217. Gasteizeko Hirigune Historikoaren multzoa (Gasteiz)
5. ETAPA: SALVATIERRA-AGURAIN • VITORIA-GASTEIZ
Erdi Aroko hirigunearen jatorria eta garapena
1181 urtean Nafarroako errege Antso Jakitunak Logroñoko forua ematea izan zen Vitoria-Gasteizko hirigunearen historiako gertaera nagusia. Forua Gasteizko herrixka zaharrari eman zion, muino baten gainean kokatutako herrixka txiki bati. Nueva Vitoria izena hartu zuen hiribilduak, eta defentsa-izaera nabarmena izan zuen sorreran Nafarroako erreinuko defentsa-destakamentu gisa: batetik, harresiz inguraturik zegoen, bestetik, goi batean egoteak bere babesa eta defentsa errazten zituen. Bestalde, Arabako Lautada erdian kokaturik egoteagatik komunikabide-gune gisa garapen handia lortu zuen, Penintsula barnealdea eta Frantzia lotzen zituen bideak handik pasatzen baitziren. Bide horietan joan-etorrian zebiltzan kanpoko pertsona asko hiribildutik pasatzen ziren, eta ondorioz, merkataritza-jarduera oparoa garatu zen bertan; horren erakusgarri dira hiribilduko azoka ugariak: XIII. mendean Gasteizen astero hiru azoka antolatzen ziren, eta 1399tik aurrera urtero bi feria gehiago. Hainbesteko garrantzia izan zuen hiribilduak, XV. mendean Gaztelako erregeek hiri titulua eman ziotela.
Hirigunearen Erdi Aroko arbendola itxurako antolaketa ia bere horretan kontserbatu da, eta aldi berean, hiriaren eraikitze-fase desberdinak sumatu daitezke. Jatorrizko hiriguneak hiru kale zituen (Santa Maria, Frai Zacarias eta Las Escuelas) eta topografiari egokitutako trazadura kurbatua zuten. Geroago, XIII. mendean, hiribilduaren goraldi ekonomikoak ekarri zuen demografia-igoeraren ondorioz, muinoaren magaletan zabaltzeak egin ziren, Erdi Aroko Zabalgune deritzenak. Bi fasetan egin ziren: lehena, Alfontso VIII.aren garaian, 1202ko sute batek hiribilduaren zati handi bat erre ondoren, erregeak hirigunea mendebalderantz hedatzeko proiektua egin zuen, hiru kale paralelo eta kurbatu gehituz (Zapatari, Hedegile eta Errementari). Geroagoko fase batean, Alfontso X.enaren garaian, ekialdeko alderantz zabaldu eta beste hiru kale eraiki ziren (Aiztogile, Pintore eta Juderia). Kaleen izenek bertan egiten ziren artisau-lanbideak gogorarazten zituzten.
Hiribilduko barne espazioaren erlijio-antolaketaren erreferente nagusia Andre Maria eliza da (Santa Maria izenez ezagunagoa, gero kolejiata eta katedrala izan zena), Vitoria-Gasteizko Erdi Aroko altxorrik handiena, XIII. mendearen bukaera eta XIV. mendean zehar eraikia. Eliza-gotorleku izaera eman zitzaion, eta hiribilduko defentsaren zati zen. Santa Mariaz gain, Erdi Aroko hirigunean beste hiru eliza daude: San Migel Arkanjelua, San Bizente Martiria eta San Pedro Apostolua. Beren dorre gotikoek, Santa Mariaren dorrearekin batera, hiriaren ikur den lau dorreko profila osatzen dute.
Muinoaren magalean hedatzen diren Erdi Aroko zabalguneek garai hartako partzelazioa mantentzen dute hein handi batean, baina eraikuntzen tipologia askotarikoa da, XVII. eta XVIII. mendeetan eraikitako eraikin ugari baitaude. Egurrezko bilbadura eta adreiluzko fatxada irtenak dituzte, eta oro har, zabalguneetako arkitektura-ezaugarriek itxura kargatua eta trinkoa eskaintzen dute.
Hiribildua inguratzen zuten harresiei dagokienez, jatorrizko hirigunearen harresi zati bat besterik ez da kontserbatu, Frai Zacarias kaleko etxeen atzeko fatxadan ikusgarri dagoena. Aitzitik, ez da Erdi Aroko zabalguneetako harresien zatirik gorde, XVIII. mendearen bukaeran eraitsiak izan baitziren.
Erdi Aroko hiriguneko ondare aberatsa
Ondare-multzo honek historia- eta arte-balio handiko elementu ugari ditu, eta historian zehar hiribilduak izan zuen garrantzia erakusten dute, bai eta bertako merkataritza-jarduera oparoak eman zion aberastasuna, ondarean oihartzuna izan zuena.
Hiribilduko goiko aldean, jatorrizko hiriguneari dagokion eremuan, Santa Maria katedrala gotikoa nabarmentzen da, hiriko ondarearen elementu azpimarragarrienetako bat. Defentsarako eraiki zenez, itxura trinko eta itxia du. Gurutze latindarreko oinplanoa du, gurutzadura zabala eta hainbat kapera dituen girola. Mendebaldeko eliz ataria zinezko harribitxi eta maisu-lana da: XIV. mendean eraiki zuten eta hiru ataletan banatzen den ikonografi programa du, San Gil, Andre Maria eta Azken Epaiketari eskainiak. Katedrala da Erdi Aroko hiriguneko tenplurik aipagarriena, baina gorago aipatutako beste hiru eliza ere baditu.
XVI. mendeko jauregi-arkitekturaz denaz bezainbatean, Montehermoso, Eskoriatza-Eskibel eta Villasuso jauregi errenazentistak nabarmentzen dira. Beren eraikuntzako ezaugarri eta materialeek ederki erakusten dute hiribilduaren ahalmen ekonomiko handia. Halaber, izaera publikoko arkitektura-elementuak ere aurki daitezke, hala nola ur-biltegiaren eraikina, XIX. mendean eraikia.
Erdi Aroko zabalguneetan balio handiko eraikin asko kontserbatzen dira, eta haien artean nabarmentzen da Portalon etxea (XV. mendea), garaiko etxe-tipologiaren oso adibide ona. Horrez gain, azpimarratzekoak dira XVI. mendeko beste dorre eta jauregi batzuk, besteak beste: Andatarren dorrea, Bedaña jauregia (gaur egun Karta Museoa bertan kokatzen da), Gabeo-Landazuri-San Juan etxea, Kordoi etxea (barnean jatorrizko dorre gotikoa kontserbatzen du). Halaber, XVII. mendeko etxe barrokoak, adibidez: Urbina Zarate, Gobeo Caicedo eta Landazuri jauregiak. Bestalde, aipagarriak dira erlijio-tipologiako beste eraikin batzuk, esate baterako: XVI. mendeko Santa Kruz komentua; eta arkitektura zibileko eraikin barrokoak, adibidez: XVII. mendeko Hospizioa.