Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

149. Iturriotz dorrea (Iturriotz, Oiartzun)

ETAPA 1: IRÚN • HERNANI

Ahaide Nagusiak, lurraren eta gerraren jaunak

Ahaide Nagusiak euskal nobleziaren leinuetako buruak ziren. Lur-jabetza zabalen eta nekazal eta industri baliabideen jabe ziren, eta Erdi Aro amaieran botere politiko eta ondarezko handia lortu zutenez, beren eremuko bailaretan bizi zen jendearengan ere botere handia izan zuten.

Ahaide Nagusien gizarte-antolamendua ez zen Europako jaun feudalenaz oso bestelakoa, haien artean loturak baitzeuden: odolezko loturak zituzten (maila txikiagoan edo handiagoan); babes truke menpekotasun-harremanak sortzen zituzten; ahaideen arteko itunak eginez batzuk besteen gainetik nagusitzen ziren. Ondarea handitzeko hainbat bide baliatzen zuten: batetik, ezkontzak; bestetik, lurrak eta ondasun komunak erosten zituzten, edota errege-lagapen bidez lortu (sarri asko gerran emandako zerbitzuen truke). Beren boterearen adierazle esanguratsuenetariko bat beren bizilekuak ziren: dorretxeak. Bailara ondo kontrolatzeko guneetan kokaturik egoten ziren, eta jabeen leinuaren handitasun eta boterearen sinbolo ziren, inondik ere.

Iturriotz dorrea izen bereko auzoan kokaturik dago eta Domingo Sarastik eraikiarazi zuen. Domingo Sarasti bigarren mailako Ahaide Nagusi bat zen eta bere leinuaren aberastasunak siderurgia-, abelazkuntza-, nekazal eta baso-jardueretan oinarritzen ziren. Orreagako monasterioko eta Zizurreko San Juan de Rodas Ospitaleko saroien nagusi zen, bai eta Oiartzungo larre komunetan larratzen zen ganaduarena ere (1480eko hamarkadan jaso zuen ardura hori).

Iturriotzeko dorrearen eraikitze-datari dagokionez, ez dakigu zehazki noiz izan zen, baina historialariek 1480 eta 1499 urteen artean kokatzen dute. Ahaide Nagusien Erdi Aroko dorreak XV. mende erdialdera eraitsi ondoren Gipuzkoan eraiki ziren jauregien adibide bat da Iturriotzekoa. Hasiera-hasieratik nekazal jauregia izan zen, nekazaritza eta abeltzaintzari lotua, eta baratza, soroak, dolarea eta larreak zituen.

Iturriotz dorrea

Dorre itxura du, 140 m2-ko oinplano angeluzuzena eta 12 m-ko garaiera, eta behe-solairuaz gain beste bi solairu ditu. Hormek 1 m-ko lodiera dute eta kareharrizko harlanduz eta harlanduxkoz eginak dira. Fabrikaren kalitatea, hala ere, horma-atalen eta fatxada bakoitzaren garrantziaren araberakoa da: fatxada nagusikoa da kalitate oneneko materialak dituena, ondo landutako harlanduekin, eta, aitzitik, iparraldeko fatxadakoa kalitate apalagoko harlanduxkoz eginda dago. Horrez gain, fatxadaren inguru osoan galeria estali bat izan zuen.

Dorre itxura izan arren, ez zen defentsarako sortu, eta, beraz, Ahaide Nagusiak gogorarazten dituen gotorleku itxurako ezaugarri horiek jabearen gustu eta ideologiarekin dute zerikusia. Kontuan izan behar da Domingo Sarasti ez zela bando-gerren garaikoa, adinagatik bandokideen gerra-liskarren garai gorenaren ondoren bizi baitzen; aitzitik, bandokideak gogorarazten zituen arkitektura baten bidez nobleen jatorria agertu nahi zuen.

Baoetako arkuak dira jauregiko arkitektura-elementu nabarienak, guztiak ere harearrizko harlanduz eginak. Fatxada nagusian azpimarratzekoa da erdi-puntuko arku dobeladuna, non aipagarriak diren dobeletako dekorazioak, abeltzaintzarekin lotuak, jabeen ondasunaren jatorria adierazten dutenak: itzaina ikusten da eskuin eskuan makila duela eta ezkerraz idiaren adarrei eusten; zezena, behia, errapeetan txahala esnea edaten duela. Ehizaren lotutako motiboak ere ikusten dira, basurde-ehiza eta aztore-ehiza, besteak beste. Baoei dagokienez, behe-solairuan gezi formakoak dira, goiko solairuetakoak handiagoak eta bikoitzak, eta barrualdean harrizko eserlekua dute. Atzeko fatxadaren goialdea burutzeko, abere buru bana irudikatzen duten bi gargola ageri dira.

Erosotasuna da Iturriotzeko jauregiaren arkitektura- eta etxebizitza-kontzeptuaren balio nagusietako bat, izan ere, garaian berriak ziren hainbat azpiegitura zituen tenperatura mantentzeko, jakiak prestatu eta gordetzeko, eta urak husteko. Hala, Gipuzkoan aurkitutako multzo zaharrenetakoa dago bertan, sutondoz, arasaz, harraskaz eta konketaz osatua.

Compartir en

unesco