Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

173. Justizia Plaza (Tolosa)

3. ETAPA: TOLOSA • ZEGAMA

Tolosa XIX. mendean

XIX. mendea mende erabakigarria izan zen Tolosarentzat, eta protagonismo handia lortu zuen probintziaren historian. 1801ean hiribildua harresietatik harantzago hedatu, eta mendebalderantz zabaldu zen lehen zabalgunea izango zen hartan. Lehenengo esku-hartzeak Erretengibel errekastoa bideratzeko eta lurperatzeko izan ziren, eta, ondoren, 1815ean, Rondilla kalea sortu zen. Horrela, Tolosak uharte izateari utzi zion, eta lehenengo zabalgunea eratu zuten obrei ekin zitzaien. Zabalgunearen erdian Justizia Plaza kokatu zen, Andia eta Beotibar kaleen alboetan, eta San Frantzisko elizarekin lotzen zuen (XVI. mendekoa).

Mende osoan zehar, Gipuzkoako probintziako hiriburu izateko Donostiarekin borrokatu zen, eta 1844tik 1854ra hiriburu izatea lortu zuen. Mendearen erdialdean, gainera, probintzian industrializazioaren lehen urratsak ematen hasi zirenean, Tolosa izan zen prozesu horren protagonista nagusia. Horrela, 1842an, Nuestra Señora de la Esperanza errota paper jarraitua fabrikatzeko lantegia bihurtu zen. Izan ere, papergintzari dagokionez, Tolosa benetako erreferentea izan zen Gipuzkoako probintzian.

XIX. mendeko bizitza politiko asaldatuak Tolosako hiribilduan ere eragina izan zuen. Mendean zehar gerra zibil bat egon zen hainbat borrokalditan gauzatu zena, eta Antzinako Erregimenaren amaiera eta monarkia konstituzionalaren hasiera ekarri zituena. Karlistaldiak ziren eta karlistak eta liberalak kontrajarri zituzten. Lehenek erregimen tradizionalaren eta foruei eustearen alde egiten zuten (Penintsulako euskal probintzien lege-esparru tradizionala). Bigarrenek, aldiz, liberalismoaren ideiekin bat zetozen eredu politiko berriak defendatzen zituzten, gizabanakoaren askatasunean, legearen aurreko berdintasunean eta merkataritza-askatasunean oinarritzen zirenak. Probintziaren hiriburu izatearekin gertatu zen bezala, gatazka armatuari dagokionez ere bai, Tolosak eta Donostiak eredu antagonikoak hartu zituzten aurrez aurre. Donostiak hiriko merkatariek bultzatutako eredu aurrerakoia babesten zuen bitartean, Tolosak jarrera kontserbadoreak hartzen zituen, lurraldeko nagusi ziren landa-jabeek sustatuta.

Justizia Plaza (egungo Euskal Herria plaza)

Gipuzkoako hiriburu izateak probintziako erakundeak hartuko zituzten eraikinak eraikitzeko beharra ekarri zuen. Hiriburu gisa lehen auzialdiko epaitegi bat eta kartzela hartu behar zituen, eta Tolosako lehen zabalgunean eraikitzea erabaki zen. Vicente Unanue eta Jose Eleuterio Eskoriatza arkitektoei eskatu zitzaien epaitegia eraikitzeko, eta 1853an amaitu ziren lanak. Bi solairuko eraikina da eta erloju bat duen frontoi batez errematatua dago. Bere fatxada plazako gainerako eraikinena baino irtenagoa da. Justiziaren sinboloa ageri da, eraikinaren funtzionaltasuna eta eraikuntza data identifikatuz, 1853. urtea. Hiru altuera ditu: arkupedun beheko solairua, erdi-puntuko bost arku dituena, eta goiko bi solairu, non balkoiak dituzten baoak ageri diren. Tolosako espetxe probintziala eraikinean bertan zegoen; preso ospetsu bat hartu zuen, Jose Maria Iparragirre poeta eta musikari herrikoi urretxuarra. 1855ean Guardia Zibilak preso hartu eta probintziako kartzelara eraman zuen, non bere abestirik ezagunenetariko bat konposatu zuen: Nere amac balequi.

Plaza Epaitegiaren eraikinaren ondoren eraiki zen, eta Donostiako Konstituzio plazan inspiratuta dago. Angeluzuzena da, 50 x 50 m-ko neurrikoa, eta plazaren ingurua etxebizitzak egiteko eraikinek osatzen dute. Plazaren perimetroan arkupedun galeria bat dago (ateburuduna), zutabeak dituena, eta gainean hiru altuera, balkoi jarraituekin. Plazak hiru sarrera ditu, arku karpanelez eginak.

Urte askoan ganadu azokak hartzeaz gain, plazan zezenketak egin ziren, herrian zale asko baitzeuden. Zutabeen zenbaketa bertan ospatzen ziren zezenketen aztarna da. Gaur egun, plaza hori Tolosako aisiarako funtsezko elementua da: ostalaritzako lokal ugari ditu, eta, gainera, bertan kokatzen da Epaitegiaren eraikin zaharrean dagoen Tolosako Txotxongiloen Nazioarteko Zentroa, Topic izenez ezagutzen dena.

Partekatu

unesco