163. Izturitzatorre etxea (Andoain)
2. ETAPA: HERNANI • TOLOSA
Dorreen garaia
1350 eta 1550 artean, dorreek protagonismo handia hartu zuten Gipuzkoako lurralde historikoan, gertaera askoren eszenatoki eta motibo izan baitziren. Garai hartan, agintea landa- eta hiri-dorreetako talaietatik egiten zen, eta bertatik lehiatzen ziren leinu garrantzitsuak, lurraldearen gaineko boterea lortu nahian aliantzak edota liskar odoltsuak baliatuz. Dorreak, oro har, leinuaren beraren bizileku ziren, baina horrez gain komunitateari transmititu nahi zitzaizkion balioen adierazgarri ere baziren, eta, beraz, funtzio ekonomiko eta soziala betetzen zuten. Halaber, defentsa-funtzioa eta helburu militarra ere betetzen zutenez, itxura trinko eta itxia zuten.
Jatorrizko dorreak eta antzinakoenak, Ahaide Nagusiek edo bandokideek eraiki zituztenak dira: euren oinetxeak altxatu zituzten eta belaunaldiz belaunaldi pasatzen ziren, leinuaren elementu adierazgarriena baitziren. Bando Gerren amaieran Ahaide Nagusiak zorigaitzean erori ziren, eta errege aginduz euren dorreak txikituak izan ziren 1457an. Hala ere, hori ez zen leinu handien amaiera izan, hiribilduetako botere-dinamika berrietan sartzen jakin baitzuten, eta horietan parte hartu zuten.
Ahaide-nagusien hegemoniaren amaiera azkartu zuen elementuetako bat gorantz zihoan estamentu berri baten agerpena izan zen: tokiko administrazioan, probintziakoan edo Koroan bertan aberastu ziren merkatari edo legelarien familiek osatzen zuten. Dena den, antzinako botereen eta botere berrien artean sinbiosi prozesu bat eman zen: batzuek, gizarte-igoera bizkortzeko eta oinarri ekonomikoak handitzeko asmoz, besteek, hondamendia saihesteko, ezkontza-estrategien bidez elkartu egin ziren. Elite berri hauek jauregiak eraikitzen jarraitu zuten hiribilduetan, Ahaide Nagusien Erdi Aroko dorre zaharrak imitatuz, eta hala, beren botere handia komunitatearen aurrean argi uzten zuten.
Izturitzatorre Tolosatik joanda Andoaingo sarreran altxatzen da handikiro, herrigune nagusitik kanpo eta Sorabillara doan bidearen ondoan, Azelain zubitik gertu. Bere lehen aipamen dokumentala 1512koa da, non garai hartako jabeak nor ziren aipatzen den: Juan Perez Istuirizagakoa, Karlos I.a erregearen Ganberazain Nagusia, eta bere emazte Maria Egoabil, merkatarien leinu bateko kideak. XVI. mendearen erdialdean, dorreak Isturizagatarren eskuetan jarraitzen zuen, baina aipatutako senar-emazteak hil ondoren, zor baten ondorioz beren ondorengoek besterendu egin behar izan zuten. Gorabehera handiko urteak izan ziren Izturitzatorrerentzat, errentan emana eta enkantean jarria izan baitzen, baina mendearen amaieran (1595 inguruan) Isturizagatar baten eskuetara itzuli zen, Martin Isturitzaga jabe gisa agertzen baitzen.
Izturitzatorre etxea
Izturitzatorre bere tamaina handiagatik nabarmentzen da. Dorreak mozteko aginduak haietako askoren altuera galtzea ekarri zuen, eta ez zuten berriro berreskuratu. Dorre andoaindarrak, berriz, aparteko altuera du.
Tradizionalki eraikin exentua zen (azken mendeetan eranskin bat gehitu zitzaion) eta gotikotik Errenazimenturako trantsizioko estiloa du. Oinplano angeluzuzeneko eraikuntza da, lau isuriko estalkia du eta, bertatik, linterna bat irteten da. Hormak harlangaitzezkoak dira, baina ertzetako kateak eta baoen inguruak harlanduzkoak.
Lau solairu ditu: beheko solairua, solairuartea, lehen solairua eta ganbara. Fatxadan nabarmentzekoak dira beheko solairuan dagoen sarrerako atearen erdi-puntuko arku dobelatua, lehen solairuan dagoen leiho konopiala eta ganbarako hiru leihotxoak. Teilatu-hegala du, eraikinaren perimetro osoa zeharkatzen duena, fatxadan jarritako mentsuletan bermatuta dauden egurrezko besoez eutsia.