Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

221. Goya Gasolindegia (Gasteiz)

6. ETAPA: VITORIA-GASTEIZ • LA PUEBLA DE ARGANZÓN

Lehen ibilgailuak Vitoria-Gasteizen

1900. urtean izan zuten gasteiztarrek hiriko kaleetan automobil bat lehen aldiz ikusteko aukera: Lebêque anaiek gidatzen zuten auto frantses bat. Gertaera horrek jendearen arreta erakarriko zuen seguruenik; izan ere, garai hartan kale eta bideetatik igarotzen ziren ibilgailu bakarrak animaliek tiratutako gurdiak eta zalgurdiak ziren.

Hala ere, handik urte gutxira, 1904an, Espainiar Estatuko lehen leherketa-autoetako bat eraiki zen Vitoria-Gasteizen. Ekimen partikularra izan zen, eta Pedro Huetoren tailerretan gertatu zen, hiriaren kanpoaldean zegoen El Maquinista izeneko galdaketa-fabrika batean. Gasolinazko ibilgailua zen, monozilindrikoa eta lau denborakoa, 60-70 km/h-ra iristen zena. 1915era arte erabili zuten. 1907an, Alfontso XIII.a erregea hirira bisitan zihoala eta, autoa ikusgai jarri zen; erregeak Pedro Huetori urrezko domina eman zion eta bere laguntzaileak saritu. Lehen auto horiek, hala ere, inportazioko materialekin egiten ziren; 1914an egin zuten Estatuan osorik ekoitzitako lehen autoa.

Hasiera batean, automobilak luxuzko objektuak ziren, eta soilik klase aberatsenen eskura zeuden. Hala ere, batez ere 1920ko hamarkadatik aurrera, geroz eta jende gehiagok erabiltzen zituenez, hiriko paisaian geroz eta ohikoagoak bihurtu ziren. Pixkanaka-pixkanaka, erabilera zabaldu egin zen, eta automobil-zerbitzuak eskaintzen zituen sektore berri bat sortu zen. Horrela, hirian lehen konponketa-tailerrak edo gasolina-saltzaileak irekitzen hasi ziren, ordura arte ez zeuden negozio berriak.

Goya gasolindegia

Goya gasolindegia XX. mendearen lehen erdian automobilgintzak izan zuen garapenaren erakusgarri da. 1935ean eraikia, hiriaren erdian dago, Katedral Berriko lorategien ondoan. Hiriguneko kokaleku hori eraikia izan zen garaiarekin bat dator; izan ere, mendearen lehen hamarkadetan automobilgintza-industria indarra hartzen ari zen, eta herritarrei erraztasunak eskaintzen saiatu zen zerbitzu-mota horiek erdigunean kokatuz.

Gasolindegiaren eraikinak garai hartan hain modan zegoen estilo arrazionalista du, eta José Luis López Uralde arkitekto gasteiztarraren proiektu bat izan zen, Arabako probintziako arrazionalismoaren adierazgarri nagusiarena. Francisco Alonso Martos bazkidearen laguntza izan zuen, eta gasolindegia Vicente Goyarena zen.

Bi solairuko eraikin exentua da, horizontalki garatua, eta erabat zuriz margotua. Eraikuntza-material berriak erabiliz eraiki zen (hormigoi armatua) eta oso eraikin funtzionala da, eskaini nahi duen zerbitzuaren beharretara ezin hobeto egokitzen baita. Beheko solairuan (irekia da eta markesina bat du aurrean), hornitegia, hobi bat, konponketa-tailerra, makineria-gunea eta bulego bat daude. Altuera eta zabalera handiagoa du ibilgailuei harrera hobea egiteko. Goiko solairua zertxobait sartuagoa da, eta beheko solairuaren aldean itxura itxiagoa du, metalezko egitura duten beirateekin. Goiko solairuaren gainean eta erremate gisa, eraikinaren perimetro osoa hartzen duen balaustrada bat ikusten da, Estación de servicio (zerbitzugunea) errotulua duena, letra gorriz.

Vitoria-Gasteiz automobilgintzaren aitzindari izan zen nolabait, eta Goya gasolindegia hari lotutako industria-ondarearen adibide bikaina da.

Partekatu

unesco