158. Gurutze Santuaren humildegia (Hernani)
2. ETAPA: HERNANI • TOLOSA
Debozio-gune nabarmena
Gurutze Santuaren umildegia ermita bat da. Hernaniko alde zaharretik kanpo dago (garai batean harresiz kanpo) udaletxearen atzealdean, udaletxearen eta Leokari garbitokiaren artean, Portu auzora zeraman bide zaharraren gainean. Gaur egun duen kokapena ez da jatorrizkoa, historian bi aldiz lekualdatu baitzen, biak XVIII. mendean. Azken aldiz 1768an aldatu zen tokiz, hartzen zuen lekuak Postako Errege Bidearen ibilbidea oztopatzen baitzuen Urnietarako irteeran, eta gaur egun dagoen tokira eraman zuten.
Ermitaren jatorria XVI. mendekoa da, eta Hernaniko San Joan parrokia-elizako bikario zen Sebastian Yarza batxilerraren dohaintzari zor zaio. 1579ko testamentuan, gainera, diru kopuru bat utzi zuen ermita mantentzeko. Ermita sortu zenetik, Hernani hiribilduaren eta parrokiaren arteko patronatu partekatua izan zen, eta beraz, kontzejuaren aldetik alkateek eta erregidoreek, eta parrokiaren aldetik bikarioak eta bi onuradunek osatzen zituzten haren batzarrak. Horrek esan nahi du batzarra arduratzen zela ermitaren kudeaketaz: obrei, administrazioari edo etxezain eta serora izendapenei buruzko erabakiak hartzen zituen (etxezaina ermitako ondasunen eguneroko gobernuaz arduratzen zen, eta serora ermita zaintzeaz).
Ezaguna da ermitan meza ematen zela 1771ra arte, ermitak eratzeko aspaldiko baldintza bat baitzen 37 meza ematea. Urte horretan, ordea, Iruñeko Gotzainak meza ez egitea agindu zuen, espazio faltagatik erlijio-zerbitzua modu egokian ematen ez zela argudiatuz. Badirudi baieztapen horren atzean arrazoi ekonomikoa zegoela, igandean bertara joaten ziren eliztarrek bertan egiten baitzituzten eskaintzak, herriko parrokia-elizaren kalterako. Agindu horretan, 37 mezak parrokiako Kristo Santuaren kaperan egiteko agindu zuen.
Ermitak debozio handia izan zuen, testamentu gehienetan Gurutze Santuaren umildegiari dohaintzak egitea eskatzen baitzen. Gaur egun oraindik irauten duten tradizio erlijiosoetako bat gauetan argia piztea da. Antzina, oliozko lanpara bat zen, eta horren kostua erromesen limosnekin ordaintzen zen. Serora arduratzen zen itzaltzeaz eta pizteaz. Gaur egun, olio-lanpara zaharraren ordez, bonbilla elektriko bat dago. Oraintsu arte, umildegiak debozio handia pizten jarraitu du: bertaratzen zenak, atean aitaren egin, eta barrura txanpon bat jaurtiz eskaintza egiten zuen.
Gurutze Santuaren umildegia
Gaur egunera iritsi zaigun Gurutze Santuaren umildegiaren eraikina XVIII. mendekoa da. Oinplano karratuko eraikina da, solairu bakarrekoa, hiru aldetatik harlanduxkoz eraikitako hormek ixten dutena. Laugarren aldea irekia da (berori da sarrera), toskanar ordenako zutabe batek banatzen du, eta artisau-forjaz egindako metalezko hesi batek ixten. Eskuinean, sarrerako atearen ondoan, ur bedeinkatu ontzi zizelkatu bat dago. Bi isuriko estalkia du, burdina forjatuzko gurutze batez koroatua.
Barruko espazioa harrizko aldare batek burutzen du: harrizko bi zutabek eusten duten lauza batez osatuta dago. Haren gainean, goiko muturrean harrizko gurutze bat duen zutabe korintoar bat altxatzen da. Gurutzaduran Kristo gurutziltzatuaren irudia dago, alboetan Ama Birjina eta San Joan dituela, eta gurutzearen azpian burezur bat ageri da, barrokoaren oso elementu bereizgarria, bizitzaren hauskortasuna eta lurreko ondasunen hutsaltasuna gogorarazten zuena.