Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

210. Henaio kastroa (Alegria-Dulantzi)

5. ETAPA: SALVATIERRA-AGURAIN • VITORIA-GASTEIZ

Burdin Aroko herrixka gotortuak

K.a. V. mendetik aurrera, biztanleria muinoetan eta mendietan kokatutako herrixketan taldekatzen hasi zen. Kokagune horiek estrategikoak izan ohi ziren, goietan egoteagatik ingurunearen ikusmen-kontrol handia izaten baitzuten. Erraz defendatu zitezkeen, malda oso malkartsuko guneetan baitzeuden, eta tamaina handiko harresiz mugatzen ziren. Bizigune horiek izaera militarra euren ezaugarri nagusietako bat zela erakusten dute.

Arkitektura mota hori goraldi ekonomiko baten erakusgarritzat jotzen da: nekazaritza- eta abeltzaintza-ekoizpenaren gorakadak hazkunde demografikoa eta tokiko buruzagien agerpena bultzatu zituen. Buruzagiek goi guneen gotortzea antolatu zuten.

Henaioaren kasuan, kastroa Arabako Lautadan dago, Dulantziko ipar-ekialdeko muino txiki baten tontorrean, 564 m-ko altueran. Tontorra laua eta soila da, eta ipar isurialdean erkametz-basotxo bat du. Balio estrategikoa garrantzitsua zen: bertatik Arabako Lautada begiz mendera zitekeen, eta kastroa erraz defendatu, garaiera eta malda handiak zituelako. Henaioko kastroko lau m-ko luzera duten bi harresi-zati kontserbatzen dira. Biztanleak Europa erdialdeko eta zeltiberiar jatorriko familiak izan ziren 800 urtez, Brontze Aroaren amaieran hasi eta Burdin Aro osoan zehar (K.a. 840tik K.a. 100era).

Henaioko kastroa, Burdin Aroko aztarnategi bat Dulantzin

Burdin Aroko herrixka hau 1968an aurkitu zuten. Hurrengo urteetan, 1969an eta 1970ean, egin ziren indusketa arkeologiko nagusiak. Muinoaren goialdeko terrazetako batean hiru maila bereizi ziren. Lehenengoan, azalekoenean, harrizko hormatxoen arrasto batzuk ikusi ziren, aurreko hamarkadetan lurrean egindako laborantza-lanen ondorioz nahiko hondatuta zeudenak. Bigarren mailan, ordea, kastroko biztanleen etxola bat aurkitu zuten. Aztarna horiei esker etxebizitzek oinplano zirkularra zutela jakin zen. Azkenik, hirugarren mailan, okupazio fase zaharrenari zegokiona, lurrean egindako zutoin-zuloak agertu ziren: kastroan egindako eraikin zaharrenaren egiturari zegozkion (ez da kontserbatu, baina ziur asko egurrez egina izango zen).

Gaur egun aztarnategi arkeologikoa bisita daiteke, eta, gainera, interpretazio zentro bat ere badu, hain denbora luzean leku horretan egon ziren biztanleen giroa eta bizimodua ezagutarazteko. Azalpen-panel batzuen ondoan bi etxe altxatzen dira, aztarnategi arkeologikoan (bigarren mailan) aurkitutako hondakinetan oinarrituta berreraikiak. Erreprodukzio horiek sei m-ko diametroa eta 4,5 m-ko altuera duten oinplano zirkularreko eraikinak dira. Hormak zutoin bertikalez egindako egitura batez eraikita daude, eta egitura ixteko, saskigintzako teknikari jarraituz makilak jarri dituzte; bukatzeko, hormak mortero-geruza batez sendotu dira. Halaber, harresiaren bi zati erreproduzitu dituzte, bakoitza 8 m-koa. Bisitaren ibilbidea muinoaren gailurrean amaitzen da, Arabako Lautadaren eta Gasteizko Mendien panoramikaz gozatu, eta hala, muinoak eskaintzen duen ikusmen-kontrol handia egiaztatzen da.

Partekatu

unesco