Patxi Zubizarreta (Ordizia, 1964), Gasteizen bizi da euskal filologia ikasketak bertan amaitu zituenetik. Narratzaile oparoa da, bai helduentzako nobelagintzan (Jeans-ak hozkailuan, Barrikadak, Txantxa. Quick), bai eta haur eta gaztetxoen literaturan ere: Usoa, Gutun harrigarri bat, Jentzi, 1948ko uda, Eztia eta ozpina... Pospolo kaxa bat bezala miszelanea liburua argitaratu zuen 2005ean, amodioa, bidaia, mestizaia, literatura eta memoriaren inguruko bere kezkak eta gogoetak harilkatzen dituen liburu hibridoa. Tradizio eta literatura arabiarraren ezagutzaile eta maitale, itzuli ere egiten ditu gustuko dituen idazleen liburuak. Horien artean, aipatzekoak dira Nagib Mahfuz edo Eric-Emmanuel Schmitt bezalako autoreak eta Ali Baba, Aladin, Sinbad, Printze Txikia, Ibrahim jauna eta Koranaren loreak, Mirarien kalezuloa edo Mila eta bat gauen gauak bezalako liburuak. Horretaz gain, ezaguna da han eta hemen musikarien laguntzaz (Pello Ramirez, Jabier Muguruza, Txema Garces eta Joseba Loinazekin, besteak beste) bideratu dituen proiektu eta performance ugariengatik ere: Hamar mezu eta dei bat, 28 letra eta 7 nota munduaren itzulia egiteko, Urrezko giltza, Mundua lo dagoen bitartean... Birritan irabazi du Haur eta Gazteentzako Euskadi Literatura Saria: Mutil izandako gizonarekin 1998an, eta Pantaleon badoa liburuarekin 2006an.