Ikurrina: ezaugarri teknikoak
 

Abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoak, Euskadiko Autonomia Estatutuarenak, -Eusko Kontseilu Nagusiaren Aldizkari Ofizialean 1980ko urtarrilaren 12an argitaratua, eta Estatuaren Aldizkari Ofizialean 1979ko abenduaren 22an- 5. artikuluaren 1. idatz-zatian dioenez, "Euskal Herriko ezaugarria ikurrin bigurutzeduna da: aspa berde bat, gurutze zuri bat gainean eta hondo gorriaz osatua".

Ikurrinaren definizio horrek dekretu bat du oinarri, hain zuzen ere, "Euzkadi'ko Bitarteko-Jaurlaritza"ren Lehendakaritzak 1936ko urriaren 19an emandakoa -1936ko urriaren 21ean argitaratua Euzkadi`ko Agintaritzaren Egunerokoan-, geroago 1936ko urriaren 24ko Dekretuaren bidez aldatua -1936ko urriaren 28an argitaratua Euzkadi'ko Agintaritzaren Egunerokoan-. Bigarren artikuluaren behin betiko idazketak honela zioen:

"Euzkadi'ko ikurriña, ondoz gorria izango da. Gañean, ertzetik ertzera bi zerrenda musker eta aldamen-erditik aldamen-erdira, gurutze zuri bat; Gurutze zuri au gain--gañean dala. Neurrik, abetxek izan bitez: bost neurkin luze eta bi neurkin larogei neurkin eunen zabal dan oialari, 0,43 m. dituzten zerrendak dagozkio. Oialaren arauz, neurri abek geitu edo txikitu ditezke noski."

Oinarrizko definizio horrek gaur arte iraun du bizirik; izan ere, ondorengo arau batzuek berretsi egin dute hasierako esanahia; besteak beste, Eusko Kontseilu Nagusiak 1978ko abenduaren 18an hartutako Akordioak -Eusko Kontseilu Nagusiaren Aldizkari Ofizialean argitaratua 1979ko urtarrilaren 15ean- hala egin zuen.


Gaur egungo estandar teknikoetara egokitzen diren koloreak ahalik eta hoberen identifikatzeko, eta banderaren neurrien erreferentzia argiagoak ezartzeko, bidezkoa da ikurrinari buruzko atal berezi bat irekitzea erakunde-nortasunaren eskuliburu honetan, beti ere hasiera-hasieran onartutako ezaugarriak funtsean errespetatuz.

Horiek horrela, koloreak honela erabiliko dira: gorrirako Pantone 485 C (%100 magenta eta %100 horia) eta berderako Pantone 347C (%100 ziana eta %100 horia). Ikurrinaren neurriei dagokienez, hasierakoei eusten zaie. Hala ere, hobeto ulertzeko, hona hemen deskribapena: ikurrina errektangelu bat da, eta bere garaiera oinarriaren luzeraren %56koa da; aspa eta gurutzea osatzen duten zerrendek zabalera bera dute, alegia, oinarriaren zabalera osoaren %8,6.


 

 


Azken eguneratzea: 2005/10/10