Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

237. Gatzaga Buradongo Hirigune Historikoaren multzoa (Gatzaga Buradon, Bastida)

7. ETAPA: LA PUEBLA DE ARGANZÓN • BRIÑAS

Buradonen jatorria

Compostelara bidean, Buradon Gatzaga Donejakue Bidearen Arabako azken herria da. Herriaren jatorria Buradon herrixka izan zen, Ebro ibaiaren ezkerreko ertzean kokatua zegoen, Las Conchas de Haro deritzon tokiaren ondoan, gaur egungo Gatzaga Buradon udalerria baino beherago. Arkeologiak gune horren historiaren inguruan informazioa eman du; aztarnarik antzinakoenak Burdin Aroko kastro batenak dira. Gunea okupatuta egon zen etenik gabe, eta Goi Erdi Aroan Buradon herrixka ezarri zen bertan. Antzinaro berantiarrean eta Goi Erdi Aroan zehar mugako gunea izan zen, hori dela eta, herriaren inguruan Buradon gaztelua eraiki zen, dokumentuetan 939. urteaz gero aipatua. Gaztelu horrek zeregin garrantzitsua izan zuen IX. mendean Nafarroako Erresumaren defentsa-elementu gisa musulmanen aurka.

1264an, Alfontso X.a Jakituna erregeak forua eman zion iturburuaren eta gatzagen ondoko kokaguneari (XII. mendetik ustiatua); gune hori Buradongo jatorrizko gunea baino kota altuago batean kokatua zegoen. Hiribilduak geroz eta garrantzi handiagoa zuela eta, Buradongo biztanleek herrixka utzi eta hiribildura joan ziren, eta pixkanaka bertan behera utzi zuten, desagertu zen arte. Hala, Buradon Gatzaga hiribilduak botere geopolitiko garrantzitsua lortu zuen, lehenik Nafarroako Erresumaren muga-gune gisa, eta ondoren Gaztelakoaren muga-gune gisa. XIV. mendean, hala ere, jaurerri moduan Sarmiento familiari eman zitzaion, ondoren Araiatarrekin ezkondu zirenak, Arabako leinu nagusietako bat.

Buradon Gatzagako hirigune historikoaren multzoa

Buradon Gatzagako hirigune historikoak Erdi Aroko morfologia mantentzen du: kale estuak eta bi edo hiru altuerako horma mehelinak dituzten eraikinak, hormen kalitateagatik nabarmentzen direnak eta, gainera, hegal dotoreak eta beheko aldean arkupeak dituztenak. Horretaz gain, hirigunea inguratzen zuen harresia mantentzen da, ia osorik, nahiz eta gaur egun zutik dagoena XVII. eta XVIII. mendeetako berregituraketa bati dagokion. Bi ate monumental ditu, non defentsa-elementuak ikus daitezkeen: gezileihoak edo erronda pasealekuaren hondarrak, adibidez. Eraikinen eta materialen eraikuntza-kalitateak erakusten du herriko biztanleek erosteko ahalmen handia izan zutela.

Nukleoaren hiri-eskema arrain-hezur erakoa da, bide nagusi batez osatua, kale Nagusia, harresiko bi ateak lotzen dituena: goiko atea (iparraldean) eta behekoa (hegoaldean). Bigarren mailako beste kale batzuek, ardatz nagusia baino estuagoak direnak, kale Nagusia perpendikularki gurutzatzen dute. Hirigunearen barruko espazio irekiei dagokienez, Buradon Gatzagak hiru plaza ditu: elizako Plaza, Oriente eta Nagusia, berau dela nagusia eta nabarmenena.

Eraikin aipagarrienen artean, XVI. mendeko Sortzez Garbiaren parrokia-eliza nabarmentzen da. Gurutze latindarreko oinplanoa, hiru ataletan banatutako nabea eta burualde poligonala ditu. Kanpoaldean harlanduxkoz egindako hormak ditu eta kontrahormek sendotzen dute. Hegoaldeko eliz ataria nabarmentzen da, XVII. mendean harlanduz egina. Arkupe horretan, toskanar ordenako zutabeetan bermatuta dauden erdi-puntuko hiru arku irekitzen dira. Elizpera sartzean, portada errenazentista ageri da, barruan Ama Birjinaren irudia duen horma-hobi batez burutzen dena. Tenpluaren barruan, izar gangek nabea estaltzen dute eta erretaula rococo bat nabarmentzen da. Dena den, tenpluak gordetzen duen harribitxia koruaren azpian ageri da: herriko jaun-andreen, Pedro Velez Gebarakoa eta Juana Enríquez Acuñakoa senar-emazteen hilobi errenazentista, 1599koa. Araban gordetzen den hilobirik onenetakoa da.

Beste elementu aipagarri bat Oñatiko Kondeen jauregia da, plaza Nagusiaren ondoan kokatua, Iñigo Velez Gebarakoa eta Tassiskoaren egoitza partikularra izan zena, Oñatiko konde-ezkontidea, Buradon Gatzagan jaioa 1566an. Felipe III.a eta Felipe IV.arekin gortean enbaxadore eta aholkulari izan zen, eta horri esker Erromara bidaiatu eta garaiko joera artistikoak ezagutu ahal izan zituen. Ezagutza horien emaitza, Buradon Gatzagan 1631 eta 1666 artean eraikiarazi zuen jauregia da, erromatar estilo klasikoa duena. Sarmiento eta Aiaratarren Erdi Aroko dorrearen inguruan eraiki zen. Dorre horretatik hiribildua gobernatu zuten XIV. mendetik aurrera. Dorrea zutik dago eta gaur egun ikusgai.

Azkenik, XIV. mendeko Santa Ana Ospitalea aipatu behar da. Harlanduz egina dago eta estilo gotikoa du. Nabarmentzekoak dira ojiba-arku dobelatua duen atea, eta behartsu, gaixo eta erromesen ospitale gisa identifikatzen duen gurutzea.

Partekatu

unesco