Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arabako igeltsutegietako paisaia industrialaren karakterizazioa eta balorazioa

Zuzendaritza: Beatriz Herreras Moratinos

Gauzatzea: María Romano Vallejo eta María Molinuevo Zaballa

Laburpena eta itzulpena: Leire Milikua Larramendi

 

GATZAGETAKO DIAPIROA

Igeltsugintzak lotura estua du igeltsu-hobien existentziarekin, zeinak inguruko geologia interpretatzen laguntzen duen. Kasu honetan, Añanako gatzagetako diapiroari esker agertzen dira igeltsuak, bai eta haiekin lotutako gatz-edukiera handiko urak ere.

Mearen erauzketa eta ondorengo tratamendua beste sektore ekonomiko batzuetan, besteak beste, eraikuntzan, erabil daitekeen materiala lortu artenahiko errazak dira; izan ere, joan den mendera arte artisau-moduan egin izan da.

Betidanik, igeltsu-harginak arduratu dira igeltsua harrobi edo meatzeetatik erauzi eta eskatzaile ezberdinei saltzeko prestatzeaz; harik eta, industria modernoa, harginen ordez, prozedura mekanizatuak erabiltzen hasi zen arte. Jarduera horretan, Paul eta Hoyoseko (Añana) hargin arabarrak gailendu dira. Pauleko harginak mendi-hegalean sakabanatutako etxe-multzo batean bizi ziren, Pobesetik ia lau kilometrotara, eta aspalditik jaso dira hango "igeltsu-metakinen" erreferentziak.

 

ARABAKO IGELTSUTEGIAK

Añanako gatzagetako diapiroaren inguruan igeltsu-fabrikak instalatzean, igeltsuaren lanketa tradizionalaren dinamika aldatu egin zen. Teknika industrialak txertatu ziren, eta honakoetan bistaratzen ziren, besteak beste: lehergaien erabilera, ekimen pribatuko tratamendu-planta zentralizatuaren eraikuntza eta joera kapitalistadun lan-eredu hierarkizatuaren ezarpena.

Iraganeko meatze-instalazioek ondare aberatsa utzi dute, hala nola: galeriak, putzuak, armazoiak, kaltzinazio-labeak, hainbat makina, eta abar. Esan beharra dago, ustiapena uztearekin batera, degradazio-prozesu bat hasi zela, eta, sarri askotan ustiategiek ingurunean eragindako degradazio-prozesuari erantsi zitzaiola.

Horren arabera, igeltsutegien instalazioak industria-ondaretzat jotzen dira, eta eskualdean bigarren sektorearekin lotutako nolabaiteko garrantzia duen elementu bakarra da. Bestetik, nahiko ondo kontserbatu diren aztarnek ahalbidetzen dute minerala tratatzeko prozesuaren fase ezberdinak ulertzea eta egindako lanen ezaugarriak funtsez azaldu ahal izatea, arrokaren kaltzinazio eta erredukzio prozesuari, birrinketari eta produktua paketatzeari arreta berezia eskainita.

 

 

Azterketa honetan, ez dira kanpoko guneak eta haien azpiegitura propioak bakarrik kontsideratuko (harrobiak, meatzeak, galeriak, deskarga-lekuak, hondakindegiak, eta abar), jardunean zegoenean mea-ustiategiari zerbitzua ematen zioten eraikinak (fabrikak, langileen etxebizitzak, eta abar) eta industria-paisaia horren osaketan parte hartu duten ondare-elementu batzuk (mea garraiatzeko sistemak) ere hartuko dira kontuan.

 

IGELTSUA FABRIKATZEKO PROZESU TRADIZIONALA

Meatze eta fabrikako eskala handiko ustiapenaz gain, eskualdean, igeltsua modu tradizionalean fabrikatu izan da. Inguruan bildutako informazioen arabera (Carmelo Urdangarinen Oficios tradicionales VIII obran jasotakoak), igeltsu-lana nekazaritza-lanen osagarri zen, aparteko diru-sarrera bat lortzeko bide, ia produzitutako guztia saldu egiten baitzen.

Ereiten amaitu eta gero, urtarrilean edo otsailean, hasten ziren igeltsua lantzen. Ohikoena zen jarduera horietan aritzen zirenak harrobiren baten jabetza edo ustiapen-ardura izatea. Materiala laztabinen bitartez erauzten zen: laztabin-zuloetan bolbora sartu eta lehertzen zen. Hortik, igeltsu zatiak ateratzen ziren, batzuetan beste material batzuekin nahastuta.

 

IGELTSUA FABRIKATZEKO PROZESU INDUSTRIALA

Erriberagoitian, igeltsuaren fabrikazio industriala enpresa xumea izan zela esan daiteke, inguruan garrantzi erlatiboa izan zuen arren. Fuentesegundako harrobia, la viejaizenaz ezaguna, XIX. mendeaz geroztik ustiatu zen. Haren ustiapena gero eta garestiagoa bilakatu zen, igeltsuaz gain nahi ez ziren gero eta bestelako material gehiago lortzen zirelako. Gertaera horren ondorioz, ustiategia utzi eta Piquilloseko harrobian kontzentratu zen. Yeserías Zarate, S.A. familia-enpresa arabarrak ustiatu zuen hura. Baina, aipatu behar da, 1987 amaieratik 1997 hasierara, Compañía de Asfaltos Naturales de Campezo-ri alokatu zitzaiola ustiategia (Arabako asfalto naturalen paisaia osatzen du, dagokion dokumentuan aztertzen den bezala).

Pauleko Roberto meatzean, igeltsua metodo tradizionalen bidez erauzi zen XX. mendearen erdialdera arte. Lehenbizi, zulagailua iritsi zen eta, geroago, mailu birrintzaile bat; meatzearen jardueran aldaketa handia eragin zuen horrek.

Hasieran, igeltsua idi-gurdien bidez garraiatu zen fabrikara; gero, balde-lineen bidez; eta, azkenik, kamioietan. Behin fabrika barruan, igeltsua kaltzinazio-labeetan erretzen zen (produkzio handieneko garaian, hiru labe izatera iritsi ziren). Labeak oin biribilekoak ziren, 8 metro garai, barrutik adreilu erregogorrez estalita zeuden eta kanpotik harkosko eta harlangaitzez. Goitik kargatzen ziren eta behetik eskuz deskargatzen ziren.

Igeltsua birrintzeko mailu-errota bat erabili zen, eta aldameneko lokaletan igeltsua bahetu (langileen iritziz eginkizun gogorrena), zakuratu eta biltegiratu egiten zen.

Pauleko igeltsua idiek tiratutako gurdietan garraiatzen zen, eta Gasteizko, Bilboko eta Miranda de Ebroko merkatuetan saltzen zen.

 

SORTUTAKO INDUSTRIA-PAISAIA

Jarraian, Arabako igeltsutegien industria-paisaia osatzen duten bi eremuak aztertuko dira.

 

Pauleko igeltsu-fabrika (Erriberagoitia)

1960ko hamarkadara arte, Erriberagoitia ezaguna zen bertako igeltsu-harrobiagatik eta mea eraldatzeko labeengatik, inguruko garrantzitsuenak. Fabrika eta meatzea Pauleko udalerrian daude; fabrika Pobes Añanako gatzagekin elkartzen duen errepidearen ertzean dago, eta meatzea fabrikatik bi kilometrora.

Ustiategiak martxan jarraitu zuen 60ko hamarkadaren amaierara arte. 1970eko hamarkadan, birritan saiatu ziren meatzea berriro irekitzen, eta beste behin 1988an. Saiakera horiek emaitzarik gabekoak izan ziren, langile-faltagatik: langile izandakoak zaharregiak ziren, eta gazteek ez zuten meatzean lan egin nahi.

Pauleko Igeltsutegia da ondorengoak barne hartzen dituen izen generikoa: meatzea (Roberto meatzea izenaz erregistratuta dago, 1757 zenbakiarekin), fabrika (Pauleko igeltsu-fabrika) eta, bi kilometroko balde-linea baten bidez desnibela gaindituta, meatzea labeekin konektatzen zuten hogei armazoiak (batek zutik dirau oraindik).

Pauleko Zarate igeltsutegiarekin batera, mende hasieran beste igeltsutegi batzuk ere bazeuden martxan Araban. Nahiz eta ahalmen txikiagokoak izan, beste ustiategi batzuk ere egon ziren, gatz-diapiroetatik gertu nagusiki; horiek aldi berean artisau-formulak eta industriaren aurrerapen teknikoak erabiltzearen adibide dira.

 

Jarraian, identifikatutako elementuak antolatzeko xedea duen laburpen-taula bat osatu da. Bertan elementuak (EL), kokatzen direneko gunea (G) eta eremua (ER) eta betetzen duten funtzioa (F) adierazten dira.

 

G

ER

EL

F

Erauzte-gunea

Roberto meatzea

Arabako lurpeko igeltsu-meatze handiena. Igeltsua galeria bidez ustiatzen da. Meatzeari lotutako ondare higigarriak mailu birrintzaile bat barne hartzen du, jatorrian meatze-ahoan zegoena.

Hondakindegia

Garraio-gunea

Balde-linea

XX. mendeko lehenengo urteetan instalatu zen. Fabrika eta meatzea aireko kable baten bidez komunikatzen ziren. Hala, 15 eta 20 metroko egurrezko 20 armazoik mea garraiatzen zuen 2 kilometroko balde-linea bermatzen zuten.

Produkzio-gunea

Fabrika

Labeak

Fabrikan igeltsua kaltzinatu, ehotu, nahastu eta ontziratu egiten zen.

Aldameneko lokalak: birrinketa (mailu-errota), zakuratzea eta biltegiratzea.

Makineria

Aipagarria da zakuratuko zen igeltsu-hautsa goiko solairura altxatzeko erabiltzen zen gurpil metalikoa.

Kanala

Lehen igeltsu-errotako emaria hornitzeko kanal hidraulikoa.

Bulegoen eraikina

Gaur egun, bizileku partikularrak dira.

Arduradunaren etxebizitza

 

 

Gaur egungo deskribapena

Piquilloseko igeltsutegiko fabrikak nabeak paraleloan eta gorantz ditu. Fabrikak jatorrizko biztanle-gunetik urrun dagoen gune txiki bat sortzen du. Bi etxe eraiki ziren, bat langileentzat eta beste bat arduradunentzat; eta, geroago, gaur egun suntsituta dauden hainbat nabe altxa ziren (labeak, birrinketa-gelak, eta abar). Azken horietatik labeak, energia-transmisioak eta putzupada metalikoak besterik ezin dira identifikatu.

Hiru labeek zutik diraute, eta funtsezko elementu adierazgarriak dituzte oraindik.

Makinen artean, aipagarria da putzupadadun banda gordetzen duen gurpil metaliko bat. Gurpila zakuratuko zen igeltsu-hautsa goiko solairura altxatzeko erabiltzen zen. Era berean, fabrikan 1880an instalatu zen lehen igeltsu-errotako emaria hornitzeko kanal hidraulikoa lurrean ondo markatuta dago: harlangaitzezko hormak ikusten dira azken zatian eta egurrezko konporta bere tokian.

Horrez gain, errepidearen alboan, bi armazoi metaliko gelditzen dira, eta Roberto meatzean erauzitako igeltsu-harriek egiten zuten ibilbidearen azken etapa taxutzen dute.

Gaur egun, arduradunaren etxeak ez du inongo loturarik fabrikarekin, bizileku partikular bat da. Horri esker egoera onean kontserbatu ahal izan da.

Langileen etxebizitzak, arduradunarena bezala, orain bizileku partikularrak dira.

 

Hoyoseko igeltsu-fabrika (Añana)

Fabrika Añanako gatzagak Espejorekin (Gaubea) elkartzen dituen A-2622 errepidearen ertzean dago, eta meatzea fabrikatik bi kilometrora.

Mea aire zabaleko harrobian bertan erauzten eta banantzen zen. Zainei ekiteko bost eremu zeuden, eta meak kalitatea galdu ahala uzten zituzten. Ondoren, utzitako harrobi horiek ustiatutako azken harrobiaren hondakindegi gisa erabiltzen ziren.

Jatorrian, erauzitako minerala idi-gurdi batean garraiatzen zen fabrikaraino, malda malkarrak zituen 2 kilometroko bidea eginda. Denboraren poderioz, potentzia handiagoko traktoreek ordeztu zituzten idiak.

Fabrikara iritsitakoan, harria labe batean erretzen zen; hasierako labeak aho bakarra zuen, baina, geroago, bi ahoko batek ordezkatu zuen. Minerala erre eta gero, mailuaz ehotzen zen, eta mailua mugitzeko animaliak erabiltzen ziren. Hala ere, garaiko garapen teknologikoaren ondorioz, 1952an motor batek ordeztu zituen animaliak.

Behin mea ehota, igeltsua nahi zen lodiera lortzeko bahetzen zen (fina edo zakarra), eta, ondoren, oihalezko zakutan zakuratzen zen. Geroago, oihalezko zakuen ordez paperezkoak eta, azkenean, plastikozkoak erabili ziren.

Fabrikatutako igeltsua bai inguruko partikularrei bai Miranda de Ebroko erosleei saltzen zitzaien.

1976an, Hoyoseko igeltsutegiak instalazioak itxi eta ustiapena amaitu behar izan zuen, ustiapena mantentzeko baliabide eta bitarteko ezagatik.

 

Jarraian, identifikatutako elementuak antolatzeko xedea duen laburpen-taula bat osatu da. Bertan elementuak (EL), kokatzen direneko gunea (G) eta eremua (ER) eta betetzen duten funtzioa (F) adierazten dira.

 

G

ER

EL

F

Instalazioak

Fabrikaren aztarnak

Labea

Zutik dirauen eraikuntza-elementu bakarra.

Eraikin atxikia

Kaltzinazioaren aurreko eta ondorengo zereginetarako. Desagertu egin da.

Erauzketa-

gunea

Harrobia

Garai bateko fabrikaren aztarnetatik 2 kilometrora dagoen aire zabaleko harrobia. Harrobiaren historian zehar, zainei ekiteko bost eremu ireki ziren elkarren segidan: eremu berri bat irekitzen zenean, aurrekoa utzi eta lan-eremu berriaren hondakindegi gisa erabiltzen zen.

 

 

Paisaiaren balorazioa

Balio historikoa neurtzeko, hainbat aldagai hartu behar dira kontuan: mea-ustiategiaren antzinatasuna, kokatzen den tokiaren inguruko jarduera industrialaren garapenean izan duen garrantzia, igeltsutegiek hornitzen zituzten herri eta eskualdeen artean bultzatu zituen komunikazio-, merkataritza- zein gizarte-harremanak, eta abar.

 

Ingeniaritzak igeltsugintzan eman zituen erantzun mota ugariak baloratzeko aplikatu da irizpide teknologikoa. Aho gehiagoko labeek ekarritako produkzio hobekuntza ez ezik, egurrezko armazoi garaietan bermatutako balde-linea baten eraikuntza ere baloratu da, kontuan hartuta mea beste garraiobide batzuk onartzen ez zituen orografia batean zehar garraiatu behar zela.

 

Puntu horrek bat egiten du berezitasun-balioarekin, zeinak, hain zuzen, paisaiaren indar sinboliko eta ikonografikoa aitortzeko balio duen. Igeltsutegiak kokatu diren udalerrietako industria adierazgarriak izan dira; ibilbide historiko luzea izan zuten fabrika industrial gisa, 70eko hamarkadan itxi ziren arte. Igeltsugintzak lotura estua du igeltsu-hobien existentziarekin, zeinak inguruko geologia interpretatzen laguntzen duen.

 

Igeltsutegietako paisaia edo paisaia osatzen duten elementuak baloratzean, kontserbazio-egoera ere kontuan hartu da, nola erauzketa-eremuetan hala produkzio-prozesuaren ardatz diren elementu arkitektonikoetan.

Agerikoa da Pauleko igeltsutegia Hoyosekoa baino hobeto kontserbatu dela: erauzketa-eremua, mea garraiatzeko sistemen hainbat aztarna eta ekoizpen-eremua kontserbatu dira, bai eta fabrikaren ondoko langileen etxebizitzak ere. Horri esker, askoz hobeto uler daiteke igeltsuaren produkzio-prozesua, eta, igeltsutegiaren dimentsioek aditzera ematen dutenez, sektoreak inguruan izan zuen garrantzia.

Bestetik, Hoyoseko igeltsutegiak suntsituta badirudi ere, horrek ez du esan nahi balorazio negatiboa merezi duenik; izan ere, egoera alde batera utzita, igeltsutegiaren kokapenak eta dimentsioek igeltsutegi-multzoaren konplexutasuna eta hedapena ulertzen laguntzen dute. Horregatik, ondarearen ikuspegitik baloratu egiten da, integritate-balioa izeneko irizpidearen barruan.

 

Paisaia honek Euskal Autonomia Erkidegoko meatzaritzaren historia azaltzeko dituen interpretazio-gaitasuna eta -gakoak ere aztertu dira, bai eta igeltsutegiak dauden eskualdearen garapenean izan duen eragina ere. Añanako Kuadrillako igeltsutegien balio nagusia ez da horiek osatzen dituzten elementuen banakako balioa; baizik eta, banan-banan, ondare-balio oso ezberdinak dituzten elementu horiek guztiek zentzua ematen dien unitate handiago bat osatzen dutela. Hortaz, elementu bakoitzaren interes zehatz eta partikularra alde batera utzi da (ondare-balio handia duten eraikuntzak daude, Pauleko fabrika, adibidez, eta ondarearen ikuspegitik garrantzirik ez duten beste batzuk ere, esaterako, fabrikak harrobi edo meatzeekin elkartzen zituzten bidezidorrak), eta begirada multzora zabaldu da, elementuak igeltsutegiek osatzen duten paisaia orokorra ulertu ahal izateko multzo horren zati bereizezin eta beharrezko gisa baloratuta.

 

Azkenik, paisaiak lurraldean duen interesa kontuan hartu da. Irizpide horren arabera, nagusiki, XX. mendean zehar diapiroaren inguruan ezarri ziren igeltsu-industriak baloratzen dira. Industria garrantzitsuenak Paulekoa eta Hoyosekoa izan ziren arren, jasota dago eskualdean beste bi igeltsu-fabrika egon zirela: luze iraun ez zuen Maestroko fabrika, Hoyoseko fabrikatik metro gutxira; eta Villambrosako fabrika, beste hiru fabrikek ustiatu zuten diapiroaren aurkako aldean kokatua, ibilbide laburrekoa hau ere.

 

JATORRIZKO DOKUMENTUAREN EDUKIA:

Jatorrizko dokumentu osoak zabalago garatzen ditu honako puntu hauek: azterketaren justifikazioa, erabilitako metodologia, esparru geologikoa, ekoizpen-prozesuaren eta erabileren deskribapena, Pauleko igeltsu-fabrikaren deskribapena, Hoyoseko igeltsu-fabrikaren deskribapena, paisaia unitatearen zedarriztapena, bibliografia eta dokumentazioa.

 

Jatorrizko dokumentua ikusi eta azterlanari buruzko informazio zehatzagoa izateko, sakatu esteka hau: informazio gehiago.