Segurtasun Saila

Nortzuk gara gu?

Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritza, LAEMZ, Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sistema deritzon egitura koordinatua zein integralaren barruan dena, lau zerbitzu osagarri eta elkarlanean ari direnetan egituratzen da. Koordinazioan eta integrazio funtzionalean oinarritutako antolatzeko egitura honek bermatzen du Euskadiko gizartearen zerbitzura dagoen larrialdiei erantzuteko sistema bat konfiguratzea.

Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak (LAEMZ) Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sistema (leiho berri batean irekitzen da) Koordinatzeko ardura du, EAEko edozein larrialdiri erantzuteko.

Arrisku egoera batzuk muturreko fenomeno metereologikoen ondorio zuzenak dira. Hori dela eta, lehengo Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibilerako Zuzendaritza arlo meteorologikoarekin bateratzea erabaki zen eta, bertatik, gaur egungo LAEMZ sortu zen. Honek, mota honetako gertaeren diagnosiak eta ebazpenak hobetzea ekarri du.

Europan komuna den 112 telefono zenbakia erreferentziatzat hartuz, Eusko Jaurlaritzak larrialdi guztiak kudeatzen ditu, beste administrazio batzuen lankidetza zuzenarekin, baliabideen behar bezalako erabilera bermatuz. Baliabide horiek erabiltzen dira modurik eraginkorrenean erantzuteko herritarren bizitza, beraien ondasunak eta eskubideak eta ondasun komunak arriskuan jartzen dituen edozein egoerari.

Horretarako, larrialdietan parte hartzen duten agente guztiak koordinatzen dira, aurrea hartzeko (planifikazioa eta hedatzea) eta gertaerei konponbidea emateko. Helburu nagusia herritarrei zerbitzu ezin hobea eskaintzea da.

318/2024 DEKRETUA, urriaren 29koa, Segurtasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena (leiho berri batean irekitzen da) EHAA 219. zenbakia, 2024/11/11 

Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaren organigrama

Plangintza zerbitzua

 


Esku-hartze zerbitzua

 


Larrialdiak koordinatzeko zerbitzua

 


Meteorologiako zerbitzua

 

 


Plangintza zerbitzua

Plangintza zerbitzuak Larrialdietarako planak prestatu eta jarraitu egiten ditu, zeren eta plan horiek Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren ardurapean baitaude; halaber, hainbat administrazio eta partikularrekin elkarrekin lan egiten du beren larrialdietarako edo autobabeserako planak egiten eta ezartzen laguntzeko.

Plangintza zerbitzua kudeatzeko, 6 eremu hauetan sailkatzen da:

  1. Autobabesa. Autobabesari buruz dauden arauen garapena eta ezarpena kudeatzen du.
  2. Arrisku teknologikoa. Seveso Arauaren goi-mailako eraginpean dauden enpresen Larrialdietarako Kanpoko Planak egin eta kudeatu egiten ditu. Era berean, EAEko errepidez eta trenbidez salerosgai arriskutsuak garraiatzeak dakarren arriskua dela eta- sor daitezkeen Larrialdiei Aurre Egiteko Plan Berezia egin eta kudeatu egiten ditu.
  3. Arrisku naturalak. Honako arriskuei buruzko planak egin eta jarraitu:
    • Uholdeak
    • Arrisku sismikoa
    • Basoko suteak
    • EAEn eragina duten presen eta urtegien Larrialdi Planen txostena ematen du.
  4. Udal harremanak. EAEko udalei lagundu beren Udal Larrialdietarako Planak egiten eta jarraitzen.
  5. Zabaltzea. Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak egiten duena zabaltzen da herritarrek ezagutzeko. Gainera, behar diren hedatze-materialak (liburuxkak, triptikoak…) egin, informazio-kanpainak prestatu eta bozeramaile-lanak egin eremu honi dagozkio.
  6. Lurralde plangintza eta plan- eta proiektu-espedienteak: babes zibileko arriskuei buruzko txostenak lurralde plangintzari eta hirigintzari buruzko espedienteetan baita planen eta proiektuen inpaktuaren ebaluazioetan eta ingurumen-baimen integratuetan ere.

Esku-hartze zerbitzua

Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Esku Hartze zerbitzua oinarrizko baliabide bat da bai larrialdiak kudeatzekoan, bai egoera bakoitzean erantzuteko behar diren bide egokiak prestatzekoan, taktika operatiboak eta jardunbideak garatuz.

Zerbitzu honek 24 orduko arreta ematen du, urteko egun guztietan, etengabeko zerbitzua bermatzeko asmoarekin. Horretarako, bi teknikariak daude beti prest, guardia-txandak egiten, behar denean EAEko edozein puntutara heltzeko.

Esku Hartze zerbitzua zerbitzuburu batek eta teknikari talde batek osatzen dute. Horiek denek goi-mailako titulua eta eskarmentu handia larrialdien arloan dute.

Beren oinarrizko zeregina honako hau da: zuzendu eta koordinatu behar diren larrialdi eta gertaera egoeretan, bertan egon esku hartzeko eraginkorrez, hala nola, erreskateetan eta bilaketetan, industria-suteetan, gai arriskutsuekin izandako istripuetan, uholdeetan, gertaera kimikoetan eta arrisku handiko gainerako egoera guztietan, bai katastrofeetan zein zorigaitzekoetan.

Beraz, oro har, oinarrizko funtzio eta zeregintzat ditu gertaerak konpontzen parte hartzen duten organismo eta zerbitzuak koordinatzea, hondamendien aurrean erantzun operatiboaren egitura definitzea, aginte aurreratuko postua zuzentzea, planak kudeatzea, simulakroak antolatzea eta horietan parte hartzea.

Urtero 2.000 gertaera baino gehiago konpontzen zuzenean hartzen du parte Esku Hartze Zerbitzuak, eta beti baliatzen ditu berehalakotasunaren, gertutasunaren, baliabideen eskuragarritasunaren eta profesionaltasunaren printzipioak, baita esku-hartzaile espezializatuak eta baliabideen proportzionaltasuna eta osagarritasuna ere.


Larrialdiak koordinatzeko zerbitzua

Larrialdiak Koordinatzeko Zerbitzuak SOS Deiak Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroa antolatu, zuzendu eta kudeatu egiten du.

Zentro horrek ehun langile inguru baino gehiago osatzen du eta hiru lurralde historikoetan ematen du zerbitzua Txurdinagan (Bilbon) dagoen egoitzatik.

Laguntza sistema azkarra eta eraginkorra herritarrei emateko beharra du, bizitza, ondasunak eta eskubideak edota erkidegoaren ondarea arriskutan jartzen dituzten larrialdiei aurre egiteko. Hori guztia, 112 telefono bidezko larrialdi-deiak erantzuten, dagokion eskumeneko zerbitzuak berehala ohartarazten eta ezbeharra konpontzen laguntzen duten organismo guztien koordinazioaren bidez.

SOS Deiak Koordinazio Zentroak, urtean, milioi bat dei inguru baino gehiago izaten ditu eta ehun mila ezbehar baino gehiago koordinatzen ditu.

Gure zerbitzu nagusiak

  • Edozein izaerako larrialdi-deiak artatzea, 112 telefonoak jasotakoak (istripuak, suteak, erreskateak eta salbamenduak, seguritatea, osasun-larrialdiak). Lotutako eskaria identifikatzea eta hori konpontzeko behar diren oinarrizko datuak jasotzea.
  • Hainbat larrialdi egoera kontrolatzeko eta konpontzeko asmoz, esku hartzeko zerbitzu eta baliabideak mugiaraztea, aldez aurretik zehaztutako prozedura, taktika operatibo eta larrialdi-planen arabera. Orobat, beharrezko informazioa jakinaraztea.
  • Larrialdi-eragiketen garapena koordinatzea, esku hartu duten erakundeen jarduera lagunduz eta bilakaera, bukaera eta emaitzen jarraipena eginez.
  • Autobabeserako gomendioak erran, lehenengo laguntza modura, hala eskatzen duten kasuetan.
  • Egitura fisikoa eta zerbitzuen azpiegitura eratzea mahai-krisiaren euskarri gisa; Izan ere, horretan biltzen dira eskumeneko erakunde eta instituzio guztiak, arrisku larriko edo hondamendi egoerak kudeatzeko, babes zibilari buruzko indarrean dagoen araudiaren arabera.
  • Alerta goiztiarrak eta auto-babeseko gomendioak (eguraldi txarra, alerta hidrologikoak edo beste batzuk) bideratzea eta zabaltzea.
  • Hainbat irrati-sare eta operatiboak aintzat hartu: udalak, arriskuko jarduerak dituzten industriak, hondartzetako sorosleak, babes zibileko boluntarioak, simulazioak eta prebentziokoak.

Meteorologiako zerbitzua

Meteorologiako zerbitzuari, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioen eskumenen barruan, honako egiteko hauek dagozkio:

  • Meteorologiaren eta meteorologiaren adarren (itsas meteorologia, hidrometeorologia, agrometeorologia, etab.) zaintza integratua eta etengabekoa.
  • Gerta litezkeen fenomeno meteorologiko eta klimatikoen analisia eta iragarpena.
  • Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioaren menpeko behaketa meteorologikoko sareak zaintzea.
  • Zerbitzu publikoentzat (babes zibila, bideko segurtasuna, etab.) eta klimatologiak eta meteorologiak garrantzia duen hainbat ekonomiako sektore eta jarduerentzat meteorologiari eta klimatologiari buruzko informazio-produktu egokiak garatzea.
  • Meteorologia-fenomeno ezegokiak iragartzeko Abisu eta Alerta Meteorologikoak prestatzea, denbora errealean horien segimendua egitea eremu guztietan, posibilitateak, probabilitateak eta arazoak aztertzeko.
  • Euskal Autonomia Erkidegoak dituen eskumen barruan, meteorologia-azpiegituren lan proiektuak onartzea eta egitea, beren ustiatzea eta zaintzea, eta lan eta meteorologia-instalazioekin zerikusia duten teknologiak ikertzea eta eguneratzea.
  • Meteorologiari eta klimatologiari buruzko argitalpenak sortzea.

Meteorologiako zerbitzua EUSKALMET- Euskal Meteorologia Agentzia markarekin zabaltzen da kanpora.