160. Illarratsueta baserria eta bere ferratokia (Hernani)
2. ETAPA: HERNANI • TOLOSA
Lanerako erabiltzen diren animalien arreta
Hernaniko hiribildua kokaleku estrategikoan zegoen Gipuzkoako lurraldean, eta horri esker erreferentziazko hiribildu bihurtu zen probintziaren baitan. Hiribilduko lurretan zamabere zein gurdi-abereen presentzia handia zen, horretarako baldintza egokiak baitzeuden: Hernani Errege Bideko mugarri garrantzitsua zen, eta gainera, bere lurren eremua zabala zen. Horrez gain, komunikazio-korapilo garrantzitsua izateak albaitari eta ferratzaileak bertan ezartzea ekarri zuen.
XIX. mendearen amaierara arte (inguru horretan orduan hasi baitzen neurri handi batean industrializazioa), salgaien eta pertsonen lehorreko garraioa animaliek tiratutako gurdi eta zalgurdien bidez egiten zen. Hortaz, nekazaritza-abeltzaintzako zein garraioko sektoreetara bideratutako azienda zaintzea funtsezko zeregina zen, eta albaitari eta errementarien zerbitzuak beharrezkoak ziren. Horiek horrela, beren lana erosoago eta eraginkorrago egiteko sistemak asmatu zituzten. Animaliei arreta gehien ematen zitzaien atalen artean, apatxak nabarmentzen ziren, arreta ematen ez bazitzaien higatu egiten baitziren. Lan hori ferratzaileek egiten zuten: ganadua ferratzeaz arduratzen ziren (zaldi, mando zein asto), hanketako kaskoetan ferrak doituz.
Errementari-lanbidea albaitariei lotua zegoen, eta albaitariek animalien gaixotasunak zaintzen zituzten. Hasieran artisautzat hartzen ziren lanbideak izan ziren arren, non ezagutzak maisuengandik ikastunengana modu enpirikoan transmititzen ziren, hau da, praktikaren bidez, XV. mendetik aurrera Koroak lanbidea arautzea erabaki zuen. Horrek albaitari-lanbide tituluduna eta ezaugarri zientifikoduna sortu zuen. Araudi horren helburua bikoitza izan zen: batetik, lanbidea profesionalizatzea, eta, bestetik, sektorean zegoen intrusismoa eragoztea. Hala, 1475. urtean Real Tribunal de Protoalbeiterato sortu zen, albaitarien prestakuntzarako erakundea, azterketak ebaluatzeaz arduratzen zena.
Testigantza dokumentalek erakusten dute lanbideko intrusismoaren kontrako kasuak izan zirela eta lanbidean aritzeko titulua beharrezkoa zela. Adibide gisa, bada 1879ko dokumentu bat, Hernaniko Udalari egindako salaketa bat, non esaten zen bazirela herrian bi ferratzaile soilik behiak ferratzeko eskumena izan arren, zaldi, mando eta astoak ere ferratzen ari zirenak. Edo 1903ko beste dokumentu bat, non jasotzen zen behi-aziendaren ferratzaile bati ofizioan aritzeko gaitasuna ematen zion titulua aurkezteko eskatu zitzaiola.
Illarratsueta baserria eta bere ferratokia
Illarratsueta baserria Hernanin dago, Lasarte-Oriako udalerriaren mugan, eta abereak ferratzeko egitura eta aparailuak ditu atxikita. Ferratokia oso erabilia izan zen garai batean, eta gaur egun, dagoeneko egiten ez den jarduera baten erakusgarri da.
Solairu bakarreko eta angeluzuzen-formako abereentzako eraikin osagarria da, harlangaitzezko fabrika eta txapazko teilatua dituena. Barruan estira (ferratzeko makina) du. Honek sei zutiko ditu, hiru eskuinean eta hiru ezkerrean. Aurrealdeko zutikoen artean, soka bat zintzilik duen polea bat dago. Soka hori tenkatzean, animaliaren burua altxatzen da, eta, horrela, lotuta mantentzea lortzen da. Gainerako lau zutikoen artean bada beste gailu bat: zingila batzuen bidez animalia altxatzeko erabiltzen da, animalia eta ferratzailea erosoago egon daitezen. Azkenik, animaliaren gorputz-adarrak finkatzeko bi moldura ditu, finkatuta geratu eta mugitu ez daitezen. Animalia jarri eta ibilgetu ondoren, ferratzaileak ferratze-lana egin dezake animaliak inolako minik jasan gabe.