Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Saila

Gobernu Digitala



Gobernu Digitala Proiektuak Eusko Jaurlaritzaren zerbitzu telematikoen eskaintza garatzea du helburu, kanal anitzeko eskaintzaren eremu batean, eta hori guztia administrazio-pausoak sinpletu, baliabide telematikoetara egokitu eta zerbitzuak etengabe hobetzeko dinamikarekin bat.

Proiektuaren osagaiak:

Esparru kontzeptuala: Digitalizazioko eskuliburua

Digitalizazioko eskuliburuak:

  • Zerbitzuak telematikako bideak erabiliz eskaintzeko, kontzeptuak finkatu eta ereduak definitzen ditu,
  • Zerbitzu telematikoak benetan ezartzeko metodologiak garatzen ditu,
  • Administrazio elektronikoa ezarri eta mantentzeko antolaketa eta funtzioak ezartzen ditu,
  • Zerbitzuen digitalizazioaren inguruan ezartzekoa den legeria zein den mugatzen du, eta
  • Digitalizazioaren arloko terminologia normalizatzen du.

Eskuliburuak on-line tramitazioa aurrerantzean nola eramango den aurrera zehazten du: interakziorako egongo diren era guztietako bideen kalitate maila homogeneoa izatea bermatzen du, eta herritarren eta administrazioaren jarduteko eremua ere mugatzen du. Hori guztia egiteko, ondorengoak ditu:

  • Izapideak egiteko oinarrizko eredua: erreferentziazko eskema izango da hori, administrazioko organoetan kudeatutako prozedura guztietako informazioa definitu, ustiatu eta izapidetzeko. Antzeko ezaugarriak dituzten administrazio-prozedurak familiatan biltzen ditu, eta familia bakoitzarentzako zenbait fase, izapide, eginkizun eta datu komun zehazten ditu.
  • Izapidetze telematiko bidezko eredua: interakzioko era bateko edo besteko bideak erabilita, zerbitzuak nola eskaini eta administrazio eta herritarren arteko harremanak nola bideratu zehazten du. Administrazio eta herritarren arteko interakzio eta transakziorako moduak zehazten ditu, eta horrekin batera, komunikazio-prozesuak, informazioa lortzeko prozesuak eta izapideak egiteko prozesuak mundu digitalera egokitzeko baldintzak ere ezartzen ditu. Kontzeptuen esparrua zein den ere azaltzen du, azpiegitura teknologikoa gartzeko modua izateko.

Bestalde, zerbitzuak gutxieneko koherentzia batekin digitalizatzeko modua izateko, lan horretan esku hartzen duten agente guztien eskuetan lagunduko dieten tresnak jarri behar dira, zerbitzu telematikoak eskaintzeko bidea errazagoa izan dadin.  Horretarako, ondorengoak garatuko dira:

  • Zerbitzuak lehenesteko metodologia, administrazio-organo bakoitzaren zerbitzuak digitalizatzen hasteko aldiak zehazten laguntzeko, denbora eta aurrekontua kontuan izanda. Une jakin batean dena delako zerbitzua digitalizatzea komeni den edo ez baloratzeko aukera eskaintzen du, irizpide bateratuak eta objektiboak erabilita. Ebaluaketa egiteko, sistematika jakin bat erabiltzen da, eta hori zerbitzu guztiekin erabilita, bakoitza multzo orokorraren barruan kokatzen da, eta errazagoa izaten da digitalizazioa zein baldintzatan egin behar den zehaztea; horrela, zerbitzu bakoitzaren jarduerak administrazio digitalaren garapenaren testuinguru orokorrean sartzen dira.
  • Zerbitzuak digitalizatzeko metodologia: zerbitzuak digitalizatzeko prozesua estandarizatzeko tresna komuna izango da, eta administrazioko organoren batek urratsak ematen hastea nahi badu, abiaburu gisa erabili ahal izango du. Digitalizazio-proiektuak definitzen ditu, eta kontuan izan beharreko arlo guztiak ditu gogoan; horretarako, praktika onen gidak, lan-plantillak, jardueren sekuentziak e.a. eskaintzen ditu.

(itzuli)

Hedatzeko estrategia: Digitalizazio-plana

Gobernu Digitalaren proiektuaren helburua herritarrentzat interesgarriak diren Eusko Jaurlaritzaren zerbitzu guztiak transakzio telematiko eta multikanalaren bidez eskaintzea da.

Digitalizazio-prozesua arian-arian eraman beharko da aurrera, interes berezia dutenak digitalizatzeari lehentasuna emanda, beti ere plangintza errealista eta sistematikoa erabilita.

Horretarako, lehenik, Eusko Jaurlaritzaren zerbitzuak digitalizatzeko plan bat onartu beharko da, eta sail bakoitzaren jarduerak administrazio elektronikoa aurrera eramateko testuinguru orokorraren barruan kokatu beharko dira.

Plan hori idazteko, eskuliburuan jasotzen den Lehentasunen Metodologia aplikatuko da, baina aldez aurretik, zerbitzua eskaintzen dutenekin iritziak trukatuta, eta esparru bakoitzerako Gobernuak dituen lerro estrategikoekin bat etortzen saiatuta.

Digitalizazioaren plangintza

(itzuli) 

Osagai nagusiak: Zerbitzu estrategikoak

Gobernuarentzat interes estrategikoa izan dezaketela uste den zerbitzu jakin batzuk digitalizatzearen arloan aurrera egiteko, proiektu estrategiko batzuk identifikatu dira, egoki iritzi zaiolako eta herritarren onerako izan daitekeela uste delako.
Proiektu horiek administrazio publikoen arteko operatibitateari buruzkoak dira, eta bi ezaugarriok dituztelako aukeratu ditugu:

  • Herritarrei onura handiak ekarriko dizkiete, ez baitute dagoeneko administrazioaren eskuetan diren egiaztapen eta datuak aurkezten ibili beharrik izango, eragozpenak sortzen baititu horrek.
  • Beste zerbitzu batzuen digitalizazioa horietan oinarrituta eramango da aurrera, beste horiek ere administrazioen arteko operatibitate hori behar baitute zerbitzua telematikoki eskaintzeko.

Hauek dira proiektuok:


Zerga-obligazioei buruzko datuak eskualdatzeko proiektua

  • Hiru Lurralde Historikoetako Foru Ogasunek zerga-obligazioak beteta daudela erakusteko emandako administrazio-egiaztagiriak ordezkatu egingo dira, eta horren ordez, euskal administrazioek elkarren artean trukatuko dituzte datuak: Zerga arloko datuak elkartrukatzeko proiektu pilotua da, baina zerbitzu eta administrazio kopuru jakin bati mugatua egongo dena; hori egin ostean, eredua euskal administrazio publiko guztietara hedatuko da.

Erroldako datuak elkartrukatzeko proiektua

  • Erroldari buruzko administrazio-egiaztagiriak ordezkatu, eta horien ordez administrazioek elkarren artean datuak trukatuko dituzte: Erroldako datuak elkartrukatzeko proiektu pilotua da, baina zerbitzu eta administrazio kopuru jakin bati mugatua egongo dena; hori egin ostean, eredua euskal administrazio publiko guztietara eta estatuko administrazio orokorrera hedatuko da.

Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiarekin datuak elkartrukatzeko proiektua

  • Administrazio-egiaztagiriak eman ordez, datuak elkartrukatuko dituzte Euskal autonomia Erkidegoak eta Estatuko administrazio orokorrak. Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiarekiko obligazioak ordaintzeari buruzko datuak elkartrukatzeko proiektu pilotua da, Administrazio Publikoen Ministerioarekiko elkarlanerako proiektu baten baitan, hain zuzen ere autonomia-erkidegoen eta Estatuko administrazio orokorraren artean datuak elkartrukatzeko.

    (itzuli)

Azpiegitura: PLATEA plataforma teknologikoa

Digitalizazio Planean jasota dauden proiektuak benetan aurrera eramateko moduan izateko, Eusko Jaurlaritzak, Informatika eta Telekomunikazioen Zuzendaritzaren eta EJIE Informatika Elkartearen bidez, PLATEA deituriko e-Administrazioarentzako Plataforma teknologikoa sortu du, hain zuzen ere EAEko administrazio orokorraren eta bere erakunde autonomoen baitan administrazio elektronikoaren zerbitzu komunak eskaintzeko asmoz.

(itzuli)

Azken eguneratzea: 2010/05/21