Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

222. Katedral Berria (Gasteiz)

6. ETAPA: VITORIA-GASTEIZ • LA PUEBLA DE ARGANZÓN

Gasteizko Elizbarrutia

Gasteizko Elizbarrutiak oso antzinako aurrekaria du: Arabako Gotzaindegi zaharra, lehen aipamen dokumentala 876 urtean duena. Ordutik, Arabako elizak eta elizbarrutiko fededunak elizbarruti horri zor zitzaizkion. Elizbarruti horren gotzain-egoitza Iruña-Veleia erromatar hiri zaharrean egon zitekeela uste da, eta geroago Armentiara lekuz aldatu zuten. Arabako eliz antolaketa hori bi mendez mantendu zen baina 1075. urtean aldaketa izan zen: Arabako elizak Calahorrako Elizbarrutiaren zati izatera pasa baitziren. Aldaketa horrek gatazka ugari ekarri zituen, neurri handi batean errituaren inguruko ezadostasunen ondorioz: elizbarruti berriak erromatar erritua jarraitzen zuen, hain zuzen ere Erroman Aita Santuak bultzatutako gregoriar erreformak ezarri nahi zuen erritua; aitzitik, Arabako Elizbarrutiak mozarabiar edo hispaniar erritua jarraitzen zuen. Lurraldean liturgia berriarekiko eta, beraz, egoitza berriarekiko erresistentzia gogorra egon zen, eta gotzainaren eta Arabako lurraldearen arteko harremanak gatazkatsuak izan ziren. Calahorrako Gotzaindegiarekin mendeetan gatazka izan ondoren, azkenean Arabako elizek gregoriar erreforma onartu zuten, eta, beraz, baita erromatar erritua ere.

Arabako elizbarrutiak Calahorrako Elizbarrutian jarraitu zuen XIX. mendera arte. 1851 urtean, aldaketa egon zen eliz geografian, hiru euskal probintzietako elizak elkartu eta gotzain-egoitza bakarra osatu baitzuten. Erabaki zen Gasteiz izatea euskal elizbarruti berriaren egoitza, eta hala, Gasteizko Elizbarrutia izena hartu zuen. Elizbarrutia 1861ean sortu zenean, Santa Maria kolejiata izandakoa katedral bihurtu zen. Konfigurazio hori 1949 urtera arte mantendu zen: Bizkaia eta Gipuzkoa probintziak banandu, eta Bilbo eta Donostiako Elizbarrutiak eratu ziren.

Katedral Berria eta bere eraikuntza zaila

Katedral Berria XX. mendearen hasieran Euskal Herrian eraikitako eraikin neogotiko garrantzitsuenetako bat da, XIX. mendearen amaieran oso modan zegoen estilokoa, hain zuzen ere. Florida Parkearen ondoan XIX. mendeko zabalgunearen jarraipen gisa eraiki zen. Sortu berri zen Gasteizko Elizbarrutiak egoitza behar zuen eta helburu horrekin tenplu berria eraikiarazi zuten. Katedral berriaren proiekturako lehiaketa Francisco Javier Luque eta Julian Apraiz arkitektoen proposamenak irabazi zuen.

Lanak 1907an hasi ziren eta eraikuntzak bi fase izan zituen: lehena (1907-1914), non tenpluaren zatirik garrantzitsuena eraiki zen, hala nola kripta, burualdea eta nabearen behealdea; eta bigarrena (1946-1969), non aurrekontu ezagatik jatorrizko proiektua aldatu zen. Aldaketa horiek hasierako proiektuak planteatzen zuen bertikaltasuna kendu zioten eraikinari, fatxadan kapitela zuten bi dorre eta zinborioa eraikitzea aurreikusita baitzegoen. Halaber, eraikuntzako materialak aurreztea erabaki zen, eta ordutik aurrera hormigoi armatua eta harri artifiziala erabili zituzten. Proiektatuta zeuden alboko arbotanteak ere kendu egin ziren. Jatorrizko proiektuarekin alderatuta, beraz, eraikinak izaera horizontalagoa du.

Tenpluak gurutze latindarreko oinplanoa du, gurutze-gangaz estalitako bost nabe, girola bat eta kripta. Balio handiko eskulturak ditu, eta triforioa. Eraikineko leihate handi eta luzeei esker, barruko espazioak argitasun handia du. Kriptak balio artistiko handia du eta elementu arkitektonikoak, eskultorikoak eta beirateak maisuki integratzen dira.

Eraikin osoak eskultura-lan garrantzitsua erakusten du, hein handi batean eraikuntzaren lehen fasearen ondorioz. Estilo akademikoa dute, eta gehienek gai erlijiosoa, baina badira bestelako motiboak irudikatzen dituzten eskulturak ere, hala nola landareak eta animaliak, edota tenpluaren eraikuntzarekin berarekin lotutako beste batzuk. Erliebe askotan, katedralaren eraikuntzan lan egin zuten eskultore eta harginen erretratuak eta karikaturak daude.

60 urte baino gehiagoren ondoren eta eraikitzeko zailtasun guztiak igarota, Katedrala 1969ko irailean inauguratu zen, nahiz lanak 1973ra arte luzatu. Gasteizko Katedral Berria Estatuan eraikitako azken katedral handienetakoa izan zen eta Euskal Herriko lan neogotiko aipagarrienetako bat.

Partekatu

unesco