220. Gasteizko Zabalguneko multzoa (Gasteiz)
6. ETAPA: VITORIA-GASTEIZ • LA PUEBLA DE ARGANZÓN
XIX. mendeko Vitoria-Gasteizko Zabalgunea, hiri berria
XIX. mendean urbanismoaren hedapen-aldi bat egon zen hirietan, Erdi Aroko harresiak gainditzen zituen zabaltzea ekarri zuena. Mende horretako gizarte- eta politika-egoeraren ondorioz harresiak ez ziren hain beharrezkoak, defentsa-hirien kontzeptua zaharkiturik geratu baitzen. Industri jarduera hasiberriak eragindako demografi hazkuntzaren ondorioz, bizilekurako esparru berrien beharra sortu zen. Zabalguneetan, beraz, urbanismo berri bat abian jarri zen, mende horretako behar eta mentalitateetara egokitua. Hiri berri horiek urbanismo modernoaren bidez garatu ziren: hiribide zabalak, espazio irekiak, berdegune publikoz hornituak, eta garbitasuna eta osasungarritasuna kontzeptuak aintzat hartzen zituena. Europako hiri gehienek garai horretako zabalguneak izan zituzten: Londonek eta Parisek, adibidez, eta hurbilago etorrita Bilbo, Donostia eta Iruñeak. Vitoria-Gasteiz ez zen salbuespena izan eta XIX. mendeko zabalgunea du.
Plaza Berriaren eraikuntza XVIII. mendean (1781-1791), hiri berriaren eraikuntzaren abiapuntua izan zen, harresietatik kanpo eraiki zen lehen elementua izan baitzen. Egiaz, hiri berri eta zaharraren arteko lokarria izan zen. 1865 arte Vitoria-Gasteizko udalak ez zuen zabaltze-planik onartu. Arkitekto arduraduna Francisco de Paula Hueto izan zen eta eredu gisa Bartzelonako zabalgunea hartu zuen. Proiektuak Plaza Berria eta 1856an inauguratutako Madril-Irun trenbidearen geltokia batu nahi zituen; erdian hiribide bat jarri nahi zuten eta kale paralelo eta perpendikularren bidez etxadi simetrikoak eraiki. Zabalgunearen bidez hiria hegoalderantz zabaldu zen. Hasierako proiektua aldatu beharrean izan ziren, geltokiraino iritsi nahi zuen erdiko hiribideari zegokion zatia batez ere, izan ere, inguruko lursailen jabeen interes partikularren ondorioz ardatza lekuz mugitu behar izan zuten.
Zabalguneko eraikinen arkitektura-kalitatea eta bertan jarri ziren zerbitzuak zirela eta, hiriko klase dirudunek beren etxebizitza hiriko alde horretan kokatzea erabaki zuten, Dato kale inguruan batik bat (hiriaren erdigune nagusia).
Zabalguneko multzoa
Zabalgunea hiriko alde dotorea da eta arte-aberastasun aipagarria du, eraikinetan eta kaleak apaintzen dituzten arte-elementuetan ikus daitekeena. Arkitektura-tipologia nagusia garaiko etxe burgesei dagokie: hiru bat solairuko eraikinak dira, harrizko egitura eta arbelezko teilatudunak, eta txapitula-formako elementuz bukatzen direnak. Fatxadetan leiho ugari ageri dira, etxebizitzen barnealdera argitasuna sartzen uzteko, eta balkoi eta begiratokiak dituzte (sarritan beiraz hornituak).
Zabalgunean, gainera, askotariko merkataritza-, finantza- eta administrazio-jarduerak egiten ziren, bai eta aisia eta kulturarekin zerikusia zutenak ere. Eraikin nabarienen artean honako hauek aurkitzen dira: Dato kaleko Banco de Vitoria (1928) eta Euskadiko Kutxa (1870), lehen Café Suizo kokatzen zen lekuan; San Antonio kaleko Pando-Argüelles etxea, XX. mende hasierako eraikin handiki modernista, eta 1880ko Musikaren Etxea, (soilik fatxada eta hormartea kontserbatzen dira) neoklasikoa; Olagibel kaleko Gobernu Zibilaren eraikina, 1930koa; San Prudentzio kaleko Principal Antzokia, estilo italiarrekoa eta 1917an Cesáreo Iradierrek eraikia Madrileko antzokian inspiratuta; Manuel Iradier kaleko Fournier etxea, 1886an eraikia, non Heraclio Fournierren lehen karta-fabrika kokatu zen; Floridako parketik hurbil dagoen Eusko Legebiltzarreko eraikina, lorategian XIII. mendeko Santo Domingo komentuko klaustroko arku bat duena (XX. mende hasieran eraitsia izan zen komentutik kontserbatu den elementu bakarra).
Vitoria-Gasteizko zabalguneko bazter batean kokatuta lorategidun parke bat dago, Florida parkea. 1820 urtean egin zuten, eta diseinua garaiko lorategi frantses erromantikoetan inspiratu zen. Lorategi botanikoa da, eta jatorri askotako espezie exotikoak aurkitzen dira bertan. Parkeko bidexken ibilbideak, errekasto eta basotxoen artean, ia labirinto itxura du. 1890eko musika kiosko bat dago, lau errege godo irudikatzen dituzten eskulturaz inguraturik. Florida parkea naturarekin harremanetan paseatzeko, eta dantzak eta festak antolatzeko espazioa da: hiri moderno bati dagozkion kontzeptu berriak.