Sokatira
Soka-tiran bi aurkako giza indar, soka bati eutsita, elkarri herrestan eramaten saiatzen dira. Kontzeptu sinple honen ondorioz, kirol hau aspaldi-aspaldiko antzinatetik da ezaguna eta hedadura geografiko oso zabala du gaur egun.
"Soka-tirako" lehiak arautzen dituzten baldintzak ondokoak dira:
- Indartsuen kopurua: Zortzi dira.
- Pisua: Baldintzen artean probak pisu mugatuarekin edo librearekin diren adierazten da. Pisu mugatua 560 kilo, 640 kilo eta 720 kilotan ezartzen da.
- Botileroak: Talde bakoitzak botilero bat du, haien ahalegina animo-ohiuekin zuzentzen duena.
- Debekatuta dago soka gerrian lotzea edo sorbaldaren gainetik jartzea, amaieran dagoen gizonaren kasuan izan ezik. Sokari bi eskuekin heltzen zaio.
- Frontoian edo belarrean tira daiteke, eta erabiltzen diren oinetakoak desberdinak izango dira, abarkak lehenengo kasuan eta botak bigarrenean.
- Kaleak: Talde bakoitzak bere kalearen barruan tiratu behar du, normalean bi metroko zabalerakoa, eta bertatik irteten dena deskalifikatu egingo dute.
- Arraste-eremua: Bi metro berrogeita hamarrekoa da, eta sokan eta zoruan dago seinaleztatuta.
- Sokan zinta gorri bat lotzen da, erdia zehatz-mehatz adierazten duena.
- Desafioak bi tiradetara egiten dira, taldeak aldez aldatzen dutela. Horrela aukerak parekatu nahi dira, alde bateko irregulartasunek, aldapak eta abar eragindako abantailak saihestuz. Berdinketak gertatzen badira, aurkaria herrestan eramateko erabilitako gutxienezko denborak erabakitzen du.
- Hainbat parte-hartzailetako lehiaketetan sailkapen-ligaxka jokatu ohi da, guztiak guztien aurka arituz.
Soka-tira frontoietako kantxen eta plazetako harrien gainean egiten zen, herrialdeko estilo tradizionalari jarraituz. Nazioarteko kontaktuek eta lehiek argi eta garbi erakutsi dute belar gaineko soka-tira dela modalitate zabalduena eta etorkizun handikoena dela. Euskal Herrian, probintzia bakoitzean, neguko denboraldia zoru gogorraren gainekoa da; udaberrian oinetakoz aldatzen dute, gomazko abarka tradizionalaren ordez bota ferratua jantziz, funtsezkoa lurraren gainean behar bezala tiratzeko.
Euskal Herrian dagoen tiratzaile-kopuruari dagokionez, kopurua aldakorra da, kluben egonkortasun eskasa dela-eta. Bizkaia dugu zerrendaren buru, laurehun atleta ingururekin. Gipuzkoan berrehun inguruk parte hartzen dute, eta ehun Araba eta Nafarroako probintzia bakoitzean eta laurogei inguru Iparraldean.
Kirol-ibilbide luzeena eta hobea izan duen taldea Nuarbekoa da.
|