188. Lazkao Jauregia eta komentuen multzoa (Lazkao)
3. ETAPA: TOLOSA • ZEGAMA
Lazkanoko jaunak
Lazkao herriaren historia Lazkanotarren leinuarekin estuki lotuta dago, eta izena ere bera dute. Ahaide Nagusien familia hau Oinaztarren bandoaren buru zen, eta Erdi Aroko Gipuzkoako leinu garrantzitsuenetako bat. Bando Gerrak amaitu ondoren Gaztelako erregeen zerbitzuan nabarmendu ziren, eta hala, Lazkanotarren leinuko oinordekoek Valdemianoko markeserriaren titulua lortu zuten, ondorengo mendeetan euren boterea iraunaraziz.
Bere eragina eta ospea handitzen joan ahala, Lazkanotarrak Lazkaoko jaun eta jabe bihurtu ziren, lurrak, baliabideak eta erakundeak kontrolatuz. Horren adibide garbia da Lazkaoko San Migel elizaren gaineko patronatua zutela, baita eskualde osoko beste parrokia-eliza batzuena ere. Eskubide horri esker hamarrenak jasotzen zituzten, elizgizonak izendatzen zituzten, leku eta hilobi nabarmenak zituzten, etab. Horren harira, Lazkaoko San Migel eliza Lazkanotarren jauregiaren ondoan kokatzea eta barruan leinuaren armarria egotea elizak familiarekin zuen loturaren erakusgarri da.
Bestalde, Aro Modernoan ohikoa izan zen familia nobleek erlijiosoen etxeak fundatzea. Garai hartan erlijiotasuna hain errotuta zegoen eta gizartean hainbesteko eragina zuen, eliza baten patronatua izateak abantaila handiak ematen zituela. Horrela, helburu bikoitza betetzen zen: espiritualean, obra elizkoi bat egiteak heriotzaren ondorengo bizitza bermatzen zuen, eta lurtarrean, ikusgarritasuna eta estatus sozial gailena lortzea.
Horrelako pisua zuen leinu batek haratago joateko aukera izan zuen, eta mezenasgo erlijiosoaren bidez, parrokiari beste bi erakunde erlijioso gehitu zizkion hamarkada bakar batean. Hala, Maria Lazkanok, etxe horretako andreak, Santa Teresa Jesusenaren komentua sortu zuen, Karmeldar Oinutsena (1640, gaur egun Beneditarrek okupatua) eta Santa Anarena, Bernarda Errekoleten komentua (1646). Fundatzailea bera bigarren erakundean sartu zen 1658an alargundu ondoren, non 1664an hil zen arte bizi izan zen.
Lazkao Jauregia eta komentuak
Jauregiko eta komentuetako eraikinek Lazkaoko herriaren erdian dagoen jauregi eta komentu multzoa osatzen dute, herriaren konfigurazioa egituratzen duena. Multzoa osatuz San Migel parrokia aurkitzen da jauregiaren ondoan, eta komunitatearen benetako gune neuralgikoa da. XVI. mendeko tenplua da, gotiko berantiarrekoa. Barruan, Lazkanotarren armarriarekin burutzen den kapera gotiko bat nabarmentzen da.
Elizaren ondoan, 1620 eta 1640 urteen artean eraikitako Lazkanotarren jauregia altxatzen da. Maria Lazkanok eraikiarazi zuen, eta erdiko patio baten inguruan antolatutako oinplano karratua du. Fatxada nagusia, alboetan altuera handiagoko bi dorre dituen gorputz nagusi batek osatzen du. Harlanduz egina dago eta estilo klasizista du, gaztelau kutsukoa.
Beneditarren komentua Lazkanotarren jauregiaren ondoan dago. Bere fatxada nagusia erretaulen modura hiru ataletan banatuta dago. Barruan, elizako erretaula nagusia nabarmentzen da, Frai Juan de San Josek (1664-1667) diseinatua eta Karmeldar Oinutsen ordenari eskainia. Obra bikaina da arkitekturan eta pinturan. Irudi eskultoriko bakarra erdian dagoen Santa Teresarena da, eta multzoaren gainerakoa Vicente Berdusánen bederatzi margolanek osatzen dute. Kolore handikoa, erretaula urreztatua da eta karmeldar ordena goraipatzen du.
Lazkao Jauregiaren parean multzoa ixten, Bernarda Errekoleten komentua ageri da. Harlanduzko fatxadak itxura soila ematen dio kanpotik. Fatxada nagusia bi gorputzez osatuta dago, eta lehenengoan ateburudun ate bat dago, alboetan bi pilastra dituela. Bigarren gorputzean, San Bernardoren irudia duen horma-hobi bat ageri da. Kaperan Maria Lazkanoren eta haren senar Antonio Okendo almirantearen, itsasgizon eta militar ospetsuaren hilobiak daude.