko da ezen aurkeztutako eskaeraren edukiari eusten zaiola.

  1. Emandako dirulaguntza edo haren baldintzak aldatzea erabaki dezake dirulaguntzaren organo emaileak, ofizioz edo interesdunak eskatuta, betekizun hauek betetzen direnean:

    1. Dirulaguntzen oinarri erregulatzaileetan aurreikusita egotea aldatzeko aukera.

    2. Dirulaguntza aldatzea interesdunak eskatuz gero, 14.e artikuluan adierazitako betebeharra betez jakinaraztea onuradunak, jakin bezain laster eta, nolanahi ere, jasotako funtsen aplikazioa justifikatu baino lehen.

    3. Zenbatekoa gehitu behar ez izatea.

    4. Oinarri erregulatzaileen xedeen artean egotea gauzatu den edo gauzatzekoa den jarduera edo jokabidea.

    5. Onuradunaren borondateak zerikusirik ez izatea aldaketa justifikatzen duten inguruabarrekin.

    6. Aldaketa dakarten elementu eta inguruabar berriak, hasierako dirulaguntza emateko unean gertatu izanez gero, dirulaguntza ez emateko arrazoi ez izatea, eta aldaketak ez eragitea hasieran onetsitako proiektua nabarmen aldatzea.

    7. Hirugarrenen eskubideei kalterik ez egitea.

  2. Dirulaguntzaren zenbateko osoa edo zati bat jaso badu onuradunak eta aldaketaren ondorioz dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu behar bada, lege honen 40. artikuluan aurreikusitakoari jarraituko zaio.

  1. Organo emaileek Euskal Autonomia Erkidegoko dirulaguntzen erregistro orokorrari bidali beharko diote dirulaguntzak emateko deialdi eta ebazpenei buruzko informazioa, erregelamenduz ezartzen den moduan.

  2. Lege honen 2. artikuluko entitateek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian edo, bestela, beren egoitza elektronikoan, oinarri erregulatzaileetan edo deialdian xedatutakoaren arabera, argitaratuko dituzte emandako dirulaguntzen zerrenda, laguntzen zenbatekoak, dirulaguntza jaso duten jarduerak eta pertsona edo entitate onuradunak.

  3. Onuradunaz argitaratu beharreko informazioaren barruan babes bereziko datuak daudenean, datu horiek bereizi eta gero emango da argitara informazioa.

Onuradunek behar den bezala zabaldu behar dute publikoak direla edozein motatako programa, jarduera, inbertsio edo jarduketa finantzatzeko jaso dituzten dirulaguntzak, gardentasunari buruzko legedian ezarritakoari jarraituz.

  1. Lege honen ondorioetarako, dirulaguntza izendunak dira Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretako gastuen egoera-orrian beren-beregi zehaztuak dituztenak dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa, onuradunen mugaketa zehatz, bakar eta baztertzailea eta xedea.

  2. Dirulaguntza izendunak emateko aginduek edo ebazpenek honako alderdi hauek bildu beharko dituzte gutxienez:

    1. Dirulaguntzaren xedea eta zenbatekoa.

    2. Aurrekontu-kreditua.

    3. Kudeaketa egin behar duen organoa.

    4. Kasua bada, dirulaguntza antolatzen duen hitzarmen bat aurreikustea eta hura sinatzeko baimena.

    5. Onuradunaren baldintzak eta betebeharrak, hargatik eragotzi gabe lege honen 14. artikuluan xedatutako orokorrak.

    6. Beste dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrerekiko bateragarritasun edo bateraezintasuna.

    7. Ordaintzeko epeak eta bideak, baita berme-neurriak beharrezkoak direnean.

    8. Dirulaguntzak zuen xedea bete dela eta jaso diren funtsak erabili direla egiaztatzeko araubidea.

  1. Dirulaguntza emateko ebazpenak eta, hala badagokio, dirulaguntza horiek bideratzeko hitzarmenek ezarriko dute zein diren lege honetan xedatutakoaren arabera aplikatu beharreko baldintza eta konpromisoak.

  2. Dirulaguntzak zuzenean ematea Jaurlaritzaren eskumena izango da, eta interesa duen saileko sailburuak edo lege honen 2.1 artikuluko b) eta c) letretan aipatzen diren entitateak atxikita dauden saileko sailburuak proposamena egin eta gero emango ditu. Zuzenean ematen diren dirulaguntzak salbuespenezkoak izango dira, eta, halakoak emateko, justifikazio arrazoituaren eta agiri bidezko memoriaren bidez egiaztatu beharko da interes publiko, sozial, ekonomiko edo humanitarioko arrazoiak daudela tarteko eta ezinezkoa dela dirulaguntza horiek emateko deialdi publiko bat egitea. Horrelako dirulaguntzak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, zenbateko, xede eta onuradunen aipamenarekin; eta Eusko Legebiltzarreko Ekonomia, Ogasun eta Aurrekontu Batzordeari jakinaraziko zaizkio sei hiletik behin.

  3. Lege honetan aurreikusitakoa bete beharko dute dirulaguntzak zuzenean emateko erabakiek, publikotasun- eta lehia-printzipioak aplikatzeari dagokionean izan ezik; eta alderdi hauek izango ditu gutxienez:

    1. Dirulaguntzaren xedearen definizioa. Dirulaguntzen berezitasuna eta interes publiko, sozial, ekonomiko edo humanitarioko arrazoiak adierazi beharko ditu definizio horrek, eta deialdi publikoa egitea ezinezkoa dela justifikatzen duten arrazoiak eman beharko ditu.

    2. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

    3. Onuradunak eta laguntza modalitateak.

    4. Aurrekontu-kreditua.

    5. Kudeaketa egin behar duen organoa.

    6. Kasua bada, dirulaguntza antolatzen duen hitzarmen bat aurreikustea eta hura sinatzeko baimena.

    7. Onuradunaren baldintzak eta betebeharrak, hargatik eragotzi gabe lege honen 14. artikuluan xedatutako orokorrak.

    8. Beste dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrerekiko bateragarritasun edo bateraezintasuna.

    9. Ordaintzeko epeak eta bideak, baita berme-neurriak beharrezkoak direnean.

    10. Dirulaguntzak zuen xedea bete dela eta jaso diren funtsak erabili direla egiaztatzeko araubidea.

  4. Lege-mailako arau batek Administrazioari ezartzen dizkion zuzenean ematen diren dirulaguntzak edo zenbatekoak emateko, arau horrek eta organo edo entitate emaileari berariaz aplikatu beharreko gainontzeko arauek ezartzen dutena bete beharko da.

  1. Lege honen ondorioetarako, hauek dira diruz lagundu daitezkeen gastuak: diruz lagundutako jardueraren izaerari inolako zalantzarik gabe dagozkionak, dirulaguntzen oinarri erregulatzaileek ezartzen duten epearen barruan egiten direnak eta behar-beharrezkoak direnak. Epe zehatz bat ezartzen ez denean, gastuak dirulaguntza eman den urte naturala amaitu baino lehen egin beharko dira.

    Diruz lagundutako gastuen erosketa-kostua ezin da inoiz izan merkatuko balioa baino handiagoa.

  2. Dirulaguntzen oinarri erregulatzaileetan espresuki kontrakorik xedatzen ez bada, egindako gastutzat hartuko da dirulaguntzaren oinarri erregulatzaileetan zehaztutako justifikazio-epea bukatu baino lehen benetan ordaintzen den gastua.

    Dirulaguntzaren onuraduna enpresa bat denean, merkataritza-eragiketek eragin dituzten eta diruz lagundu daitezkeen gastuek enpresari aplikatzekoa zaion araudi sektorialean aurreikusitako ordainketa-epeetan ordainduta egon beharko dute, edo, halakorik ezean, Merkataritza-eragiketetako berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako epeetan.

  3. Diruz lagundu daitekeen zenbatekoak gainditu egiten baditu sektore publikoko kontratazioa arautzen duen araudian kontratu txikietarako ezarritako kopuruak eta betiere horrek hirugarrenekin kontratatzea eragiten badu, onuradunak hornitzaile desberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu, gutxienez, obra egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa kontratatu aurretik, salbu eta obra, zerbitzu edo ondasun horien ezaugarri bereziengatik merkatuan ez badago halakorik egin, eman edo hornitzeko entitate nahikorik edota dirulaguntza eman aurretik egiten bada gastua.

    Aurkezturiko eskaintzen artean aukeratzeko, zeinak justifikazioan edo, hala badagokio, dirulaguntzaren eskabidean sartu behar diren, efizientzia eta ekonomiaren irizpideak erabiliko dira. Ez bada eskaintza merkeena aukeratzen, egindako aukera espresuki justifikatu beharko da memoria batean.

    Aurreko paragrafoetan ezarritakoarekin bat etorriz nahitaezkoa bada eskaintza batzuk eskatzea, eta ez badira horiek aurkezten, edo eskaintza ekonomikoena ez den bat aukeratzen bada aukeraketa hori behar bezala justifikatu gabe, ondasun edo zerbitzuaren peritu-tasazio bat eskatu ahal izango du organo emaileak, eta onuradunak ordaindu beharko ditu horrek eragiten dituen gastuak. Halako kasuetan, bi balio hauetatik txikiena kontuan hartuz kalkulatuko da dirulaguntza: onuradunak adierazitako balioa edo tasazioaren ondoriozkoa.

  4. Ondasun inbentariagarriak erosi, eraiki, birgaitu eta hobetzeko kasuetan, arau hauek bete behar dira:

    1. Dirulaguntzen oinarri erregulatzaileek zehaztuko dute ondasunak zer epetan erabili beharko dituen onuradunak dirulaguntzaren helburu zehatzerako. Erregistro publiko batean inskriba daitezkeen ondasunen kasuan, epe hori ezin da izan bost urte baino laburragoa, eta, gainerako ondasunen kasuan, ezin da izan bi urte baino laburragoa.

      Erregistro publiko batean inskriba daitezkeen ondasunak direnean, ezaugarri hori agerrarazi beharko da eskrituran, baita emandako dirulaguntzaren zenbatekoa ere. Dagokion erregistro publikoan erregistratu behar dira bi alderdi horiek.

    2. Aurreko letran aipatutako helburuzko betebeharra ez betetzeak, zeina betiere gertatuko baita ondasunaren besterentzearekin edo kargarekin, dirua organo emaileari berreskuratu behar izatea ekarriko du berekin, lege honen III. tituluan ezarritako eran. Ondorioz, dirua organo emaileari berreskuratzeari atxikita geratuko da ondasuna, ondasun hori daukana edozein izanda ere, salbu eta erregistroko fede publikoak babesten duen hirugarren bat bada edukitzaile hori edo justifikatzen bada ondasunak fede onez eta bidezko tituluz eskuratu direla edo, ondasun higigarri inskribaezinen kasuan, merkataritza- edo industria-establezimendu batean eskuratu direla.

  5. Egoera hauek gertatzen direnean, ez da ez-betetzetzat emango 4. apartatuko helburuzko betebeharra:

    1. Erregistro publiko batean inskribatu ezin diren ondasunen kasuan, ondasun horien ordez dirulaguntzak zeukan xedea baldintza analogoetan betetzeko balio duten beste ondasun batzuk inskribatzea, eta erabilera horri eustea horretarako ezarritako aldiak iraun bitartean; betiere dirulaguntzen administrazio emaileak baimendu behar du ordezte hori.

    2. Erregistro publiko batean inskriba daitezkeen ondasunen kasuan, administrazio emaileak, ebazpen arrazoitu baten bidez, baimentzen duenean ondasunaren erabilera aldatzea edo ondasuna besterendu edo kargatzea. Kasu horretan, ondasuna eskuratzen duenak hartuko du bere gain helburuzko betebeharra gainerako denborarako; eta, helburu hori bete ezean, baita dirulaguntza organo emaileari berreskuratzeko betebeharra ere.

  6. Dirulaguntzen oinarri erregulatzaileek ezarriko dituzte, hala badagokio, ondasun inbentariagarrien amortizazioaren inguruan egokitzat jotzen diren erregela bereziak. Hala ere, amortizazio-gastua dirulaguntza jaso dezakeen gastutzat hartu ahal izateko, baldintza hauek bete behar dira:

    1. Dirulaguntzek ez lagundu izatea ondasunak erosten.

    2. Amortizazioa eskuarki onartutako kontabilitate-arauekin bat etorriz kalkulatzea.

    3. Dirulaguntza jaso dezakeen aldikoa bakarrik izatea kostua.

  7. Diruz lagundutako proiektua egiteko finantza-gastuak, lege- edo finantza-aholkularitzako gastuak, notario- eta erregistro-gastuak eta peritu-gastuak nahiz administrazio-gastu bereziak diruz laguntzeko modukoak izan daitezke, baldin eta diruz lagundutako jarduerarekin zerikusi zuzena badute eta jarduera hori egoki prestatu edo gauzatzeko ezinbestekoak badira, eta betiere hala jasota baldin badago oinarri erregulatzaileetan. Salbuespen modura, banku-bermeei dagozkien gastuak ere sar daitezke diruz lagundu daitezkeen gastuetan, aukera hori berariaz aurreikusten badute dirulaguntzaren oinarri erregulatzaileek.

    Inola ere ez dira diruz lagunduko honako gastu hauek:

    1. Banku-kontuetako interes zordunak.

    2. Interesak, errekarguak eta zehapen administratibo eta penalak.

    3. Prozedura judizialen gastuak, salbu eta prozedura horiek diruz lagundutako jardueraren parte garrantzitsua direnean.

  8. Tributuak dirulaguntza jaso dezaketen gastuak dira baldin eta dirulaguntzaren onuradunak benetan ordaintzen baditu eta dirulaguntza jaso duen jarduerarekin zerikusia badute. Zeharkako zergak ez dira inoiz hartuko dirulaguntza jasotzeko moduko gastutzat, berreskuratu edo konpentsatu baldin badaitezke. Norberaren errentaren gaineko zergak ere ez.

  9. Zeharkako kostuei dagokienez, eskuarki onartutako kontabilitate-arau eta -printzipioen arabera arrazoizkoa den zatia egotziko dio diruz lagundutako jarduerari onuradunak, eta betiere kostu horiek jarduera benetan egiten den aldiari dagozkion neurrian. Zeharkako gastuak diruz lagundutako jarduerari egozteko, oinarri erregulatzaileek, egin beharreko azterketa ekonomikoak egin ondoren, dirulaguntzari egozteko modukotzat jotzen den kostu osoaren zatia ezarri ahal izango dute. Kostu zati horren aparteko justifikaziorik ez da egin beharko.

  1. Artikulu honetan xedatutakoa aplikatuko da onuradunak hirugarren batzuekin hitzartzen duenean dirulaguntzaren helburu den jarduera osorik edo haren zati bat gauzatzeko zeregina. Kontzeptu honetatik kanpo geratzen da onuradunak dirulaguntza jaso duen jarduera bere kabuz gauzatzeko egin behar dituen gastuen kontratazioa.

  2. Dirulaguntzen oinarri erregulatzaileetan hala aurreikusten denean bakarrik kontratatu ahal izango du onuradunak jarduera, dela osorik dela haren zati bat. Onuradunak hirugarrenei kontratatzen dien diruz lagundutako jarduerak ez du gaindituko dirulaguntzaren oinarri erregulatzaileetan ezartzen den ehunekoa. Oinarri erregulatzaileetan halakorik aurreikusten ez bada, diruz lagundutako jarduerari dagokion zenbatekoaren % 50eraino kontratatu ahal izango du onuradunak, kontratu guztien prezioak batuta.

  3. Hirugarrenekin hitzartutako jarduerak dirulaguntzaren zenbatekoaren % 20 gainditzen badu eta zenbateko hori 60.000 euro baino gehiagokoa bada, kontratazioak betekizun hauek bete beharko ditu:

    1. Kontratua idatziz egitea.

    2. Kontratua egin baino lehen, kontratua egiteko baimena ematea, oinarri erregulatzaileetan ezarritako moduan, dirulaguntzaren entitate emaileak.

  4. Ezin izango da kontraturik zatitu haren zenbatekoa gutxitzeko eta aurreko apartatuko betekizunak saihesteko.

  5. Kontratistek onuradunaren aurrean bakarrik izango dituzte betebeharrak, onuradunak izango baitu diruz lagundutako jarduera gauzatzeko erantzukizun osoa Administrazioaren aurrean.

  6. Aurreko apartatuan xedatutakoaren ondorioetarako, onuradunak dira hirugarrenekin kontratatzen den diruz lagundutako jarduera dirulaguntzen oinarri erregulatzaileetan ezarritako mugak errespetatuz gauzatzearen erantzuleak diruz lagundutako gastuen izaerari eta zenbatekoari dagokienez. Kontratistek, bestalde, lege honen 42. artikuluan xedatzen den laguntzeko betebeharra dute, muga horiek errespetatzen direla behar bezala egiaztatzen uzteko.

  7. Onuradunek inola ere ezingo dute honako hauekin hitzarmenik egin diruz lagundutako jarduera osoa edo haren zati bat gauzatzeko:

    1. Lege honen 13. artikuluko debekuren bat duten pertsona edo entitateekin.

    2. Kontratazioaren xede den jarduera egiteko beste dirulaguntzaren bat jaso duten pertsona edo entitateekin.

    3. Eragiketaren kostu osoaren ehuneko bat ordainduko litzaiekeen bitartekariekin edo aholkulariekin, non eta ordainketa ez dagoen justifikatuta egindako lanaren edo emandako zerbitzuen merkatu-balioaren arabera.

    4. Onuradunarekin lotura duten pertsona edo entitateekin, inguruabar hauek betetzen direnean izan ezik:

      1. a Aldez aurretik organo emailearen berariazko baimena eskuratzea ebazpen arrazoitu baten bidez.

      2. a Diruz lagundutako zenbatekoak ez gainditzea lotutako entitateak izandako kostua. Kostua justifikazioan egiaztatuko da onuradunaren gastuak egiaztatzeko ezarritako termino beretan.

    5. Deialdi eta programa berean dirulaguntza eskatu duten eta betekizunak ez betetzeagatik edo behar adinako balorazioa ez lortzeagatik dirulaguntzarik gabe geratu diren pertsona eta entitateekin.

  8. Lege honen aurreko apartatuaren d) letrak ezarritakoaren ondorioetarako, iritziko zaio onuradunak lotura duela egoera hauetako batean dauden pertsona fisiko edo juridikoekin edo nortasunik gabeko taldeekin:

    1. Ezkontza-harremana edo antzeko afektibitate-harremana duten pertsona fisikoak, edo odol-ahaidetasuneko laugarren mailara arteko edo ezkontza-ahaidetasuneko bigarren mailara arteko harremana duten pertsonak.

    2. Aldian behingo ordainketen bidez ordaindutako lan-harremana duten pertsona fisikoak eta juridikoak.

    3. Lege honen 11.4 artikuluan adierazten den onuradunaren elkarteko kideak.

    4. Sozietate bat eta sozietatearen gehiengoa duten bazkideak, edo haren aholkulariak edo administratzaileak, edo haiekin ezkontza-harremana edo antzeko afektibitate-harremana duten pertsonak, edo odol-ahaidetasuneko laugarren mailara arteko edo ezkontza-ahaidetasuneko bigarren mailara arteko familiarrak.

    5. Balore Merkatuaren Legearen testu bateginaren 5. artikuluaren arabera, zeina urriaren 23ko 4/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu baitzen, talde berekoak izateko betekizunak betetzen dituzten sozietateak.

    6. Pertsona juridikoak edo nortasunik gabeko taldeak eta haien legezko ordezkariak, patronoak edo administratzaileak, edo haiekin ezkontza-harremana edo antzeko afektibitate-harremana duten pertsonak, edo odol-ahaidetasuneko laugarren mailara arteko edo ezkontza-ahaidetasuneko bigarren mailara arteko familiarrak.

    7. Pertsona juridikoak eta nortasunik gabeko taldeak eta lege- eta estatutu-arauen edo kontratu-akordioen arabera lehenengoen irabazien % 50 baino gehiagoko partaidetza izateko eskubidea duten pertsona fisikoak, juridikoak edo nortasunik gabeko taldeak.

  1. Erregelamendu bidez zehaztuko da nola justifikatu behar den betetzen direla eta lortu direla dirulaguntza emateko egintzan ezarrita dauden baldintzak eta helburuak. Justifikatu ahal izango da, bada, egindako gastuaren justifikazioko kontua erabiliz, edo gastua moduluka egiaztatuz, edo kontabilitateko egoera-orriak aurkeztuz, kasuan kasuko araudi erregulatzailean xedatzen denaren arabera eta ahalik eta administrazio-karga txikiena eragiten saiatuz.

  2. Justifikazio-kontuak, aitortzailearen erantzukizunpean, egin diren jarduera dirulaguntzaz finantzatuen aitorpena eta haien kostua jaso beharko ditu, egindako gastu bakoitzaren banakapenarekin. Justifikazioko kontua emateko eta gastuak egiaztatzeko modua dirulaguntzen oinarri erregulatzaileetan zehaztuko da.

    Era berean, deklarazioan adierazi beharko dira dirulaguntzaren onuradunen datuak, sexuaren arabera, hala badagokio, bereizita.

    Gastuak egiaztatzeko, fakturak eta froga-balio baliokidea duten bestelako agiriak aurkeztuko dira. Horiek guztiek merkataritzako trafiko juridikoan baliodunak izan behar dute edo eraginkortasun administratiboa eduki behar dute. Auditoria-txosten baten bidez eta, onuradunak entitate publikoak direnean, kontu-hartzaileak edo antzeko kargua duenak eginiko egiaztagiri baten bidez ere egiaztatu ahal izango dira gastuak.

    Dirulaguntzen aldiberekotasuna kontrolatzeko sistema bat ezarriko da erregelamendu bidez; gastuaren frogagiriak balioztatzen edo zigilatzen dituen sistema bat erabil daiteke horretarako.

  3. Gastua moduluen bidez justifikatzen denean, txosten tekniko baten bidez justifikatu beharko dira, diruz laguntzeko programa ezarri aurretik, eta prozedura beraren arabera berrikusi ahal izango dira ezarpenaren unean zeuden baldintzei eragiten dieten gerora sortutako inguruabarrak egiaztatzen direnean.

  4. Oinarri erregulatzaileetan, deialdietan edo ebazpen edo hitzarmenetan ezarritako epeetan justifikatu beharko da dirulaguntzaren xede den proiektua edo hartu beharko da dirulaguntzaren xede den jokabidea.

    Oinarri erregulatzaileek, deialdiek, ebazpenek edo hitzarmenek aukera ematen dutenean, ezarritako epea luzatzea erabaki ahal izango du organo emaileak, epea bukatu baino lehen, baldin eta beste inoren eskubideei kalterik egiten ez bazaie. Hori egiteko, baina, onuradunak egin beharko du epea luzatzeko eskaera, eta justifikatu egin beharko du justifikazioa epe barruan egitea ezinezko egiten duten arrazoiak daudela.

    Dirulaguntza egiaztatzeko eskumena duen organoak ikusten badu konpon daitezkeen akatsak daudela onuradunak aurkeztutako justifikazioan, jakinaren gainean jarriko du onuraduna, eta epe bat emango dio akatsok zuzentzeko.

  5. Dirulaguntzaz gain funts propioak edo bestelako dirulaguntza edo baliabideak erabiltzen direnean jarduerak finantzatzeko, funts horien zenbatekoa eta jatorria egiaztatu beharko dira justifikazioan, baita diruz lagundutako jardueretan nola erabili diren ere. Era berean, jasotako funtsek sorrarazten dituzten finantza-etekinak egiaztatu beharko dira, halakorik egonez gero.

  6. Ondasun higiezinak eskuratuz gero, dagokion erregistro ofizialean inskribatuta eta behar bezala egiaztatuta dagoen tasatzaile independente baten ziurtagiria aurkeztu beharko da, artikulu honen 2. apartatuan ezarritako egiaztagiriez gain.

  7. Lege honen 11.4 artikuluan aurreikusitako entitateetako kideak behartuta daude egindako jarduerak justifikatzeko betekizunak betetzera, aurreko apartatuetan zehazten den moduan. Dirulaguntza eskatu zuen onuradunak egin beharreko justifikazioaren parte izango da dokumentazio hori.

  8. Jasotzailea egoera jakin batean egoteagatik ematen diren dirulaguntzen kasuan, eskatuko den justifikazio bakarra izango da egoera hori dirulaguntza eman baino lehen gertatu dela egiaztatzea zuzenbidean onargarri den edozein bide erabiliz. Dena den, horrek ez du eragotziko kontrolak ezartzea egoera hori benetan gertatu dela egiaztatzeko.

  1. Dirulaguntzaren deialdia egin aurretik, gastua baimendu beharko da aplikatu beharreko aurrekontu-araudian aurreikusten den eran.

    Dirulaguntzen oinarri erregulatzaileak onestea edo dirulaguntzak ematea Jaurlaritzaren eginkizuna den kasuetan, oneste edo emate horrek kasuan kasuko gastua baimentzea ere izango du ondorioen artean.

  2. Onuradunak justifikatzen duenean aldez aurretik ezarritako moduan jarduketa egin duela, dirulaguntzaren xede den jokabide hartu duela edo dirulaguntza ematea eragin zuen egoeran dagoela, ordainduko da dirulaguntza.

    Aurreko hori hala izanik ere, dirulaguntzaren ezaugarriek justifikatzen badute, konturako ordainketak egin ahal izango dira. Konturako ordainketa horiek zatika egin ahal izango dira, diruz lagundutako ekintzak burutu ahala. Halakoetan, kopuru hau ordainduko da: emandako dirulaguntza diruz lagundutako jardueraren kostu aurreikusiarekiko zer ehuneko den, ehuneko hori justifikatutako gastuaren zenbatekoari aplikatuta ateratzen den kopurua.

    Salbuespenez, ordainketa batzuk aurreratu ahal izango dira justifikazioa aurkeztu baino lehen, finantzaketa hori beharrezkoa baldin bada dirulaguntzaren helburu diren jarduerak aurrera eramateko.

  1. Behin dirulaguntza organo emaileari berreskuratzeko prozedura hastea erabakita, organo emaileak erabaki dezake Administrazioak emandako beste dirulaguntzetatik onuradunari edo entitate laguntzaileari ordaintzeko dauden kopuruen ordainketaren libramenduak etetea, kautela-neurri gisa, bere ekimenez, Europako Batzordearen erabakiz edo Kontrol Ekonomikoko Bulegoak proposatuta, ordura arte sortutako berandutze-interesak ezarrita. Kopuru horiek ezingo dute inoiz gainditu dirulaguntza organo emaileari berreskuratzeko espedientea hasteko proposamen edo ebazpenak jasotako zenbatekoa.

  2. Ebazpen arrazoitu baten bidez erabaki behar da kautela-neurri hori ezartzea, eta atxikitako ordainketen zerrenda bildu behar du ebazpen horrek. Horrez gain, interesdunari jakinarazi beharko zaio ebazpena, bai eta jar ditzakeen errekurtsoen berri eman ere. Halaber, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta ordainketak agintzeko organo eskudunari ere jakinarazi beharko zaie; azken horrek, gainera, aurreko apartatuan adierazitako kopurua atxiki ahal izango du.

  3. Nolanahi ere, etetea bidezkoa izango da itzulketa lortzea ezinezkoa dela aurreikusten lagundu dezakeen arrazoizko zantzurik badago edo itzulketa bertan behera geratu edo neurri handi batean oztopatuta geratu badaiteke eta, bereziki, jasotzaileak bere ondasunak ezkutatu, kargatu edo erabiltzen baditu.

  4. Aurreko edozein kasutan, araubide juridiko honi jarraituko zaio ordainketak atxikitzeko:

    1. Lortu nahi den helburuarekin proportzionala izan behar du atxikipenak, eta inoiz ere ez da atxikipenik egin behar konpontzen zailak edo ezinezkoak diren ondorioak sortu baditzake.

    2. Dirulaguntza organo emaileari berreskuratzeko espedienteari bukaera ematen dion ebazpena eman arte iraun behar du, eta ezin du gainditu berreskuratze-espedientea izapidetzeko ezartzen den gehieneko denbora, luzapenak barne.

    3. Aurreko letran xedatutakoa gorabehera, utzi behar zaio ordainketak atxikitzeari hura eragin zuten arrazoiak desagertzen direnean edo interesdunak kautela-neurri horren ordez berme nahiko bat eratzea proposatzen duenean.

  1. Dirulaguntza emateko ebazpenaren deuseztasun-arrazoiak izango dira honako hauek:

    1. Administrazio publikoen administrazio-prozedura erkidea erregulatzen duen arautegian halakotzat hartuak.

    2. Krediturik ez egotea edo dagoena nahikoa ez izatea, kreditua desegokia izatea edo gastua baimendu gabe egotea.

  2. Dirulaguntza emateko ebazpenaren deuseztagarritasun-arrazoiak izango dira ordenamendu juridikoko gainerako arau-hausteak eta, bereziki, lege honetan bildutako erregelen arau-hausteak.

  3. Dirulaguntza emateko egintza aurreko apartatuetan aipatutako kasuren batean erortzen bada, organo emaileak ofizioz berrikusiko du egintza edo, hala badagokio, kaltegarritasun-deklarazioa egingo du eta egintza aurkaratuko du gero administrazio-prozedura erkidea erregulatzen duen arautegiarekin bat etorriz.

  4. Jasotako kopuruak itzuli beharra ekarriko du deuseztasun- edo deuseztagarritasun-deklarazio judizial edo administratiboak.

  5. Dirulaguntza emateko egintzaren ofiziozko berrikusketarik ez da egingo ondorengo artikuluan dirulaguntza organo emaileari berreskuratzeko aipatzen den arrazoiren bat dagoenean.

  1. Honako kasu hauetan berreskuratu behar zaizkio organo emaileari jasotako kopuruak, eta exijitu berandutze-interesak, dirulaguntza ordaindu zenetik organo emaileari berreskuratu behar zaiola erabakitzen den egunera arte sortutakoak, edo zordunak organo emaileari dirulaguntza berreskuratzen dion egunera arte sortutakoak data hori dirulaguntza organo emaileari berreskuratu behar zaiola erabakitzen den eguna baino lehenagokoa bada:

    1. Justifikatzeko betebeharra betetzen ez denean edo lege honetan eta, hala badagokio, dirulaguntza oinarri erregulatzaileetan ezarritako moduan justifikatzen ez denean.

    2. Dirulaguntza baldintzak bete gabe edo baldintzak faltsutuz eskuratzen denean edo hura eskuratzea galaraziko luketen baldintzak ezkutatuz eskuratzen denean.

    3. Dirulaguntzaren helburua, jarduera edo proiektua betetzen ez denean edo dirulaguntzaren bidez hartu behar den jokabidea hartzen ez denean.

    4. Dirulaguntza emateagatik ezarritako baldintzak betetzen ez direnean.

    5. Lege honen 12.5.d, 14.c eta 42. artikuluek ezartzen dituzten kontrol-jarduketei erresistentzia, aitzakiak edo oztopoak jartzen zaizkienean edo kontrol horiei uko egiten zaienean.

    6. Lege honen 27. artikuluan biltzen diren publikotasunerako neurriak betetzen ez direnean.

    7. Dirulaguntza bakoitzaren oinarri erregulatzaileetan aurreikusitako gainerako kasuetan.

    8. Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107tik 109ra arteko artikuluetan ezarritakoaren arabera hartutako erabaki batek eragiten duenean dirua organo emaileari berreskuratzea.

    9. Enpresa-deslokalizazioaren deklarazioa, lege honen 51. artikuluan xedatutakoa aplikatuz.

  2. Era berean, lege honen 16.3 artikuluan adierazitako kasuan, organo emaileari berreskuratu beharko zaio diruz lagundutako jardueraren kostuaren gainetik lortutako soberakina, bai eta berandutze-interesak ere.

  3. Onuradunaren edo, hala badagokio, entitate laguntzailearen betetze-maila erabateko betetze-mailara nabarmen hurbiltzen denean eta onuradun edo entitate laguntzaile horrek egiaztatzen duenean bere jarduna konpromisoak betetzera bideratuta dagoela zalantzarik gabe, lege honen 9.4.m artikuluan eta dirulaguntzaren oinarri erregulatzaileetan azaltzen diren irizpideak aplikatuz zehaztuko da zenbat berreskuratu behar zaion organo emaileari.

Dirulaguntza bat jasotzen duen onuradunak zorrak baditu Euskadiko Ogasun Nagusiarekin, zorren konpentsazioaren bidez ordaindu ahal izango da dirulaguntza, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamenduak ezartzen duen eran.

  1. Organo emaileari berreskuratu beharreko kopuruak zuzenbide publikoko sarreratzat hartuko dira, eta, horiek kobratzeko, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean ezarritakoa aplikatuko da.

  2. Europar Batasunak emandako funtsak berreskuratzen diren kasuetan, Europar Batasuneko araudiak ezartzen duen erabilera emango zaie funts horiei.

  3. Dirulaguntzak organo emaileari berreskuratzeko exijitzeko prozedura guztiek izaera administratiboa izango dute beti.

  4. Baimena ematen zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan ogasunaren arloko eskumena duen sailari berreskuratzerik ez exijitzea erabakitzeko exijitu beharreko zenbatekoa txikiagoa bada hura ordainarazteko eta biltzeko gastuei aurre egiteko zenbatesten eta ezartzen duen gutxieneko zenbatekoa baino.

  1. artikuluan ezarritakoaren kaltetan izan gabe, lege honen 36. artikuluan adierazitako kasuetan, organo emaileari onuradunek eta entitate laguntzaileek berreskuratu egin beharko dizkiote jaso dituzten kopuruak, oso-osorik edo zati bat, eta kopuru horiei dagozkien berandutze-interesak, lege honen 30.5.b artikuluan xedatutakoa eragotzi gabe. Betebehar horrek ez du zerikusirik izango exijitu daitezkeen, hala badagokio, zehapenekin.

  1. Dirulaguntzak organo emaileari berreskuratzeko prozedura ofizioz hasiko da, organo emaileak hartutako erabaki baten bidez, bai haren ekimenez edo bai goragokoaren aginduaren, beste organo batzuen eskaera arrazoituaren edo salaketa baten ondorioz. Kontrol Ekonomikoko Bulegoak dirulaguntzen finantza-kontrolerako egiten duen txostenaren ondorioz ere hasiko da. Dena dela, organo emailea ez den beste organo batek espedientea hasi eta izapidetzeko aukera ezarri ahal izango da. Espedientea ebaztea, berriz, organo emailearen zeregina izango da beti.

    Dirulaguntza organo emaileari berreskuratzeko prozedura hasteko erabakia hartzen bada, automatikoki etenda geratuko da dena delako dirulaguntzatik ordaindu gabe dauden kopuruen ordainketa.

  2. Prozeduraren izapideetan, nolanahi ere, entzuteko eskubidea bermatuko zaio interesdunari.

  3. Dirulaguntza organo emaileari berreskuratzeko prozedurari buruzko ebazpena jakinarazteko gehieneko epea 12 hilabetekoa izango da, prozedura hasteko erabakiaren egunetik hasita. Dena dela, ebazpen arrazoitu baten bidez epe hori eten ahal izango da kasu hauetan:

    1. Edozein interesduni akatsak zuzen ditzala edo beharrezkoak diren agiriak eta epaitzeko bestelako datuak bidal ditzala errekeritu behar zaionean. Epea etenda egongo da, beraz, interesdunari errekerimendua jakinarazten zaionetik agindutakoa bete arte edo, bestela, hartarako emandako epea bukatu arte.

    2. Hirugarrenei edo administrazio publikoetako beste organo batzuei eskatu behar zaizkienean epaitzeko beharrezkoak diren agiriak eta bestelako datuak. Epea etenda egongo da, beraz, hartarako eskakizuna egiten denetik eskatutako informazioa edo agiriak jaso arte. Bai eskakizuna egiterakoan bai argibideak edo agiriak jasotzerakoan, jakinaren gainean jarri behar dira interesdunak. Etenaldiak ezingo du, behin ere, hiru hilabete baino gehiago iraun.

    3. Prozedura burutu aurretik Europar Batasuneko organoren batek nahitaez zerbait esan behar duenean. Epea etenda egongo da, beraz, hartarako eskaria egiten denetik esan beharrekoa administrazio instrukzio-egileari jakinarazi arte. Bai eskaria egiterakoan, bai jakinarazpena jasotzerakoan, jakinaren gainean jarri behar dira interesdunak.

    4. Egitateak argitzeko proba teknikoak egin behar direnean. Epea etenda egongo da emaitzak espedientean sartzeko behar beste denboraz.

    5. Prozedurari itundutako amaiera emateko akordioa lortzera bideratutako negoziazioak hasten direnean.

      Ebazpen espresurik jakinarazi gabe bukatzen bada epea, prozedura iraungita geratuko da, eta dirulaguntza organo emaileari berreskuratzeko prozedura ebazteko eskumena duen organoa behartuta egongo da jarduketen iraungitzea eta artxibatzea adieraztera.

  1. Organo emaileak izango du eskumena onuradunari edo entitate laguntzaileari dirulaguntzak organo emaileari berreskura diezaizkiola eskatzeko, lege honen 36. artikuluan jaso diren kopuruak organo emaileari berreskuratzeko xedatutako kasuren bat gertatzen dela ohartzen denean. Horretarako, titulu honek arautzen duen prozedurako ebazpena emango du.

  2. Europar Batasuneko organoek erabakitzen badute organo emaileari berreskuratu egin behar zaiola dirulaguntza, funtsak kudeatzeaz arduratzen den organoak betearazi beharko du erabaki hori.

  1. Onuradunak, entitate laguntzaileak eta dirulaguntzaren xedearekin edo justifikazioarekin zerikusi zuzena duten hirugarrenak behartuta daude errekeritzen zaien lankidetza eta dokumentazio guztia ematera, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak ekonomia- eta finantza-kontroleko eta kudeaketako zereginak bete ditzan. Hartarako, ahalmen hauek izango ditu Kontrol Ekonomikoko Bulegoak:

    1. Egiaztatu beharreko agirietarako irispide librea, informatika-euskarria duten programak eta artxiboak ere barne direla.

    2. Dirulaguntza jaso duen jarduera egiten den negozio-lokaletarako eta gainerako establezimendu edo lekuetarako irispide librea. Baita dirulaguntzaren kargura finantzatzen diren eragiketen benetakotasuna eta erregulartasuna egiaztatu daitekeen lekuetarako irispide librea ere.

    3. Dirulaguntza behar ez bezala lortu, baliatu edo erabili dela pentsatzeko zantzuak erakusten dituzten eragiketekin zerikusia duten fakturak, fakturen baliokide edo ordezko diren agiriak edo bestelako dokumentuak atxikitzeko edo haien kopiak eskuratzeko ahalmena.

    4. Dirulaguntzak kobratzeko edo funtsak baliatzeko erabiltzen diren finantza-entitateetako banku-kontuetako informaziorako irispide librea.

  2. Betebehar hori betetzeari uko egitea erresistentziatzat, aitzakiatzat, oztopatzetzat edo ukapentzat hartuko da lege honetako 36. artikuluan xedatutako ondorioetarako, eta, hala badagokio, zehapenak ezarri ahal izango dira.

  1. Administrazioak berreskurapena aitortzeko edo likidatzeko duen eskubideak lau urtera preskribatuko du.

  2. Kasuaren arabera, une honetan hasiko da epe hori:

    1. Onuradunak edo entitate laguntzaileak justifikazioa aurkezteko duen epea bukatzen den unean.

    2. Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hurrengo egunean, lege honen 32.8 artikuluan aurreikusitako kasuan.

    3. Onuradunak edo entitate laguntzaileak aldi jakin batez bete beharreko edo iraunarazi beharreko baldintzak edo betebeharrak badauzka ezarrita, aldi hori bukatu eta hurrengo egunean.

  3. Preskripzio-epearen zenbaketa eten egingo da:

    1. Dirulaguntza organo emaileari berreskuratzeko arrazoiren bat ote dagoen egiaztatzeko asmoz Administrazioak gauzatzen duen edozein egintzarengatik, onuraduna edo entitate laguntzailea egintza horretaz formalki jabetuta egonik.

    2. Edozein motatako errekurtsoak aurkezteagatik, zigor-arloko jurisdikzioari erruduntasun-testigantza igortzeagatik edo Ministerio Fiskalean salaketa aurkezteagatik, eta errekurtso horien barruan onuradunari edo entitate laguntzaileari formalki jakinarazita egiten diren jarduketengatik.

    3. Onuradunak edo entitate laguntzaileak dirulaguntza likidatzeko edo dirulaguntza organo emaileari berreskuratzeko asmoz egindako edozein jarduketa sinesgarrirengatik.

  1. Dirulaguntza publikoen arloko arau-hauste administratiboak dira dirulaguntzei buruzko oinarrizko araudian tipifikatutako jokabideak.

  2. Arau-hausteek lau urteko epean preskribatuko dute. Arau-haustea egiten den egunean bertan hasiko da arau-haustearen preskripzio-epea.

  1. Eskala honen araberako zehapenak jarriko dira arau-hauste administratiboak egiten direnean:

  1. Arau-hauste oso astunak:

    1. Era desegokian lortutako kopuruaren edo, entitate laguntzaileen kasuan, jasotako funtsen bi halakotik hiru halakora arteko isuna.

    2. Bai onuradunak bai entitate laguntzaileak hiru urtetik bost urtera arte galtzea Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren entitateen dirulaguntzak lortzeko eskubidea edo entitate laguntzaile izendatua izateko eskubidea.

    3. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren entitateekin kontratuak egiteko hiru urtetik bost urtera arteko debekua.

  2. Arau-hauste astunak:

    1. Era desegokian lortutako kopurutik edo, entitate laguntzaileen kasuan, jasotako funtsen kopurutik zenbateko horren bi halakora arteko isuna.

    2. Bai onuradunak bai entitate laguntzaileak urtebetetik hiru urtera arte galtzea Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren entitateen dirulaguntzak lortzeko eskubidea edo entitate laguntzaile izendatua izateko eskubidea.

    3. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren entitateekin kontratuak egiteko urtebetetik hiru urtera arteko debekua.

  3. Arau-hauste arinak:

    1. Era desegokian lortutako kopurura edo justifikatu gabeko kopurura arteko isuna edo, entitate laguntzaileen kasuan, jasotako funtsen zenbatekora artekoa.

    2. Bai onuradunak eta bai entitate laguntzaileak urtebetez galtzea Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren entitateen dirulaguntzak lortzeko eskubidea edo entitate laguntzaile izendatua izateko eskubidea.

    3. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren entitateekin kontratuak egiteko urtebeteko debekua.

      1. Titulu honetan aurreikusten diren arau-hauste administratiboen zehapenen maila zehazteko, honako hauek hartuko dira kontuan: intentzioa, parte-hartzea eta ateratako etekina, gizartean izandako eragina eta sortutako kalteak, eta arau-hausterik behin eta berriz egin den.

      2. Aurreko apartatuan aipatzen diren zehapenak aplikatuko dira hargatik eragotzi gabe lege honen 39. artikuluan dirulaguntza organo emaileari berreskuratzeko adierazten den betebeharra, ez eta exijitu daitezkeen kalte-galeren kalte-ordainak eta, hala badagokio, erantzukizun penala ere.

      3. Zehapenek lau urteko epean preskribatuko dute, zehapena ezartzen duen ebazpena irmo bihurtu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

      4. Zehapenak ezartzeko ematen diren ebazpen irmoak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira.

  1. Titulu honetan tipifikatutako portaerak dituzten onuradunak eta, kasuaren arabera, entitate laguntzaileak dira titulu honetan bertan aurreikusten diren dirulaguntza organo emaileari berreskuratzeko betebeharraren eta arau-hausteen erantzuleak.

  2. Modu subsidiarioan, dirulaguntza organo emaileari berreskuratzeko obligazioaren erantzule izango dira pertsona juridikoen administratzaileak, baldin eta administratzaile horiek ez badituzte egiten urratutako obligazioak ez urratzeko beharrezkoak diren beren ardurapeko egintzak, ez-betetzeari bide ematen dioten erabakiak hartzen badituzte edota beren mendekoen ez-betetzeak onartzen badituzte.

  3. Pertsona juridikoei lege hau aplikatuz ezartzen zaizkien zehapenak direla-eta pertsona horien administratzaileei erantzukizuna eskatzeko, une bakoitzean indarrean dagoen zehatzeko ahalari buruzko legedi orokorreko kasu eta moduei erreparatuko zaie.

  4. Bestalde, azkendu diren pertsona juridikoek dauzkaten berreskurapen-obligazio eta zehapen azkenduen erantzukizuna eskatzeko, aplikatu behar den zuzenbide publiko edo pribatuko arautegiari erreparatuko zaio.

  5. Desegin eta likidatu diren sozietate edo entitateen kasuan, bazkideei, partaideei edo titularkideei eskualdatuko zaizkie gauzatzeke dauden berreskurapen-obligazioak eta zehapenak, eta itzulketa-obligazio eta zehapen horien erantzule solidarioak izango dira. Legeren baten bidez ondare-erantzukizuna mugatua duten sozietate edo entitateen kasuan, esleitu zaien edo esleitu behar zitzaien likidazio-kuotaren balioaren mugaraino izango dira aipatutako itzulketa-obligazio eta zehapenen erantzule.

  6. Ondasun-erkidegoen edo edozein eratako ekonomia-unitateren edo aparteko ondareren kasuan, 11.4 artikuluan aipatzen diren entitateetako kide, partaide edo titularkideak izango dira diruzko zehapenen erantzule solidarioak, bakoitzaren partaidetzaren proportzioan.

  1. Arau-hauste arin eta astunetan, dirulaguntza ematen duen saileko edo entitate emailea atxikita dagoen saileko sailburuak du zehapen-prozedura ebazteko eskumena. Bestalde, Jaurlaritzak du eskumena arau-hauste oso astunak ebazteko, bai eta edozein kalifikazio juridiko duten arau-hausteak eginez berak ematen dituen dirulaguntzei buruzko ebazpenak emateko ere.

  2. Zehapenak administrazio-espediente baten bidez ezarriko dira. Espedientean, nolanahi ere, dagokion erabakia hartu aurretik, entzun egin behar zaio interesdunari. Espedientea izapidetzeko, zehapen-prozedura erregulatzen duen legedi orokorrak ezartzen duenari jarraituko zaio.

  3. Organo emaileak edo entitate laguntzaileak egindako ikerketen ondorioz, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egindako kontrol-jarduketen eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren jardueraren ondorioz ere, espedientea ofizioz hasi ahal izango da.

  4. Zehapenak ezartzeko erabakiek bukaera emango diote administrazio-bideari.

  5. Portaera herri-ogasunaren aurkako delitutzat jo daitekeen kasuetan, hau da, Zigor Kodearen II. liburuko XIV. tituluan jasotakoetan, Administrazioak dagokion jurisdikziora pasatuko du erruduntasun-testigantza, eta zehapen-prozedura etetea erabakiko du, ebazpen judizial irmoa ematen den arte. Agintaritza judizialak ezarritako zigorrak kanpoan utziko du administrazio-zehapena ezartzea, baldin eta subjektu berari ezarri bazaio eta zehapen-prozeduran aintzat hartutako egitateak eta arrazoiak berberak badira.

    Deliturik ez dela izan irizten bada, Administrazioak aurrera jarraituko du zehapen-espedientean, betiere auzitegiek frogatutzat jo dituzten egitateetan oinarrituz.

  6. Lege honek aurreikusten ez dituen kasuetan, une bakoitzean zehatzeko ahalari buruz indarrean dagoen legedi orokorra aplikatuko da.

  1. Titulu hau aplikatuko zaie Euskal Autonomia Erkidegoan lantokia duten enpresei, baldin eta lege honetan jasotako dirulaguntzen onuradun badira eta hurrengo artikuluan aipatzen diren kasuetako batean badaude. Halaber, beren jarduera enpresa-eremuan garatzen duten fundazio eta elkarteei aplikatuko zaie.

  2. Titulu honen aplikazio-eremutik kanpo geratzen dira enpresetan euskararen erabilera sustatzeko dirulaguntzak eta langileen prestakuntzarako dirulaguntzak.

  1. Lege honen ondorioetarako, enpresen deslokalizazioa gertatzen dela ulertuko da honako bi inguruabar hauek gertatzen direnean:

    1. Enpresak Euskal Autonomia Erkidegoan duen jarduerari uztea edo nabarmen murriztea.

    2. Aldi berean edo aurreko egoeretako bat gertatzen den unearen aurreko edo ondorengo hiru urteetan, Euskal Autonomia Erkidegoan enpresak garatzen zuen jarduera bera lurralde horretatik kanpoko beste leku batean egitea jarduerari utzi dion entitate berak edo entitate horrekin Merkataritzako Kodearen 42. artikuluan aipatutako harremanen bat duen edo sozietateen gaineko zergaren araudian ezarritakoaren arabera lotura duen beste entitate batek.

  2. Jarduerari uzten zaiola ulertuko da bai entitatea desegiten denean, bai, desegin ez arren, entitateak Euskal Autonomia Erkidegoan mantentzen dituen ekoizpen-instalazio guztiak edo batzuk ixten direnean.

  3. Jarduera nabarmen murrizten dela ulertuko da baldin eta entitateak Euskal Autonomia Erkidegoan duen enplegua murrizten bada halako moldez, non entitateko langile kopurua murrizketa egin aurretik zuen kopuruaren erdira baino gutxiagora, gutxienez, jaisten bada. Ondorio horietarako, artikulu honen lehen atalean aipatutako inguruabarrak gertatu aurreko bi urteetan entitateak Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan izandako langileen batez besteko kopurua hartuko da kontuan.

  4. Ulertuko da enpresak Euskal Autonomia Erkidegon egiten zuen jarduera bera egiten ari dela lurralde horretatik kanpoko beste leku batean bai jarduera leku horretan abian jartzen denean, bai kanpoko leku horretan lehendik zegoen enpresa-jarduera hazten denean Euskal Autonomia Erkidegoan utzi zaion edo nabarmen murriztu den hein berean.

  5. Salbuespenez eta behar bezala justifikatutako kasuetan, ulertu ahal izango da ez dagoela enpresen deslokalizaziorik baldin eta inguruabar horietan dagoen entitateak aldi berean, berak zuzenean edo berarekin Merkataritzako Kodearen 42. artikuluan aipatutako harremanen bat duen beste entitate baten bidez edo sozietateen gaineko zergari buruzko araudian ezarritakoaren arabera berarekin lotuta dagoen beste entitate baten bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan enpresa-jarduera berriak egiten hasten bada halako eran, non kendutako lanpostuen kopuru berdintsua sortzen bada, edo ezinbesteko arrazoiengatik gertatzen bada.

  1. Enpresen deslokalizazioaren deklarazioa Jaurlaritzaren erabakiaren bidez egingo da, laguntzaren organo edo entitate emaileak proposatuta, eta aurreko artikuluan ezarritako inguruabarrak gertatu eta hurrengo lau urteko epean hasi ahal izango da. Enpresen deslokalizazioren deklarazioan zenbait sail edo entitate inplikatuta badaude, deklarazio-prozedura bakarra garatuko da.

  2. Laguntza ematen duen saileko edo entitateko organo eskudunaren nahitaezko txostenarekin hasiko da prozedura, aurreko artikuluan ezarritako inguruabarrak gertatzen direla justifikatzen duena, eta interesdunari jakinaraziko zaiona. Alegazioak aurkezteko hamabost egun naturaleko epea emango zaio interesdunari, bere eskubideari dagozkion guztiak egin ditzan.

  3. Epe hori amaituta, proposamena egingo zaio Gobernu Kontseiluari, hala badagokio, dagokion erakundearen deslokalizazioa deklara dezan.

  4. Prozedura amaitzeko, txostena eta jasotako informazioa aztertu ondoren, Jaurlaritzak bi aukera izango ditu:

    1. Erabakitzea enpresaren deslokalizazioa deklaratzea.

    2. Etetea enpresaren deslokalizazioa deklaratzea.

      Bi kasuetan, ebazpena interesdunari jakinaraziko zaio.

  5. Jaurlaritzaren azken ebazpenean, enpresaren deslokalizazioa zein egunetan gertatu den zehaztuko da, eta data hori hartuko da kontuan lege honetan xedatutakoaren ondorioetarako.

  1. Enpresaren deslokalizazioa deklaratzeak organo emaileari aurreko zortzi urteetan jasotako zenbatekoak berreskuratzeko betebeharra ekarriko dio enpresari, bai eta zenbateko horietako bakoitza jasotzen duen unetik deklarazio hori egin arteko berandutze-interesa ere. Deklarazioaren ondorioz, era berean, deslokalizazioa deklaratzen zaien enpresek eta haien bazkideek ezin izango dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitateek emandako laguntzak lortu, deklarazioa egin eta zortzi urteko epean.

  2. Aurreko apartatuan xedatutako gorabehera, laguntzak organo emaileari berreskuratzeko betebeharretik kanpo geldituko dira zenbateko jakin bat gainditzen ez duten kopuruak erregelamendu bidez zehazten diren terminoetan.

    LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA. Lehendakaritza eta Lehendakariordetza.

    Lege honetan sailburuei esleitzen zaizkien zereginak Lehendakaritzako edo Lehendakariordetzako idazkaritza nagusiek bete ahal izango dituzte egitura organikoen dekretuetan ezartzen den moduan.

    BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Zenbatekoak eta ehunekoak aldatzea.

    Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan ogasunaren arloko eskumena duen saileko sailburuak baimena izango du lege honen artikuluetan aipatzen diren zenbateko eta ehunekoak agindu bidez aldatzeko.

    HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Laguntzak eta dirulaguntzak lankidetza- eta elkartasun-arloan.

  1. Jaurlaritzak, erregelamendu bidez, lankidetza- eta elkartasun-gaietan eta ogasun-gaietan eskumena duten sailek batera proposatuta, lankidetzako eta elkartasuneko laguntzak eta dirulaguntzak erregulatzeko arau bereziak onartuko ditu, izapideak arindu eta sinplifikatze aldera, sustatutako jardueren eraginkortasuna areagotzeko helburuarekin.

  2. Erregulazio horiek aplikatu beharreko dirulaguntzen araudira egokituko dira, salbu eta salbuetsi behar badira publikotasun- edo konkurrentzia-printzipioak eta emakidaren, ordainketaren, gastu subentzionagarrien, betearazpen- eta justifikazio-epeen, kontrolaren, berreskurapenen edo zehapenen erregimenaren beste alderdi batzuk, besteak beste, haien izaerarekin edo hartzaileekin bateraezinak diren heinean.

  3. Nazio Batuetako organismoen kasuan, laguntza eta dirulaguntzen gastua legalki ezarritakoaren arabera justifikatuko da aplikatzekoak diren akordioetan eta Estatuak sinatutako nazioarteko itunetan ezarritakoaren arabera.

  4. Lankidetzako eta elkartasuneko laguntzen eta dirulaguntzen berreskurapen, itzulketa eta exekutatu gabeko zenbatekoen prozeduretan ez da legezko interesik eta berandutze-interesik eskatuko.

    LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Enpresa-deslokalizazioaren fenomenoari buruzko ezagutza.

    Jaurlaritzak, enpresen deslokalizazio-prozesuei buruzko ezagutza hobetzeko, ikerketa-ildo egonkor bat antolatuko du globalizazioak tokiko eta eskualdeko enpresa-sarean dituen ondorioei buruzko ezagutza teoriko eta praktikoan izandako aurrerapenei buruz eta Europako eta Euskal Autonomia Erkidegoko enpresen deslokalizazio-prozesuei buruz.

    LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA. Lehenago hasitako prozedurak.

    Lege hau indarrean jarri aurretik deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratua duten laguntza eta dirulaguntza publikoek horien oinarri erregulatzaileetan eta, hala badagokio, deialdian ezarritakoa bete beharko dute.

    BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA. Bermeen araubidea.

    17. artikuluan aurreikusten den erregelamenduzko xedapena ematen ez den bitartean, dekretu hau aplikatuko zaio bermeen araubideari, lege honen kontra ez doan guztian: 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko betekizunak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.

  1. Dekretuaren erregelamendu-maila eragotzi gabe, aurreko paragrafoan aipatutako dekretuaren 3. artikuluko 2. eta 3. apartatuak honela geratzen dira idatzita:

    1. Berme errealak, zeinen konpromisoa, hala badagokio, dirulaguntza edo laguntza eskatzen den unean formalizatuko baita, soilik exijitu ahal izango dira ordainketa aurreratuen kasuetan baldin eta haien zenbatekoa, bakartua edo batera hartuta, 180.000 eurotik gorakoa bada. Hala ere, dirulaguntzen programa edo laguntzak emateko programa erregulatzen duten arauek zenbateko txikiagoa ezartzen badute, zenbateko hori kontuan hartuko da bermea eratzea galdagarria den ala ez zehazteko.

    2. Aurreko 2.3 artikuluko bermeek ordainketa aurreratuaren edo aurreratuen nominala estali beharko dute, gehi horren interesak, gehienez ere urtebetez, eta nominalaren ehuneko hamabost, gehienez ere, balizko erreklamazio judizial edo estrajudizialaren kostu eta gastuetarako.

Indargabetzen dira Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuko VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Indarraldi mugagabea duten oinarri erregulatzaileak egokitzea.

  1. Indarraldi mugagabea duten laguntzen eta dirulaguntzen oinarri erregulatzaileak lege honen xedapenetara egokitu beharko dira, legea indarrean jartzen denetik hamabi hilabete igaro baino lehen. Epe hori bukatutakoan egokitu gabe badaude, indargabetutzat joko dira.

  2. Lege hau indarrean jartzen denetik aurrera, ezingo da indarraldi mugagabea duen dirulaguntzetarako deialdirik egin lehendik zeuden oinarri erregulatzaileen babesean, aurreko apartatuan adierazitako egokitzapena egiten ez bazaie egokitzapena behar duten oinarriei.

    AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Urriaren 19ko 2/2017 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia Kontrolari eta Kontabilitateari buruzko Legearen testu bategina aldatzea.

    Laugarren xedapen gehigarria gehitzen zaio urriaren 19ko 2/2017 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia Kontrolari eta Kontabilitateari buruzko Legearen testu bateginari, eta honela geratzen da idatzita:

    LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Zuzenbide pribatuko ente publikoek eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazioek emandako laguntzen eta dirulaguntzen aurretiazko fiskalizazioa

    1. Gobernu Kontseiluak, kontrol ekonomikoaren arloan eskumena duen sailaren proposamenez, erabaki ahal izango du Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren aldez aurreko fiskalizazioaren pean jartzea zuzenbide pribatuko ente publikoen eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazioen laguntza eta dirulaguntza jakin batzuk, aurrekontu-bolumenaren, jarduera ekonomikoaren edo kudeaketa-ereduaren arabera.

    2. Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren ebazpen bidez finkatuko dira aurretiazko fiskalizazio horren irismena, hedadura, jarduteko modua eta ondorioak, Gobernu Kontseiluak ezarritako terminoen arabera.

    AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA. Erregelamenduzko garapena.

    Lege hau indarrean jarri eta hamazortzi hilabeteko epean, lege hau garatzeko eta betearazteko behar diren erregelamenduzko xedapenak onetsiko ditu Jaurlaritzak.

    AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA. Indarrean jartzea.

    Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

    Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

    Vitoria-Gasteiz, 2023ko abenduaren 26a.

    Lehendakaria,

    IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.