257. Iturriozko ermita eta bentare multzoa (Aia-Asteasu)
2B. ETAPA: HERNANI • BIDANIA
Jabetza partekatuko ermita
Ermita eta Iturriozko benta Zelatungo lepotik igarota Gipuzkoako kostaldea eta barnealdea lotzen dituen bide zahar baten ertzean kokaturik daude. Mandazain, bidaiari, erromes eta, oro har, oinezkoei zerbitzua emateko sortu zen. Badakigu, adibidez, Loiolako San Inaziok bertan eman zuela gaua Parisetik Azpeitirako bidaian, eta tradizioak ustez santuak lo egin zueneko ostatuko gela gogoratzen du (nahiz eta gaur egungo eraikina geroagokoa izan).
Baseliza hainbat udalerrik pro indiviso partekatzen zituzten lurretan eraiki zuten: Aia eta bere auzoak (Laurgain, Urdaneta eta Altzola), Bidania, Albiztur, Beizama, Errezil eta Goiatz, guztiak Ernio eta Gazume mendigunearen ingurukoak. Horrek esan nahi du jatorrian San Joani eskainitako tenpluaren jabe zirela guztiak, eta bertan ospatzen zituztela beren batzarrak. Berdintasun horrek, hala ere, ez zuen esan nahi aldeen artean liskarrik ez zegoenik, izan ere, Iturriotzen izandako liskarrik ezagunena 1544ko Igokunde egunean izan zen. Jai horretan, urtero ganadu azoka bat (1728an Ordizian bildutako Batzar Nagusietan debekatua izan zen) eta dagokion erromeria egiten ziren. Egun hartan herri horietatik guztietatik ordezkari nagusiak (zibilak eta elizakoak) bertaratu ziren, eta horrez gain auzotar ugari ere ospakizunetara joan ziren. Albizturko alkatea makila astinduz agertu zen gainerako herriekin partekatzen zituen lurretan, eta beste agintariek arbuiatu egin zuten berehala. Ondorioz, liskarra sortu zen: Juan Atodo hila suertatu zen eta Juan Gaiztarrori atzamar bat moztu zioten, biak ala biak Albizturko bizilagunak.
Baselizaren jabetza partekatua 1792an amaitu zen, mendi horiek herrien artean banatu zituztenean; eta tenplua Aiarentzat izan zen. Ordurako gainbehera handian zegoen; izan ere, 1786an Iruñeko gotzainak erromeriarik ez egiteko agindua eman zuen, inguru baztertuan kokatuta egoteak ekintza ez-moralak egitea errazten baitzuen.
San Joan Bataiatzailearen ermitaren eraikinak oinplano angeluzuzena du, nabe bakarra eta bi isurkiko estalkia. Bi sarrera ditu: bata, iparraldekoa, estua da eta 1500 inguruko ojiba-arku dobelatu batez errematatua; bestea, mendebaldekoa, dintelduna, geroagokoa da ezbairik gabe. Kanpoalderantz txaranbeldutako erdi-puntuko leiho bana ageri da lehenengo atearen alde banatan, eta fatxada berean (presbiterioaren azpian) arku eskartzano bat ageri da, tokiari izena ematen dion iturburuaren (Iturriotz) hustubide gisa. Teilatu-hegalari eusteko besoak daude, ipar eta hegoaldeko fatxadak zeharkatzen dituzten mentsuletan bermatuta. Absidearen horman bi okulu irekitzen dira eta horien artean burdinazko gurutze bat dago. Barrualdean, aldarearen buruan Kristo gurutziltzatua dago, alboetan Ama Birjinaren eta San Joan Bataiatzailearen irudiak dituela.
Iturriotzeko benta
Gaur egun, Iturriotzen benta-baserri bakarra dago, baina badakigu XVII. mendearen erdialdean bidaiariei zerbitzua emateko bi etxe bazirela. Zaharrena, Iturriotz behekoa (gaur egun benta gisa ezagutzen den eraikina), Erdi Arokoa da eta 1514an Aiako Kontzejuak (bere jabeak) kudeatzen zuen. 1822an Udalak saldu ostean partikularren eskuetan geratu zen. Bestalde, Iturriotze goikoa, Asteasuko Kontzejuarena zen eta 1745ean erre zenetik desagertu egin zen.
Orain arte iraun duen bentaren eraikina handia da, eta beheko solairua (harlanduz sendotutako harlangaitz-horma), bi solairu eta teilatupea ditu (egurrezko bilbaduradunak). Hala ere, iparraldeko hegalean zorua altuago dagoenez, zati horretan lurzorua lehen solairuari dagokio. Fatxada nagusia da eraikineko nabarmenena. Egurrezko bilbadura margotuen artean baoak ageri dira, modu erregularrean banatuta: 5 lehen altueran (eta beste bat txikiagoa, berriagoa), 4 bigarrenean (eta beste bat txikiagoa) eta 2 goikoan. Zurezko egituraren tarteak betetzeko eginiko trenkadak harlangaitzezkoak dira, morteroz eta zarpiatuz estaliak , eta trenkada gehienetan gurutze latinoak margotu dituzte karez, babes gisa.