Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

184. Igartzako monumentu-multzoa (Beasain)

3. ETAPA: TOLOSA • ZEGAMA

Igartza, Erdi Aroko dorretxetik oinetxe-jauregira

Igartzaren jatorria aurkitzeko Erdi Arora egin behar da atzera, XIII. mendera zehazki, defentsarako dorretxea eraiki zen garaira. Dorretxearen helburua zubiaren pasabidea babestea zen, eta Oria bailara zeharkatzen zuten komunikabideak kontrolatzea. Izan ere, Igartzak zeregin militarra eta defentsiboa izan zuen hasieran. Denborak aurrera egin ahala, hala ere, gerrarako ahalmena garrantzia galduz joan zen, eta ondorioz, Igartza eraldatuz joan zen, harik eta bizitegi bilakatu zen arte, ondo kokatutako goi mailako familia baten jabetzara igaro zen arte. Bere kokapen estrategikoa komunikazio-korapilo batean zegoen, galtzada nagusiak elkartzen ziren tokian: hala nola Burgos eta Frantziako muga lotzen zituena San Adriango tunelean barrena, eta Nafarroatik zetozen bideak. Horregatik, Igartza leku garrantzitsu izan zen beti.

Igartzako jaurerriaren jatorri noblea Oñatiko bandoaren buru zen Lazkanotarren ahaide nagusien leinuaren eskutik etorri zen. XIV. mendearen amaieran jarri zen lehen Lazkanotarra Igartzako dorretxean, Gartzi Lopez Lazkanokoa eta bere emazte Mariana Igartzakoa. Hori dela eta, Igartza Bando-Gerren pasarteren baten lekuko izan zen, eta gatazka amaitzean ondorioak jasan behar izan zituen. Gaztelako Henrike IV.a erregeak Gipuzkoako Probintziako Ermandadea (Gipuzkoako hiribilduek eratua) babestu, eta hala, hiribilduen eta Ermandadearen aurka borrokatu ziren probintziako leinu askoren dorretxeak eraisteko agindu zuenean, Igartzakoa moztu egin zuen. 1457. urtea zen.

Berreraiki eta bere izaera militar-defentsiboa galdu ondoren, bost mendetan zehar, Igartzako ondorengoek inguruko baliabideak ustiatu zituzten, basoetako zura zein burdin minerala, eta horretarako behar ziren azpiegiturez hornitu zuten Igartza: errota, burdinola eta dolarea eraiki ziren, eta Oria ibaiak eskaintzen zien energia hidraulikoa aprobetxatu zuten, presa bat eraikita.

Igartzako multzoa

Mendeetan zehar Igartzan ezarri ziren elementuek monumentu multzo bikaina osatzen dute gaur egun, Euskal Herriko garrantzitsuenetako bat.

Igartza jauregiarekin hasiko gara, Euskal Herrian ezagutzen den zurezko egiturarik handiena duen jauregiarekin. XVI. mendean, Maria Lopez Igartzakoak oinplano berriko eraikuntza agindu zuen, eta Erdi Aroko dorrearen antzinako orubearen hondakinen gainean eraiki. Oinplano karratua du, hiru altuera, beheko solairuan harlangaitzezko hormak eta goiko altueretan luzitutako egurrezko bilbadura. Jauregia barnealdeko patio baten inguruan antolatzen da: patioak Errenazimentuko jauregiak gogorarazten dituen egurrezko galeria irtena du (probintziako bakarra). Aipagarriak dira gela nagusian kontserbatutako margoak, non bi itsasontzi eta zenbait idatzi irudikatzen diren. Jauregiaren sarreraren ondoan antzinako egitura baten aztarnak daude, Erdi Aroko dorre zahar eta eraitsiaren aztarnak.

Ustiapen-azpiegiturei dagokienez, Gipuzkoako Behe Erdi Aroko ingeniaritzaren erakusgarri dira. Alde batetik, Igartzako Burdinola Nagusia dago, 1782an Francisco Ibero arkitektoak eraikia, eta Euskal Herrian kontserbatzen den burdinola hidrauliko onenetarikoa. Beste alde batetik, errota hidraulikoa dago. Bere lehen aipamen dokumentala XV. mendekoa da, baina gaur egun iritsi dena geroagokoa da, 1740koa. Aipagarria da, halaber, sagardo dolarea, jauregiak babestutako zubiaren ondoan dagoen Dolarea Etxearen barnean dagoena. Burdinolaren egurrezko presa, 1568koa, Oria ibaian gora aurkitu zuten, ibaiaren lokatzaren azpian. Berreskuratuta, gaur egun jauregiaren barruko museoan ikus daiteke.

Azkenik, jauregitik gertu dagoen zubia aipatu behar da. Gaur egun ikusten duguna XVI. mendekoa da, nahiz eta uste den jada XIII. mendean bazela zubi primitibo bat. Harlangaitzez egina, zubiak garaiera handiagoa du erdialdean, eta Oria ibaia zeharkatzeko erdi-puntuko bi arku baliatzen ditu. Bere ondoan 1599ko bideko gurutze bat ageri da, komunikabide eta erromes-bideetan ohikoa zen elementua. Ezin dugu ahaztu Belengo Andre Mariaren ermita, eraikin xumea, industri aurreko jauregi-multzoa osatzen duena.

Partekatu

unesco