1979ko Autonomia Estatutuko 5. atalak Euskal Herriko banderatzat aitortu zuen, Euskal Autonomia Erkidegoa osatzen duten lurraldeetako banderak eta entseinak ere aitortu zituelarik.
Euskal Herriko banderak edo ikurrinak bi gurutze ditu: ikoroski berdea eta gurutze zuria gainean. Hondoa gorria da.
Hasiera batean Bizkaiko bandera gisa diseinatu zuten Luis eta Sabino Arana Goiri anaiek, euskal abertzaletasunaren inspiratzailea lehena eta fundatzailea bigarrena. Mendearen lehenengo herenean mota guztietako leku eta ekintzetan erabili zen eta Gipuzkoan, Araban eta Nafarroan, baita Iparraldean ere, zabaldu zen. Horren ondorioz, alderdiko edo lurraldeko ezaugarritasuna galdu egin zuen eta euskaldunen bandera bihurtu zen. 1936an Eusko Jaurlaritzak ofizial egin zuen.
Diseinatzaileen arabera Bizkaiko banderan izan zuen jatorria. Hondo gorria Bizkaiko armarrikoa da. Hondo gorriaren gainean ikoroski berdea ipini zen, San Andresen gurutzea, Bizkaiko armarrian azaltzen den haritzaren kolore berdearekin. Eta horren gainean gurutze zuria dago, armarrian beti haritzaren gainean azaldu izan dena. Egileek eman nahi zioten sinbolismoa sinplea da: Bizkaia, beraren forua eta erlijio-fedea modu hierarkikoan lotuta.
Ezaugarri teknikoak
|