Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

146. Gaztelu Zahar Gaztelua (Irun)

1. ETAPA: IRUN • HERNANI

Gazteluzar, trantsizioko gaztelua

Erdi Aroaren amaiera aldera, XIV. eta XV. mendeen artean, suzko armak hedatuz joan ziren pixkanaka, eta ondorioz, ordura arteko harresiak ez ziren hain eraginkorrak. Arazo horri aurre egiteko, eraikitzen zituzten gotorlekuetan aldaketa batzuk sartu zituzten: hormen lodiera handitzea izan zen garrantzitsuena. Gazteluzar gaztelua XVI. mendekoa da: Erdi Aroren eta Aro Modernoaren arteko trantsizio-garaian Gipuzkoan eraiki ziren harresietako bat.

Fernando Katolikoa erregearen aginduz eraiki zen, 1512ko azaroaren 21eko Errege Zedula baten bidez, eta Gipuzkoako Kapitan Jeneral eta Hondarribiko Alkate zen Diego Verak hartu zuen eraikuntzaren ardura. Gazteluaren helburua zen tropa frantsesak Gaztelan sartzen eragoztea; izan ere, denbora asko ez zela Joan III. Albretekoa saiatua zen frantses-nafar armada batekin Nafarroa berreskuratzen, eta lortu ez zuenez, litekeena zen berriro saiatzea.

Behobia inguruko muino bat aukeratu zuten gaztelua eraikitzeko. Bidasoa gainetik 50 m-ra zegoenez, posible zen ibaiaren alde batetik bestera pasatzeko erabiltzen zen ibia handik kontrolatzea.

Gazteluaren berezitasun nagusia triangelu itxurako oinplanoa da. 3 horma-atalez osatzen da: 22m-ko luzera, 9 m-ko altuera eta 5 m-ko lodiera du bakoitzak. Karez zementatutako kareharrizko harlangaitzez egina dago, eta kanpotik harlanduz estalia. Triangeluaren ertz bakoitzean oinplano zirkularreko hiru kubo daude txertatuta; lodiera handia dute eta haien diametroak 21 m ditu (kanpotik neurtuta). Harresien behealdean defentsarako hiru kanoi-zulo daude, eta 6 bat m-ko altueran, bigarren solairuari zegozkion beste bi.

Gazteluko sarrera hegoaldean zegoen eta kobrez estalitako 2,5 m-ko atea zuen. Azken finean gotorleku xume bat zen, 40 bat gizonek defendatua izateko pentsatua.

Eraisteak eta berreraikitzeak

Gazteluak historia gorabeheratsua izan zuen, eta hainbat aldiz eraitsia eta berreraikia izan zen. Gerrako garrantzi handiko balentrien agertoki izan zen: 1522ko San Martzialgo lehen gudua, adibidez: irundarrentzat sinbolismo handiko oroitzapen bizia da gertaera hori, eta urtero oso modu berezian ospatzen dute ekainaren 30eko Alardean. Handik gutxira, 1539an Karlos I enperadoreak gaztelua eraisteko agindu zuen, baina XVIII. mendean berriro eraiki zuten, eta handik gutxira berriro suntsitu.

Geroago, Irunek Hondarribiko jurisdikziotik bereizteko Errege Zedula lortu zuenean (1766) , gazteluaren hondarrak 7 800 errealetan tasatuak izan ziren, eta partikular batek erosi zituen; hala adierazten dute udal akta-liburuek. Salmenta horrek eraikinaren beste erabilera bat ekarri zuen, izan ere, gazteluaren hondarren artean baserri baten aztarnak aurkitu dira.

Gaur egun kontserbatzen diren zatiak honako hauek dira: ipar-ekialdeko eta hegoaldeko horma-atalen luzera osoa eta ia altuera osoa; ekialdeko horma-atalaren iparraldeko muturra. Ertzetako kuboak ia galdurik daude, eta hego-ekialdekoa da ondoen kontserbatu dena.

Partekatu

unesco