Azken eguneratzea: 2007/02/27
Bertsolari, irakasle, olerkari, idazleak eta antzerkizaleak, Bidegileak bildumaren sorta berrien protagonistak
Txomin Jakakortexarena, Balendin Enbeita, Pello Sarriegi, Josune Munitxa, Mikel Garmendia, Agustin Anabitarte, Karmen Balentziaga eta Begoña Bilbaori eskainitako liburuxkak aurkeztu dira. Biografia hauen bidez, euskalgintzan aitzindari izan diren gizon-emakumeak ezagutzeko aukera ematen da

Bidegileak bildumako 43. eta 46. sortak osatu eta argitaratu ditu Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak. Oraingo honetan, 2006an mendeurrena zuten pertsonek, idazleek eta antzerkizaleek osatzen dute bilduma. Sorta bakoitzeko lau pertsonaiak bat etortzen dira zenbait ezaugarriri dagokionez eta ongi uztartzen dira landu diren profilen barruan.

Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, Patxi Baztarrikak, Miren Dobaranek, Euskara Sustatzeko zuzendariak, bildumaren koordinatzaile Mikel Atxagak, eta plazaratu diren 8 liburuki berrien egileek egin dute Donostian bi sorta berrien aurkezpena.

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak bultzatzen duen Bidegileak bildumaren bidez, euskalgintzan aitzindari izan diren pertsonak eta taldeak ezagutzera eman nahi dira. Bilduman azaltzen diren lagun batzuk oso ospetsuak dira; beste batzuk, ordea, ezezagunak gertatzen dira jendearentzat, baina guztiek euskararen alde lan itzela egin dute.

Bilduma honen bidez, bidegile horien pentsaera, bizitza eta lana modu ulergarrian eta atseginean kaleratzen ahalegindu da. Hori lortzeko, besteak beste, eta argitalpenaren kalitatea ziurtatzeko, material grafiko ugari erabiltzeaz gain, testuen idazketa adituen esku utzi da. Lau karpeta hauetan Mikel Atxaga izan da zuzendari eta koordinatzaile. Liburuxka berri hauen 2.100 ale inprimatu dira eta paperean zabaltzeaz gain, www.euskara.euskadi.net helbidean paratu dira kontsulta-gai, lehenago argitaratutako sortekin batera. Sorta hauen zabalpena, ohi den moduan, salmenta lekuen bitartez egiteaz gain, ikastetxe, euskaltegi eta herri-liburutegietara gauzatuko da.

Hona gai nagusien, pertsonaien eta idazleen zerrenda:

43. Mendeurrenak
-Txomin Jakakortexarena Idazlea: Xabier Kintana
-Balendin Enbeita   Idazlea: Jon Enbeita
-Pello Sarriegi   Idazlea: Pako Sudupe
-Josune Munitxa   Idazlea: Beñat Gaztelu-Urrutia Munitxa

46. Idazle eta antzerkizaleak
-Mikel Garmendia   Idazlea: Nerea Azurmendi
-Agustin Anabitarte  Idazlea: Gotzon Egia
-Karmen Balentziaga  Idazlea: Aitor Manterola
-Begoña Bilbao   Idazlea: Joseba Iriondo

Berrogeita hirugarren sorta 2006. urtean mendeurrena dutenekin osatu da.

43/1) Xabier Kintana: TXOMIN JAKAKORTEXARENA (Berastegi, 1906-1993)

Misiolari eta olerkaria. Apaizgaitegian hasi zen euskaraz idazten eta handik gutxira lortu zuen lehen olerki-txapelketa. 1930ean apaiztu eta Salmantonen eta Nafarraten egon zen apaiz, gerrak erbestera bidean jarri zuen arte. Urte askoan Argentinako Panpan egon zen misiolari, Mones Cazon herrian. Martin Fierro bertsoak euskaratu zituen, hain ondo hartu zuen argentinarren omenez. Erdara-euskara eta euskara-erdara hiztegi bi ere egin zituen. Garbizaletasuna eta euskararekiko ardura azaldu zituen bere lanetan.   


43/2) Jon Enbeita: BALENDIN ENBEITA (Muxika, 1906-1986)

Bertsolaria, abertzalea, euskaltzalea. Oso gazte irabazi zuen lehen txapelketa. Gerra garaian preso zegoela, euskara irakasle aritu zen, alemana zelakoan. Gerra osteko lehen txapelketak berak irabazi zituen. Bertso eskoletan ere aritu zen irakasle, eskarmentua eta ezagupenak ikasleei helaraziz. Euskarazko aldizkarietan idatzi zuen.  

43/3) Pako Sudupe: PELLO SARRIEGI (Hernani, 1906-1968)

Antzerkigilea eta dantzaria. Jokaldi txar bat antzezlanarekin arrakasta handia izan zuen. Gerra aurretik antzezle aritu zen. Goi-alde taldearekin Toribio Altzagaren antzezlanak eskaini zituen urte askoan. 60ko hamarkadan berak ere antzezlanak idazteari ekin zion.  

43/4) Beñat Gaztelu-Urrutia: JOSUNE MUNITXA (Abadiño, 1947-2002)

Irakaslea. Bilbon jostun ikasketak egin eta gero Elorrioko Ikastolako lehendabiziko andereñoa izan zen, 1968an, ikastola zabaldu zenean. Berritzailea, ekintzailea, guztien laguna. Irakaskuntza hezitzailearen alde egin zuen beti. Durangaldeko ikastetxeen artean egiten den bertso zirkuituaren sustatzaileetako bat. 

Laburbilduz:

  • Jakakortexarena eta Sarriegi gipuzkoarrak; Enbeita eta Munitxa, berriz, bizkaitarrak.
  • Jakakortexarena bakarrik zen elizgizona eta Hego Amerikan ibilitakoa.
  • Munitxa ikastola-mugimenduaren aitzindari eta sustatzaile nagusietakoa.
  • Enbeita eta Munitxa irakasle aritu ziren.
  • Sarriegi antzezlea izateaz gain, antzerkia idatzi ere egin zuen.
  • Jakakortexarena, Sarriegi eta Enbeita 1906an jaio ziren, mendeurrena dute, beraz.


Berrogeita seigarren sorta idazle eta antzerkizaleekin osatu da.

46/1) Nerea Azurmendi: MIKEL GARMENDIA (Ordizia, 1945- Donostia, 2005)

Aktorea. Txikitan dantzaria eta gaztetan txistularia. Doitzaile ikasketak egin zituen, baina inoiz ez zuen horretan jardun. Arrain-saltzaile eta biajante lan egin zuen. Ia berrogei urte zituen antzerki eskolan izena eman zuenean. Inoiz protagonista paperik egin ez zuen arren, hamaika film, antzezlan eta telebista-saiotan hartu zuen parte. Goenkale eta Jaun eta jabe saioekin arrakasta handia lortu zuen.

46/2) Gotzon Egia: AGUSTIN ANABITARTE (Donostia, 1891-1981)

Idazlea eta itzultzailea. Argazkilaria, marrazkilaria, piano jotzailea eta bidaiaria. Aurrezki kutxa batean lan egin zuen. Euskal esnalea aldizkarian idatzi zuen 1918tik aurrera. Etimologia, itsasoa eta Donostia gaiak gustukoak zituen. Donostia izeneko liburua idatzi zuen, azterketa antropologiko kutsua duena. Don Kixoteren atal bat euskaratu zuen.

46/3) Aitor Manterola: KARMEN BALENTZIAGA (Zumaia, 1922- Donostia, 2000)

Aktorea. Hamabost urterekin etxe batean hasi zen zerbitzari eta gero Zestoako hotel batean. Ezkondu eta gero janari-denda jarri zuen eta erretiratu arte bertan aritu zen lanean. Aurrerakoia eta antzerkizalea. Erretiratu ostean ekin zion antzezteari. Hasieran antzerkian; gero, berriz, telebistan. Jaun eta jabe eta Benta Berri izan ziren bere lan ezagunenak.

46/4) Joseba Iriondo: BEGOÑA BILBAO (Bermeo, 1932-2005)
Jostuna eta idazlea. Irakurle porrokatua eta euskaltzalea. Gaztetan ikasi zuen josten eta gero bi josketa-denda ireki zituen herrian. Bermeon euskara klaseak eman zituen. Alaba kantariarentzako abestiak idatzi zituen. Palestina, zure mina nobela idatzi zuen. Idazten eman zituen hogei urteetan hamabost literatur sari irabazi zituen.

Laburbilduz:

  • Garmendia, Anabitarte eta Balentziaga, gipuzkoarrak; Bilbao, berriz, bizkaitarra.
  • Garmendia eta Balentziaga, aktoreak; Anabitarte eta Bilbao, berriz, idazleak.
  • Anabitarte oso gazte hasi zen idazten. Bilbaok zaletasuna txikitatik bazuen ere, helduagoa zela ekin zion idazteari.
  • Garmendiak berrogei urte inguru zituela ekin zion antzezteari; Balentziagak, berriz, erretiroa hartu ostean.
  • Garmendia eta Balentziaga antzerkian hasi ziren, baina telebistako lanari esker egin ziren ospetsu.