228. Karlisten dorreen multzoa (Langraiz Oka, Iruña Oka)
6. ETAPA: VITORIA-GASTEIZ • LA PUEBLA DE ARGANZÓN
Araban komunikazioen defentsa Karlistaldietan
XIX. mendeak aldaketa handiak ekarri zituen, eta gizartearen bizimoduak eta ekonomia errotik aldatu ziren, batez ere industria-iraultzaren eta teknikaren garapenaren eskutik. Gainera, Antzinako Erregimenaren amaiera eragin zuten aldaketa politiko handiak gertatu ziren. Hala ere, eraldaketa horiek ez ziren berehala sartu, eta ez ziren gatazkarik gabe burutu. Aitzitik, erreformak mendean zehar pixkanaka ezarri ziren, tentsio sozial eta politiko handien artean, eta azkenean erabat finkatu ziren mendearen amaieran.
Testuinguru horretan gertatutako gatazka bortitzen artean, Gerra Karlistak nabarmentzen dira: Espainian XIX. mendean zehar gertatu ziren borrokaldi zibilak izan ziren; liberalismoaren garaipena eta sistema absolutistaren amaiera ekarri zuten, bai eta monarkia konstituzionala ezarri ere. Karlisten eta liberalen arteko borrokak hiru une desberdinetan gertatu ziren; Euskal Herrian eragin handiagoa izan zutenak lehena (1833-1940) eta hirugarrena (1872-1876) izan ziren.
Gerra hauekin lotutako Arabako probintziako ondare-elementu aipagarrienetako bat Dorre Karlistak deiturikoak dira. Ezizen herrikoia gora-behera, beren funtzioa, alde batetik, komunikazioa erraztea zen, eta bestetik, alderdi liberalaren zaintza eta babesa. Zentzu horretan, bereziki aipagarria da horietako dorre batzuetan ezarritako teknologia: telegrafia optikoa, denbora gutxian mezuak distantzia luzeetara bidaltzeko aukera ematen zuena.
Lehen Karlistaldian, armada liberalak dorre batzuk eraiki zituen Iruñea, Logroño eta Vitoria-Gasteiz arteko komunikazioa errazteko. Hiriak, Vitoria-Gasteiz kasu, liberalismoaren gune garrantzitsu bilakatu zirenez, tropa karlisten setioa jasan zuten. Setioek gune liberalen arteko komunikazioa oztopatzen zuten, eta, beraz, transmisio dorreak eraiki zituzten, aipaturiko teknologia telegrafikoaren laguntzaz arazoari irtenbidea emateko asmoz. Hala, Lehen Karlistaldian Zadorrako blokeo-lerroa eraiki zen, bost dorre telegrafikoz gain beste dorre batzuk ere bazituena Miranda de Ebro eta Vitoria-Gasteiz arteko komunikabideak zaintzeko eta babesteko.
Hirugarren Karlistaldian, gainera, beste hamar gotorleku eraikitzea erabaki zen, komunikazio-lerro hori indartzeko. Iparraldeko armadaren komunikazioen defentsa lerroa deitu zitzaion, eta telegrafo optikoaren lerroaren ondoan zegoen.
Langraiz Okako dorre karlistak
Langraiz Okan hiru dorre berri eraiki ziren III. Karlistaldian, 1875 inguruan. Telegrafo optikoarekin hornituta zeudela uste izan den arren, ez zen hala izan, euren funtzioa herriaren eta lurreko komunikabideen zaintza eta babesa indartzea baitzen. Langraiz Okako erdigunearen inguruan eraikita daude, altueran, ikusmen-kontrol handiko lekuan. Hiru dorreek antzeko egitura dute: oinplano karratua, eskantzu alakatuak eta harlangaitzezko hormak.
Almoreta dorrea hegoaldean dago, trenbidearen atzean; herria eta bertara zeraman bidea babesteko helburuarekin eraiki zuten. Gaur egun, bi altuera baino ez ditu, galdu egin baitzuen hirugarren solairua osatzen zuen terraza, matakanak zituena. Gaur egun, aterpetxe bat da.
El Encinal Dorrea, izen bereko muinoaren tontorrean eraikia izan zen, herriaren iparraldean, eta Badaia mendilerroaren hegoaldeko sarrera kontrolatzen zuen. Bi solairu ditu eta almenadun terraza batez burutzen da.
Vayagüen dorrea, izen bereko mendian dago. Trenbidea eta errepideak babesteko asmoz eraikia, artilleria pieza bat izan zuen. Eskantzuak harlanduzkoak ditu, bi solairu eta almenadun terraza bat.