156. Hernaniko hirigune historikoaren multzoa (Hernani)
1. ETAPA: IRUN • HERNANI
Hernaniko hiribildua, Gipuzkoako antzinako hiribilduetako bat
Goi Erdi Aroan, Gipuzkoako lurraldeko populazioa bailaren arabera antolatua zegoen, eta bailara bakoitza sakabanatutako herrixka txikiez osatzen zen, non biztanleek odol-harreman estuak zituzten, eta jarduera sozio-ekonomikoak, erritualak eta abar partekatzen zituzten, komunitateak eratuz.
Hernaniko lehen aipamen dokumentala XI. mendeko dokumentu batean agertzen da, non Antso III.a Nafarroako erregeak Leireko Monasterioari dohaintza bat egiten zion. Dokumentuko Hernani Erdi Aroko bailarari zegokion, hau da, Urumea eta Oria ibaien arteko lurraldeari (gaur egungo Donostia, Urnieta, Hernani, Lasarte, Usurbil eta Orio). Ondoren, Hernaniko hiribildua sortu zenean, hiribildu horrek bailararen izena hartu zuen. Ez da ezagutzen jatorrizko herrixkaren izena.
Hiribildua noiz sortu zen ere ez dakigu; izan ere, 1332an bandoen arteko liskarren ondorioz sute bat piztu ondoren, artxiboa galdu egin zen, eta harekin batera, jatorrizko hiri-gutuna. Historialariek diotenez, XIII. mendearen amaieran edo XIV. mendearen hasieran izan zitekeen hiribilduaren sorrera, Gipuzkoako ekialdean errege bideari lotutako hiribilduak sortu zirenean. Tokiko hazkunde-faktoreek eragin zuten eskualdearen garapen hori, eta erregeak faktore horiek babestu egin zituen foruaren bidez, non erregulazio esklusiboak eta salbuespenak ematen baitzituen. Edonola ere, Hernani Gipuzkoako antzinako hiribilduetako bat izan da beti, eta Batzar Nagusiak txandaka egiten ziren 18 hiribilduen artean zegoen.
Beraz, Hernaniko hiribilduaren jatorriari buruz ezer gutxi dakigu, soilik jatorrizko hirigunea parrokiaren inguruan egongo zela, gaur egun San Agustin komentua dagoen tokian. Aipatzekoa da hiribildua sortu zenean San Joan parrokia harresitik kanpo geratu zela. Lehen eliza horretatik erromanikoa eta gotikoaren arteko trantsizioko portada baino ez da geratzen, San Agustin komentuan. Ondoren, XVI. mendean, harresien barrura (gaur egungo kokalekura) eraman zuten, segurtasun-arrazoiak zirela medio eta industria siderurgikoak sortutako aberastasunaren eraginez hiribilduan izandako hazkunde demografikoari erantzuteko. Lekualdaketa hau egiteko hiribilduaren eta Alzegatarren arteko akordioa behar izan zen, izan ere, XV. mendearen amaieran Errege Katolikoen eskutik elizaren gaineko patronatua (eta errege berrespena) jaso zuen familia horrek, Koroak tenpluaren gaineko eskubideak mantentzen jarraitu baitzuen.
Alde zaharra
Hernaniko hirigune historikoak forma eliptikodun oinplano erregularra du, Errege Bidearen trazadurarekin bat datorren ardatza duena, ipar-hego norabidekoa. Hiri-bilbea hiru kaletan egituratuta dago: kale Nagusia eta alboetan dituen kaleak, Kardaberaz eta Iturriza. Bi kantoiek zeharkatzen dituzte perpendikularki: Zapa eta Napar kaleek osatzen dutena, eta Joan Urbieta hiribideak eta Foruen enparantzak sortzen dutena (azken horrek harresitutako jatorrizko hirigunearen eta lehen zabalgunearen arteko muga ezartzen du). Hiriguneak Erdi Aroko morfologia mantentzen du: eraikinak ardatzen inguruan eraikitzen dira, partzelen banaketa dago, eta Erdi Aroan ohi bezala, fatxadak estuak eta sakonak dira. Gaur egun, XVII. mendeko eraikuntza-tipologia da nagusi: bi edo hiru solairuko eraikinak, horma mehelinak dituztenak eta bi isuriko estalkidunak.
Hirigunearen barruan, Gudarien enparantza nabarmentzen da, non botere zibila eta elizakoa irudikatzen dituzten eraikinak altxatzen diren. Alde batetik, XVI. mendeko San Joan Bataiatzailearen parrokia-elizak XVIII. mendeko fatxada barroko dotorea du, eta hiribilduaren harresiaren zati gisa eraiki zen. Bestetik, XIX. mendeko udaletxeak estilo eklektikoa du, eta hiribildura sartzeko bost sarreretako baten gainean eraikia izan zen.
Hirigunean, gainera, eraikin bikainak daude, hala nola Jentilen dorrea, XVI. mendeko dorretxea, elementu gotiko eta errenazentistak dituena, non lehen solairuan leiho bikiak nabarmentzen diren; XVI. mendeko Beroizenea etxea, burdina forjatuzko balkoi irten jarraitua eta arku konopialdun baoak dituena; eta XVIII. mendeko jauregi barrokoa, Aierdi etxea izenekoa, luzitu eta gorriz margotutako adreiluzko fatxadagatik nabarmentzen dena.