Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

227. Iruña-Veleiako multzo arkeologikoa (Iruña Oka)

6. ETAPA: VITORIA-GASTEIZ • LA PUEBLA DE ARGANZÓN

Iruña-Veleia, erromatar oppidum bat

Iruña-Veleia garrantzi handiko arkeologia-multzoa da, bai bere hedaduragatik, bai aurkitutako elementuen kontserbazio-egoera onagatik eta haien kalitateagatik. Horrek guztiak Euskal Herriko erromatar garaiko arkeologia-aurkikuntzarik onenenean bihurtzen du.

1500 urteko marko kronologiko zabal batean, Brontze Aroaren amaieratik K.o. V. mendera bitartean, populazio-gune baten bizimodua eta garapena argitara atera ditu multzo arkeologiko honek. Aztarnategia Arkiz muinoaren ezproi batean dago, 568 m-ko garaieran, eta Zadorra ibaiaren meandro batek mugatzen du. Leku estrategikoa da, Arabako Lautadaren hegoaldeko pasabidea kontrolatzen baitu Trebiñurantz. Gainera, elementu naturalak ditu, bere kokapenaren altitudea eta Zadorrak osatzen duen lubaki naturala kasu, bere defentsa errazagoa egiten dutenak.

1500 urteetan zehar, kokagune hau bizileku gisa okupatua izan zen, eta herrixka txiki bat izatetik erromatar hiri handi bat izatera pasa zen. Aztarnarik zaharrenak asentamendu autoktono bati dagozkio. Aurkitutako ebidentziek aditzera ematen dutenez, lehen biztanle horiek oinplano angeluzuzen edo zirkularreko etxeetan bizi ziren, eta adobezko hormak eta zutoinen gaineko landare-estalkia zituzten.

Populazio autoktono horrek Erromako munduarekin izan zituen lehen kontaktuak Augustoren garaian hasi ziren. Asentamenduko lehen aldaketak Tiberiar garaian gertatu ziren arren, lehen erromatar domusak flaviar garaian eraiki ziren, K.o. I. mendearen bigarren erdialdean. Gizarteko goi mailako familien etxebizitzak ziren: erdigunean euri-ura biltzeko prestatutako patioa zuten, eta haren inguruan gelak antolatzen ziren. Beraz, Veleiaren garai gorena K.o. I. mendea izan zen, benetako erromatar oppidum bat bihurtu baitzen. Garai horretakoak dira eraikin publiko handiak, bai eta mosaiko-zoladurak eta eskultura handiak dituzten jauregi-eraikinak, hirigunearen hegoaldean ibaitik gertu aurkituak.

Veleiatik hurbil Bordele eta Astorga lotzen zituen Ab Asturica Burdigalam erromatar bidea igarotzen zenez, bertako biztanleek Erromako ideiekin kontaktua izan zuten laster. Lehen harreman horien ondorioz biztanleria erromatartu egin zen, erromatar ideia eta ohiturak hartu zituen, eta Iruña-Veleia komunikazio bideko nukleo garrantzitsu bihurtu zuten. Iter XXXIV zeritzon bideak ere, Erromarentzat berebiziko garrantzia izan zuen Penintsulako iparraldearen konkistan, eta merkataritza-bide garrantzitsu bihurtu zen, bai eta eraldaketa sozial, politiko eta ekonomikorako tresna garrantzitsu ere. Bide horren inguruan erromatartuta bukatu zuten hirigune ugari garatu ziren, adibidez: Arabako probintzian, Alba (Albeniz), Tullonio (Dulantzi), Suessatio (Arkaia) eta denetan nabariena, Veleia, Iruña Okan.

K.o. III. mendean hiriaren azalera murriztuz joan zen. Gainera, hiriko azken obra publiko handia egin zen, hirigunea inguratzen zuen harresia. Inperioa ekonomia-atzerapeneko garai batean sartu zen, eta Iter XXXIV.aren inguruan zeuden gune asko harresituak izan ziren. Veleiako harresia Euskal Herriko erromatar obra garrantzitsuenetakoa da, eta bere eraikuntzak hiriak egoera ekonomiko ona zuela erakusten du. 1200 m-ko hedadura du, 10 hektarea hartzen dituen azalera inguratzen du, eta bere hormek 9 metroko altuera eta 4 metroko zabalera dute. Oso azkar eraiki zenez, aurreko eraikinetatik berraprobetxatutako material ugari erabili zuten (adibidez, zutabeak) baina harri-ilarak eta karezko argamasa ere ikusten dira. Sartzeko bi ate monumental zituen hegoaldean eta ekialdean, eta hirugarren ate bat iparraldean.

V. mendean hiriaren amaiera izan zen, biztanleek bertan behera utzi baitzuten. Iruña-Veleia aztarnategi arkeologiko garrantzitsua da, Arabako lurraldearen erromatartzea argitzen duena, eta, gainera, erromatar oppidum bateko bizimodua ezagutarazten duena.

Partekatu

unesco